Euskal Nobelagintzaren Bilakaera (1955-1969)
Enviado por Chuletator online y clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,07 KB
Iparraldean, ipuinak eta narrazio laburrak mamitzen dira, baina hats handiko nobelarik ez, Jon Miranderen Haur besoetakoa salbu. Hegoaldean, argitaratzeko debekuak kendu bezain laster, kopuru aldetik produkzio itxurosoa egon zela esan daiteke. Beste arazo batzuek, ordea, lehenetan zirauten: gobernuaren zentsurak indartsu jarraitzen zuen eta hizkuntzaren beraren egoera oso larria zen. Oraindik, munduko korronte literarioak ezagutzeko samurtasunik ez zegoen eta euskal liburugintzak azpiegitura zeharo amateurra zeukan.
Jon Etxaide: Idazgai historikoak
Jon Etxaide dugu maisu. Oso gogokoak ditu idazgai historikoak: Erdi Arokoak askotan, baina baita Aro Moderno eta Garaikidekoak ere. Bi lan mardulekin irabazi zuen ondo merezitako ospea:
- Joanak joan (1955): Piarres Topet Etxahun koblakariaren biografia nobelatua da.
- Gorrotoa lege (1964): Ahaide Nagusien arteko gatazka amaigabeei buruz dihardu.
Bere belaunaldiari bizitzea egokitu zaion "desgiro" horretan, euskal giroa gauzatzea du helburu.
Txillardegi eta eraberrikuntza
Txillardegik egin du gerraostean lehen agerraldia. 1957an hasten da eraberrikuntza. Ohitura-eleberriarekin haustura dator eta, horrela, euskal eleberri moderno deritzona hasiko da. Gerraosteko literaturan berebiziko eragina duen korronte filosofikoa dugu existentzialismoa. Sartre izan genuen lehena bere burua existentzialistatzat hartzen: gizakiak ezin du gainditu bere ikuspegi subjektiboa, hautatu beharrak larritasuna sortzen dio, eta bakardadea sentitzen du aukeratu behar horretan.
Lanak:
- Leturiaren egunkari ezkutua (1957): Nobela intelektuala, kontalaria lehen pertsonan, pertsonaia gatazkatsuak, giro hiritarra…
- Peru Leartzakoa (1960): Existentzialismoa budismoarekin kateatua agertuko zaigu. Hemen kezka denboraren igarotzeak dakar.
- Elsa Scheelen (1969): Nobelaren espazioa erabat urbanoa da; lehen bi nobeletan ez bezala, hirugarren pertsonan idatzia dago. Garaiko eztabaiden eta gizartearen zalaparta eta egonezinen ispilu da.
Gabriel Aresti: Gizarte kritika
Gabriel Aresti bizkaitarrak, Mundu-munduan (1965) lanean, 1960 inguruko industrializazio basatia dela bide, Bilbo aldean sortzen diren txabola-auzoetako miseria gorria sufritu behar dutenen bizimodua erakusten digu. Gizartea kritikatzea du helburu Arestik. Bestalde, poesia soziala ere landu zuen (Harri eta Herri; Harrizko herri hau).
Jon Mirande: Haur besoetakoa
Jon Mirande Parisen jaio zen zuberotarra dugu. Ezer baino lehen esan beharra dago Mirande poeta dugula, nahiz eta bere nobela bakarra oso aipagarria izan: Haur besoetakoa (1970). Pertsona heldu batek hamaika urteko neska batekin dituen harremanak ditu kontagai nobelak. Pertsonaia heldu horren haur besoetakoa da Theresa. Nobelaren paganismo eta estetizismo kutsuagatik izan zen famatua.