Hamarkada moderatua

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 11,05 KB

3. ISABEL II.Aren ERREGEALDIA (1844-1868)


Espartero joan zenean, 1843ko azaroaren 11n gorteek adin nagusitasuna onartu behar izan zioten Isabel II.Ari14, hamahiru urte baino ez zituen arren. Bere erregealdian (1843-1868), behin batiko finkatuta gelditu zen estatu liberal zentralista eta joera moderatukoa, nekazaritza eta finantza arloko oligarken interesekin bat zetorrena. Alderdi liberal moderatua izan zen agintean 1854 eta 1856 urteen artean izan ezik, progresisten esku izan baitzen boterea. Euskal Herrian foruak konstituzio erregimen berriari egokitzeko negoziazioak egiten jarraitu zuten.

3.1. HAMARKADA MODERATUA (1844-1854) Isabel II.Aren erregealdiaren lehen hamar urteetan Ramon Maria Narváez 15 jeneral moderatua izan zen pertsonaia nagusia, 1844ko maiatzean boterea eskuratu ondoren. Liberalismo moderatuaren ekintza nagusiak ondorengoak izan ziren: o 1845eko Konstituzioa. Berria zen eta erabat moderatua. o Ogasunari dagokionez, 1845ean, Alejandro Monek16 erreforma sakona egin zuen zerga sistema arrazionalizatzeko eta liberalizatzeko; zuzeneko zerga ezarri zitzaien hiriko ondasun higiezinei eta laborantza lurren errendimenduari. o Urtarrilaren 8an, 1845eko Udalen Legea onartu zen. Tokiko agintea gobernuaren ordezkari ahaltsuei ematen zien. Euskal lurraldeetan ere ezarri zuten lege hura, nahiz eta foruzaleek protesta gogorrak egin. o 1851. Urtean Vatikanorekin Konkordatua sinatu zuen Bravo Murilloren gobernu kontserbadoreak. Vatikanoak elizaren ondasunak desamortizatu izana onartu zuen; baina horren truke hezkuntzaren kontrola bereganatu eta estatuaren esku utzi zuen kleroa eta gurtza mantentzea. o Prentsaren zentsura ezarri zen eta 1844an Guardia Zibila sortu zuten progresisten Milizia Nazionala ordezkatzeko. Azken hori desegin egin zuten. Euskal lurraldeetan Pedro Egañak 18 egindako kudeaketei esker, 1844ko uztailaren 4an, berriz jarri zituzten indarrean foruak eta foru erakundeak, azkenak lehengo ekonomia eta administrazio ahalmen berekin. Hala, erakunde bikoiztasuna ezarri zen berriro19, nahiz eta aduanak ez zituzten berriz kostaldera eraman, justizian egindako aldaketak bere horretan gelditu ziren eta foru baimena ez zen atzera onartu. Konstituzioak Euskal Herriko hautesleak murriztu zituen, aberats foruzaleen mesederako. Gobernu moderatuaren jarrera errepresiboa eta hauteskundeetan egiten zituen manipulazioak ikusita, oposizioak aurre egin eta altxamenduak antolatu zituen maiz. Gainera, 1849an progresista ezkertiarrek Alderdi Demokrata sortu zuten: erregimenaren erabateko aldaketa eskatzen zuten, gizakiaren eskubideen aitorpena, biltzeko eta elkartzeko erabateko askatasuna, gizonezkoen sufragio unibertsala eta gizarte erreforma zabala. Mugimendu horren baitan errepublikarrak eta sozialistak bereizten hasi ziren. Horrez gain, 1846 eta 1849 artean karlisten gatazkak piztu ziren, bereziki Katalunian. Mugimendu horiek guztiak gogor zapaldu zituen Narváezek. 1852an, Juan Bravo Murillok konstituzio proiektu atzerakoia aurkeztu zuen, koroaren eskumenak areagotzea eta gorteei boterea kentzea proposatzen zuena. Proposamen horrek kontrako erreakzio sendoa sortu zuen, eta Bravo Murillok dimisioa aurkeztu behar izan zuen. Haren ondorengo gobernuek ez zuten egonkortasunik lortu eta haserrea zabaldu zen progresisten, demokraten eta errepublikarren artean ez ezik, moderatuen sektore aurrerakoienean ere bai.

3.2. BIURTEKO PROGRESISTA (1854-1856) Arestian aipatu dugun bezalaxe, 1852. Urtearen bukaeran, Bravo Murillok dimititu ondoren, hainbat gobernu ezegonkor eratu ziren, progresista, demokrata, errepublikar eta zenbait sektore moderatuen ezinegona areagotu zutenak. Hala, 1854ko ekainean, Leopoldo O’Donnell20 jeneralak altxamendua burutu zuen Vicalvaro-n, Vicalvarada. Uztailean, Antonio Cánovas del Castillok Manzanareseko Manifestua 21 idatzi zuen erreforma erradikalagoak eskatzeko. Progresistek, demokratek eta errepublikarrek iraultza giro horrekin bat egin zuten eta matxinada erradikalak egin zituzten zenbait hiritan (Madril, Bartzelona, Bilbo eta Sevillan) eta batzorde iraultzaileak eratu zituzten.-  3.2.1. Gobernuak Gizartearen egonezina ikustean, Isabel II.Ak Espartero22 jeneralari dei egin zion gobernua eratzeko. 1837ko hauteskunde sistema jarri zuen berriz indarrean, baina oraingo honetan gizonezkoen sufragioa mugatua izan arren, zabalgoa izan zen. Hala ere, biurtekoan egonkortasun ezak jarraitu zuen politikan, hainbat sektore ez baitzeuden ados egoerarekin: batetik, karlistak erreforma politikoen aurka zeuden; bestetik, demokratek, errepublikarrek eta sozialistek aldaketa iraultzaileagoak eta gizarte erreforma zabalagoak nahi zituzten. 1856ko uztailean, Esparterok dimititu ondoren, erreginak gobernua osatzeko agindua eman zion O’Donnelli. O’Donnellen gobernuan moderatuek eta progresista kontserbadoreenek hartu zuten parte eta horrek moderantismo politikorantz zuzendu zuen bidea eta Isabel II.Aren erregealdiaren azken faseari eman zion hasiera.Hego Euskal Herrian23 burgesiak jarrera liberal kontserbadoreagoak hartu zituen, jarduera ekonomikoa garatu ahal izateko beharrezkoa zen ordena bermatzeko. Une horretan foruzale aberatsak ere tesi liberal moderatuetara hurbildu ziren, foru batzuen aldekoak zirelako eta egonkortasun handiko sistema sortu zutelako. 3.2.2. Erreformak Progresistek boterean eman zituzten bi urteetan, legedia, administrazioa, ekonomia eta finantzetan ekintza garrantzitsuak burutzen saiatu ziren; guztiak aplikatzeko denbora izan ez zuten arren. 1856ko non nata Konstituzioa sortu zuten, baina ezin izan zuten indarrean jarri. Biurtekoaren amaieran, gainera, 1856ko Udalen Legea egin zuten, tokiko administrazioei boterea berreskuratzea ahalbidetzen ziena; baina hori ere ez zen indarrean jarri. Nolanahi ere, ekonomia eta finantzetan hartutako neurriak izan ziren garrantzitsuenak. Batetik, 1855ean Pascual Madoz ogasun ministroak desamortizazio lege berri bat eman zuen, jabetza zibiletan eragin zuena bereziki. Desamortizazio hori zela eta, nekazari askok mendien herri erabilerako eskubidea galdu zuten. Bestetik, finantza sistema zabaldu eta atzerriko kapitala erakarri zuten legeak arautu zituzten. Eta, azkenik, 1855ko Burdinbidearen Legea Orokorra 25 eman zen, trenbidearen eraikuntza sustatzeko. Neurri librekanbista horien bidez, estatuko ogasunaren diru sarrerak handitzea, azpiegiturak hobetzea eta industriaren garapena sustatzea bilatu zuten.

3.3. MODERANTISMOAREN ITZULERA (1856-1868) 2856tik 1868ra O’Donnellekin moderantismoa itzultzearekin batera, 1845eko Konstituzioa indarrean jarri zen, Milizia Nazionala desegin zen eta hamarkada moderatuko legedia berrezarri zen. 1856 eta 1858 artean, O’Donnell eta Narvaez txandakatuz joan ziren boterean, baina 1858 eta 1863 artean Union Liberal26 alderdi zentrista berriak eduki zuen gobernua bere eskuetan. 1863tik aurrera, ordea, moderatuek hartu zuten berriro ere boterea, baina, aldi berean, ezegonkortasun politikoa itzuli zen, alderdien zatiketa zela eta. Garai hartan hauteskundeetako iruzurren ondorioz, progresistak eta demokratak joko politikotik at geratu ziren. Hori zela eta bi taldeek jarrerak muturreraino eraman zituzten eta bide iraultzailea aukeratu zuten erreforma handiagoak lortzeko. Gainera, 1866. Urtean Europa krisi ekonomiko sakonean murgildu zen kiebra eta hornigaien krisia ekarri zituen; eta ondorioz, egoera politiko eta soziala are gehiago gaiztotzea. Testuinguru horretan, militarren ospea gero eta handiagoa bihurtzen hasi zen, Espainiak iritzi publikoaren arreta barne arazoetatik aldentzeko nazioartean interbentzio militarrak egiteari ekin baitzion  . Narváez eta Gonzalez Bravoren azken gobernu moderatuek oso gogor zapaldu zituzten gobernuaren kontra egindako altxamenduak. Politika autoritario horren ondorioz, gizarteko behe mailak moderatuen sistema politikoaren eta Isabel II.Aren monarkiaren aurka jarri ziren. Hala, progresistak, demokratak, errepublikarrak eta Union Liberal alderdia Prim jeneralaren agindupean elkartu ziren Isabel II.Aren erregimena deuseztatzeko. Hego Euskal Herrian29 foruzaletasuna liberal moderatuen eta progresisten artean hedatu zen, burges zein nekazaritza munduko aberatsentzat onuragarriak baitziren autogobernua eta foruetatik eratorritako zerga berezitasunak.


Entradas relacionadas: