Giza jardueren ingurumen-eraginak eta ondorioak
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Geología
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,3 KB
Ingurumenaren gaineko eragina
Giza jarduerak ingurumenean eragindako aldaketa nabarmenari esaten zaio ingurumenaren gaineko eragina.
Eragin motak
Ondorioen arabera:
- Eragin onak: natura bera edo giza ingurunea hobetzen dute.
- Eragin kaltegarriak: naturari berari edo giza inguruneari kalte egiten diote.
Zer inguruneari eragiten dion:
- Natura-ingurunearen gaineko eraginak: aldaketak eragiten dizkiete beste izaki bizidun batzuei, ur-masei, lurzoruari, aireari eta erliebeari.
- Giza ingurumenaren gaineko eraginak: zuzenean gure bizimoduari eragiten diote.
Gertatutako aldaketaren norainokoari erreparatuz:
- Tokiko eraginak: eraginpeko eremuan soilik hautematen dira eragin horien ondorioak.
- Eskualdeko eraginak: eremu zabalak hartzen dituzte, eta maiz, oso urrun daude eragina sorrarazi duen ekintza egin den lekutik.
- Munduko eraginak: ondorioek planeta osoa hartzen dute.
Natura-ingurunearen gaineko eragin kaltegarriak
Era askotakoak dira natura-ingurunean eragin kaltegarriak sortzen dituzten giza jarduerak: gerrak, industria-jarduera eta haren hedapena, hiri-eremuak zabaltzea bizilagun kopurua handitzearen ondorioz, etab.
Eragin kaltegarria zuzentzeko erraztasunaren edo zailtasunaren araberako larritasuna izango du eragin horrek. Kaltetutako sistemari erreparatzen zaio:
- Atmosferaren gaineko eraginak: airearen kalitatea murrizten dute eta atmosferaren ezaugarriak aldatzen dituzte.
- Hidrosferaren gaineko eraginak: ur-masen kalitatea murriztea eragiten dute.
- Paisaia naturalaren gaineko eraginak: sakon aldatzen dute paisaia naturala, adibidez, zubiak eta urtegiak eraikitzen direnean.
- Lurzoruaren gaineko eraginak: lurzorua babesik gabe uzten dute, higaduraren arriskupean. Lurzoruak kutsatu edo iragazgaizten dira.
- Biosferaren gaineko eraginak: espezieak desagertzeak galera sortzen du biodibertsitatean; eragin atzeraezina dakarkio biosferari.
Atmosferaren gaineko eraginak zehazki
Gas-isurpenen eta esekita gelditzen diren partikula solido mikroskopikoen ondorioak dira atmosferan gertatzen diren eraginak.
Airea kutsatzen duten partikula solidoak kedarra eta errautsak dira nagusiki; era guztietako materialak erretzearen ondorioz sortzen dira. Tamaina mikroskopikoaren eta itsaskortasun handiaren eraginez, kutsagarri arriskutsuak dira pertsonen osasunerako. Eraikinen gainean zikinkeriazko geruza beltz bat sortzen da.
Hidrosferaren gaineko eraginak zehazki
Hiru eragin mota nagusi daude:
- Aldaketak uraren ezaugarrietan: jarduerek kutsagarriak erantsi, disolbatutako oxigenoa murriztu eta uraren tenperatura aldatu dutelako.
- Aldaketak uraren dinamikan: aldatu egiten dira uraren zikloa, akuiferoen errekarga eta ibaien erregimena.
- Aldaketak uraren banaketan: ura ibai-arro batzuetatik beste batzuetara pasatuz, akuiferoak agortuz, urtegien bidez lurralde zabalak urpean utziz eta inguru hezeak lehortuz. Kontinenteetako uretan hiru kasu gertatzen dira maiz.
Kontinenteetako uretan hiru kasu gertatzen dira maiz:
- Eutrofizazioa: mantenugai ez-organikoak (nitratoak eta fosforoak) ekartzeari esaten zaio; alga eta uretako landare ugari sortzen dituzte. Ugariak dira belarjaleak ere. Izaki bizidunen arnasketak oxigenoa kontsumitzen du. Hori dela eta, organismo guztiak hil egiten dira, bakterio anaerobikoak izan ezik. Urak kolore beltzkara hartzen du.
- Akuiferoak gazitzea: kostaldeetan gertatzen da. Putzuetatik ur asko ateratzen denean, ur geza murrizten da, eta ur gazia gorantz egin eta ur gezaren tokia hartzen du.
- Ur-masa berotzea: industria askok ur kantitate handia erabiltzen dute galdarak, motorrak eta bestelako ekipoak hozteko. Ura ibaitik hartu eta ibaira botatzen dute. Oxigeno gutxiago dago disolbatua, eta ur beroak eragin handia du faunan.