Fedea eta arrazoimena ezagutzeko sinetsi

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,99 KB

Antropologia:

Agustin Hiponakoaren ustez, gizakia izaki konposatua da, arima hilezkor eta gorputz hilkorrez osaturiko izakia, edo, zehatzago esanda, gorputz hilkor eta mundukoiaz baliatzen den arima arrazoiduna. Giza arima materiazko gorputzari bizia ematen dion printzipio immaterial eta hilezkorra da, edo, beste era batera esanda, gorputza arimari esker bihurtzen da materia bizidun. Hau da, Agustinen arabera, gizakia bi substantziak osatzen dute, arimak eta gorputzak, baina arimak du lehentasuna. Hortaz, gizakiari buruzko ikuspegi agustindarra dualista da, eta Platonen eragin ezin garbiagoa ageri du. Hala ere, Agustinen ikuspegi kristauak baditu gizakiari buruzko ikuspegi platoniko edo neoplatonikoarekiko desberdintasunak. Izan ere, Agustinen antropologiak kreazioaren baieztapenean du abiapuntua: Jainkoak bere irudi eta antzeko egin zuen gizakia eta, hortaz, kreazioaren gailurra da. Arimaren egitekoa da, halaber, gorputza zaindu eta gobernatzea. Gizakia, baina, bekataria da, bekaturako jatorrizko joera du. Jatorrizko bekatuagatik, gorputzak arima menperatu du, eta bekatura bultzatzen du. Gizakiaren nahimena, bere sustraiak ariman dituena, jatorrizko bekatuak hondatuta dago eta, horregatik, bekaturako joera du gizakiak. Ondorioz, gizakia ezin da bere indar hutsez salbatu; kanpotik datorkion graziaren beharra du horretarako. Jainkoaren grazia behar du gizakiak salbatzeko. Gizakiak Jainkoaren graziari esker gainditzen du bere muga: bere burua transzenditzen du. Gizakiak bere baitan bera baino nagusiagoa den zerbait aurkitzen du. Gizakia ezin da soilik bere indarren bitartez egiaren ezagutzara iritsi, ahula baita (jatorrizko bekatuak ahulduta dago), baina Jainkoaren graziak gizakia bultzatzen du barrutik, bere izaerari dagokiona baino ezagutza garaiagoa lor dezan.

Fedea eta arrazoimena



ezagutzeko sinetsi:

Agustin Hiponakoaren kezka nagusia ez zen izan soilik egia bat topatzea, bihotza aseko zuen egia bat aurkitzea baizik, zoriontsu egin gaitzakeen egia bat aurkitzea. Nolanahi ere, egiaren bilaketa ez da kontenplaziozkoa soilik, aktiboa baizik, eta ez da ezagumenaren bidez soilik gertatzen, fedeak eta maitasunak ere badute egitekoa bilaketa horretan. Beste era batera esanda, egiaren bilaketa ez da metodo bat, bide izpiritual bat baizik. Izan ere, Agustin Hiponakoarentzat, egiaren bilaketaren abiapuntua ez dago kanpoan, barruan baizik. Egia gizakiaren baitan dago. Egia bilatzen duen pentsamenduak norbere buruaren ebidentziatik hasi behar du; egiaren bilaketaren abiapuntua autokontzientzia izan behar da. (Eszeptiko grekoek zioten egia ezagutezina dela, edota, aurkitzerik balego, ezinezkoa litzatekeela ezagutaraztea. Agustin Hiponakoak ez du ikuspegi hori onartzen, bere ustez oinarrizko kontraesan batean erortzen baita. Eszeptikoen aurka, Agustinek ondoko hau esan zuen: “Si fallor sum”, hau da, erratu egiten banaiz edo zalantza baldin badut, gutxienez akats edo zalantza horretaz ziur egongo naiz, beraz bada ziur ezagutu dezakedan zerbait. Erratzen dena edo zalantza egiten duena bere existentziaz ziur dago, ez du zalantzarik horri buruz. Ikuspegi horrek eragin nabarmena izan zuen Descartesengan). Beraz, gizakiak bere baitan bilatu behar du, eta, hor, egia aldaezinak aurkitzen ditu, gizakiaren aldakortasuna gainditzen duten egiak. Alabaina, gizakia ezin da ideia horien jatorria izan. Gizakiak ezin ditu egia horiek kanpoko laguntzarik gabe lortu, gizakia izaki aldakor eta mugatua baita, eta egia horiek, aldiz, aldaezinak eta absolutuak. Jainkoa da gizakia argiztatzen duena egia horiek ezagutzera hel dadin. Beraz, arrazoimenaren eta fedearen arteko erlazioari dagokionez, Agustin Hiponakoaren helburua ez da arrazoiaren eta fedearen arteko mugak ezartzea. Aitzitik, bere helburua horietatik abiatuta egia kristaua argitzea da. Horretarako fedeak eta arrazoiak elkarrekin lan egiten dute. Hasieran arrazoimenak lagundu egiten dio gizakiari fedea aurkitzen, baina, ondoren, fedeak arrazoimena gidatzen du, hau da, fedeak mundua ulertzen laguntzen dio arrazoimenari (honi buruz Agustin Hiponakoak zera diosku: Credo ut intelligam, hau da, sinesten dut ulertzeko). Azkenik, arrazoimena fedearen edukiak ulertzen laguntzen du. Hortaz, Agustin Hiponakoak ez du mugarik ezartzen arrazoiaren eta fedearen artean. Biek laguntzen dute egia aurkitzen.


Entradas relacionadas: