Euskal Herriko Geografia Fisikoa: Oinarrizko Kontzeptuak
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Geología
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,53 KB
Mendigune zahar: Mazizoa, meseta. Haustura tektonikoak eragina izan duen zokalo eremu handia. Mendigunea altura txikiko mendiz osatua izaten da, lehen aroko materialekin, hau da higadura handia jasan duten litologia plutonikoa eta metamorfikoa (silizeoa). Antzinako erliebeen sustraiak dira, adibidez Iberiar penintsulako Mazizo Hesperikoa, edo Frantzia erdiko mazizoa.
Tolestura mendikatea:
Bi litosfera-plaka elkarrengana hurbiltzean eragindako uhin formako deformazio jarraia lurrazalaren sedimentu geruzetan. Hau da, sortutako konpresio eta tolesturaz eratutako mendigune tolestua, antiklinal eta sinklinalekin. Adibidez Alpeak, Andeak edo Euskal Mendiak.
Arro sedimentario:
Sakonune natural zabala, aldi geologiko jakin baten buruan sedimentuz bete zena. Jalkinek geruzak sortzen dituzte koroa moduko bat osatuz: gairik lodienak mendi inguruan metatzen dira, eta mailaka erdigunerantz, gairik xeheenak kokatzen dira, garraiatzeko errazenak baitira. Adibidez Ebro ibaiarena. Arroek litologia sedimentarioa dute eta buztinezko eremua osatzen dute.
Padura:
Kostaldeko eremu gazi eta zingiratsua, marea gora denean ur gaziz blaitua eta landare komunitate berezien euskarri dena, biodibertsitate handiko eremuak eratuz. Ibaia itsasoratzen den lekua izaten da eta ur gazi eta geza batzen dira. Itsasoko nahiz ibaiko sedimentuak aurki daitezke paduretan: lohia, buztina eta harea. Adibidez, Lekeitioko Marierrota.
Desertifikazio/basamortutze:
Basamortuko egoera basamortuaren mugetatik haratago hedatzea. Desertifikazioak lotura zuzena du urak eta haizeak eragindako higadura prozesuarekin, eta baita bi eragileok sortutako sedimentazioarekin, landaredia naturalaren aniztasuna murriztearekin eta ura eta lurra gazitzearekin ere. Gutxika-gutxika bertako landare estalkia galtzea faktore natural zein giza jarduerengatik gerta daiteke (prezipitazio urritasuna, hezetasun erlatibo baxua, tenperatura igotzea, zuhaitz mozketa, suteak…). Adibidez Almeriako paisaia.
Modelatu karstiko/erliebe karstiko:
Disolba daitezkeen arroka sedimentarioz, bereziki kare-harriz, osatutako eskualdeetan eratzen diren forma berezien multzoa, urek kaltzio karbonatoa disolbatzean sortua. Harri pitzaduretatik barrena sartzen den urak eta lurpeko urek sortzen dute karst modelatua. Esloveniako Karst lurraldetik hartua du izena. Forma endokarstikoak, lurrazpian eratzen direnak (leizeak, simak) eta forma exokarstikoak, azalean eratzen direnak (dolinak, arroilak, poljeak) dira. Adibidez Gorbeian, Anboton edo Aralarren.
Arro hidrografiko:
Ibai batek eta bere adarrek drainatzen duten lurraldea, hau da, lurralde bat (isurialde multzoa) zeinetako ur denak ibai batera edo honen ibaiadar batera doazen. Km2 neurtzen da. Ibai-arroko urak itsasoratzen ez badira, arro horri endorreiko deritza. Itsasoratzen badira, aldiz, exorreikoak. Endorreikoak Mediterranear isurialdean ugariagoak dira Kantauri edo Atlantiar isurialdean baino.
Foehn efektua: Foehn Suitzako eta Austriako Alpeetan mendietatik behera mazeletan barrena jaisten den hego-ekialdeko haize lehor eta beroa da. Orokortuz, aire masa batek erliebe altu batekin topo egitean igo egin behar du, eta tenperatura baxuagoa dagoenez, aire masako ur lurrundua kondentsatu eta prezipitatu egiten da. Beste isurian, aldiz, mendi hegala jaistean beroa eta lehorra delarik. Fenomeno hau da prezipitazio orografikoen eragilea, batez ere ipar isurialdean, eta baita udako hego haize sargorien kausa.
Uren muga-lerro/uren banalerro:
Bi arro hidrologiko edo bi isurialderen arteko muga. E.H.an bereziki isurialde atlantikoa eta mediterraniarra bereizten dituena Kanpoaldeko edo Bizkaiko antiklinorioa da (Ganekogorta, Gorbeia, Anboto, Aizkorri,…). Honen ondorioz, ipar isurialdea hezeagoa da eta hegokoa, trantsizio eremukoa, prezipitazio gutxiagokoa eta zabaltasun termiko handiagokoa (kontinentaltasunaren ondorioz).
Landaredi potentzial:
Leku batean, dituen ezaugarriak kontuan hartuta (erliebea, argitasuna, klima: (prezipitazio eta tenperaturak), eta lurzorua), berez sor litekeen landaredi egoera klimaxikoa, baldin eta kanpo eragin nahastailerik gerta ez baledi. Elkarren ondoren sortzen diren komunitateek segida bat osatzen dute, eta klimaxa (egoera heldua, konplexua eta ingurumenarekin orekan) lortzeko joera dute. Gizakiaren eragina geldituko balitz, segida ekologiko izeneko prozesu baten bidez aldatuko litzateke landaredia. Euskal Herriko lurralde gehienetan, landaretza potentziala basoa da.
Ekintza-gune: (antizikloi eta depresio, borraska):Troposferako presio- eta tenperatura-aldeak berdintzeko joerak atmosferaren zirkulazio orokorra sortzen du. Horrela, poloen eta ekuatorearen arteko energia-desoreka konpensatzeko aire geruzen bitartez energia banatzen da, antizikloien eta borrasken bidez (ekintza-guneak).
Antizikloia: Presio atmosferiko altuko gunea, barometroak 1014mb edo gehiago neurtzen dituenekoa. Haize masen norabidea erlojuarena da ipar hemisferioan eta alderantzizkoa hegokoan. Kanpoalderantz urruntzen joaten da. Eguraldi eguzkitsu eta egonkorra dakar. Ezagunena latitude epelean Azoresetakoa da.
Depresio edo borraska: Atmosferako behe presioen eremua, 1014mb beherakoa, non aire mugimenduak kiribil erakoak, konbergenteak eta goranzkoak diren. Lainoak, prezipitazioak eta eguraldi ezegonkorra dakartza. Aire masen norabidea erlojuaren kontrakoa da ipar hemisferioan eta alderantzizkoa hegokoan. Ezagunenak latitude epelean Fronte polarrak bidalitakoak dira.