Faxismoaren gorakada eta Bigarren Mundu Gerra
Faxismoaren gorakada Italian eta Alemanian
1929ko krisi ekonomikoaren ondorioz, langabezia eta krisi soziala agertu ziren. Egitura politiko tradizionalak ez zuen egoerari eutsi, eta faxismoa eta eredu komunista (Sobietar Batasuna) nagusitu ziren. Demokrazia liberalak gero eta ahulago zeuden. Faxismoaren gorakadaren arrazoiak hauek izan ziren: komunismoaren mehatxua, krisi ekonomiko larria, gobernu burgesen ahulezia arazoei aurre egiteko, eta Lehen Mundu Gerraren amaierako erabakien kontrako iritzia.
Faxismoa Italian
Faxismoa Italian nabarmentzen hasi zen gerraren amaieran. Italiaren egoera ezin okerragoa zen: gerra oso gogorra izan zen (kostu ekonomiko eta giza kostu handiak), krisi ekonomiko larria zegoen, langabezia-tasa oso handia zen, eta gerra amaieran lurralde galduak ezin berreskuratu eta ordain ekonomikorik jasotzeko aukerarik gabe geratu zen. Ondorioak frustrazio-sentimendua, mugimendu iraultzaileak, grebak, manifestazioak, eta lurren eta langileen okupazioak izan ziren.
1919an, Mussolinik Fasci di Combattimento eta Squadre d'Azione taldeak sortu zituen, oinezko soldaduak eta langabeak bilduz. Industriaren alde jarri ziren. 1929an, Mussolinik Alderdi Nazional Faxista (ANF) sortu zuen. Erromarako martxa antolatu zuen, eta bertan egoera politikoa salatu zuen. Erregeak (Viktor Emanuel III.ak) Mussolini gobernuburu izendatu zuen, gobernuaren dimisioaren ondoren. Hasieran, beste alderdi burges batzuekin koalizio-gobernua osatu zuen, baina gero botere guztia bereganatu zuen. 1924ko hauteskundeak irabazi ondoren, beste alderdiak ilegalizatu eta diktadura ezarri zuen. Boterea sendotzeko eta arerio politikoak menderatzeko, salbuespen-legeen sorta prestatu zuen. Langile-mugimendua kontrolpean jartzeko, klase-sindikatuak legez kanpo utzi zituen.
Nazismoa Alemanian
Gerra amaitutakoan, Alemaniako egoera politiko, ekonomiko eta soziala oso larria zen. Gerraren porrotaren ondorioz, monarkia desagertu eta Weimar Errepublika aldarrikatu zen. 1919aren hasieran, Berlinen, Errusiako Iraultzaren ereduari jarraituz, iraultza komunista hasi zen (geroago Alemania osora zabaldu zen), eta armadak matxinadak zapaldu behar izan zituen.
Alemaniako arazo nagusiak hauek ziren: nazioarteko umilazioa, krisi ekonomikoa eta honek sortutako langabezia, eta fronteetatik itzulitako soldadu ohien arazoak. Soldadu ohi askok ez zuten onartzen gerra galdu zutela, eta talde bereziak osatzen saiatu ziren. Soldadu horien artean zegoen Adolf Hitler. Hitler Alderdi Langile Aleman Nazionalsozialistako (ALANS) kide egin zen, eta ondoren buruzagi izendatu zuten. 1923an, Munichen estatu-kolpea antolatu zuen, baina huts egin zuenean espetxeratu egin zuten.
Alderdiak gizarteko maila guztietan eragin nahi zuen, baina bereziki gazteengan, emakumeengan, ikasleengan eta sindikatu nazional-sozialistan. 1929tik aurrera, krisi ekonomikoaren eraginez, egoera goitik behera aldatu zen. Langabezia izugarri handitu zen Alemanian, eta krisi ekonomikoak krisialdi soziala ekarri zuen: alderdi komunistek beren iraultzak aldarrikatzen zituzten, eta burgesiak komunismoari beldurra zion. Gobernuek ez zuten asmatu egoera hura onbideratzen.
Aurreko egoera ikusita, Hitler agertu zen, eta alemaniarrei Alemania berri baten proposamena sinesgarri egin zitzaien. 1932ko hauteskundeetan, naziek gehiengoa lortu zuten, eta Hindenburg presidenteak Hitler kantziler izendatu zuen. Hasieran, Hitlerrek beste alderdi burgesekin koalizio-gobernua osatu zuen, baina berehala parlamentua indargabetu zuen. Sute handi baten ondoren, komunistei egotzi zien errua, eta beste alderdi eta sindikatuak legez kanpo utzi zituen. 1933rako, naziek Alemaniaren kontrol osoa zuten.
Nazi alderdiak, parlamentuaren onespenarekin, lege bereziak egin zituen botere guztia bereganatzeko. Lehen kontzentrazio-esparruak zabaldu zituzten oposizioa isilarazteko, eta Alemania diktadura nazional-sozialistaren menpe geratu zen.
Bigarren Mundu Gerra (1939-1945)
Bigarren Mundu Gerra historiako gatazka militar nagusia izan da, eta kalterik handienak sortu dituena gaur egun arte. Mundu guztian zehar borrokatu ziren partaideak: basamortuetan, Artikoan, mendian, oihanetan, airean, itsasoan... Gerrako hegazkinen erabilera erabakigarria izan zen, eta teknologian izugarrizko aurrerapenak egon ziren, adibidez, bonba nuklearraren garapena.
Gerra honek kalte handiak eragin zizkion jende zibilari, hiriak bonbardatu eta bandoz aldatu egiten baitziren. Gerrarik sarraskiena eta nagusiena Holokaustoa izan zen: 6 milioi judu baino gehiago hil zituzten, Hitlerren arrazakeriaren ondorioz.
Gerrako partaideak
Gerrako partaideak hiru multzotan banatu ziren:
- Ardatza: Alemania, Italia eta Japonia.
- Aliatuak: Erresuma Batua, Australia, Zeelanda Berria, Kanada, Frantzia, Belgika, Ameriketako Estatu Batuak eta Sobietar Batasuna (Hitlerrek inbaditu ondoren).
- Neutralak: Suitza eta Espainia (Franko Ardatzaren aldekoa zen).
Gerraren faseak
Lehen fasea (1939-1940)
Europan zehar, estatu faxistek garaipenak lortu zituzten. 1939an, Alemaniak Polonia konkistatu zuen. 1940an, Dinamarka, Belgika, Frantzia eta beste hainbat herrialde bereganatu zituen. Italia borrokan sartu zen, eta Balkanetara eta Afrikara hedatu zen. 1941ean, Hitlerrek Sobietar Batasunari erasotzeko agindua eman zuen. Hasieran, Armada Gorria deseginda gelditu zen, baina alemaniarrak Moskura iritsi zirenean, porrot egin zuten.
Bigarren fasea (1941)
Japoniak Hawaiiko Pearl Harbor base militarrari eraso zion, eta Ameriketako Estatu Batuen kontrako gerra hasi zuen. Alemania eta Italia Japoniarekin aliatu ziren, eta AEBri gerra deklaratu zioten.
Hirugarren fasea (1943-1945)
Sobietar Batasunak alemaniarren etengabeko atzera egitea eragin zuen. Erresuma Batuak eta AEBk Italia inbaditzen hasi ziren. Aliatuen arteko elkarrizketa handiak egin ziren Maltan eta Potsdamen, koordinazioa hobetzeko. 1945ean, Hitlerrek bere buruaz beste egin zuen, Mussolini fusilatu zuten, eta AEBk Hiroshima eta Nagasakiren aurka bonba nuklearrak jaurti ondoren, Japoniak amore eman zuen.