Harri sedimentarioen sailkapena: motak eta ezaugarriak
Harri sedimentarioen sailkapena
Hiru mota nagusi bereizten dira:
a) Harri detritikoak
Higaduraren ondorioz askatutako materialak egoera solidoan garraiatu, sedimentatu, trinkotu eta zementatu ondoren eratzen direnak. Sedimentuen tamainaren arabera, era honetara sailkatzen dira:
- Konglomeratuak (erruditak): harea baino tamaina handiagoko partikulaz osatuak (256 mm - 2 mm).
- Pudingak: partikulak biribilduta badaude.
- Bretxak: partikulak ertz anitzekoak badira.
- Hareharriak: harez osaturiko harriak (2 mm eta 1/16 mm arteko partikulak).
- Lutitak: harea baino partikula txikiagoez osatuak (1/16 mm eta 1/256 mm artekoak).
b) Harri kimikoak
Ibaietako, aintziretako, gatzagetako, itsasoetako nahiz lur azpiko uretan disolbatutako substantzia kimikoak hauspeatzearen edo prezipitatzearen ondorioz sortzen direnak. Bi talde nagusitan sailkatzen dira:
- Harri karbonatodunak: harri horien osagairik garrantzitsuena karbonatoa da. Euskal Herrian, ugarienak kareharriak eta margak dira. Denboran zehar prezipitazioa eta metaketa txandakatzen badira, flysch izeneko estratifikazioa gertatzen da.
- Ebaporitak: ura lurruntzean prezipitatutako gatzez eraturiko harriak. Konposizio kimikoaren arabera, kloruroak eta igeltsuak bereizten dira.
c) Harri organikoak
Izaki bizidunen hondakin organikoak litifikatzen direnean sortzen direnak. Garrantzi handiko harriak dira alderdi ekonomikoari dagokionez; izan ere, harri horiek izaki bizidunen hondar bigunen metaketaren eta eraldaketa anaerobioaren ondorioz sortzen dira. Energia ugari dutenez, gizartean energia-iturri gisa erabiltzen dira. Bi harri mota aipa daitezke: ikatza eta petrolioa.
- Ikatza: oso giro isolatuetan (lakuak, zingirak...) metatutako landare-hondarren eraldaketaren ondorioz sortzen da.
- Petrolioa: tenperatura- edo gazitasun-aldaketa handien eraginez, plankton kopuru handiak desagertu ziren. Planktona lokatzaren eta harearen artean lurperatu zen, eta bi material horiek aldatu egin ziren: materia organikoa, deskonposatu beharrean, hartzitu egiten zen, eta hidrokarburo-nahasteak (solido, likido eta gas) sortu ziren. Lokatzak, aldiz, harri sedimentario (hareharri eta lutitak) bihurtzen ziren; era horretara, petrolioa harri ama deituriko harrietan harrapatuta geratzen zen. Baina bere dentsitatea dela eta, gorantz egiten du, harri iragagaitzak aurkitu arte (biltegi-harriak).