Euskal Industrializazioa: Protekzionismoa eta Meatzaritza
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 9,97 KB
Librekanbismoa eta Protekzionismoa (1893)
Testuaren kokapena
Testu honek Federico Echevarríak protekzionismoaren alde erabili zituen argudioak jasotzen ditu, 1893ko abenduaren 9an Bilbon izandako mitin batean. Berrezarkuntza garaian gaude; Maria Kristina Habsburgokoa (Alfontso XII.aren alarguna) da erreginaordea (1885-1902). Espainiar gobernuak Alemaniarekin itundu nahi zuen muga-zergen jaitsieraren aurkako adierazpena da.
Lehen mailako iturri historikoa da, forma aldetik zirkunstatziala eta edukiari dagokionez politiko-ekonomikoa. Egilea indibiduala da: Federico Echevarría euskal ekonomialaria, XX. mendearen hasieran LVP (Liga Vasca de Productores) taldeko buru zena. Hartzailea, berriz, publikoa da.
Helburua: Politika protekzionistarekin bukatzeak herrialdeari ekarriko dion kaltea salatzea.
Azterketa
Termino historikoak:
- Protekzionismoa: Herrialde bateko gobernuak atzerriko ondasun eta zerbitzuen sarrera eragozteko neurri eta politiken multzoa da. Protekzionismoa gauzatzeko tresna arruntenak inportaziorako arantzelak eta kuotak dira.
- Librekanbismoa: Estatuen arteko merkataritza-truke librea eta tarifarik gabeko aduanak dituen ekonomia-sistema da. Erregimen Zaharraren ekonomiaren zailtasunen aurrean, negozio eta merkataritza-askatasun osoa proposatzen du.
Gaia: Protekzionismoaren defentsa euskal industriaren alde. Agiriak protesta argia aurkezten du Gobernuak Alemaniarekin sinatu duen merkataritza-itunaren aurka.
Ideia nagusiak: Aduana-zergen eskubidea kentzeak izango dituen ondorio ekonomikoak azaltzen dira: alde batetik, Bizkaiko hondamendia, eta, bestetik, Espainiakoa. Egileak Gobernuari eskatzen dio politika protekzionistarekin jarraitzeko.
Testuinguru historikoa
Berrezarkuntza garaian kokatzen da testua, Maria Kristina Habsburgokoaren erregeordetzan. Alfontso XII.aren emazteak, bere senarra 1885ean hil zenean, Espainiako erregeordetza hartu zuen 1902ra arte. El Pardoko Ituna sinatu zuen Cánovas eta Sagastarekin, sistema canovista errespetatuko zuela adieraziz. Bi alderdiek gobernuan bakean txandakatzen jarrukiko dute, hauteskunde-iruzurra eta jauntxokeria mantenduz. Garai honetan, industrializazioak garrantzi handia izango du Bizkaian.
Espainiako industria bi sektoretan oinarritu zen: Kataluniako oihalgintza eta Bizkaiko burdingintza. Bizkaian burdin mea oso ugaria zen, kalitate handikoa, erraz erauzteko modukoa eta itsasotik hurbil zegoena. Garapena Labe Garaietan (1902), Bessemer prozesuaren instalazio azkarrean eta garraio-sare zabal batean (trenbideak, tranbiak...) oinarritu zen. Lehenengo linea elektrikoa Lutxanan jarri zen, meatzaritzaren ustiapenak utzitako kapitalari eta eskulan ugariari esker.
Bizkaitar Ekoizleen Ligan buru-belarri jardun zuen mendearen amaieran, atzerriko potentzia industrialen lehiatik babestuko zituen arantzelen alde borrokan. Espainiako merkatua haientzat nahi zuten Bilboko handiki industrial sortu berriek; hori da testuan errepikatzen den leloa. Eskaeraren arrazoia sinplea da: Euskal Herriko industria Espainiako merkatuaren menpe zegoen.
Europako industriaren lehia oso handia zen, mende erdi bat baino gehiago zeramalako funtzionatzen. Horregatik, Berrezarkuntza osoan, burgesiak eta oligarkiak protekzionismoa eskatu zuten. 1891n Cánovasek jarritako muga-zerga protekzionistak Bizkaiko industriari mesede handia egin zion. Horri esker, kanpoko lehiari aurre egin ahal izan zion, Espainiako burdingintzako gune garrantzitsuena bihurtuz. Gainera, beste industria batzuen agerpena erraztu zuen, testuan aipatzen den bezala.
Dena den, nazioarteko merkatuan ez ziren lehiakorrak; horregatik, merkatu nazionala behar zuten. Hortik sortu zen, 1893an, prentsa-kanpaina gogorra eta mobilizazioak, langileak alde jarriz. Espainiako beste enpresari batzuk ere alde jartzea lortu zuten: gaztelar zerealistak eta Kataluniako oihalgintzaren triangelu oligarkikoa.
Enpresari bizkaitarrek arrakasta handia izan zuten: hispano-alemaniar ituna bertan behera utzi zen eta, gainera, trenbide-konpainiek materiala inportatzeko zuten frankizia kentzea ere lortu zuten (Trenbideen Legea). 1891ko arantzel-legeak jarraitu zuen, eta 1896an sendotu zen neurri protekzionista berriekin.
Bizkaiko burdingintzak espainiar merkatua kontrolpean izatea lortu zuen. Beranduago, enpresari talde hau elkartu egin zen Bizkaiko Labe Garaiak sortzeko (1902); prezioak ezarri zituzten eta, honela, merkatu nazionaleko lehia kendu zuten.
Konklusioa
Industria-garapena, XIX. mendearen bukaeran, oso handia izan arren, euskal industria ez zen gai kanpoko produktu merkeagoen lehiari aurre egiteko. Bizkaiko enpresek aurrera egin ahal izateko, Arantzel Legearen menpe zeuden erabat. Arantzelak desagertzekotan, ordurako lortutakoa eta etorkizuneko proiektuak desagertuko lirateke.
Euskal burdingintzaren eta Kataluniako oihalgintzaren jabeek etengabe eskatuko dute protekzionismoa Berrezarkuntzan zehar. Eta testuan Echevarríak eman zuen mitinean agertzen den bezala, arantzelak kentzearen erabat aurka jarriko dira. Honek ondorio sozialak izango ditu: burgesia finkatu zen klase agintari gisa, eta langileen artean sozialismoa errotuko da.
Vicente Blasco Ibáñezen "El Intruso" eleberriaren pasartea
Kokapena
Aurrean dugun testua "El Intruso" eleberriaren zati bat da; bertan, XX. mende hasierako Bizkaiko burdin meategietako meatzarien bizimodu gogorra deskribatzen du Blasco Ibáñezek, "peoien etxeak" edo barrakoiak azpimarratuz.
Testua lehen mailako iturri historikoa da; forma aldetik narratiboa (literarioa) da eta edukia soziala du. Egilea indibiduala da eta hartzailea publikoa.
Helburua: Meatzariek jasaten zituzten bizi-baldintza gogorrak salatzea.
Azterketa
Termino historikoak:
- Vicente Blasco Ibáñez: Idazle eta nobelagile valentziar ospetsua.
Ideia nagusiak: Etxebizitza-egoera penagarria (negargarria), janari-eskasia eta lan egiteko modua deskribatzen dira. Testuak bi paragrafo ditu:
- Lehenengoan, meatzarien etxebizitzak deskribatzen dira: "peoien etxea" eta hauen lekuko gisa Aresti pertsonaia aipatzen da. Barrakoiak meategien jabeen jabetzakoak ziren, eta meatzariek alokatu egiten zituzten, langileburuaren kontrolpean. Lanegun gogorraren ondoren, meatzaria barrakoian dago eta lotara doa. Barrakoiko higiene-baldintzak ez dira batere onak: jantzita lo egiten dute, airea ez da mugitzen, zomorroak daude, hotz handia egiten du... Aipagarria da paragrafoaren bukaeran esaten duena: "Izerdiak elkartu egiten ziren eta arnasak nahasi; zikinkeria anaiartekoa zen".
- Bigarrenean, harrobia langileen etsairik gogorrena bezala adierazten da. Harrobia eta meazuloa bereizten dira; enkantarietan ustiaketa kanpoaldean egiten da eta ez da prestakuntzarik behar. Hori dela eta, harrobietara peoi asko iristen dira, goseak bultzatuta. Baieztapen honekin bukatzen da: gizonen etorrera etengabea eteten ez bada, zaila da langileen egoera hobetzea.
Testuinguru historikoa
Europan baino pixka bat beranduago, XIX. mendean hasi zen Bizkaian industrializazio-garaia. Lehen urratsak Lehen Karlistaldia amaitzean eman ziren. Bessemer bihurgailuari esker, Bizkaian oso ugaria zen fosfororik gabeko mea Britainia Handira garraiatzen zen, eta handik ikatza ekartzen zen. Esportazio horiek ekarritako kapitalak industria siderurgikoan inbertitu ziren, eta 80ko hamarkadan hasi zen benetako Bizkaiko industrializazioa. Enpresa berriak bultzatu zituzten; horien artean, Altos Hornos de Vizcaya nabarmendu zen.
Bizkaiko industrializazioaren ezaugarririk nabarmenena demografia-eztanda izan zen. Alde batetik, heriotza-tasa jaitsi eta jaiotza-tasa mantenduz, demografiak gora egin zuen. Beste alde batetik, industria-guneetan eskulan askoren beharra zegoenez, immigrazio handia egon zen landa-mundutik hirira, fabriketan lan egiteko. Dena dela, langile horien pilaketa eta bizi-baldintza txarrak zirela eta, XIX. mende bukaeran heriotza-tasa igo egin zen.
Immigrazio masiboaren ondorioz, hirigintza berria eratu zen. Industria-guneetan enpresek, lantegien inguruan, langileen auzoak eraikitzen zituzten, zerbitzurik eta baldintza higienikorik gabe. Aldi berean, burgesiarentzako egoitza-auzoak ere eraiki ziren. Honek bi gizarte-taldeen arteko ezberdintasunak areagotu zituen. Langileriak bere eskubideak aldarrikatzeko eta defendatzeko langile-mugimenduari ekin zion, eta horrela sortu ziren sozialismoa eta anarkismoa Bizkaian. Sindikatu sozialistak eta anarkistak ez ezik, sindikatu nazionalistak ere sortu ziren.
Konklusioa
Bizkaiko industrializazioak, XIX. mende erdialdean hasita, burdin mean izan zuen oinarria. Bere ugaritasunak, kalitateak, erauzteko erraztasunak eta itsasoaren hurbiltasunak esportazioa erraztu zuten. Horregatik, burdinolak ugariak izan ziren. Bessemer bihurgailuarekin, meatze-ustiapenak ikaragarrizko garapena izan zuen. Kanpoko kapitalak prozesua monopolizatu zuen eta ingeles, frantses, belgikar... enpresak inguruan kokatu ziren. Meategiak, mineral-garraioa eta ontziteria, antolaturiko produkzio-sistema batean, Europako ikur bihurtu ziren.
Eskulanaren beharrak Nerbioi ibaiaren ezkerreko itsasadarrera etorkin-andana handia ekarri zuen hurbileko landa-mundutik. Haien etorrerak azpiegitura-behar handiak eragin zituen, konponbide oso prekarioak bilatuz. Bereziki eskasak izan ziren etxebizitzarekin zerikusia zutenak. Aztertu dugun testuak modu gordinean heltzen dio Somorrostroko meatzarien bizimoduaren egoerari: soldata baxuak, higienerik gabeko etxebizitzak, lanaldi luzeak, langile-babesik eza, meategien jabeen aprobetxamendua... Bizimodu anker horren aurrean sortu ziren lehen talde sozialistak, eta Bizkaian gertatu zen errotze sozialista indartsuena. Komunismoak, berriz, indar gutxiago izan zuen.