Euskal Literatura Modernoaren Berrikuntza: XX. Mendea
Idazkera berriaren beharra XX. mendean
XX. mendea oso bizia izan zen literaturari dagokionez. Historikoki eragin handia izan zuten mende hartan lehertutako bi Mundu Gerrek: gizakiaren pentsamendua erabat aldatu zuten, eta hori literaturan islatu zen.
Gai eta forma aldetik aldaketa nabarmena izan zen: pertsonaia eta istorio konplexuagoez gain, idazteko moduak ere konplexuago bihurtu ziren, irakurleari ahalegin edo parte-hartze handiagoa eskatuz.
Gai eta teknika berriak euskal narraziogintzan
XX. mendearen bigarren erdiaren hasieran, frankismo betean, Euskal Herriko giro politikoa eta soziala nahasia zen. Gazteen artean informazioa eta kritika ziren nagusi, eta giro haren ondorioetako bat izan zen balore tradizionalekiko haustura. Literaturan, esperimentazioa nagusitu zen idazteko baliabide gisa, bai forma bai gaietan.
1957an, Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegik, Leturiaren egunkari ezkutua nobela existentzialista kaleratu zuen, gai aldetik berritasuna ekarriz. Lehen euskal pertsonaia konplexu eta gatazkatsua eman zigun Txillardegik: Leturia gaztea.
Ramon Saizarbitoriaren ekarpen berritzailea
Prosan idazteko teknikei dagokionez, Ramon Saizarbitoriak irauli zituen idazteko moldeak 1969an, Egunero hasten delako liburuarekin. Nobela esperimentala zen Saizarbitoriarena. Haren lanean, eleberriaren forma mamia bezain garrantzitsua zen.
Saizarbitoriak bere lehenengo lanetan erabili zituen tekniken artean, aipagarriak dira:
- Barne-bakarrizketak
- Denbora-jauziak
- Istorio desberdinen arteko collageak
- Gai baten inguruko ikuspuntu desberdinak
Saizarbitoriak forma-aniztasuna eta idazketaren garrantzia utzi zituen agerian. Esan izan da Saizarbitoriaren eleberriak izan direla teknika narratibo modernoek euskal literaturan izan duten eragina egokien islatu dutenak.
Olerkigintzaren molde berriak
Olerkigintzaren berrikuntzan bi poeta izan ziren buru:
Gabriel Aresti
Euskal poesiagintza modernoan eragin nabarmena utzi digun poeta da. Bere lanen artean, 1961ean kaleratutako Harri eta Herri poema-liburuak izan zuen oihartzun handiena. Arestik poesia soziala egin zuen; hark herri langilearentzat idaztea zuen helburu. Ondorengo olerkian ikusten da poetaren helburua: herriarengandik hartua herriari itzuli behar zaio. Horretarako hizkuntza ulerterraza erabiltzen du, baina ez sinplea.
Joxan Artze
Poesia bisuala jorratu zuen. Poemetan adierazi nahi zuena, hitzaz ez ezik, haren formaren bidez ere komunikatzen zuen, hizkien tamaina handituz eta txikituz, poemari forma bereziak emanez...