Fronte Popularraren Programa (1936): II. Errepublika
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 5,24 KB
Fronte Popularraren Programa (1936-01-16)
Dokumentu hau 1936ko urtarrilaren 16an adostutako Fronte Popularraren programaren analisia da, Espainiako Bigarren Errepublikaren testuinguru politikoa ulertzeko funtsezkoa.
Programaren ideia nagusiak
- Egitasmo politiko bateratua: Koalizioaren oinarria adostu da, honako neurri hauek barne:
- 1933ko azarotik egindako delitu politiko eta sozialei amnistia zabala ematea.
- Askatasuna eta justizia defendatzeko Konstituzioaren aginpidea berrezartzea.
- Errepublikanoen jarrerak:
- Ez dute onartzen lurrak nazionalizatzeko printzipioa, baina egokitzat jotzen dituzte nekazarien askapena helburu duten neurriak.
- Ez dute onartzen bankuen nazionalizazioa, baina onartzen dute banku-sistemak hobekuntzak behar dituela.
- Langileen baldintzak: Errepublikaren betebeharra da langileen baldintza moralak eta materialak hobetzea, ekoizpenaren interes orokorra muga izanik. Horretarako, beharrezko sakrifizioak eskatuko zaizkie pribilegio sozial eta ekonomikoei.
Ideien azalpena
- Koalizioa 1933ko azarotik sortu zen, orduan heldu baitzen eskuina gobernura.
- Konstituzioaren aginpidea berrezarriko dute, eskuina gobernuan egon zen aldian Konstituzioa ez zelako errespetatu, eta ezkerrak hori salatzen du berriz gobernura heltzean.
- Nekazarien erreforma bultzatzea.
Testuinguru historikoa: 1933-1936
1933ko hauteskundeak eta Biurteko Kontserbadorea
Hauteskundeak
Ezinegonak markatutako testuinguruan egin ziren. UGT eta CNTren artean alde handiak zeuden, eta ekimen bateratua ezinezkoa zen. Anarkismoaren barruan ere desadostasunak zeuden. Ezkerra zatituta aurkeztu zen: bakoitza bere aldetik, eta anarkistek abstentziora jo zuten. Eskuina, berriz, batuta joan zen (CEDA eta Partido Radicalaren eskutik) eta hauteskundeak irabazi zituen.
Biurteko Kontserbadorea (1933-1935)
Lerroux buru zela, aurreko biurteko erreformak bertan behera geratu ziren eta atzerapenak ere eman ziren. Nekazaritzaren erreforma eten egin zen. 1932ko Sanjurjadan altxatutako militarrei amnistia eman zitzaien. Kataluniako Generalitatearen aurka egin zen, bere ahalmenak ukatuz. Euskal estatutuaren aldeko prozesua ere eten zuen, eta Kontzertu Ekonomikoen bidez zuten ahalmen fiskala ere kolokan jarri nahi izan zuen. Ondorioz, erradikalizazio politikoa biziagotu egin zen, eta gizartea polarizatu. Sozialistek ezkerreko planteamendu erradikalagoetara jo zuten. Egoera honen ondorioa izan zen 1934ko Urriko Iraultza.
1934ko Urriko Iraultza
1934ko urrian CEDAko ministroak sartu ziren gobernuan, eta ezkerrak faxismoaren aldeko lehen urratsa ikusi zuen hartan. Sozialistek, komunistek eta anarkistek greba orokorrerako deiak egin zituzten. Porrot handia izan zen Espainia gehienetan, izan ere, Asturiasen eta Katalunian bakarrik izan zuen behar bezalako oihartzuna.
- Katalunia: Langile eta ezkerreko indarrak saiatu ziren greba aurrera eramaten. Generalitateak (Lluís Companys presidentea) Estat Català aldarrikatu zuen Errepublikaren barnean, baina Kataluniak bere estatutua galdu zuen.
- Asturias: Egoera askoz ere larriagoa zen. Sozialistek, anarkistek eta komunistek bat eginik, benetako iraultza-egoera bizi izan zen. Gobernuak Franco jeneralaren eskuetan utzi zuen errepresioa.
Biurteko Kontserbadorearen amaiera
Errepresioak oposizioko buruzagi asko kartzelara edo erbestera bidali zituen, baina, aldi berean, indar errepublikarren, nazionalista katalanen eta langile erakundeen elkarlanerako gogoak piztu zituen. Eskuinak erreforma desegite prozesuari jarraitu zion, eta sindikatuak kontrolatzeko Errepublikaren aurka gehien nabarmentzen ziren militarrak garrantzi handieneko postuetan jarri zituen.
1936ko hauteskundeak eta Herri Frontearen gobernua
Ezker-eskuin polarizazioa erabatekoa zen. Ezkerrek eta errepublikazaleek Herri Frontearen aldeko hitzarmena sinatu zuten. Emaitzek polarizazio giroa islatu zuten:
- Herri Frontea: 257 diputatu
- Eskuina: 139 diputatu
Gobernu berria eratzeko ardura Azañak hartu zuen, eta urtarrilean hitzartutakoa betetzen hasi ziren. Jabeek Nekazaritza Erreforma oztopatzen zuten, eta ezkertiarren artean iraultzaren aldeko giroa zabaldu zen. Eskuindarrek militarren altxamendua prestatu eta ekintza terroristetara jo zuten. Alcalá Zamora presidentziatik kendu eta Azañak hartu zuen Lehendakaritza. Nazioarteko egoera ere tentsiozkoa zen (adibidez, Mussolinik Etiopia okupatu zuen).
Ondorioa eta Gerra Zibilerako bidea
Eskuineko sektoreek ezin zituzten hauteskundeetako emaitzak onartu, eta estatu-kolpea prestatzen hasi ziren emaitzak jakin bezain laster. Estatu-kolpe bat burutu behar zuten, gobernu berriak neurriak modu baketsuan eta legalean bultzatzen zituelako, eta horrek Espainiako egoera ekonomiko, sozial eta politikoa aldatuko zuelako, eskuindarrek onartu ezin zutena. Horrela, 1936ko uztailaren 17an emango den estatu-kolpeak huts egingo du, eta hiru urteko Gerra Zibila ekarriko du. Altxatuen (matxinatuen, frankisten) garaipenak II. Errepublikaren amaiera ekarriko du.