Euskal Lore Jokoak eta Olerkigintza Berria

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,37 KB

Lore Jokoak (1851-1879)

Anton Abadia eta Euskal Kultura

Anton Abadia zuberotar mezenas handiaren eraginez, XIX. mendearen bigarren erdian euskal ohiturak eta kultura bultzatzeko antolatu ziren jaialdietan, olerkariek ere beren lanak aurkezteko aukera izan zuten. Garai hartan euskal kulturaren inguruan zebiltzan pertsonaia gehienek euskal kulturari eta Euskal Herriari etorkizuneko bideak irekitzeko ahaleginetan ziharduten. Abadiarekin batera edo inguruan ibili ziren Agustin Xaho, Duvoisin, Intxauspe, Bonaparte printzea eta Arturo Campion.

Lore Jokoen Hedapena

XIX. mendearen bigarren zati ia osoan antolatu ziren Lore Jokoak. Mendearen azken aldera Hegoaldean ere ospatu ziren, Euskal Herriak foruen deuseztapena pairatu ondoren.

Erromantizismoaren Eragina

Erromantizismoak eragin handia izan zuen urte horietako bilakaeran, euskarari lagunduz. Etnia txiki eta baztertuetako folkloreak eta hizkuntzek arreta berezia lortu zuten. Abesti, erromantze eta doinuen bildumak osatzen ari ziren F. Michel, Salaberri, Vinson, Manterola... Giro horretan ospatu ziren, bada, Lore Jokoak, eta olerkigintzan sarituen artean, Elizanburu, Larralde, Adema, Arrese Beitia eta beste batzuk izan ziren.

Joan Batista Elizanburu (1828-1891)

Bizitza

Saran sortu eta Larresoroko seminarioan ikasi zuen. Han zaletu zen literaturara eta euskarara. Gero militar-karrerari heldu zion eta kapitain gradua lortu zuen Napoleon III.aren armadan. 1870ean sorterrira erretiratu zen eta euskal langintzan aritu zen.

Obra

Poema asko musikarekin batera iritsi zaizkigu, adibidez: Urrundik, Ikusten duzu goizean, Iragan festa biharamonian, Solferinoko itsua, Maria. Lore Jokoetan sariak lortu zituen. Prosaz Piarres Adame nobela laburra idatzi zuen.

Iritzi Kritikoa

Elizanbururen lana zaindua eta landua da. Hiztegia eta egiturak apainak eta ongi aukeratuak ditu. Frantses literaturaren eragina nabaria da eta amodioa, etxea, Euskal Herria, natura eta bizimodu lasaiaren gorazarrea dira gai nagusiak.

Felipe Arrese Beitia (1841-1906)

Bizitza

“Otxandioko santugiñe” deitzen zioten, otxandiarra baitzen eta eskultorea ogibidez. Gasteizen marrazketa ikasi ondoren, egurrean eta harrian lan egin zuen jaioterrian.

Obra

1879an Nafarroako Euskara Elkarteak eta A. Abadiak Elizondon antolatu zituzten Lore Jokoetan, Arresek lehen saria irabazi zuen Ama euskerari azken agurrak bertso sailarekin. Arrakasta handia izan zuen eta beste olerki batzuekin batera, 1900. urtean Ama euskeriaren liburu kantaria izenarekin argitaratu zen.

Iritzi Kritikoa

Oso goraipatua izan zen, bere olerkiak sentituak eta berezko isuriz sortuak zirelako. Arrese Beitiaren lana foruen galerak sortutako minak eta egonezinak markatua da. Euskal Herria, ama-euskara, euskal ohiturak eta Lege Zaharra dira gai nagusiak, erlijiozko isuri handiz. Elokuentziarako joera handiagoa du poesiarako baino.

Arreseren poesia erraza, aberatsa, gozoa eta durundi meheduna da. Hark bezain bigun eta sentikor ez ditu inork Euskal Herria eta euskara kantatu. Gaurko irakurlearentzat, hala ere, olerki batzuk negarretan bustiegiak dira. Bertso moldea bertsolariek erabiltzen dutena da.

Olerkigintza Berria


2. “OLERKARIAK”
Garai hartako kezkak, euskalgintza eta euskal literatura ziren bereziki.
Erromantizismoaren ezaugarrietako bat herri eta hizkuntza txikietako historia eta gaitasun bereziak azpimarratzea da. Horixe da XIX. Mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran Euskal Herrian sumatzen dena ere: herriari eta hizkuntzari bizi-iraupena emateko borondate indartsua. Garai horretan sortutakoak dira Euzko Ikaskuntza, Euskaltzaindia, Euskaltzaleak, etab. Abertzaleen bultzada erabakigarria izan zen lan horretan.


2.1. AITZOL (1896¬-1936)
Bizitza. Lan handia egin eta eragin zuen, baina, gerrak zapuztu zituen haren asmoak eta bizitza, Franco jeneralaren aldeko faxistek fusilatuta hil baitzen.
Obra. 1927an Arrasaten Euskaltzaleak elkartea sortu zuten eta bera izendatu zuten elkartearen buru. Berehala ekin zion lanari literaturaren arlo askotan, idazleak kitzikatuz eta, kritika zorrotzaren bidez, kalitate hobea bilatuz. Literaturan lan berriak ezagutarazteko ekitaldi jendetsuak antolatu zituen: Olerti Egunak, Antzerti Egunak, Bertso Egunak…
1930etik 1936ra, Olerki egunetan aurkezturiko zenbait lan urtero argitaratu zituen Euzko olerkiak izenpean.
1933an, Yakintza aldizkari kritikoa sortu zuen, literaturako arloetan sakondu eta eztabaidak bideratzeko tresna izan zedin.
Orixe, Lizardi, Lauaxeta eta Loramendi poetak Aitzolen hatsari esker izan ziren idazle.
Sinbolismo lirikotik, epikara, herritarrek errazago uler zezaketen olerkigintzara, bultzatu zituen olerkariak. Aitzolek kritikatu egin zituen olerkarien zenbait lan. Haren ustez, “herriaren abangoardia eta nazio-kontzientziarako faktore” izan behar zuten. Funtsezko oposizioa “gutxiengoaren lirika eta gehiengoarentzat idatzitako epikaren” artean gertatzen dena da. Herrian eragiteko eta itxura moderno eta nazionaleko kultura nahi bada, gizarte-egoera berriak dakartzan berdintasunei eta erro tradizional eta eskualdekoei erreparatu behar zaie. Horretarako kopla zaharretako eta erromantzeetako gai eta moldeetan aurki zitezkeen ereduetara itzuli beharra zegoen.
Herri-poesiak ahozko literaturaren tradiziora jotzen du.
2.2. JOSE MARIA AGIRRE XABIER LIZARDI (1896-1933)
Bizitza. Zarautzen sortua, Tolosan egin zituen erdi mailako ikasketak, eta Madrilen zuzenbidekoak. Tolosako enpresa bateko ardura-lanetan izan zuen ogibidea. Gaixotasun batek eraman zuen 1933an, 37 urterekin.
Obra.
- 1930-32 arteko olerkiak Biotz-begietan izeneko liburuan publikatu zituen.
- Umezurtz olerkiak (1934). Bera hil ondoren, Euskaltzaleak elkarteak argitaratu zituen.
- Urte berean eman zituzten argitara prosazko lanak ere, Itz lauz bilduman.
Olerkiak ez ezik, kazetari- eta antzerki-lanak ere idatzi zituen. Politikan ere jardun zuen.
Iritzi kritikoa. Lizardiren olerkia hain da pertsonala eta bere estetikan hezurmamitua, zaila da inoren eraginik antzematea. Batzuen ustez, ez du aurrekaririk. Beste zenbaitek, Frantziako sinbolisten eragina azpimarratzen dute: Baudelaire-k bezala korrespondentzien arteko bilakuntza egiten du, errealitatea sinboloen bidez sakonago ezagutu eta adierazi nahirik, eta Verlaine ere maisu izan zuela izan ohi da.
Lizardi euskal lirikoetan handienetakoa da:
- Hizkera poetiko berria sortzeko hizkuntzak dituen aukerak baliatzen ditu.
- Hizkuntzaren erabileran duen malgutasuna aipagarria da: hiperbatona, zangalatraua, paralelismoa.
- Hizkuntzaz baliatuz lortzen du musikaltasuna.
A. Valverdek, B. Lertxundik eta X. Letek Lizardiren olerki batzuk musikatu izanak jende askok olerkaria ezagutzea eta begiko izatea ekarri du.
Lizardiren olerkiak erromantizismoan ditu bere sustraiak. Lizardirekin euskarak mintzaira poetikoaren alfabeto berri bat lortu zuen: Lizardik bere-berea duen mitologia eratu zuen. Pertsonifikazioaz baliatuz, pertsonaren, herriaren eta naturaren harremanak bizitzaren, heriotzaren eta berpizkundearen ardatzean biltzen ditu.

Entradas relacionadas: