Euskal Nobelagintzaren Bilakaera (1955-1969)
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,98 KB
Nobelagintzaren Bilakaera (1955-1969)
1936ra arteko euskal nobelagintza ez zen oso aberatsa izan, Txomin Agirre eta beste batzuen salbuespenaz. Garai hartan nagusi zen purismo lexikalak euskal literaturan esparru berri bat sortu zuen. Irazusta eta Eizagirrek Ameriketan idatzitako eleberrietan idazmolde erraz eta herrikoiagoak erabili zirela ikusi da. Atzerrian inprimatutako zenbait liburuk zabalkunderako oztopo handiak zituzten garaiko agintariek ezarriak. Iparraldean, ipuinak eta narrazio laburrak idatzi ziren, baina ez nobela luzerik. Hegoaldean, argitaratzeko debekuak kendu bezain laster, produkzio oparoa egon zen. Hala ere, gobernuaren zentsurak indarrean jarraitzen zuen, hizkuntzaren egoera oso larria zen oraindik, munduko korronte literarioak ezagutzeko aukerarik ez zegoen eta euskal liburugintzak azpiegitura amateurrak zituen.
Eleberri Historikoa
Txomin Agirre ere saiatu zen eleberri historikoak euskaraz idazten. 1950 aldera, gai historikoei heltzeko beste arrazoi batzuk ere bazeuden: ez zegoen egoera politikoaz garbi hitz egiterik, eta are gutxiago kritikatzerik; gerra zibila oraindik tabu zen, galtzaileentzat behintzat. Horregatik, erreferentzia historikoetara jotzea aterabide bat izan zitekeen, garbi azaldu ezin zena itzulinguruka adierazteko. Yon Etxaide dugu maisu. Bi lanekin irabazi zuen ondo merezitako ospea: Joanak-joan (1955) eta Gorrotoa lege (1964) eleberriekin. Lehena Pierre Topet “Etxahun” koblakariaren biografia nobelatua da; beraz, XVIII-XIX. mendeetan eta Zuberoan kokatua. Bigarrenak, aldiz, Ahaide Nagisien arteko gatazkei buruz dihardu; XIV-XV. mendeetan Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian oinaztar eta ganboarren arteko borrokak ditu ardatz. Etxaideren helburu nagusia herrigintza da. Euskal giroa gauzatu nahi du. Euskal Herri osoko lurraldeak, paisaiak, kantak, elezaharrak, idazleak eta pertsonaiak erakusten ditu bere lanetan. Hizkuntza mailan aparteko arreta jartzen du. Baturik ez zegoen garaian, gipuzkera osotuan idatzi zituen bere lanak, euskara jaso eta joria erabiliz; gero, hizkuntza estandarra finkatu zenean, bere obraren zati handi bat berridatzi egin zuen.
Euskarazko Lehen Polizia Nobelak
1947tik aurrera, Estatu Batuetan, McCarthy senadoreak idazle, gidoigile eta zinema zuzendari ezkertiarren aurkako kanpaina gogorra bideratu zuen. Sorgin-ehiza bezala ezagutzen den jazarpenak Hollywoodeko zinema industria astindu zuen. Ondorioetako bat zera izan zen: zinegileek ezin zituzten gaiak ordura arte bezain libre tratatu. Filme beltzak, poliziakoak eta antzekoak egitera behartuta zeuden. Euskal Herriko egoera politikoa ez zen berdina, tamalez, askoz okerragoa zen. Baina, beharbada ez da kasualitatea euskarazko lehen eleberri poliziakoa urte hauetan argitaratzea. Jose Antonio Loidik (1916) argitaratu zuen 1955ean Amabost egun Urgain'en. Kostaldeko herri batean gertaturiko heriotz susmagarri baten miaketa da. Hizkera garbi eta jatorrean, euskaraz landu gabeko alor bati ekin zion, eta irakurleek gustura hartu zuten. Mariano Izetaren (1915) Dirua galgarri (1962) eta Txomin Peillenen (1932) Gauaz ibiltzen dana (1967) eleberriek jarraitu zuten ildo honetatik, eta geroago Xabier Gereñok (1928) eta Gotzon Garatek (1934) indar berria emango zioten.
Eleberri existentzialista
Txillardegik Leturiaren egunkari ezkutua (1957) argitaratu zuenean, euskal nobelagintzak aro berri bati ekiten zion zirudien. Gaia, giroa, kokapena ezohikoak ziren, eta askok ez zuten begi onez ikusi liburuaren heterodoxia erlijiosoa. Badu eleberri honek Unamunoren ukitua, baita Europako idazle existentzialisten kutsua ere. Kokapena ez da guztiz hiritarra, baina baserrietatik eta herri txikietatik aldentzen da. Lehen pertsonan idatzia dago, eta pertsonaien gogoeta filosofikoek taxu berezia ematen diote. Bigarren nobelan, Peru Leartza'ko (1960), eguneroko bizimodu aspergarriak eta denboraren ihesak kezkatzen dute pertsonaia. Leturia eta Leartza arazoak zituzten gizonak ziren, amaiera txarra izango dutenak. Bi liburuen alderdirik ahulena hizkuntza da. Txillardegik euskara hobetu eta aberastu zuen Elsa Scheelen (1969) bere hirugarren eleberriarekin. Euskal Herritik urrun, emakume belgikar baten arazo pertsonalak eta gorabehera sentimentalak azaltzen ditu.
Nobelagintza tradizionalagoa
Ohiko bideetatik zebiltzan idazleak ere bazeuden. Eusebio Erkiaga (1912-1993) dugu horietako bat. Gerra aurretik olerkigintzan aritu zen, baina gerora prosagile oparoa izan zen: Arranegi (1958), Araibar zalduna (1962) eta Batetik bestera (1962) argitaratu zituen. Jaioterria du askotan gai, hizkera dotore eta jorian. Bilbo agertzen da bigarren lanean, baina galbide gisa, herriarekin kontrastean. Denbora luze baten ondoren, Jaioko dira (1964) eta Txurio txuria (1986) idatzi zituen. Gerrako gaiak gutxitan argitaratu ziren Hegoaldean, Franco bizirik zegoen bitartean. Sebastian Salaberria (1915) izan zen gatazka hura nobela batean kontatzen ausartu zen lehena. Neronek tirako nizkin (1964) liburuak, azterketa politikorik gabe, gerraren izugarrikeria erakusten du.
Mirande eta Arestiren eleberriak
Poesiari eskainitako atalean gehiago hitz egingo dugu bi autore hauetaz. Prosan idatzi zutenari buruzko aipamen bat: aldizkarietan argitaratu zituen Gabriel Arestik (1933-1975) bere ipuinak eta nobela bat. Liburuetan, egilea hil eta gero argitaratu ziren. Idazlearen eleberri bakarra Mundu-munduan (1964) da, antzerkirako moldatua izan zena lehenbizi. 1960 inguruko industrializazio basatiaren ondorioz, Bilboko txabola auzoetako pobrezia agertzen du. Jon Miranderen (1925-1972) prosa lanak ere ez ziren berandu arte argitaratu. Bizirik zegoenean, Haur besoetako (1970) eleberria soilik argitaratu zioten. Hamaika urte lehenago idatzia zuen gizon heldu baten eta neskato baten arteko maitasun harremanak kontatzen dituen liburua. Gai debekatua zen orduan. Ondorengo hamarkadetan sarritan argitaratu da.