Garapen Ekonomikoa Euskadin: Industrializazio Aro Berria

Enviado por Chuletator online y clasificado en Geografía

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,83 KB

Garapen Ekonomikoa: Industrializazio Aro Berria

Euskal Gizartearen Eraldaketa (1960-1975)

Industrializazioa, hazkunde ekonomikoa, barruko landa-eremuen despopulazioa, etorkinen etorrera masiboa eta urbanizazio-prozesu sakon eta kaotiko samarra dira euskal gizarteak 1960ko eta 1970eko hamarkadetan bizi izan zuen eraldaketa-prozesuaren adierazgarri nagusiak.

Izan ere, erregimenak Egonkortze Planaren bidez autarkiari amaiera ematea erabaki zuenetik (1959), euskal ekonomiak hazkunde handiko etapa bati ekin zion, 1973ko krisira arte luzatuko zena.

Hazkunde Ekonomikoaren Arrazoiak Bizkaian eta Gipuzkoan

Hazkundea bereziki nabarmena izan zen jada industrializatuta zeuden eremuetan, Bizkaian eta Gipuzkoan, arrazoi hauengatik:

  • Eskulan ugari eta merkea: Hamarkada horietan etorkinen etorrera masiboa gertatu zen (ia 500.000 1950 eta 1975 artean), eta batez ere industria-eskualdeetan egokitu ziren. Horrek eta biztanleriaren hazkundeak eragin zuzena izan zuten EAEko biztanleria aktiboaren tasan. 1960 eta 1975 artean, biztanleria aktiboa %25,2 hazi zen Euskal Autonomia Erkidegoan (%9,5 Espainia osoan).
  • Finantzaketa egokia: Alde batetik, barne-aurrezkia (Euskal Herritik eta Estatuko gainerako herrialdeetatik datorrena) eta euskal bankuen dinamismoa. Bestetik, atzerriko inbertsioen garrantzia, sektore metalurgikora eta, batez ere, kimikora bideratuak (oso lehiakorrak diren sektoreak).
  • Garapen teknikoa ahalbidetu zuen teknologia inportatzea.
  • Euskal esportazioen hazkunde nabarmena (Estatuko esportazioen %18 1975ean).

Hala ere, eredu horrek arazo batzuk zituen: dibertsifikazio eta lehiakortasun maila baxua, energiaren gehiegizko kontsumoa, kutsadura maila handiak...

Kooperatibismoaren Sorrera Deba Arroan

Gainera, Debako arroan kooperatibismoaren sorrera gertatu zen, katolizismo sozialaren eskutik 1956an, Arizmendiarrieta apaizak Arrasaten ULGOR kooperatiba (FAGORen aurrekoa) bultzatu zuenean. Kooperatibismoaren filosofiaren ezaugarri nagusiak ziren bazkide langileen protagonismoa, karguak aukeratzea eta kapitalismoaren ezaugarriak onartzea (merkatu-harremanak eta lehia ekonomikoa). 1959an, Euskadiko Kutxa finantza-tresna sortu zen, kooperatiben lana sustatzeko. Horrela, kooperatiba berriak sortu ziren beste esparru batzuetan: irakaskuntza, aseguruak, ikerketa teknologikoa...

Araba eta Nafarroako Industrializazioa

Garai hartan, Arabako eta Nafarroako industrializazio-prozesua bultzatu zen inbertsio publikoen bidez ("Industria Sustatzeko Plana") eta erakunde publikoek bultzatuta (udalak eta aldundiak). Arazo nagusia lurraldeen arteko desoreka izan zen, enpresa guztiak (makrozefalia) hiriburuen inguruan ezarri baitziren.

Entradas relacionadas: