Fernando VII.Aren erregealdia

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 11,81 KB


5. FERNANDO VII.Aren ERREGEALDIA(1813-1833) Leipzig-en porrot egin ondoren, Napoleonek Espainiaren neutraltasuna behar zuen Erdialdeko Europan borrokatu ahal izateko. Ondorioz, 1813ko abenduan frantsesek eta espainiarrek Valençay-ko Ituna sinatu zuten, eta, Napoleonek Fernando VII.A Espainiako erregea onartu zuen. Fernando VII.Aren erregealdian hainbat etapa izan ziren: 1814 eta 1820 artean, absolutismoa berrezarri zen; 1820tik 1823ra liberalek agintea eskuratu zuten eta erregeak erregimen konstituzionala onartu behar izan zuen; azkenik, 1823tik 1833ra absolutismoa eta Erregimen Zaharra berrezarri ziren.

5.1. FERNANDO VII.Aren ITZULERA eta SEIURTEKO ABSOLUTISTA 1814 eta 1820 artean Fernando VII.Ak Erregimen Zaharreko printzipioak berrezarri zituen. Hori egin ahal izateko aitzakia gorteetako diputatuen heren batek sinaturiko Pertsiarren Manifestua deritzanak eman zion. Manifestu horretan monarkia absolutura eta aurreko ordenara itzultzeko eskatzen zitzaion erregeari.Herriaren zati baten laguntzarekin eta batez ere klero eta lurjabeenarekin, Fernando VII.Ak estatu kolpea eman zuen 1814ko maiatzaren 4an. Konstituzioa eta Cadizko Gorteek emandako lege liberal guztiak indargabetu zituen eta 1812a baino lehenagoko erregimena ezarri zuen: absolutismoa, estamentuen gizartea, jauntxoen erregimena eta Erregimen Zaharreko erakundeak; gainera inkisizioa ere berrezarri zuen eta Jesusen Lagundiari Espainiara itzultzen utzi zion. Horrenbestez, Cadizen hasitako erreforma guztiak bertan behera geratu zirela esan daiteke. Hego Euskal Herrian foruak indarrean jarri ziren berriro eta foru erakundeek lehen zuten aginpidea eskuratu zuten, gainera elite politiko tradizionalak frantsesen erregimenari lagundio zioten guztiak bota zituen. Hala ere, Fernando VII.Ak ez zuen arazo larriak konpontzeko politika eraginkorrik egin, bere kezka nagusia botere absolutuari eustea izan baitzen. Erregimen Zaharrean hasitako eta Independentzi gerran amaitutako nekazaritza, industria eta merkataritza arazoek artean irauteaz gain, areagotu egin ziren. Kolonien emantzipazioa zela eta hango merkataritza galdu zen; gainera, ogasunak ez zuen nahikoa diru sarrera eta zorra gero eta handiagoa zen. Hori konpontzeko Martin de Garay ministroak dirua eskatu zien kleroari eta nobleziari, baina estamentu pribilegiatu horiek ez zuten onartu salbuespena kenduko zien erreformarik. Koroaren etsaien aurkako errepresio gogorrak erregimenaren aurkako oposizioa sendotzea bultzatu zuen. Erregeak erakutsi zuen absolutismo erradikalaren aurrean, liberalak indar armatua erabiltzen hasi ziren, pronuntziamendu deitzen zaien altxamendu militarren bidez, konstituzionalismoa berrezartzeko asmoz. 1814tik aurrera, arrakastarik izan ez zuen hainbat pronuntziamendu gertatu zen; azkenean, 1820ko urtarrilekoa irten zen garaile, Rafael de Riego komandanteak28 eta Antonio Quiroga koronelak29 zuzendutakoa, hain zuzen .

5.2. HIRURTEKO LIBERALA (1820-1823) Beraz, 1820 eta 1823 artean, Espainian liberalismoa nagusitu zen berriro30 . Riego eta Quirogaren pronuntziamendu militarra beste hainbat tokitara hedatu zen eta 1820ko martxoan, Fernando VII.Ak 1812ko Konstituzioa zin egin behar izan zuen eta Cadizko Gorteen legedia berrezartzea onartu. Hego Euskal Herrian foruen erregimena baliogabetu egin zen eta atzera erregimen konstituzionala jarri zen indarrean. Gorteak bildu zirenean, liberalen artean bi joera zeudela agerian geratu zen. Batetik, asaldatuak eta bestetik moderatuak. Asaldatuek iraultza erradikalaren aldekoak ziren: herritarren parte hartzea sufragio unibertsalaren bidez eta erregeak botere betearazlea baino ez izatea. Moderatuek, aldiz, erregeak erreformetan parte hartze handiagoa izatea nahi zuten, haren botere betearazlea zabaltzea eta sufragio mugatua indarrean jartzea. Moderatuak izan ziren gobernuan agintea edukitzea lortu zutenak, baina asaldatuek botere paraleloa antolatu zuten armadaren, elkarte abertzaleen31 eta elkarte sekretuen32 bitartez. Bi erakundeek iritzi publikoaren bozeramaile zirela zioten. Gobernu moderatuak arazoak konpontzeko erreformak aplikatzen hasi ziren: jaunen erregimena, maiorazkoa, Inkisizioa eta Jesusen Lagundia deuseztatu zituzten; hamarrenak murriztu eta elizaren ondasunak salgai jarri zituzten; inprimatzeko askatasuna legeztatu zuten; hezkuntza lege berria eman zuten… Hego Euskal Herrian erregimen liberalak aldundi edo diputazio probintzialak ezarri zituen foru aldundien ordez. 33 . Hala eta guztiz ere, erakunde horiek funtsean buruzagi berberek osatu zituzten; izan ere, aberastasuna eta kaparetasuna eskatzen zituzten foru baldintzak baliogabetu ziren arren, hauteskundeetan iruzurra eginez, noble aberats eta absolutistek garaipena lortu zuten probintzia bakoitzeko politika zuzentzeko. Gasteizen, Bilbon eta Donostian soilik eratu ziren benetako liberalek zuzendutako udalak. Ordu arte boterea eskuratzea debekatuta izan baitzuten. Bestetik, aduanak kostaldera eraman ziren eta hori oso onuragarria izan zen merkatarientzat, Espainiako merkatua ireki baitzien —kolonietako merkatua galtzen ari zirela kontuan hartuta oso komenigarria zen beraientzat —; aitzitik, kontsumitzaileentzat ez zen hain mesedegarria izan kanpotik zetozen produktuak garestitu egin baitziren34 . Politika liberalak kleroa, lurjabe eta biztanleriaren alderdi handi bat agintarien aurka jarri zituen, ez baitzuten ikusten liberalak arazoei aurre egiteko gai zirenik. Erregeak, noble zein kleroaren laguntzaz iraultzaren kontra egiteari ekin zion. Hego Euskal Herrian ere antolatu zen erregimen liberalaren kontrako oposizioa, foruaren etsaitzat baitzeukaten. Foru erregimena berriz ere indarrean jarriko bazen, monarkia absolutistak itzuli behar zuelako ideia orokortu zen. Gainera, liberalen kontrakoen propagandak foruak kentzearen ondorio negatiboak erakutsi zituen: aduanen lekualdatzeak ekarri zuen kontsumorako produktuen garestitzea, zerga berriak ezartzea, soldadutza derrigor egin beharra… 1821etik aurrera, nekazaritza inguruan batez ere erregearen aldeko oposizio armatua antolatu zen,kleroaren eraginez bereziki.Liberal erradikalenak agintera iritsiko zirela konturatu zenean, Fernando VII.Ak laguntza eskatu zion Aliantza Santua35 izeneko koalizio absolutistari eta 1823ko apirilean Aliantzak bidalitako armadak Bidasoa gurutzatu zuen. Lurraldean barrena zihoazen heinean partida errealistak batu zitzaizkien armakoei. Azkenean, Cadizen liberalak garaitu eta Fernando VII.Aren botere absolutua berrezarri zuten.

5.3. AZKEN ERRESTAURAZIO ABSOLUTISTA edo HAMARKADA GAITZESGARRIA (1823-1833) 1823tik 1833ra arteko hamarkadan monarkia absolutua itzuli zen. Fernando VII.Aren lehen ekintzetan oso errepresio gogorra izan zen ideia liberalak zituzten guztien aurka; hala, hirurtekoaren garaiko liberal gehienek Londresa alde egin behar izan zuten garbiketa absolutistatik ihes. Gainera, hirurtekoan liberalek emandako dekretu konstituzional guztiak indargabetu zituen eta Erregimen Zaharreko erakunde eta pribilegioak berrezarri. Hego Euskal Herrian foruak indarrean jarri ziren berriro eta foru erakundeek lehen zuten aginpidea eskuratu zuten. Aduanak ere barnealdera itzuli ziren. Udaletan agintari kontserbadoreen eliteak liberalen jazarpen politikoa bultzatu zuten. Horrez gain, erregearen aldeko boluntarioen partidak37 antolatzen hasi ziren kontrairaultza babesteko. Partida horiek indar handia hartu zuten eta 1833tik aurrerako Gerra Karlistan protagonismo handia izan zuten. Absolutismora itzultzeak, hala ere, ez zuen krisia gainditzea ekarri. Erregeak ezin izan zien ez barne ez kanpo arazoei aurre egin. Bestetik, liberalen aurka abian jarri zuen errepresioak Europako monarkiak larritu zituen eta presioa egin zuten erregeak herritarren arteko adiskidetzea bultza zezan. Ondorioz, amnistia dekretu bat eman zuen, baina horrek ez zuen ia inor pozik utzi: liberalek salbuespen asko zituela uste zuten eta absolutista kontserbadoreenak berriz, Inkisizioa ezarri ez zelako zeuden haserre. Azken horiek Karlos Maria Isidro infantearen38 inguruan biltzen hasi ziren. Absolutismo monarkikoa berrezarri zen arren, Hego Euskal Herriko eta Espainiako gizarteetako zati garrantzitsu batek bereganatu zituen printzipio liberalak. Ideologiaren zatiketaren ondorioz bi bando bateraezin sortu ziren, handik gutxira gerra zibilean aurrez aurre egongo zirenak: sistema konstituzionala ezartzearen alde zeudenak, moderatuak zein erradikalak; eta monarkia absolutuaren alde zeudenak .Testuinguru horri lotuta, Fernando VII.Aren erregealdiaren azken urteetan Espainiako tronuaren oinordetzaren arazoa planteatu zen: Fernando VII.Ak oinordeko zuzenik ez zuenez gero, bere Anaia Karlos Maria Isidrok bere burua Espainiako koroaren oinordekotzat hartu zuen. Hala ere, egoera hori erabat aldatu zen Fernando VII.A 1830 urtean Napoliko Maria Kristinarekin39 ezkondu zenean eta hori haurdun geratu zenean. Oinordetza kontuetan bazen Felipe V.Ak 1713an emandako lege bat, Lege Salikoa, eta horren arabera, emakumeek ezin zuten koroa oinordetzan jaso. Erreginaren haurdunaldiaren berri izan zuen urtean, Fernando VII.Ak Lege Salikoa bertan behera uzten zuen Berrespen edo Santzio Pragmatikoa eman zuen. Horren bidez, erregetza oinordetzan jasotzeko eskubidea onartzen zitzaien emakumeei. Isabel II.A40 izango zenaren jaiotzak Don Karlos infantea tronutik baztertu zuen eta horren aurrean ideologikoki kontrakoak ziren bi bando sortu ziren: o Bando karlista: absolutismo monarkikoaren aldekoak ziren eta Berrespen Pragmatikoaren legezkotasuna ukatzen zuten. Don Karlosek koroa berreskuratzeko zuen eskubidea defendatzen zuten. Hego Euskal Herrian foruen iraupena ere aldarrikatzen zuten eta, hala, mugimendu karlista politika indar handienetarikoa bilakatu zen XIX. Mende osoan. Fernando VII.A hil zenean (1833) matxinatu egin ziren. o Bando liberala, isabeldarra edo kristinatarra: joera guztietako liberalak biltzen zituen. Isabelen alde egin zuten, hori adin txikikoa izateak erregetzaren gobernuan eragina izateko bidea irekitzen baitzien.


Entradas relacionadas: