Euskal Antzerkiaren Hastapenak: Soroa eta Alzaga

Enviado por Chuletator online y clasificado en Latín

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,15 KB

ANTZERKIA

Martzelino Soroa (1842-1902)

Honi zor zaizkio euskal antzerkiaren sortzaile izatearen ohorea eta meritua.

Iriyarena aurkeztu zutenean, 1876an, jendearen harrera ona jaso zuen, hain zuzen jendeak lehenengoz ikusten zuelako antzerkia euskaraz antzeztea. Iriyarena antzezlana elebiduna zen, gehienbat erdaraz idatzia, baina zati batzuk euskaraz zituena.

Arrakasta honek adorea eman zion haren egileari eta ordutik aurrera euskarazko lanak idazteari ekin zion: 1882an, Anton Caicu, euskara hutsezko lehen komedia. Gero beste asko etorriko ziren: Barrenen arra, Urrutiko intxaurrak...

Antzerki-lan hauek publiko jakin bati begira eginak ziren: sakontasun asmorik ez, barre egiteko hitz-joko errazak eta ikus-entzuleentzat ezaguna zen giroa azaltzen zuten. Beraz, nahiz eta kalitate apalekoak izan, abegi ona izan zuten publikoarengandik eta duintasunezko hastapenak izan ziren euskal antzerkiarentzat, batez ere sortu zen naturaltasuna kontuan hartzen badugu.

Soroaren handinahirik gabeko antzerki honek izan zuen segidarik bai Donostian, bai Gipuzkoa osoan ere, ondorengo idazleekin: Artola, Uranga...

Toribio Alzaga (1861-1941)

Donostiar hau izan zen garai hartako antzerkiarentzat benetako eusle eta sustatzailea. Soroaren obretan aktore, besteetan apuntadore, zuzendari, sortzaile..., antzerkiari eskaini zion bere ekimen guztia.

Euskal antzerkia bultzatzeko asmoz Donostiako Udalak Euskarazko Hizkuntza eta Deklamazio Eskola (1915) sortu zuenean, Toribio Alzaga jarri zuten zuzendari. Horrez gainera, Euskalerria aldizkaria eta Euskal Jokoen antolamenduan ere jardun zuen.

Alzagaren ekarpena aurrekoen antzerki-maila nabarmenki jasotzea izan zen, baina Soroarekin bereganatua zuen herrikotasuna galdu gabe. Hogeita hamar antzerki-lan idatzi zituen, zenbait egokitzapen eta itzulpenez gainera. Bere lehen obra, Aterako gera, 1880an estreinatu zuen.

Komediak idazteko bere aurrekoek baino antzerkirako sen handiagoa erakutsi zuen, umore finagoa, pertsonaiak hezurmamitzen trebeago azaldu zelarik.

Entradas relacionadas: