Gerra Zibila Euskal Herrian: 1937ko gertakariak

Enviado por Aitortxu y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,44 KB

Iparraldeko frontearen erorketa eta Bilboren galera

1937ko martxoan, Francoren tropak iparraldeko industrialdea isolatzeko kanpainan murgildu ziren. Durangoko bonbardaketaren atzetik Gernikakoa etorri zen. Interes militarrik eskaintzen ez zuen hiribildu txiki hura sinbolikoa zen Euskal Herriarentzat, foru-berezitasunen ikurra baitzen. Apirilaren 26an, azoka-eguna zenez jendetza handia zegoen, eta bonbardatu eta suntsitu egin zuten.

Sollubeko mazizoen inguruan Euskal Armadako miliziar eta gudariek gogor aurre egin bazieten ere, nazionalak Burdin Gerrikora iritsi ziren. Ustez zeharkatu ezina zen gotorleku haren gabeziek eta airetiko defentsa faltak nazionalek ekainaren erdialdera Bilbo hartzea bultzatu zuten. Zenbait egun lehenago, Eusko Jaurlaritzak biztanleei hiria husteko agindu zien, baina industria-instalazioak eta toki estrategikoak suntsitzeari uko egin zion, nahiz eta Gobernu errepublikarrak hala agindu; horregatik, Francoren tropak ederki baliatu ziren azpiegitura horretaz gerra-maniobretarako. Ezkerreko alderdietako batailoiek gudan segitu zuten 1937ko urrian Asturias frankisten eskuetan erori zen arte.

Garaipen frankistaren arrazoiak

Frankistek abioi eta artilleria mailan zuten nagusitasunaz aparte, galera ulertzeko ez da ahaztu behar euskal gudalostearen eta Iparraldeko armada errepublikarraren arteko koordinazio falta, beren ahalmenak elkartzera heldu ez zirelarik. Gainera, Gobernua zuzentzen zuen alderdiaren, EAJren, moderazio ideologikoak Bizkaiko azpiegitura industriala exekutiboaren kontrolpean ezartzea eragotzi zuen.

Gerrak Euskal Herri Kontinentalean izandako eragina

Gerraren hasieratik bertatik, Iparraldeko apaizgoa, politikariak eta herriaren gehiena Agirreren aurka eta matxinatuen alde jarri ziren. Komunikabide gehienek, baita euskaraz argitaratzen zuen Eskualduna egunkariak ere, Francoren erregimenaren bertuteak goraipatzen zituzten aho batez. Baionako Sud-Ouest izan zen errepublikaren alde egin zuen egunkari bakarra.

Hala, Iparraldean, oro har, oso harrera txarra egin zieten gerratik iheska muga igarotzen zutenei. Agintariek neurri zorrotzak hartu zituzten hegoaldeko erbesteratuen kontra: 1937ko urriaren 1ean erabaki zuten 1936ko uztailaz geroztik Espainiatik etorritako guztiak mugaz bestaldera bidaltzea, etxeetan edo elkarte baten babesean zeudenak edota erietxeetan gaixo zeudenak izan ezik.

Entradas relacionadas: