Euskal Literatura, Zinema eta Itzulpengintza
Enviado por Chuletator online y clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,6 KB
Literatura eta ikus-entzunezkoak
Ikus-entzunezko narrazioek (filmek, telesailek…) eta narrazio literarioek osagai berdintsuak dituzte: pertsonaiak, ekintzak, espazioa, denbora… Baina literaturan, hizkuntzaren bitartez erakusten zaizkigu elementu horiek; zineman, ordea, batez ere irudien bitartez. Horregatik, filmen edo telesailen gidoia hasiera-hasieratik irudi bidez emango dela kontuan hartuta sortu behar da.
Gidoi motak eta ezaugarriak
- Gidoi literarioa: Sekuentziatan eta eszenetan dago banatuta. Ekintzak eta pertsonaien arteko elkarrizketak jasotzen ditu; horrez gainera, ekintza bakoitza non eta noiz gertatzen den ere zehazten du.
- Gidoi teknikoa: Gidoi literarioari ohar teknikoak (planoa, argia, musika…) erantsiz egiten da. Gidoi literarioa gidoi tekniko bihurtzea zuzendariaren eta teknikarien lana izan ohi da, ez gidoilariena.
Sorkuntza motaren arabera:
- Gidoi originala: Gidoilariak hasiera-hasieratik asmatutakoa.
- Gidoi egokitua: Gidoilariak lehenagotik existitzen den testu bat egokituz sortutako gidoia. Eleberriak, antzerki-lanak, komikiak edo egunkariko berriak egokitu daitezke film bihurtzeko.
Euskal zinemaren sustapena
Kimuak: Egitasmo honek Euskadin ekoitzitako film laburrak bertan nahiz munduan zehar hedatu nahi ditu. Kimuaken web orrian duzu azken urteetako euskal film labur interesgarrienei buruzko informazioa.
Lekeitioko Euskal Zine eta Bideo Bilera: Euskaraz egiten diren ikus-entzunezko lanak jendaurrean erakustea eta zabaltzea du helburu. Lekeitioko zinema bileretan emandako filmak web orri honetatik jaitsi daitezke.
Liburuetatik sortutako filmak
Gidoilariak ez du beti hasiera-hasieratik asmatzen gidoiaren argudioa. Sarritan, beste testu batean oinarritzen da; esate baterako, eleberrietan edo ipuinetan oinarritutako filmak. Hona hemen film bihurtu diren euskal literaturako hiru eleberri:
- Ramon Saizarbitoria: Ehun metro (1986, zuzendaria: Alfonso Ungria).
- Anjel Lertxundi: Hamaseigarrenean aidanez (1986, zuzendaria: Anjel Lertxundi).
- Arantza Urretabizkaia: Zergatik panpox (1986, zuzendaria: Xabier Elorriaga).
Idazleak eta zinema mundua
Hainbat dira zinemarako lanak egin dituzten euskal idazleak. Hona hemen haietako hiruren izenak eta zineman egin dituzten lanen aipamena:
- Anjel Lertxundi (Orio, 1948): Imanol Uriberen La fuga de Segovia filmaren euskarazko elkarrizketak idatzi zituen. Kareletik filmaren zuzendari eta gidoigilea da.
- Koldo Izagirre (Donostia, 1954): Antxon Ezeizaren Ke arteko egunak filmaren gidoia idatzi zuen. Offeko maitasuna filmaren zuzendaria eta gidoigilea da.
- Bernardo Atxaga (Asteasu, 1951): Jose Julianen Oraingoz izen gabe filmaren gidoia idatzi zuen, baita Luis Goyaren Astakiloen abenturak eta kalenturak animazio-filmarena ere.
Itzulpengintza eta jakingarriak
Itzultzea da hizkuntza batean esandakoa beste hizkuntza batean ematea. Itzultzaileak saiatu behar du ahalik eta zehatzen islatzen jatorrizko testuan esaten dena. Itzulpenak garrantzi handia du bizitzaren hainbat arlotan: zientzian, literaturan, merkataritzan...
Datu interesgarriak
- Joanes Leizarraga: Gure Jaunaren Testamentu Berria (1571) da ezagutzen dugun lehen euskal itzulpena.
- EIZIE: Euskarara edo euskaratik itzulpengintzan eta interpretazioan ari diren profesionalak biltzen dituen elkartea da. 1987an sortu zen eta informazio asko ematen du bere web orrian.
- Teknologia: Gaur egun itzulpenak era automatikoan egiten dituzten programa informatikoak garatu dira, baina emaitzak kaskar samarrak izaten dira oraindik.
- Lan euskaratuenak: Itxura guztien arabera, Charles Dickensen A Christmas Carol da, Biblia alde batera utzita, literatura-lanik euskaratuena.
- Literatura Unibertsala bilduma: 1990. urtean sortu zen obra garrantzitsuenak euskaratzeko; harrezkero ehun liburutik gora argitaratu ditu Ibaizabal argitaletxeak.
- Nazioarteko oihartzuna: Bernardo Atxagaren Obabakoak liburua 25 hizkuntza baino gehiagotara itzuli da, arabierara eta hindira barne.
- Egutegia: Irailaren 30ean ospatzen da Itzultzaileen Nazioarteko Eguna.