Haurraren Hizkuntzaren Garapena: Etapak eta Ezaugarriak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Magisterio
Escrito el en
vasco con un tamaño de 9,01 KB
Haurraren eta Helduaren Eginkizunak Komunikazioan
Haurraren eginkizuna
- Hartzailea: Sentsazio asko hautematen ditu; hasieran guztia harritzen du eta deigarria iruditzen zaio, eta horrek haurraren erreakzioa eragiten du.
- Igorlea: Jasotako sentsazioen aurrean erreakzionatzen du eta adierazkortasunez jarduten du, hitzezko hizkuntza erabiltzen ez badu ere.
Helduen eginkizuna
- Hartzailea: Haurren mezuak interpretatu behar ditu, nahiz eta beti ez diren zuzenak eta ulertzeko modukoak izan.
- Igorlea: Haurra hainbat eratara estimulatuko du (hitz eginez), haurrari errealitatea ezagutzen laguntzeko eta erreakzio batzuk eragiteko.
Komunikazioan Eragina Duten Beste Faktoreak
Ingurua: Estimulatzailea eta erosoa izan behar da. Adibidez, familia izan daiteke.
Giroa: Giroa aipatzean, inguru afektiboa eta espazio fisikoa adierazi behar dira. Giro afektiboak haurraren seinaleak ondo hartu behar ditu; haurrak ez ditu hitzezko erantzunak bakarrik ulertuko.
Kalitatea: Haurrari errespetua zor zaio, eta komunikazioa haren mailara egokitzeak ez du esan nahi kalitatea txikiagotu behar denik.
Kultura-testuingurua: Bizi duen kultura-testuinguruak egiten du pertsona bakoitza. Haurrak imitatzeko joera du eta hurbil dituen ereduak imitatuko ditu.
Etapa Aurrelinguistikoa (0-12 hilabete)
Etapa honetan estimulu asko daude; haurra gauza batzuetaz jabetzen da eta fonazio-organoekin, entzumenarekin, ikusmenarekin, bibrazio-sentsazioekin eta sentsazio motorrekin jolasten du.
Pertzepzioa etapa aurrelinguistikoan
Entzumen-pertzepzioa: Haurrak inguruneko soinuak entzuten ditu eta haien aurrean erreakzionatzen du. Hilabete inguru duenean, amaren ahotsa identifikatzen du, baita nondik datorren ere. Haurra lasaitzeko, gozo eta lasai hitz egitea da onena. Zaratarekin beldurtu egiten da.
Ikusmen-pertzepzioa: Hilabete bat bete arte, haurrak ez ditu formak eta koloreak antzematen, eta aurpegiak ezberdintzea kostatzen zaio. Arretaz, segurtasunez eta estimuz begiratzea da haurra lasaitzeko modurik onena.
Ukimen-komunikazioa
Funtsezkoa da haurra laztantzea, besarkatzea eta besoetan hartzea. Haurrak segurtasunez hartu behar dira, bestela deseroso sentitzen dira. Garrantzitsua da bainuko eta bainu osteko momentuetan masajeak ematea, haurrak erlaxatzen direlako eta, gainera, afektua erakusten zaielako.
Adierazpen-sormena Etapa Aurrelinguistikoan
- Negarra: Haur bakoitzaren negarra ezberdina da. Negarra zerbait informatzeko erabiltzen dute, eta hiru mota bereizten dira: gosea, mina eta amorrua. Hasieran negarra senezkoa da eta haurra harritu egiten da, baina gero helduek negarrari erreakzionatzen diotela konturatuko da eta nahita egingo du zerbait lortzeko.
- Xurgatzea: Hasieran senezkoa da, baina guztiek ez dute gaitasun muskular berdina eta indar nahikoa laguntzarik gabe egiteko; horregatik, errazagoa egiten zaie biberoiaren tetina xurgatzea.
- Zizikadura: Haurrak negarrez bokalizazioak igorriko ditu eta fonazio-organoak zertxobait mugitzen dituela igarriko du. Soinu horiek senez egiten ditu eta ez dira hizkuntza bateko fonemak. Haurrak gehiago zizikatzen du garbi edo lasai dagoenean.
- Ekolalia: Bokalizazioek ahozko hizkuntzaren antz handiagoa dute. Haurrak laringearekin eta fonazio-organoekin esperimentatzen du, eta belarriekin jolasten du. Haurrak imitatzeko asmoa erakusten du eta horri ekolalia deitzen zaio. Soinu kontsonantikoak egiten hasten da, baita egitura sinpleko silaba-konbinazioak ere.
- Begirada eta keinuak: Begirada hilabete ingururekin zehazten da, inguruko formak mugatzen, ezberdintzen eta bereizten hasten denean. Helduekin begirada trukatzea haiekin duen komunikazio-ekintzarik adierazgarrienetako bat da; adibidez, irribarreak poztasuna adierazten du.
Etapa Aurre-konbinatorioa (12-24 hilabete)
Haurrak 12 hilabeterekin hitzak nahita esango ditu eta 24 hilabeterekin esaldi baten esanahia hartuko du. Haurrak hitzak esateko eta esanahi bat adierazteko asmoa izango du. 9 eta 18 hilabete ingururekin esaten ditu haurrak lehenengo hitz arruntak. Gauza zehatz bat adierazteko, haurrak nahita hizkuntza-termino bat modu egonkorrean eta egoera ezberdinetan erabiltzean hasten da lehen hitzak esaten, baina haur bakoitza ezberdina da.
Lehenengo hitzen ezaugarri bereziak
Hitzen artikulazioa: Haurrak lehenengo hitzak gaizki artikulatzen ditu. Lehenengo, fonema kontrastatuenez jabetzen dira eta gero gutxien kontrastatuenez. Kontraste handiena a eta p fonemen artekoa da. Horri esker, "papa" eta "mama" konbinazioak egin ditzakete eta, silabak bikoizten direnez, errazagoa egiten zaie. 7 edo 8 urtera arte kontsonante batzuk ez ditu ondo artikulatuko. Haurrak helduek bezalako hitzak ahoskatu ezin dituenez, hitzak sinplifikatzen ditu. Baita fonemak asimilatzen ditu eta soinu batzuk ez ditu aipatzen. Silabak ere bikoiztu eta laburtu egiten ditu. Etapa honetako hitzek gehienez bi silaba dituzte.
Hitzen esanahia eta asmoa
Ekoitzi ditzakeenak baino hitz gehiago ulertuko ditu. Haurrak hitzen esanahia zabaltzen edo txikitzen du. Haurraren eta helduen erreferenteen artean hainbat harreman daude:
- Elkarrekikotasunik eza: Helduen hizkuntzarekin zerikusirik ez duen terminoa erabiltzean datza.
- Erabateko elkarrekikotasuna: Izen bereziak alde batera utzita, antzekotasun osoa.
- Gehiegizko orokortzea: Dagokiona baino erreferente multzo handiagoari hitz berarekin deitzea.
- Gutxiegi orokortzea: Zerbaiti termino bakar batekin deitzea; adibidez, bere txakurrari "au-au" esatea, baina gainerako txakurrei beste hitz batekin deitzea.
Hitzen asmoa: Hasieran erabiltzen dituzten terminoek bi funtzio dituzte: erreferentziala (objektuak izendatzeko) eta adierazkorra (nahiak adierazteko). Haurrak etapa honetan holoesaldiak erabiltzen ditu. Hitzak askotan ez direnez nahikoa zerbait adierazteko, testuingurua, intonazio-aldaketak eta keinuak erabiltzen ditu helduek ulertzeko.
Hizkuntza Konbinatorioaren Etapa (24-72 hilabete)
Etapa hau hiru fasetan banatzen da: haurra hitz solteak lortzeko gai da, lehenengo esaldiak sortzen ditu eta helduen hizkuntzan sartzen hasten da.
1. Fasea: Hitz solteak lortzea
Hizkuntza telegrafikoa esaten zaio enuntziatu berean hainbat hitz konbinatzeko gaitasunari. Haurrak adierazteko gaitasun handiagoa du bi arrazoi hauengatik:
- Hainbat hitzeko enuntziatuek informazioa zabaltzen dute.
- Hitz bakarrarekin adierazi ezin diren zentzuak zehazten dituzte.
Aditzak, adjektiboak eta izenak dira gehien erabiltzen dituztenak. Enuntziatuek bi hitz izaten dituzte eta bakoitzak intonazio propioa dauka. Haurrak lehenengo hitzari emango dio intentsitate handiagoa.
2. Fasea: Lehenengo esaldiak sortzea (30-32 hilabete)
Haurrak hitz gehiago dakizki eta, gainera, esaldiak sortzeko arauak ikasten ditu. Hauek dira baliabide garrantzitsuenak:
- Morfemak eta flexioak: Esanahia aldatzen duten morfemak ikasten dira. Ordena honetan ikasten dira: pluralaren bukaerak, partizipio edo gerundioarenak, postposiziorik erabilenak (-ra, -ren, -tik, -n, -rentzat, -gatik), artikulu mugagabeak, artikulu mugatuak eta aditz laguntzaileak.
- Hiperzuzenketak: Aditz erregular eta irregularretan flexio berak erabiltzea.
- Lexikoa handitzea: Bizi duen giroaren eta interesen arabera, lexikoa handituko du.
- Ezeztapenaren erabilera: Hasieran buruarekin, gero "ez" esanez eta gero ezeztapena zehaztuz.
- Galderak egitea: Hasieran goranzko tonuarekin, eta gero galdera-partikulak erabiliz (zer?, non?, nor?, nola?, zergatik?, noiz?).
- Arau sintaktikoak: Subjektua-objektua-aditza egitura ikasten du. Gertaerak ordenean azaltzen ditu, juntagailu kopulatiboekin.
- Kontzeptu erlatiboak: Pixkanaka tamaina, distantzia, kantitatea eta denbora zehazten ditu.
3. Fasea: Helduen hizkuntzarantz
Jolas sinbolikoan sartzean, hizkuntza erabiltzeko askatasun handiagoa du. 4 urterekin menderagailu ez-egokiak erabili arren, gero erlatiboak, konpletiboak, kausazkoak eta ondoriozkoak menderatuko ditu. Hizkuntza helduen gisan erabiltzeko, hauek ikasiko ditu:
- Ikuspuntuak handitzea: Bertan ez dauden gauzei buruz hitz egitea eta iragana deskribatzea.
- Denbora-erabilera: Oraina, iragana eta etorkizuna erabiltzea.
- Errealitatea eta fikzioa: Denbora erreala eta irreala bereiztea.
- Elkarrizketan aritzea: Etapa egozentrikoa igaro ostean, besteen ikuspuntuak kontuan hartzea.