Euskalgintza eta Euskal Literatura Modernoa (XIX-XX. mendeak)

Enviado por Chuletator online y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,17 KB

Euskalgintzaren eta Euskal Literaturaren Historia

1. Euskalgintzaren bultzatzaileak XIX. mendean

XIX. mendearen azken urteetan bi gertaerek bideratu zituzten euskararen aldeko hainbat mugimendu eta ahalegin: foruen galerak eta industria iraultzak zekarren egoera soziopolitiko berriak. Ez da ahaztu behar, bestalde, estaturik gabeko herrien nazionalismoak Europa osoan hartzen ari zen indarra.

2. Euskal literaturaren hutsuneak

Garai hartako euskal gizarteak gabezia eta hutsune larriak zituen literatura moderno eta indartsua mamitzeko. Kulturan eta hezkuntzan azpiegitura egokiak falta zitzaizkion:

  • Hizkuntza batu eta normalizatua.
  • Euskarazko eskola sistema.
  • Unibertsitate publiko euskalduna.

(Horiek guztiak gauzatzeko baliabide politiko eta ekonomiko eza zegoen).

3. Jose Manterolaren ekarpena Lore Jokoetan

Hasieran Lore Jokoetara bertsoak bakarrik aurkezten ziren, baina 1890etik aurrera Jose Manterolak eta beste zenbait euskaltzalek Donostian eta beste toki batzuetan hainbat ekintza eratu zituzten. Haietara, bertsoak ez ezik, ipuinak, saiakera laburrak eta antzerkitxoak ere bidal zitezkeen. Beraz, urteroko ospakizun haiek idazleak euskaraz trebatzeko eskola apal baina eraginkorrak izan ziren.

4. Lore Jokoak: Jatorria eta idazle sarituak

Antoine d'Abbadie zientzialari eta mezenasak eratu zituen Lore Jokoak 1853an Lapurdiko Urruñan, euskal jai gisa. Beste jolas eta joko batzuen artean bertso sorta onenentzat saria jarri zuen. Urtero ospatzen ziren, eta bertan, Iparraldeko bertsogile ezagunenek parte hartzen zuten. Beranduago Hegoaldera zabaldu zen.

Lehiaketan saritutako lanik onenak Donostiako EUSKAL-ERRIA aldizkarian argitaratzen zituzten. Hainbat idazle eman ziren ezagutzera, hala nola:

  • Elizanburu
  • “Zalduby”
  • Arrese Beitia

5. Felipe Arrese Beitia: "Neguko gau izugarri bat"

“Neguko gau izugarri bat” testuaren idazlea Felipe Arrese Beitia da (1841-1909). Hegoaldeko Lore Jokoei bultzada eman zien eta denetan hartu zuen parte. Poema hau Ama Euskara liburutik hartuta dago, eta honekin, hain zuzen ere, irabazi zituen Lore Jokoak.

Euskararen gaitza odolean zeraman eta bertso sentikor asko eskaini zizkion; horietakoa da aztergai dugun ahapaldia. Poema honetan, gauak mendian harrapatzen du idazlea eta ilunpe hura Euskal Herriaren egoera latzarekin parekatzen du: eskubideak eta legea galduta, ia galdurik hizkuntza. Horregatik, idazleak jarrera ezkorra adierazten du euskal abertzaletasuna galtzear delako. Bestalde, itxaropena ere ageri du ahapaldi konkretuetan.

Ahapaldian, eta poeman orokorrean, herriko jendearen euskara erraza, mendebaldekoa, darabil.

6. Eusko Ikaskuntzaren sorrera eta helburuak

Eusko Ikaskuntza pentsaera ezberdineko hainbat euskaltzalek sortu zuten Oñatin 1918an, Hego Euskal Herriko lau diputazioen babespean. Euskal munduari dagozkion gaiak ikertzea zeukan helburu nagusitzat. Elkarte honen kezketariko bat irakaskuntza zenez, denbora laburrean ahalegin handiak egin zituen arlo horretan:

  • Ikastoletarako ikasliburuak egin.
  • Euskal gaiei buruzko Udako Ikastaroak eratu.
  • Euskal Unibertsitaterako aurreproiektua taxutu.

7. Euskaltzaindiaren sorrera eta lehen burua

Eusko Ikaskuntzaren Oñatiko biltzarrean (1918) Euskararen Akademia bat eratzea erabaki zen, Hegoaldeko lau diputazioen laguntzarekin. Hurrengo urtean onartu ziren eratu berria zen erakundearen estatutuak, eta Euskaltzaindia izena ezarri zitzaion.

Lehen euskaltzainburua Resurrección Mª Azkue abade lekeitiarra izan zen. Gaur egungoa, aldiz, Andres Urrutia da.

8. Euskaltzaindiaren xede nagusiak: Batasuna eta Sailak

Sorreratik Euskaltzaindiaren xederik garrantzitsuenetako bat euskararen batasuna izan zen. Alabaina, gerra aurreko zenbait euskaltzainen iritzi garbizaleek ez zuten hartarako biderik errazten. Horregatik, 1968an heldu zion ofizialki Akademiak batasunaren auziari.

Euskaltzaindiak bi lan arlo nagusi izan ditu hastapenetik, Iker eta Jagon sailak, alegia:

  • Iker Saila: Hizkuntzaren azterketari begiratzen dio batez ere.
  • Jagon Saila: Hizkuntza zaintzea eta zabaltzea du helburu.

9. Resurrección M. Azkue: "Maripa ta Katalin"

Resurrección Maria Azkue da “Maripa ta Katalin” obraren egilea. Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat da, eta bere lanen artean nabarmentzekoa da, adibidez, Diccionario Vasco-Español-Francés. Hala ere, literatura ere landu zuen, eta “Maripa ta Katalin” lana Bein da betiko hau obraren parte da.

Abade lekeitiar hau lehen euskaltzainburua izan zen eta euskara batuaren alde egin zuen.

Obra honetan, kanpotar gazte batekin maitemindutako neska gazte baten eta herriko emakume baten arteko elkarrizketa kontatzen da. Euskarak ez du aparteko zailtasunik eta ortografia ez da gaurkoa.

10. Euskaltzaleak elkartea eta Lizardi

Arrasaten I. Euskararen Eguna ospatu zen. Ospakizun horretara garai hartako euskal idazle eta kulturgilerik gehienak joan ziren, eta euskararen aldeko talde berri bat sortzeko biltzarra egin zuten. Honela jaio zen Euskaltzaleak elkartea.

Euskara hutsezko egunkaria plazaratzea izan zen “Euskaltzaleak” erakundeko bazkide porrokatuenetako baten ametsa: Jose Mª Agirre “Lizardi”.

11. Olerkariak: Euskal poesiaren eraberritzea

1935 eta 1936 urteetan antolatu ziren Olerti Egunen bitartez euskarazko poesiari bidea ireki zitzaion. Bertara aurkeztu ziren poetek hartu zuten Olerkariak izena. Hauek sakon eraberritu zuten euskal poesia, azalez eta mamiz.

12. Jose Ariztimuño “Aitzol”: Euskalgintzako eragilea

Garai hartako ekimen gehienetan ageri den eragile nekaezin bat izan zen “Aitzol”. Berari zor zaizkio:

  • 1935-36 urteetan Donostian izandako Euskal Herriko lehenengo eta bigarren Bertsolari Txapelketak.
  • Olerti Egunen bitartez euskarazko poesiari eman zitzaion norabide berria.

Entradas relacionadas: