Euskal Eleberrigintza: Tradizionaletik Modernora, Egile eta Obra Nagusiak
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en
vasco con un tamaño de 8,13 KB
Arantxa Urretabizkaia: "Zergatik Panpox" (1979)
Arantxa Urretabizkaiaren "Zergatik Panpox" (1979) eleberrian, bikotekideak utzi ondoren emakume batek bere semearekin bizi duen egun arrunt bat kontatzen digu egileak. Eleberri berritzailea da, barne-sentimenduek hartzen dutelako aurrea. Protagonistaren intimitate osoa agertzen da: desioak, ametsak, beldurrak, etab. dira axola dutenak. Ordura arteko eleberriak kanpotik kontaturiko istorioak ziren edota gizarte-ikuspegi bat islatzen zuten.
Txomin Agirre: "Kresala" (1906)
Txomin Agirrek garaiko euskaldunen herri-hizkera islatu nahi zuen, Sabino Aranaren planteamendu puristetatik urrun. "Kresala" eleberriaren pasarte horretan garbi ikus dezakegu euskara ez zegoela estandarizatuta, euskara batua ez zegoela oraindik, alegia. 1968an hasi zen euskara batuaren prozesua; beraz, "Kresala" idatzi zen garaian bakoitza bere euskalkian zebilen. Sabino Aranak eta garaiko beste batzuek hizkuntzaren garbizalekeria bultzatu nahi izan zuten.
Garbizalekeria eta Purismoa Euskal Literaturan
Garbizalekeria edo purismoa edozein erdal hizkuntzetatik jatorria duten hitzen baztertzea defendatzen duen korronte linguistikoa da. Hitz garbiak erabiltzea du helburu. XX. mendearen hasieran izan zuen indarrik handiena. Sabino Arana izan zen euskal garbizalekeriaren eragile nagusia. Hainbat hitz proposatu zituen, adibidez: txadona, ikastola, akeita, axota... Azkuek, Txomin Agirrek eta beste askok ez zituzten inoiz garbizalekeriaren gehiegikeriak onartu.
Euskal Eleberrigintza Modernoa: Txillardegi eta "Leturiaren egunkari ezkutua" (1957)
Obra honekin eman zitzaion bukaera ohiturazko eleberrien garaiari. Mundua ikusteko modu berria azaltzen digu Txillardegik, gai berriak eta egituratzeko modu berritzaileak ekarri zituen eleberrigintzara. Hala ere, kontatzeko eran ez zuen aldaketarik izan. Aurreko ohiturazko eleberriekin hautsi zuen.
Txillardegiren eleberri honetan, Leturia eta Mirenen arteko maitasun-harremanaren istorioa kontatzen digu. Harreman hori porrot egitera kondenatuta dago hasieratik. Istorioaren amaiera oso dramatikoa da: Miren gaitz batek jota hiltzen da, eta Leturiak bere buruaz beste egiten du. Maitasunean ipinitako itxaropena zapuztu egiten zaio protagonistari.
Leturiak giza existentziaren zentzugabekeria islatzen du bere egunerokoan:
- Bakardadea
- Heriotza
- Aukeratu beharra
- Jainkoaren existentziaren inguruko eztabaida
- Ezin egona
- Bizitzaren absurdoa
Beraz, mundu idilikotik urrun, mundu hurbilagoa eta sinesgarriagoa erakusten digu. Txillardegiren obra honek ez du zerikusirik baserri-giroko eleberri tradizionalarekin. Eleberri existentzialetan lehenengo pertsona erabiltzen da, obra honetan bezala.
Aurrerago, Txillardegik "Peru Leartzako" eta "Elsa Scheeler" idatzi zituen, besteak beste. Lehenengoan, protagonistak gizarteaz nazkatuta budismora jotzen du bake bila, baina ez du topatzen eta zorigaitzeko amaiera du. Bigarrenean, Bruselan girotu zuen ekintza, existentzialismoaren bidetik aldendu gabe.
Joseba Leturia da euskal literaturaren lehen protagonista gatazkatsua. "Leturiaren egunkari ezkutua" eleberriak Josebak eta Mirenen arteko maitasun-harremanaren historia kontatzen du, porrotean amaitzen den istorioa. Parisen gertatzen da gehienbat:
- Mirenekin maitemintzen da.
- Ezkontzen dira.
- Miren hiltzen da.
- Josebak, guztiaz nazkatuta, bere buruaz beste egiten du.
Euskal Eleberrigintzaren Bilakaera: Mogel, Tradizionala eta Modernoa
Euskal eleberrigintzaren bilakaera laburbilduz:
- Mogel: Peru Abarka (1802)
- Eleberri Tradizionala: Txomin Agirre
- Auñamendiko lorea (1897)
- Kresala (1906)
- Garoa (1912)
- Haustura eta Eleberri Modernoa: Txillardegi
- Leturiaren egunkari ezkutua (1957)
- Erabateko Haustura eta Eleberri Modernoa: Ramon Saizarbitoria
- Egunero hasten delako (1969)
- Eleberri Modernoa: Arantxa Urretabizkaia
- Zergatik Panpox (1979)
Ramon Saizarbitoria: "Egunero hasten delako" (1969)
Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944) Suitzan zegoela idatzi zuen "Egunero hasten delako" eleberria 1969an. Kontaketa-teknika paregabea du, eta bi plano nahasten ditu narrazioan:
- Lehen planoan: Erantzunik ez duen etengabeko elkarrizketa azaltzen zaigu; "berritsua" deitu diote pertsonaia horri, eta irakurleak bestearen erantzunak bere jardunetik ondorioztatzen ditu.
- Bigarren planoan: Gisele Bergier neska gaztearen ibilera kontatzen du, Reimsera joanda abortatzeko asmoz. Mediku-kontsulta batetik bestera ibili ondoren, azkenik, lortzen du helburua.
Saizarbitoriak kontalari objektiboa darabil, kamera bat balitz bezala. Kamerak ikusi ezin duena erakusteko, "berritsuaren" jardun aspergaitza erabiltzen du. Honen estiloa arina, elipsiaren erabilera trebea eta bizkorra da.
Saizarbitoriatik Aurrera: Kontaketa-Formaren Garrantzia
Saizarbitoriaren lanetik aurrera, eleberriaren forma da garrantzizkoena, nola dagoen kontatua eta antolatua. Abenturaren kontaketa baino interesgarriagoa da kontaketaren abentura. Irakurleari, beraz, sortzaile izatea eskatzen zaio: obran esan gabe geratzen direnak ere ondorioztatzen.
Euskal Eleberrigintza Modernoaren Egileen Ezaugarriak
Euskal eleberrigintza modernoaren egileek hainbat ezaugarri komun dituzte:
- Gehienek goi-mailako ikasketak dituzte (unibertsitate-maila).
- Gazte hasten dira ia guztiak.
- Hiri industrializatuetan errotuak daude.
- Hizkuntzak dakizkite.
- Euskal literatura Europako korronteekin sintonizatu nahi dute.
- Kontaketa-tekniketan murgiltzen dira.
Euskal Eleberrigintza Tradizionalaren eta Modernoaren arteko Aldeak
Kokalekua
- Tradizionala: Gertaerak baserri edo itsas giroan kokatzen ziren. Hiria eta industria bigarren mailakoak ziren.
- Modernoa: Hirurogeiko hamarkadatik aurrera, euskal nobela modernoa hiri industrializatuetan kokatzen da. Baserri-giroan kokatzen bada ere, ez du mundu hori idealizatzen.
Gaiak
- Tradizionala: Euskara, fedea, euskal nortasuna eta ohiturak dira gai nagusiak.
- Modernoa: Gaiak zabaldu egiten dira: askatasun pertsonala, bakardadea, arazo sozialak, sinesmen-mailako krisia, etab.
Egitura
- Tradizionala: Gertaerak kronologikoki antolatzen dira.
- Modernoa: Ez beti kronologikoa. Denboran saltoak egiten dituzte askotan. Irakurlearen parte-hartze handiagoa eskatzen du.
Teknika eta Narratzailea
- Tradizionala: 3. pertsonako kontalari orojakilea. Deskribapenak ugariak, luzeak eta oso landuak.
- Modernoa: Narratzaile lekukoa edo objektiboa (kamera bat balitz bezala), inoiz iritzirik ematen ez duena; edota 2. pertsonako narratzailea, protagonistari hitz egiten diona.
Erritmoa
- Tradizionala: Kontakizunaren erritmoa moteltzen du.
- Modernoa: Kontakizunaren erritmoa moteldu edo bizitu egiten dute era kontziente batean. Trazo azkarreko deskribapenak, barne-bakarrizketak, elkarrizketa mota bat baino gehiago, plano-nahasketak, etab.
Hizkuntza
- Tradizionala: Hizkuntza garbia erabiltzen zuten, erdal kutsurik izan nahi ez duena, eta oso aberatsa.
- Modernoa: Askotan hiritarra da eleberri hauetako euskara. Beste hizkuntzetako maileguak eta euskalkietako lexikoa uztartzen dituena. Euskara batua edo baturanzko bidean zegoena erabiltzen dute. Beste hizkuntzak ere ager daitezke. Ez dute hizkuntza-alarderik egiten: kontakizuna bera da ardatz, kontatzeko modua da garrantzitsuena.