Euskal Herria XIX. mendean: Karlistaldia eta Foruak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,26 KB

Seiurteko Demokratikoaren garaia

1868ko iraultzak, demokratak gobernura iritsi zirenean, laikotasuna eta antiklerikalismoa ekarri zituen, estatu laikoa ezarriz. Euskal Herrian, bertako herritarren sentimendu erlijioso sakonaren aurkako atentatu gisa hartu zen ekintza hori. Gainera, beldur ziren demokratek foruei buruz izango zuten jarraibidearekin, desberdintasunen kontrakoak baitziren.

Bigarren Gerra Karlista (1872-1876)

1. Gerraren arrazoiak

Katolizismoaren defentsa izan zen, hain zuzen ere, izaera tradizionalista zuen alderdi karlistaren sendotzea eta Bigarren Gerra Karlistaren hasiera (hirugarrena batzuen ustez) eragin zuena. Talde pribilegiatu foruzaleak karlismora eta tradizionalismora hurbiltzen joan ziren Seiurteko Demokratikoaren jarrera garatu zen neurrian, honek jar baitzezakeen talde hauek lurralde euskaldunetan zuten autoritatea arriskuan.

Gainera, erregerik ez egoteak edo tarte txikian Amadeo Savoiakoa egoteak (errege kanpotarra) argudioak eman zizkien karlistei altxamendu armatu baten bidez euren hautagai Karlos VII.a (Karlos Maria Isidroren biloba) tronuan ezartzeko. Karlistek prentsan eta Elizak pulpituetan zein aitorlekuetan egindako propagandari esker, Euskal Herriko biztanleriaren zati handi bat (behe eta erdi-mailako nekazariak, hirietako langile batzuk eta aberats eta lur-jabe handiak) liberalismoa katolizismoaren eta foruen aurka zegoela pentsatzen hasi zen. Euren ustez, Karlos VII.aren monarkiaren berrezarpenak gizarte tradizionalaren oinarriak (katolizismoa eta foruak) eta ordena mantentzeko aukera eskainiko zuen. Beraz, Euskal Herrian nagusi izan zen katolizismoa eta foruen pribilegioak mantentzeko aukera hori.

2. Gerraren garapena

Bigarren Gerra Karlista 1872ko apirilean hasi zen Karlos VII.ak Espainiako koroa eskuratzeko zuen eskubidea aldarrikatu zuenean. Euskal Herrian partida karlistek, hainbat porrot izan ondoren, tregoa labur bat sinatu zuten Zornotzan. Bertan, Serrano jeneralak amnistia emateko konpromisoa hartu zuen Euskal Herriko karlistek armak uztearen ordez. Hala ere, handik gutxira karlistek gerrari ekin zioten berriro.

1873ko urtarrilean, karlistek Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan eta Katalunian erasoa hasi zuten gerrillen taktikaren bidez, eta trenbideak zein telegrafoak saboteatu zituzten. Euskal lurraldeak karlisten menpe geratu ziren, hiriburuak izan ezik. Urte berean, Espainiako Gorteek Errepublika aldarrikatu zuten, Karlos VII.aren aldekoei bultzada ideologikoa emanez Espainian erregerik ez egoteagatik; eta maiatzetik azarora, karlistek armada errepublikarra menderatu zuten hainbat batailetan.

Baina oraingoan ere karlistek ezin izan zituzten hiriburuak hartu, eta hauek liberalen menpe jarraitu zuten. Borroka militarrek 1876 arte iraun zuten; hala ere, Alfontso XII.a agertu zenean politikan, liberal foruzale kontserbadore askok utzi egin zioten Karlos VII.aren alde egiteari. Azkenean, 1876ko otsailean Lizarra erori ondoren, liberalek behin betiko garaipena lortu zuten eta Karlos VII.ak Frantziara ihes egin behar izan zuen.

Karlistek gerra galdu ondoren, Cánovas del Castilloren gobernuak foruak ofizialki abolitu zituen 1876an, Euskal Herriko historian etapa berri bati hasiera emanez.

Alfontso XII.aren garaia

Foruen deuseztapena eta Kontzertu Ekonomikoa

1. Foruen deuseztapena

Esan dugunez, Alfontso XII.aren aldeko armada liberalak Karlos VII.aren armada karlista menderatzea lortu zuen. Karlisten porrotaren ondorio zuzena foruen abolizio formala izan zen: Espainiako Gorteek, Cánovas del Castillo gobernuburu zela, euskal foruak deuseztatu zituzten behin betiko. Horretarako, 1876ko uztailaren 21eko Legea ezarri zen eta, horren bidez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa gai fiskal eta militarretan estatuko gainerako probintziekin parekatu ziren.

Legeak, halaber, gobernuaren esku uzten zuen sistema forala egokitzeko behar ziren erreformak ezartzeko ahalmena. Neurri hauen kontrako erresistentzia Batzarren eta Foru Aldundien eskutik heldu zen, desobedientzia zibilera iritsiz. Hurrengo urtean, gobernuak erakunde bi horiek baliogabetu zituen eta, horien ordez, Probintzia-Diputazioak ezarri zituen. Nafarroan, 1841ean Espartero erregeordearekin negoziatutako Hitzarturiko Legeak indarrean jarraitu zuen.

2. Kontzertu Ekonomikoa

Foru-Ogasuna deuseztaturik, 1877an Estatu zentrala bere kabuz zergak biltzen saiatu zen. Baina, informazio horri buruzko estatistikarik zein daturik ez zeukan, eta emaitza oso txarra izan zen. Horrela, 1878an gobernuak 1878ko otsailaren 28ko Dekretua eman zuen. Lege honek euskal probintziei zerga-erregimen berezia eskaintzen zieten Kontzertu Ekonomikoak ezarri zituen.

Hauen bidez, Estatuak euskal probintzia-diputazio berriekin behin-behineko akordio bat sinatu zuen: probintzia bakoitzak aldian-aldian Estatuko Ogasunari eman beharreko kopurua, kupo delakoa, negoziatzen eta zehazten zuen; gainera, zergen kudeaketa eta bilketa Diputazioen esku zegoen. Beraz, autonomia zeukaten zergak nola ezarri erabakitzeko. Diputazioen konpetentziak oso zehazturik ez zeudenez, erakunde horiek autonomia administratibo handia lortu zuten; eta sektore emankorren (industria, meatzaritza, etab.) aldeko zerga-erregimena ezarriz, probintzien garapen ekonomikoa bultzatu zuten, industrializazio prozesuari bultzada bat emanez.

Bizkaiko industria-oligarkiak, Bilbokoak batez ere, une horretatik aurrera foruen aldeko aldarrikapenak baztertu zituen. Zerga-erregimen honek, aldiz, behe-mailako klaseak kaltetu zituen, oinarrizko produktuen gainean bereziki ezarri zirelako (elikagaien, edarien, erregaien gainean); ondorioz, produktu horien prezioek gora egin zuten.

1886an lehenengo kupoaren epea (zortzi urterako adostua) bukatu egin zen. Hortik aurrera, aldizka berrikusia eta eguneratua izan zen (1887, 1894, 1906, 1925 urteetan). 1925eko Kontzertu Ekonomikoa 25 urterako pentsatua zegoen, baina Bizkaia eta Gipuzkoarentzat 1937an Franco jeneralak Decreto Derogatorio baten bidez moztu zuen. Arabak, aldiz (Francoren altxamenduaren alde egin zuelako), 1952an berritu zuen eta aurrerago 1977an. Nafarroak bere Hitzarturiko Legea zuenez eta Francoren alde egon zenez, 1927an, 1941ean eta 1969an berriztu zuen bere Kontzertu Ekonomikoa.

Sistema demokratikoa ezarri zenean, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundiek Kontzertu Ekonomikoak berrezartzeko aldarrikapena egin zuten; eta 1981ean, Gernikako Estatutua onetsi zenean, Kontzertu Ekonomikoak berrezarri ziren.

Kontzertu Ekonomikoaren ondorioak

  1. Euskal probintziek autogobernu ekonomiko eta administratiboa berreskuratu zuten.
  2. Diputazioek botere handia lortu zuten, inork ez baitzituen beren jarduerak kontrolatzen.
  3. Diputazio berriak oligarkiaren esku geratu ziren.
  4. Hiru euskal lurraldeetan zerga-zama Espainiako beste probintzietan baino txikiagoa izan zen (%50 gutxi gorabehera).
  5. Industria-prozesua aurrera joan zen.
  6. Euskal Diputazioek berezko baliabideak izan zituzten sektore emankorretan eta azpiegituretan inbertitzeko.
  7. Estatuaren eta Lurralde Historikoen arteko tentsioa lasaitu egin zen.

Entradas relacionadas: