Filosofiaren Oinarriak: Beauvoir, Descartes eta Etika
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
vasco con un tamaño de 8,69 KB
Simone de Beauvoir: Identitatearen Eraikuntza
Beauvoirrek testu honetan defendatzen du emakumearen identitatea ez dela naturala, gizarteak eraikitzen duela. Emakumea ez da biologiak definitzen, baizik eta gizarteak ezarritako rolak, itxaropenak eta egitura kulturalak. Beraz, benetako berdintasuna lortzeko ez da nahikoa legeak aldatzea; egitura moral, sozial eta kulturalak ere aldatu behar dira.
1. Blokea: Beauvoir eta Ilustrazioa
Beauvoirren ideia nagusia da gizakiaren identitatea ez dela naturala. Ilustrazioaren garaian, Kant, Gouges eta Wollstonecraft egileek ere gai hau jorratu zuten:
- Kant: Giza duintasun unibertsala eta autonomia morala defendatu zituen.
- Olympe de Gouges: Emakumeen eta Herritarren Eskubideen Aldarrikapena (1791).
- Mary Wollstonecraft: Hezkuntzaren garrantzia berdintasunerako (1792).
2. Blokea: Gizartean ezer ez da naturala
Bere Bigarren Sexua (1949) obran, Beauvoirrek aldarrikatzen du emakumearen izaera sozialki eraikia dela. Haurtzarotik, neskei eta mutilei rol desberdinak ezartzen zaizkie. Hori aldatu daiteke, askatasuna eta berdintasuna lortzeko egitura soziala eraldatuz.
Descartes: Duda Metodikoa eta Cogito
Descartesek duda metodikoa erabili zuen ezagutza ziur baten bila, zalantzan jar daitekeen guztia baztertuz. Hortik dator bere lehen egia ziurra: "Pentsatzen dut, beraz banaiz" (cogito ergo sum).
Arrazionalismoa vs Enpirismoa
Descartesen arrazionalismoak arrazoimena du ezagutzaren iturri nagusi. Aldiz, enpirismoak (Locke, Hume) esperientzia du oinarri. Kantek bi korronteak uztartzen saiatu zen bere idealismo transzendentalaren bidez.
Disertazioak: Gizakia eta Zoriontasuna
Gizakia proiektu irekia da
Existentzialismoaren arabera, gizakia ez dago definituta jaiotzatik. Sartrek zioen bezala, "existentzia esentziari aurrea hartzen dio". Gizakia bere erabakien bidez eraikitzen den proiektua da.
Gizakia zoriontsua izan al daiteke?
/Historian zehar, gizakiak beti bilatu du zoriontasuna. Erdi Aroan, galdera honek garrantzi berezia hartu zuen, erlijioak paper nagusia jokatzen baitzuen. San Agustin Hiponakoaren ustez, benetako zoriontasuna Jainkoa ezagutzean datza: "Gure bihotza ezinegon dago Zugan atseden hartzen duen arte". Filosofiak eta erlijioak elkarrekin egiten diote galdera honi aurre. /San Agustinen arabera, ondasun materialek zoriontasun iragankor eta faltsua ematen dute. Benetako zoriona Jainkoaren ezagutzan baino ez da lortzen, eta hori heriotza ondoren bakarrik lortzen da osotasunean. Tomas Akinokoak ideia hori sakondu zuen: arrazoimenaren bidez Jainkoaren existentzia frogatu daiteke, eta Jainkoa da zorionaren azken kausa. Beraz, kristau tradizioa bat dator: zoriontasun osoa ez da mundu honetan, transzendentziaren bidez baizik. /Hala ere, beste ikuspegi batzuek mundu honetan bertan posible dela defendatu dute. Aristotelesek, "Etika Nikomakorea" lanean, eudaimonia proposatu zuen: bertuteak praktikatzeko bizitza bete bat. Epikurok, bere aldetik, plazer neurtu eta naturalen bidez lortzen den ataraxia (arimaren baretasuna) proposatu zuen. Estoikoentzat, aldiz, zoriontasuna patua onartzearen eta arrazoiaren araberako bizitzaren ondorio da. /Gaur egun, osasun mentaleko krisiaren erdian, gizakiak oraindik bilatu du zoriontasuna modu anitzetan: meditazioan, harremanetan, sormean... Hori erakusten du zoriontasuna ez dela kontzeptu bakarra. Batzuentzat erlijioan datza, beste batzuentzat harreman pertsonaletan, eta besteentzat lorpen pertsonaletan. Laburbilduz, zoriontasuna posible da, baina ez dago bide bakarra: tradizio filosofikoak erakusten digu bide anitzak daudela, eta bakoitzak bere bidea aurkitu behar duela.
BLOQUE 3 — Teoria, azalpen argumentatua
1. Herritartasun kontzeptua Greziako Ilustrazioan /Antzinako Greziak utzi digun herentzia garrantzitsuenetako bat herritartasunaren ideia da. Greziar polisetan, herritarra izatea ez zen soilik leku batean bizitzea; erabaki politikoetan aktiboki parte hartzea zen. Herritartasuna askatasunarekin lotuta zegoen, eta gizonezko atenastar askeei bakarrik zegokien. /Platonek, "Errepublika" (K.a. IV. m.) lanean, herritartasuna hiru klasetan banatu zuen: filosofo-gobernari, zaintzaile eta ekoizle. Herritarrak ez ziren berdinak; bakoitzak bere funtzioa zuen gizartean, eta justizia klase bakoitzak bere eginkizuna ondo betetzen zuenean lortzen zen. Horrenbestez, Platonen herritartasuna hierarkikoa eta mugatua zen. /Aristotelesek, "Politika" lanean, gizakia "animalia politikoa" (zoon politikon) definitu zuen: soilik polisean gauzatzen da bere izaera. Herritartasuna ez zen pasiboa, aktiboa baizik: herritarrak erabakietan parte hartu behar zuen. Hala ere, Aristotelesek emakumeak, esklaboak eta atzerritarrak kanpoan utzi zituen, eta horrek demokrazia atenastarraren muga nabariak erakusten ditu. /Gaur egun, herritartasunaren kontzeptua askoz zabalagoa da: denok ditugu eskubide politikoak teorian. Hala ere, hauteskundeetan parte hartzeko absentismoa ikusita, antzinako greziarren ardura politikoa galdu dela esan daiteke. Beraz, antzinako Greziatik ikasi dezakegu herritartasunak konpromiso aktiboa eskatzen duela, ez parte hartze pasibo hutsa.
2. Eztabaida politikoa Platonen eta Aristotelesen artean /Platonen eta Aristotelesen arteko eztabaida politikoa filosofia klasikoaren eztabaida garrantzitsuenetako bat da. Biek gizartearen antolakuntza aztertu zuten, baina ikuspegi eta ondorio oso desberdinetara iritsi ziren. /Platonek, "Errepublika" (K.a. IV. m.) lanean, estatu ideal bat proposatu zuen, filosofo-errege-k gobernatuta. Bere ustez, Ongiaren Ideia ezagutzen dutenek bakarrik gobernatu dezakete justuki. Gizartea hiru klasetan antolatu zuen: filosofo-gobernari (jakinduria), zaintzaile (sendotasuna) eta ekoizle (neurritasuna). Klase bakoitzak bere funtzioa betetzen zuenean justizia eta harmonia lortzen ziren. Platonek demokrazia gaitzesten zuen, ezjakinen gobernua zelakoan; jabego pribatua ere kendu nahi zion gobernari klaseari, interes partikularrek estatuaren batasuna oztopa ez zezaten. /Aristotelesek, "Politika" lanean, bere maisuaren proposamena utopia gehiegizkoa zela kritikatu zuen. Haren ustez, estatu perfektua ez da existitzen; egoera konkretuak aztertu behar dira. Gobernu zuzenak guztion ongia bilatzen dutenak dira (monarkia, aristokrazia, errepublika), eta okerrak gobernari taldeen interesa baino ez dutenak babesten (tirania, oligarkia, demagogia). Errepublika zela onena uste zuen, erdiko klaseak oreka bermatzen baitu. /Laburbilduz, Platonen eta Aristotelesen arteko eztabaida ideal eta errealitatearen arteko tirabira da. Gaur egun ere eztabaida hori bizirik dago: nork gobernatu behar du? Jakintsuek ala herriak? Adibidez, Norvegiako sistema politikoa ezin da berdin aplikatu herrialde garatu gutxiagotan, Aristotelesek esango lukeen bezala: testuinguruak kontatu egiten du.
3. Polisaren krisia eta proposamen etiko helenistikoa /K.a. IV. mendean, Alexandro Handiaren konkisten ondoren, polisak bere autonomia galdu zuen eta inperio handien mende geratu zen. Aldaketa honek krisi politiko, sozial eta identitario sakona ekarri zuen: greziarrak hiritarrak izatetik errege baten mendeko izatera pasatu ziren. Testuinguru horretan, filosofia etikara bideratu zen, galdera nagusia hau izanik: nola lortu zoriontasuna mundu ezegonkor batean? /Aurretik, Platonek eta Aristotelesek polisari lotutako zoriontasun ereduak proposatu zituzten. Platonentzat, gizartea justuki antolatuta egonez gero, herritarrek zoriontasuna lortu zezaketen. Aristotelesek, bere aldetik, gizakia animalia politikoa zela esan zuen, eta soilik polisean gauzatzen zela bere izaera. Polisaren desagerpenarekin, eredu hauek ez ziren jada baliagarriak. /Hori dela eta, eskola helenistikoak sortu ziren, filosofia terapia gisa ulertuz. Epikurok Lorategian bere komunitatea sortu zuen, eta plazer neurtu eta naturalen bidez ataraxia (arimaren baretasuna) lortzea proposatu zuen. Estoikoentzat, aldiz, Logosak antolatutako unibertsoa onartu eta patu horren arabera bizitzea zen bidea, gure eskuetan dena kontrolatuz eta gure eskuetan ez dagoena onartuz. Zinikoek konbentzio sozial guztiak alboratu eta naturara itzultzearen alde egin zuten. Eszeptikoek, azkenik, iritzia etenduz (epoché) baretasuna lortzea proposatu zuten. /Gaur egungo krisi politiko eta demokratikoaren aurrean, antzeko joera ikusten da: gobernuekiko mesfidantza dela eta, askok ongizate pertsonala bilatzen dute meditazioaren, osasun mentalaren edo garapen pertsonalaren bidez. Greziar filosofo helenistikoek bezala, banakoak bere barne mundura begiratzera bultzatzen gaitu sistemak huts egiten duenean.