Euskararen historia

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en vasco con un tamaño de 29 KB

Euskara euskaldunek hitz egiten duten hizkuntza da. Euskararen jatorriak garai guztietako adituen jakin-mina piztu du, horregatik, gai honi buruz hitz egiten duten teoria desberdin asko aurki ditzakegu, eta bakoitzak bere ezaugarri eta arrazoiak azaltzen dizkigu. Teoria esanguratsuenak honako hauek dira: afrika iparraldeko hizkuntza kamitikoekin erlazionatzen duena, tubalismoarekin, makrofamilia eta dene kaukasierarekin,.. Datu linguistikoek erakusten dute euskarak antz gramatikalak edo lexikalak badituela Europako edo beste kontinenteetako indoeuroparrak ez diren hizkuntza desberdinekin. Hala ere, zaila da jakitea harreman horiek noiz, nola eta non sortu ziren.

Barandiaranek, bertako jatorriaren teoria defendatu zuen; berak zioen, bertan garatzen eta bilakatzen joan garen Cro-Magnon gizakiaren ondorengoak garela, euskara kontinentearen jatorrizko hizkuntza izanik. Hipotesi hau Iberiar penintsulan eta Europan agertutako fosil lexiko (Atapuerca), aztarna batzuk (Fostermanek Europako ibaien antzinako izenak aztertzean) eta hainbat ikerketa genetikok baieztatzen dute (Theo Venneman, Foster, Hamel). Hala ere teoria hau ezbaian jarri dute zenbait euskal hizkuntzalarik, Lakarra besteak beste. Gaur egun, genetikan oinarritutako teoria hau ez du inork ezeztatu.

Kaukasiako hizkuntzekin ere erlazionatu izan da. Antzekotasun aipagarrienak; ergatiboaren erabilera, aditzak, nekazaritza eta abeltzaintzako hainbat hitz eta zenbaki sistema hogeitiarra.

Iberismoaren teoriak dio, euskara eta iberikoa bakarra zirela. Teoria honen defendatzailea Larramendi dugu baina Gomez Morenok Iberiar idazkunak deszifratu zituenean hipotesia behera etorri zen. Aurki zitezkeen kidetasunak luzaroko auzotasunaren eraginez izan zitezkeen. Mitxelenak, Caro Barojak, Tovarrek eta Txillardegik bi hizkuntz desberdin zirela aldarrikatu zuten.

Pisu gehien duen teoria, akitaniera euskararen arbasoa dela dio. Akitaniera Pirinioetatik Garona ibairaino zihoan, Akitania izeneko lurraldean mintzatzen zen, erromatarrak iritsi aurretik Goi Erdi Arora arte. Bertan euskararen aztarna zaharrak aurkitu dira, eta hauek hizkuntza gaurko euskararen aurretikoa zela frogatzen dute. Adibidez; hilarrietako izen euskaldunak. Lafon, Mitxelena, Luchaire, bat datoz baskoiak eta akitaniarrak hizkuntza berean mintzo zirela esatean.
Txillardegik , akitaniera ez dela beste hizkuntza bat, aspaldiko euskara arkaikoa baizik, baieztatu zuen. Bere esanetan, akitaniera Protoeuskara besterik ez da. Eta fonologian oinarriturik arrazoi hauek eman zituen akitaniera euskara zaharra besterik ez dela frogatzeko:

-Bi hizkuntzek fonemen zerrenda berbera dute, baita fonema multzoena ere.
-/h/ hitz hasieran (Harbelex, gaurko Harbel(e)tz), bokal artean (Lohisi, lohi), edo kontsonante sonanteen ondoan agertzen da bi hizkuntzetan.
-Distribuzioari dagokionez, bietan hitz amaieran afrikatua eta erdian frikaria.erabiltzen da.
-/s/ren ondorengo /b-d-g/, sistematikoki, /p-t-k/ bihurtzen da (Herauskorri, Andoxponi) .
-Kontsonante leherkari gorren (p,t eta k) garapen bat antzematen da (cison=kizon, gizon bihurtu da). Leherkari hasperendun batzuk ere, transkribaturik ageri dira (Aherbelst, gaurko akerbeltz).
-Gaurko /m/ batzuk, /mb/ sudurkariztatutako soinu zahar batetik datoz (ombe. gaur ume).
-Diptongo berak dituzte.
-Frikari/ afrikatu oposizioa zehazki agertzen da (Arixo, Harbelex ; baina, Sutugio, Asto) .
Hipokoristikoen hilara bera da bi hizkuntzetan (Ombecco = umeko, umetxo

K.a.-tik, Erromatarrak iritsi aurretik, Euskararen lurraldea Ebro ibaitik Garona ibairaino eta Pirinioetan Kataluniako lurretaraino zabaltzen zen. Euskaldunen komunitateak hartzen zuen lurraldea egungoa baino askoz zabalagoa zen. Estrabon eta Ptolomeo geografoen arabera, euskaldunak honako tribu hauetan banaturik bizi ziren (leinuak):
Baskoiak: Leinu handiena, euskara idatziaren lehen aztarnak. EHaren mendebaldean bizi, gaur egungo Nafarroa, Errioxa eta Aragoi iparraldean eta hegoaldetik Ebro ibairaino hedatzen zen. Ekialdetik Jaka ere.
Barduliarrak: Gaur egungo ia Gipuzkoa osoan eta Arabako ekialdean bizi ziren.
Karistiarrak: Bizkaia eta Araba. Bizkaiera euskalkia hitz egiten den eremuarekin bat egiten du. (Iruña-Veleia)
Autrigoiak: Kantabria, Burgos, Bizkaia, Araba eta Errioxa. Zaila da esatea lurraldea zehazki zein den, gudak eta beharren arabera mugitzen zirelako.
Akitaniarrak: Aurre-euskaldunak ere deituak, egungo Gaskonia eta Ipar Euskal Herrian bizi ziren, akitaniera zen bere hizkuntza.
Beroiak:Ustez zelta jatorria, baina euskal jendeekin nahastu omen ziren.
Zeltak: Europan zabaldu ziren lehen indoeuroparrak dira, euskal eragin handiena hartuko zutenak.
Kantabriarrak: Gaurko Kantabria baino lurralde zabalagoa okupatuz, Kantabriarrak zelta edo aurre-indoeuroparrak diren zalantza dago.
Susetaniarrak: Antzinako EH lurraldean bizi zen euskal-tribua. Erromatarrekin aliatu ziren bakarrak.
Iazetaniarrak: Pirinio magaletan hasten da eta lautadan barrena zabaltzen, Ilerga eta Oska inguruan, Ebrotik gertu.

Erromatarrak K.a. 178. urtean iritsi ziren Euskal Herrira, baina bi mende behar izan zituen Euskal Herria osoa menderatzeko. Erromatarren eragina ez zen Euskal Herriko herrialdeetan neurri berean eman. Izan ere, Nafarroako iparraldeak eta Arabak erromanizazioa gehien jasan zuten herrialdeak izan ziren. Bizkaian eta Gipuzkoan, oso txikia izan zen prozesua.

Erromatarren presentziak zenbait aldaketa eragin zituen Euskal Herrian; alde batetik, hirien finkapena eta bestalde, hizkuntz berri baten erabilera. Gertaera honen ondorioz euskararen presentzia ahuldu egin zen eta latina indarrean jarri zen.

Erromanizazio txikiko lurraldeetan, latina beharrezkoa zenean soilik erabiltzen zuten, batik bat komertzioan, elizan eta idatzietan ( honek gehienbat lexikoan izan zuen eragina: tipula, gela ...bezalako hitzak). Gainontzeko arloetan hizkuntza autoktonoa erabiltzen zutelarik.

Euskara eta latina denbora luze batean elkarrekin bizi izan zirenez, ukaezina da haien artean izandako eragina; lexiko aldetik ez ezik, gramatika eta morfosintaxiaren aldetik ere izan zuten.

·Lexikoan: latinak gure hizkuntzan utzi dituen aztarnak: pake (pacem), errege (regem),...
·Maileguak: erromantzeetatik mailegu ugari hartu zuen: luma (pluma), mutu (mutu), infernu (infernu),...
·Morfosintaxian: utzitako aztarnak euskararen estruktura gramatikalean
1. Latinak eta euskarak hondarkiak erabiltzen dituzte.
2. Genero marka ez du bereizten (baina ikan adibidez bai)
3. Erakusle berdinak erabiltzen dituzte.
4. Hizkuntz ergatiboek ez dute forma pasiborik eta euskarak berriz badu pasiboa ( euskarak duen pasibo forma latinetik dator)


Garai honetan, Iruña Veleian aurkitutako idazkunak aipatu beharko genituzke. Hauek benetakoak direla frogatuk balitz, hauek izango lirateke euskara idatzian agertutako lehen frogak. (Aurkikuntza hauek k.a. V.mendekoak dira).

Goiz erdi aroa, V.mendetik-XI.era, orokorrean, ekonomian eta gizartean, garai iluna deitzen zaio Europa osoan. Euskarari dagokionez, bi datu garrantzitsu aipatu behar dira:

  • Kristautasuna aro honetako lehen mendeetan hedatu zen Europan zehar. Eta euskararengan ere izan zuen eragina. Euskal Herria paganoa izanik, elizak latina erabili zuen bertako hizkuntza baztertzeko. Euskarari kalte handia egin zion eta baita oztopo ugari jarri ere.
  • Nafarroako Erresuma, X menderako osatua zegoen. Garai hartako baskoiak oso borrokalariak ziren eta Godo, Franko eta Musulmanen aurka borrokatu zuten. Honek, Nafarroako Erreinuaren finkapena eta zabaltzea ekarri zituen eta honekin batera Euskararena ere. Euskarak irabazi zuen eta erakundeetako mintzaira maila lortu zuen. Antso Erregeak adibidez, euskaraz hitz egiten zuen. Nafarroaren eta euskararen berrindartzea eman zen.

Garai hau, euskarak normalizatzeko izan duen unerik goiena izan dela esan daiteke. Dena den, ez ziren legeak arautu euskara ofizialdu eta normalizatzeko. Latinak ordurako arauak eta goi mailako legediak bazituen eta horiek erabiltzea errazagoa zen. Hala ere badago epaiketa baten aztarna non epaituak euskaraz prozesatua izan dadin eskatzen duen.

San Millan de la Cogollan, XI. Mendean bizi ziren fraideek latinez idatzitako testuak kopiatu eta argitaratzen zituzten. Bertan idatzita zegoena argia izan zedin, herritarrek uler zezaten, testuetan oharrak idazten zituzten, glosa izenekoak. 1049 urtean hauetako batean ezagutzen diren euskaraz idatzitako lehengo hitzak agertu dira (Guec ajutu ez dugu)


Berant erdi aroan, XI-tik XV-era, ezaugarririk garrantzitsuena Feudalismoa izango da. Euskal lurralde historikoak XII eta XV. mendeen artean eratu ziren, bere foru eta erakunde publikoekin.

Euskararen egoera eta bilakaerari dagokionez, latinak eta hizkuntza erromanikoek eragin handia izango dute garai honetan. Gizarte euskalduna jendez eta esparruz handitu zen, baina ez zuen erakundeetan eta bizitza ofizialean latinaren lekurik hartu. Elizak ere ez zio babesik eman euskarari eta eginkizun jaso eta ofizialetan latina erabiltzen zen. Batzuek euskararen idazkera zehaztu gabea ikusten dute arrazoia. Errazagoa omen zen araututako Latinean idaztea, euskara arautzea baino.

Antso Erregearen heriotzak Iruñeko Erresumaren gainbehera ekarri zuen eta horrekin batera euskaldun biztanleriaren batasun politikoaren hondamendia. Pixkanaka eguneroko komunikazio hizkuntza bezala baztertzen joan zen euskara, eta kristautasunak hizkuntza pagano bezala hartzeak ez zion batere mesederik egin.

XV. mendean inprenta asmatzean idazlanak milaka aleetan zabaltzeko aukera iritsi zen. Latinezko idazlanak segituan argitaratu ziren, baina euskarazko lehenengo liburuaren argitalpenerako mende oso bat itxaron behar izan zen. 1545. ean Bernat Etxepareren Linguae vasconum primitiae izan zen euskarazko lehenengo liburu inprimatua.

Bestalde, mende honetan, euskal gizarteko gatazkak bortitzak izan ziren eta borroka eta gerra haietan kantatu ziren euskal literatura herritarrean gero inprimatuko ziren amodiozko lehen kantak eta eresiak. Eresi hauetan kritika sozialak toki nabarmena izaten zuen. Mugimendu herritar euskaldun hauetan ibilitako asko, sorginak zirela esanaz, zigortu eta hil egin zituzten.

Garaiko handikiek eta klase sozial jasoek euskaraz hitz egiten zuten Bizkaian eta Gipuzkoan, batez ere. Hauek oihu politiko eta nahigabearen agerpide bezala laster euskaraz idazten hasi ziren. Euskarazko lehen liburuaren aurreko prosa zatirik luzeena, Mexikoko Artzapezpiku zen Joan Zumarragakok (1476- 1548) idatzi zuena da.

XVI.mendean, Euskal Herria feudal izatetik burges izatera pasatu zen. Nekazaritzaz aparte, arrantza, burdingintza eta ontzigintza indartu ziren eta hauei esker komertzioa hedatzen hasi zen Euskal Herriko herrialdeetan. Euskararen egoera orokorrean ona izan zen. Nahiz eta aginteetan ez hitz egin, herrian asko hitz egiten zen. Euskara, ez zen leku guztietan berdina izan.

Hegoaldean: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ez zen euskara lantzeko eta aberasteko ahalegin berezirik egin. Gaztelaniatik hartzen ziren hitz tekniko eta ez tekniko asko. Garai honetako ekarpen bakarra, Esteban Garibaik bildu zituen esaera zaharrak eta herri kantuak dira.
Nafarroan aldiz, euskara alde batera utzi eta latinetik erromantzera pasa zen: goiz erdaldundu zen Nafarroako eremu aberatsena eta aurreratuena, errazagoa baitzen latinetik erromantzera pasatzea, euskarara pasatzea baino. Dena den, gizarteko multzorik haziena euskalduna zen, baina eragin urria zuen aginte guneetan. Horregatik euskara ahozko jardunean erabiltzen zen baina nekez iristen zen idatziaren esparrua.

Iparraldean: 1539ko aginduaren eraginez, Frantziako hizkuntza ofizial bakarra frantsesa zen. Honela, agindu honek, Lapurdin eta Zuberoan eragina izan zuen. Baina, euskarak herriaren eta elizaren babesa jaso zuenez; euskararen egoera hobetu eta aukera berriak eman ziren. Nabarmentzekoa da, idazleek hizkuntza lantzeko eta edertzeko egin zuten ahalegina eta ahalik eta irakurle multzo zabalenera iristeko grina. Eurek egin zituzten euskaren batasunerako lehen urratsak.

Garai honetako idazle nagusienak: Joanes Leizarraga, Bernat Etxepare eta Joan Perez Larrazaga ditugu.

Joanes Leizarragaren ekarpen nagusiena: itzulpenak eta idazteko modu arkaikoa zen.Garai honetan, Leizarraga konturatuko da euskara batuaren beharraz. Bera izango da lehenengo erreferentzia bide horretan.

Bernart Etxeparerentzat, euskara kalera kanporatzea izango da garrantzitsuena, hitz teknikoak, arkaismoak baztertuz.
·Lehen liburu inprimatua: Linguae Vasconum Primitiae
·Euskarari kanpora, plazara dantzara agintzen dio eta euskaldunei euskara kalean erabiltzeko.

Joan Perez Lazarraga, hegoaldeko lehenengo idazlea izango da. Bere obran, Arabarreraz idazten du. Honek ziurtatzen du Araban bazela euskalki bat. Aipatu, historian zehar Araban eman den euskararen galera batik bat, beraiek gerrateko lehen frontea izan direlako izan dela eta guzti hori jasan behar izan dutela. Beraz, beraiei esker, euskarak bizirik dirau.


XVII. mendean,

a.) Hegoaldean, euskara lantzeko ez zen ahalegin handirik egin.

b.) Iparraldean berriz, mantendu ez ezik landu egin zen. Garai honetan, Donibane Lohitzunen garapen ekonomiko izugarria eman zen: honek kulturaren gorakadan eta Euskararen prestigioan eragina izan zuen. Nobleak, maila jasokoak ziren euskaraz irakurtzen eta idazten zutenak, beraz honek ere nolabaiteko prestigioa ematen zion hizkuntzari. Orduan sortuko da lapurtera klasikoa.
Euskarak herritarren babesa zuen, baita elizarena ere. Beraz, nahiz eta euskara Administrazioan ofiziala ez izan, bazuen gizartearen babesa, eta haren osasuna on samarra zen.
Garai honetan ere, euskaldun berrien lehen erreferentea ageri da. Frantziatik etorritakoak eta euskara ikasi ondoren, euskal idazle bilakatu zirenak.
Iparraldeko idazleetan, hizkuntza lantzeko eta edertzeko ahalegina, eta ahalik eta irakurle multzo zabalenera iristeko gogoa nabaria zen. Beraiek egin zituzten euskararen batasunerako lehen urratsak. Joanes Leizarragak, argi erakutsi zuen helburua eta helburura iristeko zailtasunak.

Bestalde, doktrina katolikoa eta morala zabaltzeko, konturatu ziren euskara herrikoiagoa izan behar zuela; beraz, hau aitzaki izanik, Sarako eskola sortu zen. Nahiz eta hasieran denak elizgizonak izan, gero kanpoko jendea sartu zen eta honela Euskal literatur mugimendu bat eman zen. Euskal kultura hedatzearen aldeko lehenengo idazle taldea izan zen. Idazle talde honek erabiltzen zuen euskara lapurtera zen, Leizarragak erabili zuen maila jasotik aldenduta. Nagusiki, prosa eta lirika jorratu zituzten.
Sarako eskolako idazleen artean ezagunena Axular da. Axularrek lapurteraz idatzi zuen (erraza eta herrikoia) eta bere obra nagusiena Guero dugu. Axularren ezaugarri berezia sinonimo eta antzeko hitzak elkarren ondoan pilatzeko joera da; batzuen ustez, euskalkien mugak gainditzeko egiten zuen, orokortasunean ulertzeko.


Europan, XVIII. mendea hazkuntza eta garapen ekonomikoaren mendea izateaz gain, arrazionalismoaren eta ilustrazioaren mendea izan zen inguruko guztia.
Aurreko mendean ez bezala, XVIII. mendean Hego Euskal Herriak Iparraldeari hartzen dio aurrea literatura lanketan. Ipar Euskal Herrian, berriz, beherakada emango da:
a.) Iparraldeanhankaz gora gelditu zen euskararen egoera. Frantsesak euskararen esparrua murriztu zuen. Euskararen gainbehera gertatu zen eta iraganeko kostaldeko hizkera indarrik gabe gelditu zen. Hala ere, 1789ko Iraultzarekin suspertze txiki bat gertatu zen. Berriro euskarazko liburuak argitaratzen hasi ziren, baina. bakoitzak bere euskalkian idazten zuen. Joanes Etxeberri ezagunena.

b.) Hegoaldean, Felipe V.ak Oin Berriko Dekretua (1714-1716) onartzean, egitura bateratzaile eta berdintzailea ezarri zuen Espainiako erresuma osoan. Horrela, baztertuta eta ofizialtasunik gabe gelditu ziren gaztelania ez beste hizkuntza guztiak. Bilbo, Gasteiz eta Iruñea guztiz erdaldundu ziren. Felipe V.ena hiltzean, Carlos III.ak ilustrazioko ideietan oinarrituta, kulturan berrikuntzak sustatu zituen; erretfabrikak, adiskideen elkarteak, kazetaritza sortu zen eta hezkuntza berrikuntza txikiak.
Euskal Herrian bertan bilatu zen aurrera egiteko indarra. Euskal ilustratu gehienak jatorriz nobleak eta burgesak ziren, aipagarriena Frantzisko Xabier Munibe Idiakez, Peñafloridako kondea. 1764an Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zuen. Honen babesean, Bergarako Errege Mintegia sortuko da. Elhuyar anaiak bertan aritu ziren eta teknikari espezializatuak trebatzeko, "Real Seminario Patriótico Bascongado" burdinoletarako baliagarriak ziren jakintza-arloak -adibidez metalurgia- landu eta irakatsi zituzten.
Garai hartakoeuskal idazleen artean, gramatika eta hiztegiaren alorrean, Larramendik (iberismoaren alde) lan handia egin zuen. Honek bere garaikideen euskararekiko jarrera aldarazi zuen. Larramendik gaztelaniaz eman zituen bere idazlanak, bere helburua irakurle erdaldunei euskararen aldarrikapena eta gorespena aditzera ematea baitzen. Bere bultzada ideologikoarekin, Hegoaldean euskarazko idazle asko agertu ziren, euskal literaturaren pizkunde bat gertatuz.
Larramendik ez zuen euskaraz gauza handirik idatzi baina, elizgizonak euren predikuak eta liburuak euskaraz idaztera animatzen zituen. Ondorioz, kleroaren eta herri xehearen artean erlijio gaietan elkar ulertze bat sortu zen, euskara zen batzuen eta besteen arteko lokarri.
Euskalki guztiak erabiltzearen aldekoa zen, bakoitzak bereari lehentasuna emanez. Dena dela, lexikoan eta ortografian ezinbestekotzat hartzen zuen batasunaren beharra.
Gramatika eta Hiztegia dira bere lanik garrantzitsuenak (El imposible vencido, eta Diccionario trilingüe).
Bestalde, Kardaberazek Larramendiren ideiak bultzatu zituen, gipuzkoarra izanda ere, bizkaitarrez idatzi zuen. Berak sortu zuen sermoiak euskaraz egitea.
Kardaberazek eta Larramendik Hego Euskal Herrian zabaldutako ortografia ereduak mende oso batez iraun zuten. Bere lanik aipagarriena, Euskararen Berri Onac izan zen. BertanLarramendiren ideiak azpimarratzeaz gain, elizgizonek euskara jende aurrean eta modu jasoan nola erabili behar zuten azaltzen du.

XIX. mendeko lehen erdian, lehen gerra karlista (1833-1840) bizi izan zen. Garai honetan, euskalkien aldeko jarrera itxi eta lehiakorra nabarmendu zen. Jada, XVIII. mende bukaeran, norberak zuen euskalkiari garrantzi gehiago ematen zitzaion. Beraz, mende honetan bi alde bereizten dira, Markinakoak eta Mendebaldekoak. Euskara batuaren ikuspegia galtzen da eta bakoitza bere zilborrari begira hasten da.

1.Mendebaldekoen arten Añibarro egongo litzateke, euskalki asko ezagutzen eta hitz egiten zituena. Bere idatzietan Arratiako (Bizkaiera) euskaran idazten zuen, izan ere, bere ustez euskaldun guztientzako ulerterraza zen euskara erabili behar zen.

2.Markinakoen artean, berriz, Mogel aurkitzen da. Honek, bere hiriko hizkuntzan idaztea zela egokiena uste zuen, nahiz eta euskaldun guztientzat ulerterraza ez izan.

Euskalkien lehiakortasun hau garai honetan piztuko da eta 1968an Arantzazuko Euskaltzaindiaren bileran oraindik lehiakortasun hori nabaria izango da.

Garai honetako idazleen artean Iparragirrek olerkigintza landu zuen (Guernicaco Arbola) eta AGustin Xahok, euskara, frantsesa , gaztelania eta latina jasotzen zituen hiztegia osatu zuen.
XIX.mendeko bertsolaritzari dagokionez, aurrerapen handia eman zen Xenpelar, Bilintx (amodiozko poesia landu zuen) eta Iparragirreren eskutik.

XIX.mendeko bigarren erdian, Ley paccionadarekin Nafarroa eta Estatuaren arteko hitzarmena ematen da eta horrela gaur egun Nafarroan eta EAE-n dagoen instituzioen estruktura eratzen hasiko da.Ondoren, foruak desegin zituen legea onartu zuten Espainiako gorteek eta kontzertu ekonomikoak adostuko dituzte; probintziek zergen bidez bildutako diruaren portzentai bat urteko Estatuari eman beharko diote.
Garai hau oso garrantzitsua izan zen euskara eta politikaren aldetik; erromantizismoa, liberalismoa eta abertzaletasun ideiek bultzada handia izango dute gizartean. Euskal Herrian industrializazioak (emigrazioak) eta krisi politikoak (foruak galdu) abertzaletasun sentimendua sendotu zuen eta honen adierazlerik nabariena Sabino Arana izango da. Honek euskarari eman zion ekarpena garbizalekeriaren ideia eta euskalkien defentsa izango dira.
Erromantizismoa garaiko beste idazle garrantzitsuak Bonaparte ( euskalkien sailkapenak) eta Antonie D´abadie (lore jokoak ).

1918an Euskaltzaindia sortuko da hiru helburu hauekin: literatura sortzea, euskara arautzea eta euskara babestea. Azkue izango da lehen lehendakaria eta euskalgintzaren bultzatzaile sutsua, euskara batuaren alde lan egin zuen.

Garai honetan euskal astekari eta aldizkari berriak argitaratuko dira, adibidez kresala eta garoa. Urkijok, euskal ikaskuntzen barruan zehaztasun zientifikoa bultzatzeko aldizkaria sortu zuen. Beste euskal idazleak; Lizardik, poeta izanagatik hiztegi oso aberatsa zuen. Lauaxeta, poesia idatzi zuen baina ez zen oso ulerterraza, idazkera garbizalea zuen. Orixe, idazkera ulergarria zuen eta euskal poesiaren inguruan idatzi zuen. Bera izan zen euskal letrek izan zuten lehen liberatu profesionala.

1930-1970 arte
Hegoaldean, 1931ean bigarren errepublika hedatuko da Espainian eta Lizarrako estatutua onartzen da. Honen arabera 4 probintziak estatu Espainolaren barneko estatu autonomo gisa antolatuko ziren eta Euskara hizkuntza ofiziala izango zen gaztelaniarekin batera. Ikastolen mugimendua orain hasiko da. Guzti hau bertan behera geratuko da 1936ko gerrate zibilarekin. Honen ondoren frankismoa ezarriko da eta Euskal Herriarentzat garai gogorrak etorriko dira. Gaztelania izango hizkuntza ofiziala bakarra eta Euskara eta berarekin erlazioa zuen edozer debekatuko da.
60. hamarkadan, Europan hasitako mugimenduak jarraituz Euskal Herrian ere abertzaletasun eta independentzia sentimenduak loratuko dira, eta E.T.A. sortuko da. Pixkanaka euskaldunak lotsa galdu eta hitz egiten eta idazten hasiko dira berriro. Horrela, herri mugimenduak, irratiak, aldizkariak (jakin eta egan), abeslariak (ez dok amairu), margolari eta eskultoreak (gaur), bertsolariak eta ikastolak berpiztuko dira. Garai horretan hasi ziren lehen gau eskolak eta euskaltegiak.
Garai honetako idazleak;
-Gabriel Aresti: Maldan behera poesia, batasunaren alde lan egin zuen, itzultzaile bikaina.
-Txillardegi: Euskal literatura berritu duten idazle nagusienetakoa, batasunaren alde erdiguneko euskalkia defendatzen zuena. Aldizkari askotan kolaboratzaile izan dena.
-Mitxelena: euskara batuaren ardura bere esku egon zen. Erdiguneko euskara aldarrikatuz, bere txostenak garrantzi handia izan zuen 1968an Euskaltzaindiak Arantzazun egin zen bileran.
-Etxaide: itzulpen lanak egin zituen, hainbat aldizkaritan idatzi zuen.
-Azkue: berak lortu zuen 1951an Euskaltzaindia berriro batzeko baimena.

Iparraldean, Euskal literatura isilpean egon zen eta literatura herrikoia egin zen. Olerkigintzak izan zuen garrantzi handia, Aitzol eta Iratzeder izango dira aipagarrienak.
Erbestean, idazle jeltzaleek Ameriketan Ekin argitaletxea sortu zuten. Jokin Zaitegik, Euzko Gogoa aldizkaria sortu zuen Guatemalan. Andima Ibiñagabeitiak, euskara irudi bidez ikasteko metodoa garatu zuen eta irrintzi aldizkaria argitaratu zuen eta Plazido Mujikak, Diccionario Castellano-Vasco sortu zuen.

Garai honetan antzerkiak garrantzi handia izango du eta Telesforo Monzon eta Piarres Lartzabal izango dira honen adierazle.
70. hamarkadatik aurrera,
1978an Espainiako konstituzioak EAEko estatua eta Nafarroako amejoramentua ( amejoramiento del fuero) ekarri zuen. Gizarte mailan ekonomian krisialdia nabaria zen eta teknologia berrietarako bilakaera ematen ari zen.
1980an EAEn lehenengo hauteskundeak ospatu ziren; EAJtak irabaziko du, Carlos Garaikoetxea izango da lehenengo lehendakaria eta abertzaletasunak bultzada handia jasango du.
1982an Euskararen normalkuntzarako legea onartzen da eta honekin EAE-n euskaraz ikastea legez baieztatua geratuko da. Honen ondorioz, euskal hiztunen gorakada gertatuko da. Nafarroan aldiz, egoera oso desberdina da eta Iparraldean, hizkuntza bakarra frantsesa da.
1990-2000 hamarkadan, aldaketa sozial eta ekonomiko handiak emango dira; bai Europa mailan eta baita EAE-n eta Estatu mailan.

Euskararen egoerari dagokionez, ikastolek bultzada handia izango dute, EHU EAEn bakarrik, hizkuntz eskubideen behatokia, HABE eta AEK sortuko dira. Komunikabideei dagokionez, ETB1, egunkaria, Euskadi Irratia eta tokian tokiko irratiak. Bertso eskolen zabalkundea emango da.
Idazleak:
- Koldo Mitxelena: aurretik esandako guztiaz gain, EHUren sorrera izan zuen garrantzia azpimarratu behar da eta gainera argitaratzen ikusi ahal izango ez zuen Euskal Hiztegia lanean jardun zuen (Ibon Sarasolak bukatu zuen bere lana).
- Luis Villasante, Saizarbitoria, Izagirre, Sarrionandia, Arantxa Urretabizkaia, Atxaga, Angel Lertxundi.


ONDORIOAK

Gaur egun, euskarari dagokionez erabileran dago gakoa. Etorkizuna gure ahoetan dago, transmisioan. Historia guztian zehar euskarak iraun du herri mailan hitz egiteari ez zaiolako utzi eta orain berriz, euskara arautu ondoren herri mailan freskotasunaren bila erdaratara jotzen da.


Euskararen iraupenaren arrazoiak
1Euskararen estrukturaren bestelakotasuna.
2Hiru mila urte inguru hizkuntza indoeuroparrek hizkuntzen erasoari ekin zioten eta eraso horri gogor eutsi zion euskarak eta ez zen desagertu.
3.Bi mila urte inguru euskarak latinaren presentziaren aurka borrokatu behar izan zuen. Euskara latinari aurre egin zion hizkuntza ia bakarra izan zen.
4.Erromatarren inperioaren desagerpenak zerikusi handia du. Euskarari bizirik irauteko aukera ezin hobea eman zion.
5.Latinak ez zuen ahalmen handia izan euskal herriko herri guztietan. Iruñean euskara babestu egin zen eta latinak ez zuen euskara baztertu.
6.Beste batzuk diote Kristautasuna berandu iristeak ere eragina izan zuela euskararen mantetzean.

Entradas relacionadas: