Estrati

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 144,63 KB

1.    ATALA
KONTZEPTUEN DEFINIZIOA
Maiz, literatura soziologikoan, egitura sozial eta estratifikazio sozial kontzeptuak ez dira behar bezala bereizten. Zenbait kasutan, egitura soziala klaseen egitura nozioarekin nahasten da, horrek, zatia bere osotasunarekin nahastea suposatzen duelarik, zeren klaseen egitura egitura sozialaren zati bat besterik ez da. Horregatik, kontzeptu horiek definitzea ezinbestekoa da.
1.    Egitura soziala, estratifikazio soziala eta ezberdinatasuna
1.1.  Egitura soziala
Egitura sozial kontzeptua oso eztabaidatua izan da. Egituren aniztasuna hain da handia non, zenbait kasutan, oso zaila den nozio hori mugarritzea. Kontzeptu horren erabilpen eta edukien aniztasuna gizarte zientzietan ageri da orohar eta bereziki soziologian: “analisiaren unitate fenomenikoak oso ezberdinak dira, nahiz eta egitura izendapena irizpide analitikoaren erabilpenari lotua izan” (Demarchi eta Ellena, 1986). Nozioaren garrantzia hain da handia non bere definizioa bistakotzat jotzen den. Izan ere, gizabanakoa gizartean aztertzetik globalizazioari buruzko analisi makro-soziologikoetaraino, talde soziala eta antolaketa mota ezberdinak jorratzen dituen lanetatik igaroz, egitura soziala kontzeptua soziologiaren erdian kokatzen da.
Kontzeptu horren arazoetariko bat, bere bereizketa-eza da eta, beraz, dagoen nahasketa egitura sozial, estratifikazio sozial eta klase egituraren artean. Horrez gain, Historian, egitura eta testuinguru nozioak bereziten dira. Hain zuzen ere, egitura kontzeptuak sistema baten osagai egonkorrak adierazten ditu, ezegonkorrak direnengandik bereizteko. Egitura soziala gizartean dauden elementu egonkor bezain antolatuei lotua dago, esaterako, gizarteek osatzen dituzten talde eta erakunde nagusien multzoa. Azkenik, badago egituraren erabilpen nahasi bat: giza eta gizarte zientzietan egitura sistemarekin nahasten da.
Egitura nozioa erabilia da fenomeno sozialen modeloak adierazteko. Egitura sozialak bezala kontsideratuak izateko, modelo horiek honako ezaugarriak eduki behar dituzte:
-   Unitate bereziz osatuak izan behar dira (klase sozialak, baloreak, generoak, errolak).
-   Unitate horiek horien artean lotuak izan behar dira.
-   Unitateen arteko erlazioak ikusitako modeloa osatzen duen osotasuna osatu behar du.
-   Donboran eta espazioan modeloa nahiko egonkorra izan behar da.
Adibideetarikoa bat, familia nuklearra da, aita, ama, anai-arreba, senar-emazte errolez osatua baita. Unitate bakoitza besteei lotua dago harreman mota baten bidez eta guztiak gainditzen dituen unitate bat osatzen dute: familia alegia. Bere baliogarritasuna unibertsala da.
Egitua latenteak erakutsi nahiz, egitura, eguneroko esperientziaren oharmen zuzenetik at dagoen errealitate bat lez pentsatu daiteke. Ekintza eta praktiken pean dago eta, maila handi batean, horiek erabakitzen ditu:
-   Harreman sozialen antolaketa.
-   Lege orokorrek agintzen duten errealitate baten izaera.
-   Egiturak ere pertsonen buruan daude eta, inkontzienteak izateaz gain, unibertsalak dira.
-   Ekoizpen kultural bat izateak suposatzen du bizitza sozialean dauden mota ezberdinetako erregulartasunak agerian uztea.
Ikuspegi estrukturalistan, hainbat autore aipa daitezke: Freud pentsamenduaren egituran, Levi-Strauss mitoenean, Marx eta Engels gizarteen egitura materialetan eta ekoizpen egituretan. Pentsamolde garaikidean, perspektika estrukturalista hainbat autorek ordezkatzen dute: Lacan, Foucault eta Derrida, postestrukturalismoaren ordezkariak direnak. Horiekin batera, beste autore batzuk teoria soziologikoaren sintesi delako bat egiten ahalegindu dira, hiru ikuspegi azpimarratu daitezkelarik:
-   Giza interakziotik datozen erregulartasunak eta konstruktibismoari lotuak (Giddens).
-   Ikerlariaren baitan dauden kategoria analitikoen multzoa (Parsons).
-   Bizi sozialaren benetako eta azpiko harremanak, pentsamendu kritikoan kokatzen direnak (Althusser).
Bere aldetik, sistema nozioak, orden egonkor, kontrajarri eta gizabanakoetatik kanpo dagoena edierazten du. Independienteak eta harremanduak diren osagaiez osatua dago, nahiz eta autonomia bat eduki. Horien baitan suertatzen den edozein aldaketak gainontzekoengan eragina dauka. Zati bakoitzak funtzio bat dauka baita eragin bat ere osatasunaren ibilmoldean. Edozein sistema, bere oreka, autogobernaketa eta kanpoarekiko autosufizientzia bilatzen saiatzen da. Gizartea bizirik dagoen sistema bat denaren ideia Durkheim-etik dator, nahiz eta deskribapen osatuena Parsons-ek egin. Azken honen arabera, sistema azpi-sistemez osatua dago zeinek ekarpen bereziak egiten dituzten ibilmolde orokorrerako, ekintza soziala gutxiengo ekintza delarik, determinazio kultural, sozial, psikologiko eta biologikoak dituela kontutan izanik.
Pentsamolde funtzionalistak aurrekari historikoak dauzkan garai klasikoan, hala nola Spencer, Durkheim, Tönnies, Malinowsky ala Radcliffe-Brown. Garai modernoan, non Parsons agertzen den protagonista nagusi bezala, Habermas-ek lan egin du konstruktibismoaren, estrukturalismoaren eta funtzionalismoaren artean puntu hamankomunak bilatzeko. Garai garaikidearen forma funtzionalistak sintesi teorikoaren saiakera berek markatu dituzte. Parsons eta Habermas-en eraginaz hitz egitea komeni da. Parsons-en teoriak, pentsamendu sozialaren sintesi bat proposatzen du eta postmodernoak gisa ikusiak direnak, ez dira sistesi maila berera iristsi, maiz historizismoan (Foucault eta Mann) ala metateorian eroriz (Alexander eta Ritzer).
Aurretik esan dugun lez, egitura sozial kontzeptua gizartea osatzen duten talde eta erakunde nagusien multzoa bezala definitu daiteke. Beraz, egitura sozialen ikerketak ikuspegi bikoitza erabiltzen du: batetik, instituzionalizatutako portaeren arau multzoa, eta, bestetik, talde sozialen multzoa non erakundeak isladatzen diren. Maila handi ala txikiagoan, maila formalizatuan ala ez, gizatalde guztiek egitura bat daukate. Hori dela eta, taldearen kide bakoitzak posizio determinatu bat betetzen du (estatusa) zeini errolak lotuak zaizkion, esan nahi baita estatus bakoitzari lotuak dauden itxaropenei erantzuten dien konportamentu arautu, errepikari eta egonkorra dagoela. Talde eta gizabanakoen arteko lankidetza suertatzen da errolen bidez, erakunde sozial batean gutxiengo oinarrizko unitateak baitira. Erakundea definitzeko oinarrizko unitatea errola da eta erakundeak zein taldeak dira egitura eraikitzeko erabiltzen diren unitateak.
Gizarte guztiek, belaunaldiz belaunaldi transmititzen diren ezagutzen, baloreen eta jarduera arauen oinordetza metatu dute. Lankidetza soziala eskatzen dute eta zeharkako formak garatzen dituzte behar ekonomikoak hasetzeko eta gizartearen berrekoizpena erregulatzeko. Funtzio batzuk daude zeinen betekizunak garrantzi berezia daukan gizartearen behar eta biziraupena hasetzeko: gizarte guztiek ondasun ekonomikoak ekoiztu eta banatu behar dituzte baita ere gauza publikoak eta beste gizarteekiko harremanak antolatu, beti ere bere biziraupena bermatze aldera belaunaldien eraberritzea segurtatzeko. Une berean, gizartean bizitzeko beharrak biziraupena bermatzeko behar berriak sortzen ditu (gizarteak bere beharrak dauzka). Esaterako, kultura oinordetza transmititzeko dispositiboak sortzea ala lankidetza moduak eta elkarbizitza formak ondo antolatzea.
Gizarte bateko ekoizpena eta berrekoizpena lortzeko mekanismoak instituzionalizatzen dira, zeren erakunde bat errepikariak zein egonkorrak diren portaera arau multzo batetaz osatua dago; bere helburu berezia gizartean dauden beharrak hasetzea delarik. Behar bakoitzak erakunde baten sorrera eragiten du eta maila ezberdinetan garatzen da.
Malinowsky-k behar indibidual nagusien eta edozein gizartetan presente dauden lau kultura inperatiboen zerrenda osatu zuen: ekonomia, kontrol soziala, hezkuntza eta antolaketa politikoa. Betebeharrak, naturak eta gizarteak berak planteatzen dituen beharrak dira. Betekizun ala behar horiei, erantzun batzuk eman behar zaizkie, horietaz erakundeak arduratzen direlarik.
Parsons-en funtzionalismoa planteamentu horretatik hurbil kokatzen da, bere “lau arazo funtzionalen teoria”-rekin (egonkortasun normatiboa, integrazioa, helburuen lorpena eta egokipena). Arazo horiei, gizarteek erantzuten diete beraien burua antolatuz lau egitura multzoren arabera: sozializazioa, zuzenbidea, politika eta ekonomia. Edozein gizarteren ibilmoldeak gutxiengo antolaketa maila bat suposatzen du. Soilik liteke egitura soziala osatzen duten egiturak badaude, pertsonen arteko harremanak arautzeko eta oinarrizko funtzioak betetzera norabidetzeko.
1.2.  Estratifikazio soziala   
Gizabanakoak modu ezberdinean osatuak izateak, osasun, indar ala gaitasun intelektual mailetan, ez gaitu laguntzen ezberdintasun sozialak ulertzera. Interesgarria dena da jakitea zein puntutaraino ezaugarri indibidualak ezberdintasun sozialekin lotzen diren, hori baita estratifikazio sozialaren azterketaren funtsa. Hori dela eta, helburua honakoa ezagutzea da: 1) Diferentzia horiek nola sortzen dira eta nola bilakatzen dira ezberdintasun sozialetan, kontutan izanik diferentziak ez duela zertan ezberdintasun sozialera nahi ta nahi ez eraman beharrik? 2) Estratifikazio sozialari zein portaera ezberdintasun lotuak daude? 3) Horrek zein ondorio dauzka gizartearentzako?
Ezberdintasun sozialak estratifikazio sozialen ikuspegitik aztertzen dira, esan nahi baita ondasunen eta zerbitzuen, eskubideen eta eginbeharren, boterearen eta prestigioaren banaketa ezberdinetik. Oinarrizko puntu batetik habiatzen da: gizarte bateko posizioen ezaugarriak dira eta ez gizabanakoarenak. Estratifikazioa definitu daiteke prozesu bat lez zeinen arabera gizarte bat estratu deituriko agregatu ezberdinetan banatua dagoen, bakoitzak prestigio, botere eta jabetza maila ezberdina daukalarik. Horrela, goi mailako eta behe mailako, aberatsen eta behartsuen, boteretsuen eta boteregabeen arteko estatusen kontrasteek estratifikazio sozialaren analisiaren interesa osatzen dute.
Estratifikazioaren irakurketa oso anitza da bere aldeaniztasunaren ondorioz (jabetza, aberastasuna, maila, estatusa, boterea, erlijioa). Hori dela eta, gizarte bateko ezberdintasun anitzak modu diferentean irakurriak izan dira: 1) pertsonen ezberdintasun naturalak lez, 2) boterearen eta instituzionalizatutako boterearen fruituak bezala, 3) gizarteko ibilmolde onerako arau gisa, eta 4) gatazka zein derrigortze iturri erara.
Esaten delarik gizarte bat estratifikatuta dagoela, esan nahi da gizarte horretako ezaugarri bat dela: ezaugarri baten ala batzuen banaketan haustura eta desjarraitasunen presentzia, horien ondorioz estratuak deitzen diren talde ala komunitate formak sortzen direlarik. Estratuek beraien artean mantentzen dituzten harremanak interesgarriak dira baita ere estratuek zein erakundeek osatzen duten sistemak egitura sozialarekin mantentzen dituztenak.
Maila teorikoan, estratifikazioa, prozesu bat, egitura bat ala arazo bat lez ikusi daiteke. Errolen eta egoeren arteko ezberdinketa bat bezala ikusi daiteke, gizartea talde funtzionaletan zatitua dagoelarik, gizabanakoen artean dagoen berdintasunaren eta ezberdinasutaren artean dagoen bereizketa lez, ala ikuspegi guzti horiek batuak balira bezala. Kontuan izan beharreko aldagaiak, ikuspegiak eta alderdiak anitzak dira, horrek ikuspegi teoriko anitzak eragiten dituelarik. Baina, ia denek hiru oinarrizko osagai harremantzen dituzte: klase soziala, estatusa eta boterea. Hiru kontzeptu horiek harremanduak daude. Preseski, estratifikazio sozialak planteatzen duen arazo nagusietariko bat dauzkaten loturak dira, bere jatorria eta hedadura, garrantzia eta protagonismoa kontutan hartuz.
Bestalde, estratifikazioa ez da berdina izan denboran eta espazioan zehar. Aitzitik, hainbat estratifikazio mota bereiztu daitezke, bi talde nagusitan batu daitezkenak:
-   Estratifikazio sistema handiak non estratu baten eta bestaren bitartean dagoen ezberdinatasuna ezkubide legal eta ezarritako ohituretan adierazten den, jakinik legearen alde derrigortzailea daukatela.
-   Beste erakunde batzuen ondorioa den sistema. Bere baitan, estratuak jabetza eta irakaskuntza erakundeekin harremanduta dauden faktoreen aniztasunaren interakzio batetik dator. Estratifikazio sistemak batez ere demokrazia industrialetan aurkitzen dira. Gizarte horiek gizabanakoen artean berdintasun arau orokor bat errespetatzen dute, Konstituzio batean gauzatu daitekena. Alderantziz, errealitateak ezberdintasuna pertsonen arteko arau orokor bat gisa aurkezten du. Demokrazia industrialetan, estratifikazioak mota berezi bat osatzen du, lehenik estratifikazioa hainbat erakunderen hartuemanen ondorioa baita, ingurugiro sozial batean kokatua, non adierazten den pertsona guztiak berdinak direla. Bigarrenik, zeren gizarte industrialak egitura konplexuagoak dauzkalako eta estratuak ez baitira hain ezauguterrazak. Horrek, estratifikazioaren ikerketei oso eremu zabala bezain anitza irekitzen die.
1.3.  Ezberdintasuna
Hala ere, ezberdintasuna agerikoa da. Izan ere, edozein gizartetan gizabanako taldeak daude posizio hobesgarriak betetzen dituztenak eta beraien potentzialtasun sozioekonomikoei etekina ateratzeko ahalmena daukatenak. Alderantziz, talde batzuk baztertuak daude. Talde horiek horien artean hartueman sozioekonomikoak dauzkate, nahiz eta ez esplotazio harremanak izan. Fernandez Enguita-k (1994) nahiago du aukeren ezberdintasunaz, diskriminazioaz, pribilegioez ala bizi-aukeren usurpazioaz hitz egin, esplotazioarengandik bereizteko. Dio edozein gizarteren baitan (industriala, post-industriala, irekia) gutxienez bizi aukeren hiru pribilegio ala usurpazio bereiztu daitezkela: generoan, etnian eta adinean oinarritutakoak.
Klasea ez da bereizten dituen gauza bakarra. Jabetza ere ez da bakarra, zeren ez ditu ez autoritatea ez kalifikazioa azaltzen: bi funtsezko osagai ezartzerako orduan. Izan ere, jabetza gizartearen zatiketa nagusietarikoa da, agian garrantzitsuena. Hala ere, gaur egun, erakunde handien barruan, gizabanako askoak onura eta abantailak lortzen dituzte zuzendari izanez eta ez jabe. Hori dela eta, pribilegioak autoritateari lotuak daude eta ez jabegoari. Beste pertsona batzuek (abokatuek, magistratuek, medikuek), jabetza handi bat eta izugarrizko autoritate bat eduki gabe, hobariak ateratzen dituzte beraien kalifikazioengandik. Beste hitz batzuetan esanda, autoritateak eta kalifikazioak funtzionatzen dute ezberdintasun eta esplotazio faktoreak gisa, jabetzarekiko independentzia bat mantenduz.
Materiaz (ekoizpen moduak), energiaz (lan indarra), informazioz (teknikak), eta horiengan mantentzen duen kontrolaren bidez definitzen den edozein sistema ekonomiko agertzen da, jabetza, autoritate eta kalifikazioaren bitartez. Edukitzeak suposatzen du hobari sozialak eskuratzea, bakoitzaren papera aldatzen delarik une historikoaren eta garapen ekonomikoaren arabera. Edozein moduz, klase sozialaren kontzeptua, planteatzen dituen arazo eta eztabaida teorikoetatik at, estratifikazio eta ezberdintasun sozialaren analisiaren protagonista da. Erabakitzea zenbat eta zein klasek osatzen duten klaseen egitura, soziologiaren baitan dagoen eztabaida da. Hori dela eta, Julio Carabaña-ren (1994) planteamentuak kontutan hartzea premiazkoa da. Autore honen arabera, klaseen eskemak aldagai berdintsuen arabera osatzen dira: 1) egoera profesionala ala ekoizpen moduekin mantentzen duten harremana, 2) Sailkapenaren arabera osatutako lanbide ala okupazioak, 3) botere ala autoritate irizpidea lantokian, eta 4) banaketa sektoreetan (laborantza, industria eta zerbitzuak).
Baina, interesgarriena klaseen eskemek egitura sozial nozioarekin mantendu nahi duten herremana da (osagaien arteko harreman multzoak), egitura sozialen aniztasuna eta ekintzen, gizabakoen eta taldeen arteko diferentziak kontutan izanik. Carabaña-k egitura mota asko bereizten ditu, maila askotan egitura nozioari lotuak daudenak. Horrela, familiak oso egitura estuak dira. Bere osagaiak, funtzio bat betetzeko instituzionalizatuak diren gizabanakoak dira (Boudon, 1981). Erakundea, egitura funtzional mota bat da, nahiz eta pertsonen eta errolen artean banaketa bat egon, jakinik gerta daitekela klase funtzionalekin ez bat egitea. Merkatuek egitura ezberdinak osatzen dituzte non posizioak ez dauden antolatuak eta koordinatuak funtzio hamankomun batentzako eta non egituraren osagaiak soilik ekintzak diren.
2.    Kontzeptu horien bilakaera    
Egitura nozioa XVI. Mendean erabiltzen hasten da. Hasiera batean, etxegintzaren eraikuntza adierazten du, nahiz eta pixkanaka osotasuna osatzen duten zatiak adierazteko erabiltzen den. Ikerketa anatomikoetan baliatzen da gehienbat. Nahiz eta nozio horren erabilera anatomiatik soziologiara askoz beranduago igaro, gizarte zientzietako pentsalariek egingo dituzten analogia anatomikoetatik dator, Durkheim horren adibide delarik. Gaur egun, analogia horiek erabiltzen dira nozio batzuen ulermena errazteko.
Jadanik Hobbes-ek, Leviathan liburuan, Estatua organismo batekin alderatzen zuen. Baina, kontzeptu horren erabilpen kontzientea Spencer-ekin hasi zen. Bere iritziz, organismo soziala organo bereziz osaturik legoke, beraien artean elkarmenpekotasun harremana mantentzen dutelarik. Spencer-en lanak, egitura eta funtzio nozioak hedatu eta soziologiaren ondarean sarrarazi ditu. Osagai horiek dabiltza antolaketaren arabera eta egituran ondorioztatzen dira.
Spencer-ek analogia bat ezarri zuen bizirik dauden organismoen eta gizartearen artean. Fenomeno biologikoarentzako baliogarria dena, gizartearentzat ere da. Bizi organikoaren eta bizi sozialaren historia, garapen prozesu bat da forma sinpleetatik (zelula bakarreko organismoak / giza hordak) forma konplexu, ezberdindu eta anitzetara doana bere zati eta funtzioetan. Zati horiek jarduten eta beraien artean erlazionatzen diren neurrian, beraien helburu propioak betetzeko, sistemak bezala dabiltza. Helburu horiek sistema osoaren beharrak hasetzeko asmoa daukate, biologikoa ala soziala izan dadila. Edozein gizartek, bere berrekoizpena bermatzeko, ondorengo beharrak hasetu behar ditu: ingurugiroari aurre egin eta berari egokitu, elikadura eta hartuemanak bermatu (jarduera ekonomikoa) eta zati ezberdinen integrazioa arautu.
Durkheim-ek, egitura eta funtzioaren arteko harremana bereganatzen eta hobetzen du eta egituren edukia azaltzen du gizarteetan arruntak diren prozesuak lez, egonkorrak eta orokorrak diren neurrian. Egitura orokorra eta egitura partzialak bereizten ditu beraien harteko harremana agerian uzteko. Paraleloki, egitura marxistaren kontzeptua erabiltzen hasten da. Errealitate soziala hiru mailetan banatzen da, beraien artean modu dialektikoan erlazionatzen direla kontutan izanik: azpiegitura, egitura eta superregitura. Bere edukia ekoizpen moduan gertatzen diren harreman sozialen multzoari lotua dago eta gatazkan dago superregitura osatzen duten erakunde politiko, juriko eta kultural multzoarekin.
Adostasun bat dago esateko analisi soziologikoaren osagai nagusia interakzioa dela. Hori dela eta, Max Weber-ek egitura sozialA adierazteko, “antolamendu zilegia” nozioa asmatu du. Nozio hori, harreman sozialetan egonkortasuna daukanarekin lotzen du, egitura soziala deitu daitekelarik. Radcliffe-Brown-en eta estrukturo-funtzionalismoaren ideiari jarraituz, kontsideratzen du bi pertsonen arteko harreman sozialak egitura sozialaren parte direla, orokortasun alde bat daukatela eta funtzio batzuk dauzkatela guztiari organismo izaera ematen diona.
Ginsberg-ek egitura soziala kontsideratzen du beraien artean harreman sozial estua daukaten talde eta erakunde nagusiak lez. Bere aldetik, Parsons, La estructura de la accion social liburuan, Durkheim, Weber eta Pareto-ren ideiak batzen saiatzen da. Dio estatus-errol harremanaren atzean egitura-funtzio bikotea dagoela, zein, pertsonalitatea, kultura eta gizartea elkarmenpekotasun sistema batean harremanean jarriz. Teoria hau kritikatua izan da orokorregia baita, bere izaera kontserbatzailerengatik eta suposatzen duen posizionamentu ideologikoarengatik, zeren autoreak egonkortasunari eta aldaezintasunari lehentasuna ematen dio, esan nahi baita errealitate sozialaren egitura alderdiari, aldaketa ahalbidetzen duen alderdi dinamikoa alde batera utziz. Gurvitch-ek Parsons-en teoriari kritika gogorrak egin dizkio. Egituratuak ez diren taldeen izaera agerian utzi ostean, autore honek egitura sozialaren definizio bat proposatzen du non erabateko fenomeno sozialaren barruan dauden jerarkia anitzen oreka hauskor bat lez agertzen diren.
Levi-Strauss-ek, Saussure-n estrukturalismoan oinarritutako teoria baten ordezkari gisa, funtzionalismoaren alde atzerakoiarekin mesfidati izanez, egitura ulertzen du eskema egonkor bat gisa zeinen pean hainbat antzeko fenomeno dauden baita ere latenteak diren harreman sistema bat, nahiz eta bere izaera zehaztu gabea izan, zeren fenomeno sozial egonkorraren pean sustrato, orden, estrukturazio ala eraikuntza bat dago. Modu zehatzagoan, Bottomore-k dio gizarte batek existitu ahal izateko gutxiengo osagaiak eduki behar dituela: 1) komunikazio sistema bat; 2) merkantzien kontsumo, ekoizpen eta banaketaren inguruan antolatuta dagoen sistema ekonomiko bat; 3) belaunaldi berrien sozializaziorako organismo eta odenamentuak (familia eta hezkuntza barne); eta 4) sortzea, hezkontza eta heriotza bezalako gertakizun pertsonalei ezagupena ematen dien eta batasun soziala mantentzen ala handitzen duen autoritate, boterearen banaketa eta errito sistema bat.
Egitura kontzeptua aproposa da zeren egonkorrak diren erregulartasunak eta osotasuna osatzen duten zatien arteko harreman sistemikoak deskribatzen ditu. Zientzia gehientsuenetan aurkitzen den nozioa da: “egitura atomikoa”, “egitura molekularra”, “egitura anatomikoa”, etabar. Ordain gisa, egitura sozial hitza maiz zentzu zabal batean erabiltzen da eta gizarte bateko talde ala erakundeak izendatzeko baliatzen da. Horren ondorioz, irakurketa teoriko anitz daude, nahasmen kontzeptual bat eraginez.
Aitzitik, egitura sozialaren definizio ezberdinen artean puntu hamankomunak aurkitu daitezke. Orohar, gizabanakoekin egozgarriak ez diren eta gizarte, komunitate ala taldeei lotuak dauden ezaugarriei lotua dago. Ezaugarri horietatik, pentsatzeko, sentitzeko eta jarduteko modu ezberdinak sortzen dira, pertsonen sinesmen zein ekintzen gainean eragin derrigortzaile bat daukatelarik. Egitura sozialaren itxura, antolaketa sozialaren forma nagusiei lotua dago: talde, elkarte eta erakunde motak, eta horien batuketa osatzen duen gizarteak. Horiek, batzuetan, baldintza sozio-historiko gisa mantentzen diren egitura aldagaien gainean egituratuak izango lirateke: biztanleriaren banaketak, sexu, adin, lanaren zatiketa, ezberdintasun maila eta boterearen banaketaren arabera egiten dira. Sistema sozial bateko edozein zatik egitura osoko ezaugarriak dauzka eta bere funtzioa justifikatzen du. Esaterako, erakunde sozialen koherentzia: erakundeak ez dira konglomeratu arbitrario ala aleatorioak, egitura bat baitaukate.
Maiz, egitura onartzen da benetan behatu daiteken eta fenomeno sozialei itsatsia dagoen gauza bat lez, osaketa eta egonkortasun ezaugarri bat daukana eta interakzio egonkortuen multzo bat gisa definitu daitekena. Merton-en aburuz, egitura soziala definitu daiteke harreman sozialen multzo antolatu bat bezala. Orohar, onartzen da hartueman batek gutxiengo egonkortasuna daukala egituraz hornitzen delarik. Egonkortzean suertatzen diren hartuemanak inprobisatu eta arbitrario izateari uzten diote. Hori dela eta, norberaren kulturan idatziak geratzen direnak eta jarreretan transmititu ala barneratu daitezkenak aurrekariak izan daitezke. Horrela, egituratutako interakzioak egonkortasun, erregulartasun eta jarraikortasun izaera daukate. Guzti horrek kulturaren estrukturazio jarduera bat isladatzen du non, modu dialektikoan, harreman sozial erreziprokoek ezin dezaketen inungo egonkortasunik lortu kultura erreferentziarik gabe.    
Pertsonen joera sozialetan ikusi daitezken harreman egituratuen gamaren barruan, eskala handiko estrukturaziora daramatela kontutan izanik, bereizketa bat egin behar da beraien mailen arabera: azpilanak (aurrerapen ala negoziaketak, harremantzeko saiakera klasikoak), harreman sareak (egonkortasun maila handiagoarekin) eta ehunak (interakzio sarriago, erregularrago eta jarraikorragoak). Hala ere, soilik errol nabarmen bat agertzen denean eta beraz harreman bertikal bat, harreman paritarioen zigor gaitasunekin, egitura sozialaz hitz egin daiteke. Zentzu horretan, Gurvitch-en ikuspegian, jerarkia nozioa onartu daiteke. Horren gainean oinarrituz, familia ikusi daiteke egitura prototipo bat bezala ala giza elkarbizitzaren jatorrizko egitura bat lez, harreman horizontalen eta harreman bertikal sendo baten artean lotura bat suposatzen duelarik.
Taldeko osagaien kopurua handitzen doan neurrian eta, ondorioz, helburuak ezberdintzen doazen mailan, bitarteko errolak agertzen dira. Egonkortzen direnean, antolaketa sozial bezala ezagutzen dugun egitura forma konplexuago bat eragiten dute. Antolaketa soziala kontsideratzen da helburu konplexuagoak lortzeko sortzen den orden egonkortutako harreman multzo bat bezala. Egitura antolatzailea, familia taldearen egitura organikoa baino konplexuagoa da, bereziki kontrol tresna elaboratuagoak daudelako. Eginkizun horrek, kontrolatu daitezken menderatutako talde ezberdinen jardueren gainean jartzen den zuzendari eginkizunen asignazioak justifikatzen ditu baita ere proposatutako helburuen gainean kalkulu arrazional gaitasunak bermatu. Erakunde ezberdinek, sozialki zigortutako helburu ezberdinei loturiko eta egonkortatutako antolaketa sozial formak gisa, egitura antolatzailearen ideaiaren adibideak dira.
Egituratze maila apalagoan, agregatuak daude. Kultura oinarri sendoa daukan forma ez-organiko bezalako multzo egituratuak gisa definitu daitezke, nahiz eta zuzendaritza errolen agerpena pizten duten helburu eragilerik ez eduki. Hala ere, kasu eta testuinguru batzuetan, egitura antolatzaileetan bilakatu daitezke. Esaterako, etniak (ondare hamankomun bat dauzkaten taldeak) antolatzen direnean eta nazioetan bilakatzen direlarik, ala iritzi mugimenduak (kultura osagai dinamikoak partekatzen dituzten agregatuak) antolatzen direnean, alderdi, elkarte ala sindikatuetan bilakatuz.
Azkenik, estrukturazio maila apalagoan kokatzen diren interakzio sozialak daude, zeren modu ez-egituratuan gizabanakoen elkarbizitza espazial forma bat suposatzen dute, harremantzeko gaitasun txikia dutela jakinik eta autoritate erabakitzailerik eduki gabe: bateratzeen kasua da (masa, aniztasuna, publikoa).
Edozein kasutan, giza bateratze modu anitzak izan arren, antolaketa forma guztien integrazioa kontutan hartzea premiazkoa da egitura sozialaren behin-behineko zirriborroa lortzeko, jerarkia sozial eta harreman sistema bat bezala ikusia baita gizartearen funtzesko zati esanguratsu bat lez. Zentzu horretan, Medina Echavarria-ren ekarpenak ez dira alboratu behar “talde axialak” ala “estrategikoak” aipatzen dituelarik.
Egitura sozialaren definizio aproposak gizarte bateko osagaien arteko harreman ordenatuak, iraunkorrak eta arautuak lotuak daude. Salvador Giner-ek gizarte bateko zatiek mantentzen dituzten harremanak nahiko egonkorrak bezala definitzen ditu, zati horiek orden dinamiko batean banatuak direlarik. Erabilpen horrek egitura eta superregituraren arteko bereziketa gogoratzen du. Tradizio marxistaren eraginak esplikatzen du zergatik, maiz, egitura sozial nozioa erabili den estratifikazio sistemaren baliokide gisa.
Gaur egungo gizartearen egitura dimentsio anitzetakoa da: biztanleriaren egiturak, sailkapen profesionalak, jarduera ekonomikoek, erakundeek erabakitzen dute baita ere jarduera instituzional eremuek (familia, eskola, empresa, elkartea, Eliza) bere errolen sistema tipikoarekin eta, gainera, talde zuzendarien bidez.
Egitura sozialari buruzko lanetan, Ossowski-ren ekarpenak azpimarragarriak dira. Autore honek dio, egitura sozial hitza zentzu literal bezain espazialean ulertu daitekela. Hori gertatzen da harremanak dauzketen pertsona ala taldeetaz hitz egiten delarik, bere handitasuna, kokapena eta konfigurazio espaziala aipatuz baita ere lurraldearen gune ezberdinetan dauden biztalneriaren dentsitateari ala komunikazio ildoei buruz ari garenarik. Ossowski-k egitura sozial kontzeptuaren erabilpen ezegokia agerian uzten du, zeren klaseen egitura egitura sozialaren zati bat baita, azken hau talde sozial mota bati lotua dagoelarik. Izan ere, egitura soziala kontzeptu zabalagoa da, zeren egitura sozialaren osagaiak direnak ez dira nahi ta nahi ez klase sozialak. Adibidez, erakundeekin harremanak dauzkaten ala funtzioak banatzen dituzten adin taldeetaz hitz egin daiteke ala dauzkaten eginbehar eta eskubideen artean egon daiteken ezberdintasunari buruz. Gauza bera gertatzen da talde etnikoekin.
Maiz, egitura sozial eta klaseen egituraren arteko nahasketa bat gertatzen da soziologiak gizarte garaikideak aztertzen dituelako non estratifikazio sistema klase sozialetan oinarritzen den. Baina, gogoratu behar da klaseen egitura egitura sozialaren zati bat dela, beri ere gizarte postindustrialetan eta une historiko eman batean. Planteamentu horiek jarraituz, egitura soziala pertsonen arteko harreman, distantzia eta jerarkia sistema bat bezala ageri da, bere forma antolatu zein ez-antolatuetan, klaseen egitura bere formaetariko bat delarik (Ossowski, 1969).
Klaseen eskema ezberdinen bidez, eta beste hainbat sailkapenen bitartez, Wright ala Goldthorpe-enak adibide direla, ikusi daiteke hiztegi anitza dagoela klase egoera ezberdinak adierazteko, antzekotasun eta ezberdintasunak agerikoak izan gabe. Egoera honen aurrean, Julio Carabaña-k dio (1994) klase sozial mota asko daudela eta bakoitzak izen propio bat eduki beharko lukeela. Helburu horrekin, egitura mota ezberdinak bereizten ditu, jakinik kontzeptualki ezberdinak diren klase motei lotuak daudela: egitura ekonomikoak, sozialak, politikoak ala zibikoak.
-   Lehenaren barruan, klaseak osa daitezke: 1) baliabideei loturikoak, objetibo-patrimonialei ala subjetibo-gaitasunei itsatsitakoak; 2) merkatuari loturikoak non pertsonen posizioa bere baliabideei lotua dagoen baita ere baliabide horiei buruz egin dezakeen erabilerari uztartuak; eta 3) ekoizpen harremanen barruan, klase posizioen arabera.
-   Sozialak bezala ikusiak diren klaseen kasuan, lehenik eta behin tokiko komunitateen barruan jarduten duten familiak aipatu behar dira, non klaseetan batuak diren beraien bizimoduaren arabera. Kasu honetan, ez dago ez kapitalista ez langilerik, baizik eta jerarkiak daude bizimodu eta eguneroko interakzioen arabera.
-   Hirugarren egitura taldean, zibiko-politikoa deitu dezakeguna, elementu osatzaile gisa aurkezten dira non beraien artean harreman zuzen bezain bitartekatua daukaten eta non harreman anitzak dituzten kolektiko ala erakundeak lez: arduragabetasuna, adostasuna ala gatazka. Egitura ezberdinak dira, beraien arteko harreman ezberdinak mantentzen dituzten elementuz osatuak. Horregatik, zuzenagoa dirudi esatea berau osatzen duten elementuak ez direla gizabanakoak baizik eta ekintzak, jarraikiak izan daitezela ala ez.
Esan daiteke klase ekonomikoen analisi unitatea bizabanakoa dela; klase komunitarioarena, familia dela; eta klase politikoarena, kasuen arabera, pertsonek, kolektiboek, erakundeek eta ekintzek osatzen dutela.
Atal hau amaitzeko, eta Maestre Alfonso-rekin bat eginez, Costa Pinto-ren definizioa nahiko zuzena bezala ikusi daiteke. Gizartea pertsonek beraien artean eta ingurugiro materialarekin mantentzen dituzten harremanek osatzen dute. Harreman horiek elkarmenpekoak dira eta, historian zehar, taldearen jarduera sozialean jatorria daukate. Edozein egitura hiru osagaietan zatitzen du: oinarria (ekoizpeneko forma historiko bat), gorputza (estratifikazio sozialeko sistema) eta burua (sistema osoaren integrazioa lortzea helburu nagusitzat duen erakunde eta balore sozial multzo bat).
2. ATALA
TEORIA NAGUSIAK
1.    Ikuspegi klasikoen berrikusketa
Egitura sozialari buruzko gaur egungo irakurketa ia guztiek Marx eta Weber-en teoriak hartzen dituzte habiapuntutzat. Pentsalari horiek eragin zuzena eduki dute estratitikazio sozialaren irakurketa funtzionalistean, besteak beste.
1.1.   Marx eta klase sozialak
Weber eta Durkheim-ekin batera, Marx, soziologia klasikoaren figura nagusietarikoa da. Nahiz eta egitura sozialaren soziologian, klase sozialen teoria marxista funtsezkoa izan, Marx-ek ez du inoiz klase sozialen teoria sistematiko bat osatu, jakinik ezin izan zuela klase sozialei sagaratutako El Capital liburuaren azken atala amaitu. Hutsune horren ondorioz, autore askok, marxistak izan daitezela ala ez, eztabaida sutsuak mantendu dituzte kontzeptu horri buruz. Horrez gain, bere testuetan, Marx-ek klase sozialaren definizio, mugarritze eta batzuetan hitz ezberdinak proposatu ditu.
Giddens-ek (1993), hiru arazo ikusten ditu Marx-ek proposatzen duen klase sozialaren kontzeptuan:
-   Bere aniztasuna.
-   Klase dominazioaren modelo garbi bezain abstraktu baten izaera, bi klase nagusieekiko sistema bipolar batean, non klasea pertsonek ekoizpen moduekin mantentzen duten harremanaren arabera definitzen den.
-   Marx-ek kapitalismoan klase sozialei buruz egiten duen azterketa. Klaseen modelo garden bezain abstraktuaren eta testuinguru historiko zehatzetan kokatzen den modelo konkretuaren artean bereizketa egiten du.
Bigarren arazoari dagokionez, Marx-en beste klase sozial batzuei erreferentzia egiten die: osatze bidean dauden transiziozko klaseak (burgesia adibidez) ala aurreko ekoizpen moduen aztarna diren transiziozko klaseak (esklabuak esaterako). Panoramari konplexutasun handiagoa emateko, klase-zatiak gehitu dizkio, kontutan izanik klase sozialak ez direla errealitate homogeneoak beraien baitan ezberdinatasunak baitaude. Aitzitik, soziologoen artean adostasuna dago esateko klase sozialen ikuspegi marxistan lehentasuna ematen zaiola ekoizpen harreman sozialei eta, zehazkiago, gizabanakoek eta taldeek ekoizpen moduen jabetzarekin mantentzen duten harremanari. Marx-entzako, oinarrizko beharrak hasetzeko erabiltzen diren forma sozialen ezagutzak, bere teorian ekoizpen moduak bezala ezagutuak direnak, aurreanalisi bat eskatzen dute edozein gizarteren funtsa ezagutu nahi bada. Horrek, ekonomia pentsakera marxistaren erdian kokatzea suposatzen du, kontutan izanik ekonomiak gizartearen azpiegitura osatzen duela eta bere gainean kokatzen direla bai egitura bai superregitura politikoa, soziala, kultuala, etabar.
Oinarri horietatik habituz, Marx-ek gizartea jabeen eta ez-jabeen artean zatitzen du, bi klase dikotomiko eta aurkatu baitira, ekoizpen moduak lortzeko borroka batean murgilduta daudela jakinik. Borroka hori, historiaren motorean bilakatzen da. Hala ere, klase sozialei buruzko Marx-en ikuspegiak hainbat arazo planteatzen ditu. Marx-entzat, epe luzera, soilik bi klase existituko lirateke: burgesia eta proletargoa, zeren kapitalismoaren dinamika hain da indartsua non klaseen panorama zeharo polarizatuko litzateken, nahiz eta horrek ez duen beste klase sozialen erabateko desagerpena suposatzen. Marx-en aburuz, gizartearen proletarizazioaren joera nagusia denez, gainontzeko klaseen garrantzia zein protagonismoa gutxitzen doa. Funtsean, Marx-ek kontsideratzen du jabego pribatua harreman ekonomikoen oinarria dela. Hori dela eta, bi aukera nagusi daude: ekoizpen baliabideak dauzkan klasea eta bere lan-indarra daukan klasea. 
Altabada, gizarte frantsesari sagaratutako liburuetan, Marx-ek polarizazio arruntaren teoria berradierazten du zeren polarizazio sinpleak bi arazo planteatzen ditu: batetik, ez du azaltzen nola kapitalismoaren pean klaseak zatituak izan daitezken eta nola beste klase batzuekin nahastu daitezken, eta, bestetik, ez dio nahiko arretarik eskaintzen klaseen arteko aliantzari.
Dena den, klaseen egiturari buruzko analisi marxista guztiak ados daude klase soziala ekoizpenaren harreman sozialaren bidez definitzeko. Klaseak, hiru faktoreren gainean oinarritzen eta eraikitzen dira (Feito Alonso, 1995):
-   Interes materialak: ongizate ekonomikoan eta botere ekonomikoan erdiratzen dira eta pertsonak eduki dezaketen lana-aisialdia-errentari erreferentzia egiten diete. Botere ekonomikoa ekoizpen gehigarria bereganatzeko aukerari lotua dago. Teoria marxistan, ongizate material eta botere ekonomikoarekiko interesa lotuak daude esplotazioaren bitartez, esan nahi baita klaseek interes kontrajarriak dituztela.
-   Bizitako esperientzia: ekoizpeneko harreman sozialek bizimoduak eta bizipenak berdintzen dituzte. Adibidez, norberaren lan-indarra saltzeko beharraren esperientzia, lana beste pertsonek antolatu izanaren esperientzia ala langileri klaseak daukan ezintasuna ekoizopen gehigarria kontrolatzeko. Thompson-ek analisi mota hau defenditzen du La formacion histórica de la clase obrera liburuaren lehen orrialdeetan: “Klasea agertzen da pertsona batzuek, esperientzia hamankomunen ondorioz (heredatuak ala partekatuak), horien artean eta beste pertsona batzuen aurka beraien interesen nortasuna sentitzen eta artikulatzen dutelarik, horien interesak beraienengandik ezberdinak (eta maiz kontrajarriak) direlako. Klase-kontzientzia, esperientzia hamankomun horiek adierazten dituen modua da, jakinik, tradizio, balore sistema, idea eta forma instituzionalei lotua dagoela” (Thompson, 1978: 8).
-   Ekintza kolektiborako gaitasuna: autore batzuen arabera, klaseak kolektiboki antolatutako eragileen borroken eraginak dira, bereziki alderdi politikoak.
Wright-ek, Clases izenburua duen liburuan, dio Marx-en lana bi arazo nagusiren inguruan antolatzen dela: klase harremanen egitura-eskema abstraktuen elaborazioa eta eragileak bezala ikusiak diren klaseen egitura-eskema koiunturalen analisia. Bere iritziz, Marx-ek bi galdera nagusi planteatzen ditu, zeren bereizketa bat egiten du klaseen eskema garbien artean, baliogarria baitzaio ekoizpen modu kapitalistaren egitura eta dinamika azaltzeko, eta testu historikoetan agertzen diren analisi koiunturalak. Azken hauetan, autorearen interesa pertsonak nola borroka-talde batzuetan antolatzen direnean erdiratzen da baita ere Estatuaren baitan suertatzen diren borroken ulermenean. Beraz, eraldaketa historikoekin loturiko indar sozial antolatuak ulertzean oinarritzen da. Esaterako, El 18 Brumario liburuan, Marx-en honako eragileak aipatzen ditu: burgesia, proletargoa, jabe handiak, finantza aristokrazia, laborariak, burgesia txikia, erdi klasea, lumpen-proletargoa, industria burgesia eta goi mailako jaunak.
Egituratik dator klase harremanen polarizazioa, ondorengo sailkapenarekin: esklabuak eta ugazabak, sehiak eta jauntxoak, burgesia eta proletargoa. Aldiz, koiuntura historikoko analisien ezaugarritariko bat da oso panorama konplexua azaltzen duela, klase, azpi-klase, kategoria sozial, estratu eta eragile anitzekin. Dena den, onartu beharra dago Marx-ek proposatzen duen analisia dinamikoa dela eta klaseak aldaketaren motore gisa ikusten dituela.
Bestalde, Marx-ek ez zuen kalifikazioa kontutan izan klase soziala definitzerako orduan ezta ere autoritatea, Dahrendorf-ek ez bezala, zeren filosofo alemanrentzako bi ezaugarri horiek kapitalaren jabegoari lotuak zeuden. Estatua, burguesiak erabiltzen zuen dominazio tresna bat bezala ikusten zuen. Halaber, ez zen genero, adin ala etnia ezberdintasunetara interesatzen. Genero ezberdinatunaren kasuan, adibidez, emakumeen borroka klase borrokapen pean egon zen beti eta ez zuen kontsideratzen etxeko lana ekoizpen modu bat izan zitekeenik. Era berean, dominazio etniko mota ezberdinak, esaterako nazio eta erlijioari loturikoak, baztertuak izan ziren. Aitzitik, haurrei arreta handiago eskaini zien, bereziki lantegietan gertatzen zen haurren lana zela eta.
Edonola ere, Marx beti ekintza sozialari interesatu zitzaion eta, ikuspegi horretatik, langileri klasearen agerpen kolektikoan zerikusia zuten prozesuetan eragina zuten osagai eta baldintzak mugarritzen ahalgindu zen. Pentsatzen zuen klase dominanteak sistema ideologiko-filosofiko bat garatzen zuela (sozializazio eta kontrol sozial mekanismoen bidez jarduten zuena, hezkuntza eta komunikabideak lez) zeinen helburua bakoitzak ekoizpen modeloan zeukan tokia zilegiztatzea zen, baita ere, ekoizpen modu eta botererik ez zeukatenentzako, benetako klase kontzientziaren sormena eragoztea. Klase gizarteak alienazioa sortzen zuen eta, sisteman dagoen elkarrekikotasun asimetriko harremanetik soilik klase gatazka eta borroka ondorioztatu zitekeen.
1.2.  Weber-en egitura sozialaren analisia
Weber-ek, bere aldetik, Marx-en eragin intelektuala jasan zuen, baita ere Kant, Hegel, Darwin eta ingeles utilitaristena. Postulatu marxistak kritikatu eta arbuiatu zituen pentsatzen baitzuen ezin zitekeela egitura soziala soilik azpiegitura ekonomikotik ondorioztatu eta, behin eta berriro, fenomeno sozialen konplexutasuna defenditu zituen baita ere egitura sozialaren analisi multibariablea eta jarrera ekonomiko zein balore eta ideologien arteko lotura. Ildo horretatik, pentsatzen zuen sistema kapitalista ekoizpenaren arrazionalizazioan kristaltzen ziren balore eta bizimoduetan oinarritzen zela. Harreman horren adibide argia proposatu zuen La ética protestante y el espíritu del capitalismo liburuan non erakusten zuen zein lotura zegoela bi fenomeno horien artean eta non erakusten zuen zein puntutaraino ezpiritu kapitalistaren garapena etika protestantearen hedatzeari lotua zegoen. Izan ere, erlijioak, sistema ideologiko gisa, ekintza soziala norabidetzen du, pertsonari baloreak ematen baitizkio, zeinak testuinguru normatibo sozial batean, jarrera zehatzetan eta interes berezietan gauzatzen diren. Esaterako, lanari, aurrezteari eta berrinbertsioari loturiko bizitza aszetiko bati jositako inplikazio ekonomikoak aberastasun kapitalistaren oinarrian kokatzen dira.
1922an argitaratua zen Economia y sociedad liburuan, Weber-ek tipología batzuk proposatu zituen, pentsatuz bizi sozialean maiz batzen direla ezberdinak diren hainbat osagai. Ezberdintasun sozialaren arazoa lantzean, klase sozialen aurkezpen labur baina sistematiko bat proposatu du. Weber-ek, hiru orden bereizten ditu gizartean: ekonomikoa, soziala eta kulturala. Lehenean kokatzen dira klase sozialak, bigarrenean estatus taldeak eta hirugarrenean alderdi politikoak.
Weber-en lanaren zati handi bat boterearen inguruan antolatzen da baita ere botereak eta ekonomiak mantetzen dituzten harreman konplexuen inguruan. Weber-en nahia, alor politikoa, alor ekonomiko eta sozialetarik bereiztea da, kontsideratzen baitu aberastasuna maila handi batean botereari lotua dagoela: boterea aberastasuna mantentzeko erabiltzen bada, botere ekonomikoa ez da nahi ta nahi ez botere politikoan bilakatzen. Weber-entzako, gizarte batean suertatzen diren botere banaketak, klase, estamentu eta alderdietan kondentsatzen eta ordezkatzen dira. Klasea, gizartearen errealitate ekonomikoari lotua dago eta merkatuaren zein teknologiaren antolaketari lotua dago baita ere jabego, errenta eta aberastasunari. Klaseak, “klase egoera antzekoan dauden edozein giza taldez osaturik daude” eta klase egoera definitzen da hainbat alorretan ondorioak dituzten probabilitate tipikoa lez: ondasunen lorpena, kanpo posizioa, destino pertsonala.
Azkenean, merkatuan betetzen duen posizioak eta ondasunen jabetzak definitzen du klase soziala. Aitzitik, klaseak ez dira benetako taldeak zeren merkatuan antzeko posizioa betetzen duten pertsonek ez dute nahi nahi ez norabide subjetibo bera. Zentzu horretan, merkatuan okupatzen diren posizioak gertaera objetiboak dira eta ez kontzientzia fenomenoak. Ildo berari jarraituz, Weber-ek klasea eta klase soziala bereizten ditu, eta azken hau kontsideratzen du hartueman interpertsonala suertatzen den klase egoera guztiak bezala, erraza dena eta modu tipikoan gertatu ohi dena. Klase sozialak dira: a) proletargoa bere osotasunean, b) burgesia txikia, d) jabetza gabeko inteligentzia eta aditu profesionalak, eta e) jabeen zein hezkuntzaren mailan pribilegiatuak direnen klasea (Weber, 1987: 242-244).
Weber, klase sozialak modu anitzean perfilatzen sahiatu zen, hiru klase egoera bereiztuz: jabetza, irabazgarria eta soziala. Klase sozialen ikuspegi anitza defendatu zuen. Funtsean, bereizketa bat egin zuen jabeen klasea (non jabetza ezberdintasunak klase egoera erabakitzen duen modu primarioan) eta klase irabazgarriaren artean (non ondasunen zein zerbitzuen balorizazioak merkatuak klase egoera modu primarioan erabakitzen duen). Horrela, irabazien lorpenaren jatorrien arteko ezberdintasunak bi klase moten arteko diferentzia azaltzen du. Bigarren tipo horretan, bost azpi-tipo bereiztu zituen (Feito Alonso, 1995):
-   Modu baikorrean pribilegiatutako klase irabazgarriak: enpresaburu mota ezberdinak (komertzialak, industrialak, laborari handiak, banku y finantza gizonak), baliabideak eta balore berezia daukan heziketa dituzten lanbide liberalak (abokatuak, medikuak, artesauak) eta “kalitate monopolikoak dauzkaten langileak”.
-   Modu ezkorrean pribilegiatuak: kalifikatuak, erdi-kalifikatuak ala kalifikazio gabeko langileak.
-   Klase erdiak: diru sarrerak lortzeko aukera ematen dien baliabide zein ekipamenduak edukitzea, hezkuntza kalitateak ala ondasunak dituztelako.
-   Laborariak eta artesau autonomoak.
-   Funtzionarioak eta lanbide liberalak.
Weber-ek klase sozialak ikusten ditu oinarri komunitarioa duten egiturak lez. Ekintza mota hori ez da beti suertatzen, zeren soilik gertatzen da pertsonek beraien ulermena erabiltzen dutelarik eta gaitasuna daukatelarik kontzienteki identifikatzeko zein diren beraien interes kolektiboak eta zein den horien egitura-jatorria baita ere klase-egoera.
Klase eta klase sozialaren arteko bereizketa funtsezkoa da. Giddens-ek gomendatzen du bereizketa argi bat egin behar dela Weber-en obran “clase en si” eta clase para si”-ren artean. Modu horretaz, “clase en si”, esan nahi baita klase ekonomikoa, pertsona askoren ezaugarri objetiboa da, toki zehatz bat betetzen dutelako gizartean orohar eta lan munduan bereziki. Soilik baldintza batzuetan egoera bera partekatzen duten pertsona batzuek beraien egoera hamankomunaz kontzientzia hartuko dute. Hori gertatzen delarik, klase sozial ala “clase para si”-etaz hitz egitea komeni da. Horrela, Weber-ek ekintza sozial kontzeptua alor indibidualetik esfera kolektibora pasatzen du.
Bendix-en (1974) aburuz, Weber-en ikuspegiak Marx-en analisia hiru alderditan aldatzen du:
-   Weber-ek ukatzen du klase egoera hamankomun bat asoziazio batean bilakatu daitekenik eta erakusten du horrelako egoerak bakarrik masasko erreakzio geldoetara daramatela.
-   Weber-ek, Marx-en klase egoeren determinazio ekonomiko kontzeptua hedatzen du, merkatu egoera ekoizpen moduen jabegoari ala lan indarraren salbentari gehituz.
-   Weber ezkorra da langileen klase elkartasunari dagokionez, zeren ezberdinatasun erlijioso zein etnikoek berariengan eragina daukate.  
Klaseak soilik eragile ekonomikoen kategoriak dira, zeren tesi zentrala da ez dagoela beharrezko egokitasunik klasea eta politikaren artean. Klaseek ez daukate interesik, alderdi eta sindikatuetatik kanpo. Beste autore batzuek ez diote inundo paperik ezagutzen klaseei eta pentsatzen dute etniak, generoak, ala nazionatasunak klasea baino garrantzi gehiago daukatela. Weber-ek dio alderdiek klase ezberdintasunak zeharkatzen dituztela, bereziki nazional ala erlijio printzipioetan oinarritzen direlarik. Egitura soziala oinarritzen den osagai bakoitza (klaseak, estamentuak, estatus taldeak ala alderdiak), bizi sozialaren funtsezko alderdi bati lotua dago.
Estamentu kontzeptua bizimodu batzuei ala ohoreari lotua dago, eta prestigio, familia, erlijio, etnia, nortasun, etika, kontsumo eta hezkuntza printzipioen inguruan antolatzen da. Weber-ek azpimarratzen duen lez, klaseek ez dituzte berez komunitateak osatzen, estamentuekin gertatzen ez den bezala. Estamentua, antzeko estatus egoera partekatzen duten pertsonez osatua dago, jakinik hau kontsiderazio sozialetan pribilegio baikor ala ezkorrezko xede bat dela. Bizimoduan eta beraz hezkuntzako modu formaletan oinarritu daiteke baita ere prestigio hereditario ala profesional batean.
Alderdiei dagokionez, taldeek Estatura iristeko daukaten ahalmena eta beraien ahalmena legean gauzatzen den boterea inposatzeko eta sortzeko gaitasuna bezala ulertzen ditu. Beraz, botoreearen esferan mugitzen dira eta bere ekintza botere sozialera norabidetzen da. Hori dela eta, alderdi politikoen botere komunitarioa beri norabidetuta dago metodikoki finkatuta dagoen helburu batzuen arabera, bai helburu objetibo bat delarik (egitarau baten gauzapena irizpide ideal eta materialekin), bai helburu pertsonal bat denean (bere buruarentzat ohorea edota boterea).
Marx-ek ez bezala, Weber-ek ezberdintasun mota anitzak aztertzen ditu, esaterako kalifikazio batzuen monopoliotik ondorioztatzen direnak (kredentzialismoa, itxiera sozialak, erdi-lanbideak, etabar). Esplotazioaren galdera, ondasun urrien jabetzaren bidez jorratzen du eta talde etnikoei Economía y sociedad liburuaren atal bat sagaratzen die.
1.3. Teoria funtzionalista
Ezberdintasunari eta estratifikazioari buruzko ikuspegi funtzionalista ulertzeko, hainbat soziologoren ekarpenetatik habiatu behar da, Durkheim eta Parsons adibide direla; Davis eta Moore-ek mantendu duten eztabaida ahaztu gabe. Durkheim-en lana aipatzea ezinbestekoa da, soziologiaren sortzaileetarikoa baita eta eragin nabarmena eduki baitu estruktural-funtzionalismoan. Baina, aldez aurretik, klase eta estrato kontzeptuen artean bereizketa bat egitea komeni da, estratifikazio sozialaren justifikazio funtzionala ahaztu gabe.
Estratuen teoria ondorengo printzipio teoriko eta enpirikoetan oinarritzen da:
-   Klase ezberdinen  osagarritasun funtzionalaren ideia betetzen dituzten eginkizun ekonomikoetatik habiatuz.
-   Lanaren zatiketaren funtzionalitatearen ideia. Ez dago tokirik klase borrokarentzako zeren klase sozial ezberdinak osagarriak dira.
-   Estratifikazioaren teoria estatusaren bidez.
-   Estratifikatutako jarduera sozialen errealitate enpirikoa.
Kontsideratzen da klase sozialak faktore objetiboz osaturik daudela eta ekoizpeneko sistema sozialean kokapen berezi bati lotua dagoela. Aldiz, estratu sozialak batez ere faktore subjetiboz osaturik daude. Gizarte modernoetan, estratifikazio sozialaren itxurak anitzak bezain ezberdinak dira. Sorokin-ek (1961) pentsatzen du hiru mota nagusitara murriztu daitezkela: ekonomikoa (komunitate baten baitan dauden errenta eta aberastasun mailak), politikoa (gobernanteen eta gobernatuen izaera) eta okupazionala (lanbide batzuk beste batzuk baino ohoretsuagoak bezala ikusiak dira).
Azpimarratu behar da ikuspegi funtzionalista batez ere ipar amerikarra dela eta hori nabaritzen da zeren teoria ezberdinak garatzen diren giro intelektualak testuinguru sozio-historikoari lotuak daude. Horrela, Estatu Batuetako biztanleen artean, ez zaio garrantzi handirik ematen klase sozialen gaiari, batzuek beraien izaera bera kolokan jartzen baitute. Ossowski-k (1972: 132) azpimarratzen zuen bezala, horren esplikazioa agian feudalismorik ez izatean egon daiteke baita ere muga ideian eta lurralde hedapenaren aukeran, bakarrik egin diren gizonen irudian, mugarik gabeko garapen ekonomikoan, mugikortasun sozialaren aukeran, aniztasun etnikoan, etabar.
Funtzionalismoaren oinarriak finkatu ostean, bere ordezkari nagusien ideietan erdiratzea komeni da, bai Marx bai Weber-ekin alderatuz. Horrela, Marx-ek ez bezala, Durkheim-ek pentsatzen zuen faktore ekonomikoak gizartean nagusi ziren ideologietara modaltzen zirela eta ukatzen zuen bizi sozialaren konplexutasunen faktore esplikatiboa zenik. Halaber, Durkheim-ek ez zuen Marx-en ikuspegia partekatzen errealitate sozialaren ikuspegi holistikoari dagokionez, bere historiaren ikuspegia klase borroka gisa ala alderdi materialari ematen dion gehiegizko garrantizan, Hala ere, Durkheim-ek arreta berezi bat eman zion garai hartan nagusi ziren ezberdintasun eta gatazka sozialei. Marx-ek klase borroka aipatzen zuen bitartean, Durkheim galdera sozialaz mintzo zen.
La división del trabajo sozial liburua, funtzeskoa da egitura sozialari buruzko ikuspegi klasikoak aztertzeko eta funtzionalismoaren ondorengo oinarriak ulertzeko. Durkheim-en ekarpena hirukoitza da alor honetan: kontzeptuala, metodologikoa eta enpirikoa. Baliogarria da patologikoa, desordenatua, normala ez dena eta anomikoa dena adierazteko baita ere tentsio sozialak gainditzeko. Durkheim-entzako, soziala testuinguru batean ikusi daitezken gertakizun sozial guztiek osatzen dute, jakinik gertakizun sozialek adierazten dituztela pertsonengan eragina daukaten pentsatzeko eta jarduteko moduak. Edozein gertakizun sozialen arrazoia aurretik suertatutako beste gertakizun sozialetan bilatu behar da eta gertatu denaren arrazoia, bere funtzionaltasuna, bere baliogarritasuna taldearen mantenu ala berrekoizpenerako. Elkartasun soziala ulertu daiteke gizarte batean pilatzen diren adostasun indibidualak lez, non kontratua edierazpen argi bat den. Ikusi daiteke funtzionalitate eta adostasunari buruzko oinarri funtzionalak nola dauden.
Baina, gainera, Durkheim-ek gizarte konplexua aztertzen duelarik, funtzionalismoari oinarri berriak ematen dizkio zeren kontsideratzen du gizarte mota horrek desoreka soziala daukala ondorio gisa. Desoreka hori soilik gainditu daiteke lanaren zaitekaren berregituratzearen bitartez, errolen espezializazioaren bidez eta funtzio berrien sorreraren bitartez. Gatazkak sortzen dira gizabanakoak ez daudelarik pozik betetzen dituzten funtzioekin, baina lanaren zatiketa prozesu berak egokipen batera eramango du pertsonek betetzen dituzten posizioen eta pertsona horien gaitasunen artean. Beraz, helburua ez da ezberdintasunak desagertaraztea baizik eta lortzea bakoitzaren gaitasun naturalen islada izan daitezela. Planteamentu hau bat doa aukeren berdintasunarekin.
Bestalde, lanaren zatiketak gizabanakoen arteko lehia murrizteko balio du, zeren, organismo sozialaren zatien ezberdintasuna handituz, beraien arteko elkarmenpekotasuna areagotzen du. Aldiz, Durkheim-ek ez du argiki adierazten zein onura indibidual jasotzen dituzten pertsonek funtzio horien betekizunaren truke. Kontzientzia kolektiboari eta pertsonen kidetza taldeari dei egiten die. Funtzionalista modernoek Durkheim-ek asmatutako hainbat nozio erabiliko dituzte, bereziki funtzio sozialenak.
Harvard-eko Unibertsitatean soziologiako irakaslea den Parsons-ek lortzen du, 1937az geroztik, boterean eta estatus sozialean interesatuak diren ikerlari talde bat osatzea. Bere lanek eztabaida sutsu bat piztu dute bizi sozialaren antolaketa eta ibilmoldearen osagai ezberdinen inguruan eta bereziki egitura sozial eta estratifikazioarekin loturiko alderdiekin, Hain zuzen ere, estratifikazio sozial nozioa estrukturo-funtzionalismotik dator. Parsons-en teoria bi kontzeptu nagusiren inguruan antolatzen da: egitura eta funtzioa. Lehena erabiltzen du bi osagai ezberdinetan: kontzeptu konkretu bat da erakunde sozialetara aplikatzen delarik eta analitikoa da instituzionalizazio prozesuen emaitzari aplikatzen zaiolarik. Egituraren osagaiak, aldiz, honakoak dira: errolak, kolektibitateak, normak eta baloreak. Horien bitartez, kulturak forma hartzen du baita sistema sozialarekin bat egin ere.
Egitura sistema, sozialaren osagai egonkorrek osatzen duten bitartean, funtzioak mugimendua eta funtzionamentua ekarriko du eta egituraren osagai ezberdinen arteko lotura dinamikoa izango da. Parsons-ek ekintzaren sistema orokorra osatzen duten lau sistema bereizten ditu: biologikoa, indibiduala, soziala eta kulturala. Sistema soziala, aldi oro hartuemanean dauden pertsona multzo batez osatua izango litzateke. Parsons-ek kontsideratzen du estratifikazioaren esentzia, unitate sozial ezberdinak daukaten ebaluaketa morala dela. Bere aburuz, estratifikazio soziala “sistema sozial bat osatzen duten gizabanakoen antolaketa ezberdin bat da baita ere beraien trataera hobeak ala txarragoak lez eskaintzen ditu zenbait arlotan”.
Sistema soziala “beraien artean hartuemanean dauden gizabanakoen aniztasun batek” osatzen duen neurrian, Parsons-ek zehazten du edozein sistemak lau osagai eduki behar dituela: 1) batzuek besteekin harremanak mantentzen dituen unitate multzo bat, 2) kodifikatutako arau eta faktore multzo bat, beraien terminoek unitateak eta hartueman berak norabidetzen dituztelarik, 3) interakzioak berak moldeatzen eta ordenatzen duen sistema ala prozesu bat, eta 4) sistemak jarduten duen bitarteko bat zeinekin hartueman sistemikoak egon daitezken (Parsons: 1988: 170). Edozein gizarteren helburua izan behar da pertsona egokiak bat egin dezan errol aproposarekin eta pertsona bere estatusak esaten dion tokian egon dadila. Gizabakanoek errol bereziak jokatzen dituzte eta bakoitzari asignazio propioak lotuak zaizkio. Pertsonak eta jabegoak (ondasunak eta sariak) banatzen dira errolen sisteman.
Parsons-en ikuspegiaren alderdi funtsezkoenetariko bat da pertsonen eta sektore sozialen kokapenarenari balorazio moral bat lotua zaiola. Parsons-entzako, gizarte bateko estratifikazio sistema batean edozein gizabanakoren estatusa, ematen zaion estatusari loturiko balorazio komunen ondorioa da. Bere iritziz, balorazio ezberdinaren funtsezko oinarriak sei kategorien inguruan antolatzen dira: parte-hartzea familia unitate bateko kide lez (sortzez edota ezkontzaz), kalitate pertsonalak, lorpenak, ondasunak, autoritatea eta boterea. Sari sistemari lotuak dauden alderdiak esanahi handia lortzen dute, prestigioarem oinarria osatu arte.
Parsons-entzako, gizartea elkarmenpe dauden zatien sistema bat da, orekara naturalki lortzen dutenak eta partekatutako baloreen gainean oinarritzen direnak. Sistemaren egonkortasuna, baliabideen, errolen, sarien eta merituen korrespondentzia onarern menpe dago. Oreka armoniko hori bertan behera erori daiteke osagai distortzionatzaile baten eraginez: boterea, hau da sistemako gizabanako batzuek daukaten abilezia beraien helburuak betetzeko. Sistemaren egonkortasun hori maiz kritikatua izan da mugiezina bezala ikusia baita eta ez baitu denbora kontutan hartzen.
Halaber, eztabaida sutsu bat sortu da berdintasunaren inguruan 1940 eta 1950 bitartean, bereziki Davis, Moore, Tumin eta Barber-en artean. Autore hauek pentsatzen dute edozein gizartek bere kideei posizio sozialak banatu behar dizkiela eta konbentzitu zein barneratu behar dituztela beraien posizioei lotuak dauden eginbeharrak. Eginkizun batzuk beste batzuk baino atseginagoak dira eta, gainera, gaitasun ezberdinak menperatzea eskatzen dute. Hala beharrez, edozein gizartek posizioen arabera banatuko dituen sariak eduki behar ditu. Sari horiek hiru motatakoak izando lirateke: erosotasuna eta bizitza ahalbidetzen dutenak; dibertsioa eta humorea baimentzen dutenak; eta norberaren nortasuna eta kontsiderazio soziala indartzen dutenak.
Sariak posizioaren osagaiak dira. Modu ezberdinean banatzen badira, posizio ezberdinak anitzak izan behar dute, esan nahi baita gizarteak estratifikatua izan behar duela. Horrela, ezberdintasun soziala gizarteak modu ez-kontzientean garatzen duen ideia bat da. Horren bidez, gizarteek segurtatzen dute posizio hoberenak pertsona kalifikatuenak betetzen dituztela. Hala ere, sistema sozialetan dauden disfuntzioen ondorioz, posizio hoberenak ez dituzte beti kalifikatuenek betetzen. Esaterako, lotura familiarrak horren alde ala aurka joka dezake.
Funtzionalismoari egiten zaion kritika nagusia da estratifikazioa eta ezberdintasun sozialak justifikatzen dituela beraien funtzionalitatearen argudiopean. Klase sozial ezberdinen kideek, dauzkaten bizi baldintzen arabera, mundua modu berezian ikusten dute, zeren pertsona baten klasea bere nortasunaren zati bat da, talde batekin lotura sentimentu bat baitago eta bera baino handiagoa den gauza batekiko lotura adierazten baitu. Analisi funtzionalistak soilik bere garaiko Estatu Batuetako gizarteaz ari dira eta egin diren ikerketa enpiriko gehientsuenak eremu geografiko horretan burutu dira.
2. Ikuspegi garaikideak
Marx eta Weber-en obretan inspiratzen diren autore garaikideei erreferentzia egingo diegu, estratifikazioaren soziologian maiz landu baitira. Horietariko bi, proiekzio enpirikoa daukaten modelo teorikoetan oinarritu dira: Wright eta Goldthorpe-enak alegia.
2.1. Ikuspegi neomarxistak
Marxismotik inspiratzen diren autore guztiek idea bat partekatzen dute: egitura sozialaren izaera determinatzeko klase sozialek daukaten garrantzia. Halaber, klase borroka nozioak gizartean suertatzen diren gatazken azalpen ezberdinak artikulatzen ditu. Azken hamarkadetan gertatu diren eraldaketek pentsalari marxistak beraien funtsezko postulatuak, kontzeptuak eta argumentu teorikoak berrikustera bultzatu dituzte. Klase sozial kontzeptua ekonomiara mugatzetik botereari lotua izatera igaro da. Poulantzas bezalako autore neomarxistek, klase sozialek eta botere politikoak mantentzen duten harremana landu eta sakondu dute. Beste batzuk, Braverman bezala, ekoizpenaren esferan gertatzen diren harreman kapitalistetan eta lan prozesuetan erdiratzen dira. Azken batzuk, Roemer adibide dela, esplotazio fenomenoa, lan merkatutik beste esparru batzuetara hedatu dute.
Baina, behar bada, eztabaida neomarxista baldintzatua izan da burgesia-proletargoa eta kapital-lana dikotomietatik at dauden klaseen eta problematiken agerpen zein indartzearekin. Preseski, Wright-en interes nagusia hortan datza, zeren klaseen definizioan baita ere klaseen arteko bereizketan erdiratzen da. Horrez gain, klase bakoitzaren pisu demografikoa neurtzen ahalegintzen da. Era berean, klase kontzientziaren sorrera eta berauk biografia eta egitura sozialarekin mantentzen duen harremana, funtsezkoak dira gaur egungo analisi marxistan. Hori dela eta, atal honen helburua Poulantzas, Wright eta Miliband-en teoriak aurkeztea da, kontutan izanik oso ezberdinak direla beraien ondorio eta irudietan.
2.1.1. Poulantzas eta klaseak mugarritzeko irizpideak
Poulantzas, pentsalari neomarxista nagusienetarikoa da. Las clases sociales en el capitalismo actual liburuan, klase sozialei buruzko teoria marxista sistematizatzen ahalegintzen da baita ere beste irakurketekin eztabaida mantentzen, Weber, Dahrendorf ala Cronner adibide direla. Bere lanari esker, eztabaida sakon bezain bizi bat sortu da marxismoaren baitan zein kanpoan. Poulantzas marxismoaren kontzeptu nagusi batzuk zehazten saiatzen da. Esaterako, klase sozialak funtsean eragile sozial multzoak gisa definitzen ditu, ez hainbeste ekoizpen prozesuan betetzen duten tokiaren arabera baizik eta osagai politiko zein ideologikoen arabera funtsezko papera betetzen baitute klase sozialen egitura erabakitzerakoan.
Bere aburuz, hiru faktorek eragina daukate egitura sozialaren antolaketan: ekonomikoak, politikoak eta ideologikoak, baina osagai ekonomikoaren garrantzian ekiten du. Harreman ekonomikoetan, tokiak garrantzi berezia dauka klaseen determinazioan. Esfera ekonomikoan, ekoizpen prozesuak erabakitzen du lan prozesua non dagoen bereziki. Faktore ekonomikoei dagokionez, oinarrizko bereizketa gertatzen da lan produktiko eta lan ez produktiboaren artean. Bigarrenei dagokionez, aldagai politikoa funtsean kontrol mailari lotua dago. Eta, alor ideologikoan, bereizketa bat egiten du ekoizpenaren antolaketa eta plangintzan kontzientzia hartzean eta parte hartzen duen modu batean eta hortik kanpo geratzen direnen artean.
Hirugarren sektoreko langileen kopurua asko handitu da azken hamarkadetan. Poulantzas kategoria hau kontutan hartzen saiatzen da, nahiz eta ez benetako klase sozial bat izan, baizik eta talde sozial bat ala burgesiaren atal bat. Klase sozialekin ez bezala, kategoria horien berezitasuna da agrupazioak izatea da non osagai politiko ala ideologikoek lehentasuna duten. Printzipio horietatik habiatuz, Poulantzas-ek klase sozialen teoriari egiten dion ekarpena langile horien kategorizazioak planteatzen duen arazoan erdiratzen da: bulego langileak, enplegatu publikoak, teknikoak eta kuadroak.
Kolektibo berri eta geroz eta handiago horretaz hainbat irakurketa egin dira:
-   Kolektibo horien klase izaeraren ukapena eta bere integrazioa burgesian ala langilerian, hiru barianteren arabera: a) langile horien artean gehientsuenak burgesiaren parte dira, gizarte osoaren aburgesatze pixkanakako bat suertazen ari baita (Renner, Corner, Bendix, etabar), b) langile gehienak langileriaren zati bat osatzen du (Mills eta Geiger), eta d) langile horietariko zati bat burgesiako kidea da, beste zatia langileriakoa delarik.
-   Langile kolektibo horiek erdi klaseko kideak dira, zeinek oreka soziala mantentzeko balio duten. Horrela, klase eta klase borroka kontzeptuak banatzen dira.
Egitura sozialean eragiten duten funtsezko faktoreen artean, Poulantzas-ek klase bateko kidetza finkatzea proposatzen du oinarrizko hiru irizpidetan oinarrituz: ekonomikoak, politikoak eta ideologikoak:
-   Irizpide ekonomikoak: lan produktiko eta ez-produktiboaren arteko bereizketa. Produktibo hitzak ez dauka zer ikusirik baliogarritasun ideiarekin. Lan produktiboa erabat ekoizpen materialaren prozesuan kokatzen da zeren solik balio gehigarria sortzen da merkantzia fisikoen ekoizpenean eta bere garraioan. Definizio horrek esan nahi du merkataritzako, publizitateko, kontabilitateko, bankuko eta seguroetako langileak langileriatik baztertuak daudela. Era berean, enplegatu publikoak baztertzen ditu, irakaskuntza langileak barne, zeren bere lana ez da produktiboa.
-   Irizpide politikoak: langile bat langile klaseko kide izan dadin, lan produktiboa egiteaz gain, ezin dezake gainontzeko langileengan kontrolik eduki. Zentzu horretan, langileburuak eta kontramaestreak burgesiako kideak dira.
-   Irizpide ideologikoak: lan intelektual eta eskulanaren artean bereizketa bat egiten du. Enplegatu administratiboek langile intelektualen zati bat osatzen dute, langile klaseari inposatzen zaion dominazio ideologiaren partaide bilakatuz.
Poulantzas-en iritziz, burgesia txiki tradizionala eta burgesia txiki berria klase berberaren zatiak dira zeren osagai hamankomunak partekatzen dituzte, hala nola erreformismoa (erreforma instituzionala versus aldaketa iraultzalea), indibidualismoa (promoziorako itxaropena eta gorakada soziala) eta boterearen fetitxismoa (Estatu-arbitroa indar neutral gisa). Erakundeekiko jarrera erreformistari dagokionez, sistema kapitalistak ez baditu hasetzen ere, konfidantza dauka aldaketa instituzionalek gizartean suertatzen diren injustiziak murriztu daitezkenaren inguruan.
Burgesia, ekoizpeneko harreman sozialak ezaugarritzen dituen kategoria sustantiboen bidez definitu behar da. Horietariko bi bereziki garrantzitsuak dira: jabego ekonomikoa (ekoizpen moduen benetako kontrol ekonomikoa) eta ondasuna (ekoizpenaren ibilmolde fisikoaren gaineko erabateko kontrola).
Beraz, Poulantzas-en aburuz, klaseak entitate objetiboak lez ikusiak dira, berau osatzen duten kidetza sentimendua kontutan izan gabe. Ekonomiak determinatzen dituen agregatu sozialak dira zeinen klase egitura ekoizpeneko harreman sozialetarik ondorioztatzen den. Horien baitan, Poulantzas-ek bi osagai bereizten ditu: jabego ekonomikoa, gauzatzen dena non eta nola inbertitzen den esaten duena, eta posesioa, esan nahi baita ekoizpen prozesua antolatzeko gaitasuna. Halaber, kontsideratu behar da lan prozesua gizarteen ekoizpen orokor baten prozesuaren zati bat dela eta klaseek toki berezi bat betetzen dutela lanaren zatiketa sozialean, nahiz eta osagai politiko eta ideologikoei lotuak izan. Hori dela eta, klaseak egitura sozialaren eta harreman zein praktika sozialen ondorio zuzenak dira.
Poulantzas-en planteamentuei egin zaion kritikarik zorrotzena Wright-ek burutu du. Autore honen iritziz, Poulantzas-ek proposatzen dituen irizpideak langile klasearen gutxitze numerikoara darama. Irizpide ekonomikoei dagokionez, Wright-ek bere buruari galdetzen dio ea bereizketa horrek suposatzen duen sektore publikoko eskulangileen interesak sektore pribatuko eskulangileenetatik aldentzen diren. Bestalde, Poulantzas-ek irizpide politiko eta ideologikoetaz egiten duen erabilerak, bere hasierako planteamentua kolokan jartzen du.
2.1.2. Posizio kontrajarrietatik esplotazio anitzetara (Wright)
Gaur egungo neomarxisten edozein ekarpenek Wright-en lanari erreferentzia egin behar diete, zeren klase sozialen teorizatzaile eta analista enpiriko hoberenetarikoa da. Bere pentsamentuan, bi kategorizazio mota proposatzen ditu: posizio kontrajarriena (Clase, crisis y Estado liburuan garatua), eta esplotazio anitzena (Clases lanean azaldua). Esplotazio eta kontrol kontzeptuak bere lanaren ardatzak bilakatuko dira eta, ikuspuntu horretatik, klase soziala definitua da ekoizpen prozesuan sortzen diren harreman sozialetatik habiatuz. Kontzeptu honen eta okupazio nozioaren arteko bereizketa argi bat egiten du, azken hau ekoizpenaren harreman teknikoen emaitza baita. Wright-ek bere kontzeptuak behin eta berriro berradierazten eta berrikusten ditu beste autoreekin dauzkan eztabaiden eta ikerketa enpirikoen emaitzen ondorioz.  
Aldaketa historikoek, prozesu produktiboen antolaketa dinamikan zein egitura sozialean aldaketak eragiten dituzte eta Wright-ek agerian uzten ditu kapitalismoaren garapenean suertatzen diren hainbat joera, planteamentu tayloristak eragiten dituen aldaketak gizabanakoengan beraien lanarengan kontrola galtzen dutelako, jerarkia kontzexuen agerpena, kapitalaren funtzioen ezberdintzea eta jabetza ekonomikoaren eta posesioaren artean ezarriko duen bereizketa.
Hiru kontrol sozial mota bereizten ditu: finantza kapitalaren gainean jartzen den kontrola (jabetza ekonomikoa), kapital fisikoaren gainean ezartzen den kontrola (prozesu produktiboaren ordena eta garapena) eta beste gizabanakoen gainean jartzen den kontrola (autoritatea). Kontrol horiek menperatzen dituen klase soziala burgesia da, eta, klase antagonikoa, proletargoa, hori ez duena alegia. Hala ere, ez da argi geratzen zer gertatzen den burgesia txikiarekin eta beste egoera batzuekin non ekoizpen moduak kontrolatzen diren baina ez besteen lan indarra (adibidez, enpresaburu txiki autonomoak) ala lanaren antolaketaren kontrola baina ez kapitalaren kontrola daukatenak (zuzendariak esaterako). Horrela sortzen dira egoera kontraesangarriak eta, ondoren, esplotazio anitz nozioak, baita ere klase mediatuen egoerak eta Wright-en beste ekarpen batzuk.
a. Posizio kontraesangarriak
Wright Poulanzas-en planteamentuen kritika batetik habiatzen da eta alternatiba bat proposatzen du, klaseen egoera kontraesangarria terminoaren sarreraren beharra planteatuz, baina ekoizpen modu kapitalistaren baitan egoera kontraesangarri batzuk bereiztuz (zuzendariak eta gainbegiratzaileak) eta merkatari ekoizpen-modu arruntaren eta kapitalistaren artean dauden egoera kontraesangarriak agerian utziz (enpresaburu txikiak eta enplegatu erdi autonomoak).
Wright-ek hiru egitura aldaketa ikusten ditu garapen kapitalistaren baitan:
-   Langileek lan prozesuaren gainean daukaten kontrola galtzen dute.
-   Kapitalaren funtzioak bereiztea baita ere jabego formalaren eta benetako jabeko ekonomikoaren artean pixkanakako bereizketa bat egitea.
-   Jerarkia konplexuen garapena (gainbegiratzaileen kategoria berriak).
Ekoizpen modu kapitalistan, bi egoera kontraesangarri daude. Langile klaseari hurbilena zaion egoera kontraesangarria, katearen gainbegiratzaileena da. Arau inpertsonalen kudeatzaileak soilik goi mailatik datozen aginduen transmisio formal tresnak ditu. Kanpokoak, arbitrarioak, pertsonalak eta patroieko aginduak ezarritako prozedimentu eta arauek ordezkatzen dituzte: agindu burokratikoak manu pertsonalaren ordena ordezkatzen du. Burgesiatik hurbilena dagoen kontraesan egoera, zuzendariena da, horiek baitituzte ekoizpen moduak kontrolatzen, horien jabea izan gabe.
Halaber, burgesia txikiaren eta gainontzeko klaseen artean, egoera kontraesangarriak daude. Merkataritza ekoizpen arruntean, ez dago esplotaziorik: sortutako balio gehigarria ekoizle burges txikiak eta bere familiak eragiten dute. Enplegatu kategoria batzuen artean, lan prozesua ez dago erabat proletarizatua. Posizio horiek gutxienez kontrol maila bat daukate, bai ekoizten denaren gainean bai ekoizten den moduaren gainean.
Kontrol kontzeptuari dagokionez, Wright-ek kontrolaren lau maila bereizten ditu (osoa, partziala, gutxiengoa eta nulua) lau egoera kontraesangarri bereiztu ahal izateko, bat edo biren ordez: goi mailako buruzagiak (inbertsioaren gainean kontrol txiki bat daukatenak), erdi mailako buruena (inbertsioaren, ekoizpen moduen eta besteen lan indarraren gainean kontrol ez osoa daukatenak), teknokratak (ekoizpenaren eta lanaren gainean gutxiendo kontrol bat daukatenak) eta langileburuak (soilik lan indarraren gainean gutxiengo kontrol bat daukatenak). Baina, zer gertatzen da ekoizpenari zuzenki lotuak ez direnekin, hau da etxeko-andreekin, ikasleekin, jubilatuekin ala langabetuekin? Wright-ek bere klase posizioa interes klaseen bidez definitzea proposatzen du, funtsezko interesak eta berehalako interesak bereiztuz. Funtsezko interesek harreman sozialen egitura bera galdezkatzen dute (sozialismoaren aldeko borroka), aldiz berehalako interesek alderdi erreformista daukate (soldataren aldeko borrokak).
Bestalde, Wright-entzako, langile klasea definitu daiteke honako ezaugarriak partekatzen dituzten pertsonak lez:
-   Ekoizpenaren harreman sozialen barruan langile klasearen posizioa okupatzen dute, esan nahi baita, diru kapitalaren, kapital fisikoaren eta lan indarraren gainean kontrolik ez daukaten langileak direla.
-   Langile klaseari zuzenki lotuak daude beraien familia eta klase ibilbideengatik.
-   Aparato politiko eta ideologikoetan langile klase posizioa betetzen dute, esan nahi baita baztertu posizio bat, bai erabakiak hartzerakoan ala horiek gauzatzerakoan, bai beraien ideologia sortu eta hedatzerakoan.
b. Esplotazio anitzak
Planteamentu honi egingo zaion kritikarik handiena Wright-ek egingo du Clases deituriko liburuan, marxismo analitikoarekin ala hautu arrazionalaren marxismoarekin bat eginez. Marxista analitikoentzako, materialismo historikoak, klase borrokak eta esplotazioak funtsezko kategoriak osatzen dituzte. Sinesmen etiko bat dago zeinen arabera sozialismo mota bat kapitalismoa baino hobea den. Hori dela eta, helburua sozialismoaren berdefinizioa da baita ere herritargo osoarentzako erakargarria izango litzateken sozialismo baten aurkezpena.
Marxismo analitikoaren ezaugarriak hiru dira John Roemer-en arabera: abstrakzioaren beharra, funtsak aurkitzeko premia eta ikuspegi ez dogmatikoa. Azaldu behar da zergatik klase sozial bateko gizabanakoak konportatzen diren egin duten bezala. Clases, crisis y Estado liburuan, Wright-ek klaseen hiru irizpide ala osagai bereizten ditu: finantza kapitalaren, kapital fisikoaren eta lan indarraren gainean dauden kontrol harremanak; ahaztu gabe harreman bakoitzaren gainean dauden kontrol maila ezberdinak: osoa, partziala, gutxiengoa eta nulua. Langileak eta kapitalistak oso ondo definituak daude hiru dimentsio horietan. Zuzendariek oszilatzen dute erabateko ala partziala den kontrol batetik, nulua den kontrol batera, kontrol partzial ala gutxiengotik igaroz.
Wright-en iritziz, klasearen posizio kontraesangarrien arazo nagusiak lau dira:
-   Egoera kontraesangarrien alde kontraesangarria: alde batetik, bere langile poloa errotik aurkatuko litzaioke burgesia polora (ideia hori aplikatzea zaila da erdi autonomoak diren enplegatuen kasuan). Ondorioz, hasiera batean Wright-ek deitu dituen posizio kontrajangarriak funtsean posizio bikoitzak ala anitzak dira.
-   Autonomia klase irizpide gisa: kasu honetan, arazoa autonomiaren kontsiderazioan datza burgesia txikiaren ezaugarri lez. Kasu askotan, burgesia txikiak autonomia mugatua dauka bere lanean non merkatuek, bankuek, enpresa kapitalistarekin dauzkaten kontratuek derrigortutako mugek eragina daukaten. Bestalde, langune batzuetan dauden enplegu batzuek autonomia handiaz gozatzen dute, beste batzuek ez daukatelarik, buruaren kontsiderazioaren arabera.
-   Klaseak gizarte postindustrialean: ez du ezer esaten sozialista ez den gizarte postkapitalista bati buruz.
-   Esplotaziotik dominaziora igarotzea: klasearen posizio kontraesangarri kontzeptua dominazioan oinarritzen da esplotazioan oinarritzeko ordez. Dominazio kontzeptuak ez du enplikatzen eragileek interes objetiborik daukatenik (gurasoek beraien haurrak dominatzeak ez du esan nahi interes ezberdinak dituztenik). Aldiz, esplotazio kontzeptuak klase batzuen eta besteen artean interes ezberdinak edukitzea suposatzen du.
Wright-ek daukan arazo nagusietarikoa jakitea da nola esplotazioari zentraltasuna itzuli klasearen analisian. Esplotazioaren kontzeptua modu berezi bat da errenta ala kontsumo ezberdintasunak aztertzeko. Esaten da aberatsek behartsuak esplotatzen dituztela, frogatu daitekelarik aberatsen ongizatea behartsuek pairatzen dituzten pribazioei lotua dagoela, esan nahi baita aberasten direla besteen kaltearen truke. Esplotazioak besteen lanaren fruituen bereganatzea suposatzen du, esan nahi baita pertsona batek ekoizten duena baino gehiago kontsumitzen duela. Wright-ek kontsideratzen du hobea dela antolaketa aktiboetan oinarritutako esplotazio batetaz hitz egitea, zeren antolaketa, berez, emankortasun iturri bat da. Ondorioz, prozesu produktiboa antolatzeko gaitasuna esplotazio oinarri batean bilakatzen da.
Wright-ek klaseen kategorizazio berri horretan hiru arazo berri ikusi ditu. Lehenik, pertsonak daude enplegu ala diru-iturri bat baino gehiago daukatenak. Bigarrenik, haurren ala etxeko-andreen klase kokapenarena. Eta hirugarrenik, klase egoeren denbora osagaiena. Bakoitza gehiago zehaztu dezagun:
-   Egoera anitzak: pertsona batzuek enplegu bat baino gehiago daukate, beste batzuek ditu-iturri ezberdinak dituztenean.
-   Mediatutako klase egoerak: pertsona batzuek ez daude zuzenki ekoizpen prozesuari lotuak, haurren kasua adierazgarria delarik. Kontzeptu hau funtsezkoa da klasearen analisia generoarenarekin lotzeko.
-   Aldi baterako egoerak: analisi marxistei egin zaien kritika bat da klaseak modu estatikoan jorratu izana. Kasu honetan, ez litzateke mugikortasun sozialaz hitz egin behar baizik eta karrera okupazionaletaz. Indeterminazio maila bat dago gizabanakoen klase egoeran.
Wright-ek “klaseen egitura konparatiboen egitasmoa“ osatu du, klaseei buruzko ikerketa marxistek agerian utzi dituzten gabezien ondorioz. Marxisten aldetik, oposizio handi bat zegoen  positibismoarekiko. Horrek esplikatzen du ikerketa estadistikoen arabera erakutsi duen mesfidantza. Datuen gabeziari aurre egiten saiatzen da, bere interesguneak anitzak direla kontutan izanik eta eremu ezberdinetan banatzen direla jakinik: herri ezberdinetako klase egituren deskribapena, klase egituren ikerketa konparatiboak, klaseen teoria ezberdinen botere esplibatikoa, klase kontzientzia, klaseen denboratasuna eta egitura, emakumeen egoera klaseen egituran, klaseen mugen irekidura maila, etabar. Gaur egun, egitasmo hau gauzatzen hari da ala jadanik gauzatu da Estatu Batuetan, Suedian, Erresuma Batuan, Australian eta Finlandian.
2.1.3. Miliband eta klase borroka
Miliband balio handiko eta nazioarteko prestigio gehien daukan teorizatzaile neomarxista da. Bere interesa gizarte garaikideetan suertatzen diren dominazio formen azterketan erdiratzen da, kapitalistak ala sozialistak izan daitezela, beraien protagonista, mekanismo, prozesu eta artikulazioei dagokionez (Miliband, 1990). Klase sozialei buruz egiten duen ekarpenean, El Manifesto Comunista liburuaren ildotik, non gizarteen eta gizadiaren historiaren motorea klase-borroka den, kontsideratzen du errealitate sozialaren ezagutzan klase-borrokaren azterketa funtsezkoa bilakatzen dela. Horren arabera, Miliband-ek pentsatzen du garrantzitsua dela borroka horren oinarri eta mekanismoak jorratzea baita ere hartzen dituen formak, bere protagonistak eta denbora zein une ezberdinetan erabiltzen diren esplotazioaren arrazoiak.
Gizarte kapitalista aurreratuen egiturak eta ekoizpen moduak kontutan hartuz, klaseen analisiaren helburuak argiak dira Miliband-entzako:
-   Klaseen azterketak, horien identifikazioa baita azpiklaseena ere baimentzen du; gizarte batean dauden klaseen mapa ahalbidetzeaz gain.
-   Dominazio eta esplotazio egitura zein mekanismoen ezagutza baimentzen du.
-   Gatazka sozialak agerian uzten ditu, bai kapital zein Estatuaren artean suertatzen direnak ala kapitala eta langile klasearen artekoak, bai beste talde batzuen presioak eragindakoak, gizarte mugimenduak adibide direla. Halaber, nazioarte mailan ere klaseen analisia aplikatzearen beharra ere defendatzen du, XX. Mendean zehar kapitalak ezagutu dituen nazioarteratze prozesuekin koherentzian jarriz.
Bere ekarpen handienetarikoa, gizarte ezberdinetan ematen den esplotazioa, dominazio eta mendekotasun harremanekin lotzea izan da. Militand-entzako, esplotazioa gertaera objetibo bat da zeinek lotura bat mantentzen duen klase batek eskuratu dezakeen gainbalioarekin baita ere ekoizpenaren gehigarriaren banaketa sozialarekin. Bere aldetik, dominazioak ez ditu soilik onura ekonomikoak ekartzen baizik eta beste pribilegio batzuk dakarzki, nahiz eta faktore guzti horiek estuki lotuak izan. Miliband-en iritziz, dominazioak esplotazioa ahalbidetzen du zeren azken hau lehenaren funtzezko helburua bezala kontsideratu behar da. Kontsiderazio horietatik habiatuz, erraza da klase borrokaren protagonistak identifikatzea dominazio harreman sozialak behatuz.
Klase dominanteak bere posizioa egonkortzen du hiru funtsezko osagaien kontrolaren bidez. Miliband-entzako, ez dira soilik ekoizpen moduak (jabego indibidualaren bidez kontrolatuak batik bat) baizik eta administrazio eta Estatu moduak (bereziki koerzitiboak direnak) eta komunikabideak zeren adostasuna sortzen dute. Nahiz eta jabegoa gizarte kapitalisten botere iturri nagusia izan, ez da funtsezkoa kontrol sozialerako. Esan beharra dago aipatutako botere ezberdinen arteko aliantza ez formala estu bezain anitza dela.
Miliband ados dago Wright eta Mills-ekin esateko gizarte kapitalista aurreratuetan botere-elite bat dagoela. Gailurrean estutzen den piramide sozialaren metafora erabiltzen du aurreratuta dauden gizarte kapitalisten irudia aurkezteko: goian klase dominantea dago eta behean langile klasea, bien artean burgesia txikia eta eragina dutena baina botererik ez daukaten beste talde sozial batzuk daudelarik (funtzioanarioak, intelektualak, etabar). Azkenik, piramidearen oinarrian, langile klasearen pean, erabateko prekaritate egoeretan aurkitzen diren pertsona multzo bat aurki genezake.
Klase dominantea ez da homogeneoa, nahiz eta barne kohesio handiaz gozatu, horrek bere interes hamankomunen defentsa zein hobekuntza ahalbidetzen duelarik. Klase dominantearen helburua beti kontserbatzailea da: dagoen ordena defendatzea, horretarako eskuragarri diren baliabide material zein ideologikoak erabiltzen direlarik. Klase menderatua, aldiz, langileek eta horien menpe daudenek osatzen dute. Gutxitzeko ala desagertzeko ordez, langile klasea handitzen doa denbora joan ahala, nahiz eta hirugarren sektorearen garapenari esker izan.
Miliband-ek langile klasearen definizio zabal bat proposatzen du, azpimarratuz errealitate objetibo bat dela, berau osatzen duten pertsonak horretaz kontzienteak izan daitezela ala ez. Kokaleku orokor horretatik habiatuz, aztertzen du nola klase dominanteak bere kontrola derrigortzen duen goitik eta nola klase menderatua horri aurre egiten saiatzen den behetik. Klase dominantea klase menderatua ideologikiko kontrolatzen ahaleginduko da. Prozesu horretan, pertsona eta erakunde sozial asko inplikatzen dira, hala nola komunikabideak, elizak, alderdi politikoak, eskolak, intelektualak eta Estatua. Azken honi dagokionez, klase dominanteak sistema politikoa erabiltzen du bere mesederako ongizate sozialean eta zerbitzu kolektiboengan presio eginez, baita ere Estatuak daukan gaitasun propagandistikoa eta ideologia ekoizteko bere ahalmena erabiliz.
Bere aldetik, behetik datorren presioa funtsean “langile periferia politikotik” datorren planteamentu iraultzailearekin gauzatzen da. Bere aburuz, klase soziala berez gizadi izaeraren funtsezko osagai bat da, zeren, nortasun pertsonalaren definizioan etnia ala genero osagaiek eduki dezaketen garrantziaz aparte, egitura sozialean kokatzen da eta klase sozial bati lotua zaio. Edozein kasutan, Miliband-en klase analisiak bizitza sozialaren azalpen arrazional bezain koherentea proposatzen du eta gizarte bateko gizabanako zein taldeen funtzioak ebaluatzeko funtsezkoa da.
2.2. Planteamentu neoweberiarra
Weber-en ondoren, egitura sozialaren azterketan hiru osagai ezarriko dira: ekonomiari loturikoak (klasea), prestigio sozialari jositakoak (estatusa) eta politikari itsatsitakoak (alderdiak). Estatus kontzeptua Estatu Batuetako soziologiak bereganatu zuen eta bere ikerketa enpirikoetan erabili du pertsona batek betetzen duen posizioa eta daukan okupazioa adierazteko, gizarte baten funtzionamenturako burutu beharreko eginkizunen barruan. Zentzu horretan, lanetan okupazioak zentraltzat kontsideratzearen aldekoak diren autoreak pentsatzen dute industrializazioak eragin dituen aldaketa nagusiak lanaren espezializazio sozialera eta dibertsifikaziora daramatela. Bere aldetik, teoria sozialaren tradizio europarrak Estatu Batuetatik zetorren eragina jaso zuen, nahiz eta enpirismora oso norabidetua izan, teoriaren kalterako.
Eztabaida zabal bat irekiko da egitura eta ekintza sozialaren inguruan, zeinek suposatzen duen, alde batetik, formakuntzetan antolatuta dagoen egitura objetibo baten izaera eta, beste aldetik, bakoitzaren ekintza ala ekintza gaitasun erlatibo baten izaera. Bendix eta Lipset-en obraren argitalpenaren ondoren, klase, estatus eta botereak mantentzen dituzten harremanei sagaratuta dagoela kontutan izanik, klase analisian, honako funtsezko osagaiak jasotzen dira:
-   Enplegu agregatuen erabilpena klase sozialaren funts gisa.
-   Egitura okupazionalari ematen zaion garrantzia.
-   Azterketa teorikoaren kontzertazioa joera enpirikoko demostrazioekin.
-   Klase ekintzaren kontsiderazioa kontingente bezala eta ez ekidin ezineko klase egituraren ondorio lez.
Antolaketa okupazionalaren ikuspuntutik, egitura soziala aztertzen duten analisien aurka, beste korronte batzuk ondorengo printzipioetan oinarritzen dira: giza ezberdintasunaren fenomenoan, okupazioa soilik osagai bat da; bakarrik biztanlegoaren zati bat ekonomikoki aktiboa da; gauza askotan, klase harremanen gabezia dago analisietan. Aitzitik, beste autore batzuk enpleguaren eta okupazioen egituraren gainean lan egiten hasido dira, ideia berriak ekarriz.
2.2.1. Dahrendorf eta dominazio asoziazioak
Dahrendorf (1979) lehenetarikoa izan da lana kontsideratzen azterketaren funtsezko osagai bat lez. Klasearen kontzeptua okupazioarenaren menpe jartzen du eta autoritate printzipioak indartzen ditu. Autore honen baitan, estratifikazio soziala autoritatearen banaketari estuki lotua dago eta botere legitimoaren banaketa ezberdinaren manifestazioa izango litzateke. Hori dela eta, ezberdintasunaren jatorria bortxa sozialean eta boterea erabiltzeko aukeretan dago.
Dahrendorf-ek Marx-ek erabiltzen duen klase sozialaren kontzeptua kolokan jartzen du baita ere klase-borrokak historiaren motorea osatzen duenaren ustea. Bere iritziz, klaseak ezin daitezke soilik estratifikazio sozialaren perspektibatik landu. Marxistek irizpide ekonomikoei ematen dioten lehentasuna zein garrantzia arbuiatzen ditu eta bere irizpideetan ikuspegi multidimentsional bat proposatzen du. Izan ere, bere lana Marx-en obraren balorazio kritiko batetik habiatzen da.
Lehenik, Marx-ek ez ditu jabego kontzeptuaren bi zentzuak kontutan hartzen: ekoizpen moduen kontrol gisa (juridikoki errekonozitutako jabego eskubidea) ala enpresaren zuzendaritza kontrol bezala. Bigarrenik, Daherendorf-en ustez, gaur egungo gizartea, industriala izan arren, ez da gehiago kapitalista (kapitalismoa soilik kontsideratuz gizarte industrialaren forma posibleetako bat gisa). Aldaketa esanguratsuenak honakoak dira:
-   Enpresa anonimoen garapenak egiten du kapitalistaren figura bitan banatzea: akzionista eta zuzendaria. Planifikatzen eta gauzatzen dutenen eta daukaten eta obeditzen dutenen arteko bereizketa mantentzen da.
-   Lanaren deskonposaketa: Marx-en aburuz, lana homogeneizatzen bazen, Dahrendorf-en iritziz, langile klasea geroz eta anitzagoa da. Langileen artean hiru trebetasun mota bereizten ditu: kalifikazioa, espezializazioa eta kalifikazio eza.
-   Erdi klase baten hazkundea enpresa handien garapenaren eta administrazioari zein kontabilitateari sagaratutako eginkizunak betetzeko beharraren ondorioz. Enplegatu eta funtzionarioekin, sektore berri bat sortu da, horrek gutxienez bi kategorizazio berri sortzea suposatzen duelarik: langile klasearen kide bezala ikustea ala erdi klase gisa ezaugarritzea. Dahrendorf-ek, bi proposamenak teoria bertikal zein horizontal batean batzen dituen aterabide bat proposatzen du.
-   Mugikortan sozial indizeen hazkundearekin, klaseen arteko mugen lehuntze bat suertatzen da, klase-borroka pertsonen arteko gatazka batean bilakatuz.
-   Herritargoaren eskubideen ondorioa, sufragio unibertsalean eta Ongizate Estatuan gauzatzean adierazten dena.
-   Klase borroka instituzionalizatzen da gatazka industrialen arbitraje prozedimentu adostuen bidez. Borroka, arau zehatz batzuen bidez gauzatzen da.
Edozein gizartetan, hiru dominazio asoziazio daude: asoziazio politikoak (Estatua), hierokratikoak (Eliza) eta ekonomikoak (enpresa). Bakoitzean bi agregatu sozial aurki daitezke, zeinek dominazio perspektiba multzoak osatzen dituzten, esan nahi baita dominazio asoziazioen baitan erabili dezaketen botere maila. Dahrendorf-ek bere buruari galdetzen dio ea klaseak dauden eta erantzuten du esanez klaseak daudela dominazio asoziazioak dauden tokian. Argitu beharreko da zein den klase dominantea. Bere aburuz, klase dominantea ministroek, legebiltzarkideek eta buru burokratikoek osatzen dute. Jabegoari dagokionez, autoritate mota berezi bat bezala ulertzen duenez, bi alderdi nagusietan zatitzen du: jabego legalaren eskubidea eta ekoizpen moduen kontrola.
Bere teoriari egin zaizkion kritikak politikari ematen dion garrantzian oinarritzen dira baita ere dagoen ordenaren babesean, zeren bere lanetik ondorioztatu daiteke nahasketa bat dagoela egitura sozial eta artikulazio instituzionalaren artean.
Beraz, Dahrendorf-ek bereizketa bat ezartzen du klase sozialaren teoriaren barruan, klaseen osaketa teoriaren artean eta eragile horien ekintzaren teoriaren artean. Autore honen eragina nabarmena izan da urrengo urteetan, besteak beste Lockwood eta Goldthorpe-en lanetan.
2.2.2. Parkin eta itsidura sozial kontzeptua
Beste soziologo asko bezala, Parkin (1984) teoria marxistaren eta klase sozialen teoria soziologikoaren kritika batetik habiatzen da itsidura sozial kontzeptua proposatzeko. Autore honen arabera, ekoizpen moduen jabego harremanak ez du balio klase egituran suertatzen diren aldaketak ulertzeko. Bere adostasun puntu bakarra, klaseen azterketari dagokionez, lan intelektual eta eskulanaren artean dagoena da. Parkin-en ekarpenetan, klaseak ez dira definitzen ekoizpen moduekin daukaten harremanaren arabera baizik eta ahal duten onura handienak lortzeko erabiltzen duten ekintza kolektibo motaren arabera. Jabego-jabego  eza dikotomian oinarritzen diren gizabanakoen ezberdintasunak, ez dute laburbiltzen, bere iritziz, klase egituren konplexutasuna ezta ere bere eraldaketa. Parkin-ek klase sozialak kokatzen ditu burutzen duten ekintza kolektiboaren arabera.
Weber-ek planteatu duen marko teorikoan, klaseak merkatu aukeren arabera kontsideratzen dira. Nahiz eta Weber-ek ez duen bere itsidura sozial kontzeptua klase sozialen formakuntzari lotu, kontzeptu horren arabera talde sozial ezberdinak talde sozialetan banatuak daude. Itsidura sozialaren bitartez, komunitate sozialek beraien sariak ahal bezain bat handitzen saiatzen dira, baliabide eta aukera horiek eskuratzeko aukera pertsona kopuru txiki bati mugatuz. Horrek, ezaugarri sozial ala fisiko batzuk izendatzea eskatzen du, bazterketa justifikatu ahal izateko. Weber-ek suposatzen du taldearen ezaugarri guztiak kontsideratu behar direla (etnia, hizkuntza, jatorri soziala, erlijioa) aukera batzuetan monopolio egoerak sortzeko. Bere asmoa beti da kanpotarrei ala ezberdinei aukera sozial eta ekonomikoak istea.
Parkin-en ikuspuntua Weber-en planteamentuetan oinarritzen da. Weber-i hartzen dio talde sozial ezberdinek dauzken ezaugarri propioen ideia (ez direla alderdi ekonomikoetara mugatzen), hala nola erlijiosoak. Erabiliak izan daitezke baliabide batzuk monopolizatzeko eta ezberdinek ez ditzaten horiek lortu, norberaren sari material eta sinbolikoak emendatzeko asmoarekin. Hiru itsidura sozial mota bereizten ditu: baztertzailea, usurpatzailea eta bikoitza.
1.    Itsidura sozial baztertzailea. Baztertu eta arraro kategoria sozialari lotua dagoen ekintza kolektiko mota bat da. Grafikoki, itsidura sozial baztertzaileak behekoekiko boterearen erabilpena suposatzen du, zeren halabeharrez azpikoak bezala definituak diren gizabanako talde, klase ala estrato baten sorrera inplikatzen du. Itsidura sozialaren adibide gisa, Weber-ek kalifikazio azterketen adibidea hartzen du zeren beri lotuak zaizkio proben epea, kide berrien hautaketa hauteskundeen bitartez ala horien onarpena lorpenen arabera. Gizarte kapitalista modernoan, burgesiak erabiltzen dituen bi bazterketa dispositibo nagusiak klase bezala osatzeko eta mantentzeko dira, batetik, jabegoa, eta, bestetik, kalifikazioak eta meritu adademiko zein profesionalak. Klaseen soziologia modernoan, jabego kontzeptua ahuldu egin da herentzia ideiarekin daukan loturagatik eta meritu zein sakrifizio pertsonal ideietarik urrunegi baitago. Jabegoa ez bezala, titulazio edukatiboa esfortzu indibidualarekin lotzen da. Kredentzialek balio dute lanbide batera iritsi daitezken pertsonen kopurua mugatzeko. Mota askotako murrizketak jartzen dituzte, bazterketa prozesua planifikatuz eta zilegiztatuz. Enplegu batzuetara iristeko murrizketak ez dira lanbide intelektualen berezitasunak, baizik eta gremio bezala antolatuta dauden esku-lanbide batzuetan ere aurki daitezke. Jabetza eta tituluez gain, eraginkortasun berarekin funtzionatzen duten beste bazterketa mekanismoak daude. Parkin-ek bi adibide ematen ditu: Alderdi Komunistako kidea izatea ekialdeko herrietan ala beltzen bazterketa instituzionalizatua apartheid-aren garaian.
2.    Itsidura soziala usurpazio bezala. Usurpazio ekintzek gizarteko talde dominanteei propioak zaizkion benefizio eta baliabideen zati bat eskuratzeko helburua partekatzen dute. Talde ala komunitate batek beste batekin daukan dominazio harremanean daukan boterea mobilizatzeko joera adierazten du. Normalean, itsidura sozial usurpatzaileak ez dauka alderdi iraultzailerik zeren ia inoiz ez du bazterketa egitura instituzionalaren eraispena proposatzen. Adibide tipikoak dira: sindikatuen eta kapitalaren arteko borroka ala menderatuta dauden talde etnikoen esfortzu jolektiboak eskubide zibil eta sozialen berdintasuna lortzeko. Gutxiengo etnikoek eta emakumeek ez dituztenez normalean posizio estrategikoak betetzen lanaren zatiketan, zailtasunak dituzte indar posizioak betetzeko. Lan merkatuan bere kideak barreiatuak daudenez, lana egiteari uko egiteak ondorio indibidual larriak ditu, zeren beste edozein pertsonak lanpostu horiek bete ditzake gaizki ordainduak eta prestigio gabekoak baitira.
3.    Itsidura sozial bikoitza. Itsidura sozial baztertzaileak klaseen baitan eta klaseen artean zatiketa eta gatazka alderdiak osatzen dituzte, esan nahi baita “aukereren monopolizazioa“ bezala izendatzen dituen pertsona ala taldeei zuzendutako bazterketa estrategiak normalean erabiliak direla menderatuta dagoen klasearen zati batek beste zati baten aurka baliatzen duena, ezaugarri etniko, sexual ala beste ezaugarri kolektibo batzuen arabera. Parkin-ek emakumeekin berdintasun egoerak onartzen ez dituzten langileak jorratzen ditu baita ere ipar Irlandako langile protestanteek egiten dituzten indarrak katolikoek ez ditzaten lanpostu kalifikatuak lortu ala langile txurien ekintza Estatu Batuetan beltzak ez daitezen eskola eta etxebizitza batzuetan sartu. Etnia homogeneotasun kasuetan ere, langile zati batek gauzatu duen itsidura soziala ohizkoa izan da, langile aristokraziaren kasuak agerian uzten duen lez.
Bestalde, erdi-lanbideak batez ere emakumeek betetzen dituzte. Etxeko lanetako arduradun nagusiak emakumeak izateak, posizio txar batean kokatzen ditu beraien jarduera profesionalak erabateko autonomia lortu dezan zeren gizonezkoak ez dituzte bete nahi izan. Parkin kontzientea zen egoerak daudela non talde batek bere baitan itsidura sozial usurpatzailea eta itsidura sozial baztertzailea une berean gauzatzen dituen, klase sozial berean barne bereizketa bat eraginez. Hori gertatzen da langile batzuek langileen eskubideak aldarrikatzen dituzten une berean, horietariko batzuk diskriminatzen dituzten etnia ala genero arrazoiengatik. Parkin-en iritziz, itsidura mota hori praktikatzen duen taldeak esplotazioa erabiltzen du.
Hain kontrajarriak diren ikuspegi marxista eta weberiarren artean, batzuetan ikuspundu hamankomunak daude. Horrela, Parkin eta Wright ados daude esaterakoan hirugarren sektoreko langileak klase sozial bezala definitzeak arazoak planteatzen dituela.
2.2.3. Goldthorpe eta zerbitzu klasearen garrantzia
Goldthorpe klase analisi mota honetan kokatzen da, mugikortasun sozialari ematen dioten arretaren adibide delarik. Dahrendorf-ekin partekatzen du gatazka sozialarekiko eta ezberdintasunen esanahiarekiko interesa. Klasea, egitura okupazionalaren bidez definitzen du, lanaren egoeratik eta klasearen merkatu egoeraren bereizketatik habiatuz. Klaseak pertsonen bateratzetik ondorioztatzen dira beraien okupazioetatik habiatuz, batetik, eta beraien errentaren iturria zein maila, segurtasun ekonomiko maila eta gorakada sozial aukeren arabera, eta, bestetik, lantokietan kontrol eta autoritate jerarkietan daukaten kokapenaren arabera. Zazpi klase kategorietatik habiatzen da (ondoren 10 bilakatuko direnak) non agregatu profesionak dauden. Klasearen ingrediente nagusi gisa kontsideratzen ditu lan eta merkatu estatus zein posizioak. Eskema honek Weber-en eskemaren oinarrizko bi osagai elkartzen ditu: jabegoa eta ezagutza. Saikapena honela laburbildu daiteke:
-   Zerbitu klasea (1 eta 3 klaseak).
-   Bitarteko klaseak (3a, 3b, 1va, 1vb, 1vc eta 5 klaseak).
-   Langile klasea (6, 7a eta 7b klaseak).
1 eta 2. Klaseak gizabanako asalariatu eta autonomoez osatuak daude, enpresa handietako profesional, zuzendari ala jabe gisa. Elkarrekin zerbitzu klasea osatzen dute. 3. Klasea lepo zuriko langileez osaturik dago: lan errutinarioak egiten dituzten salbenta eta administrazio enplegatuak. 4. Klasea jabe txikiz eta burgesia txiki tradizionaleko pertsonez osatua dago. 5. Klasea maila apaleko langile teknikoez osatua dago baita ere esku langileen gainbegiratzaileez. 6. Klasea esku-langile kalifikatuez osatua dago. Eta 7. Klasea kalifikazio gutxiko ala gabeko langileez osatua dago.
Ondoren, Goldthorpe-ek (Erikson y Goldthorpe, 1992) eskema hori aldatu zuen, honela egokituz:
-   1 eta 2. Klaseak: Profesional, administratzaile eta zuzendari guztiak, baita jabe handiak ere, goi mailako teknikariak eta langile ez manualen gainbegiratzaileak.
-   3. Klasea: Administrazio eta merkataritzan eskulanak ez diren jarduera errutinarioak burutzen dituzten enplegatuak, salbenta pertsonalak eta zerbitzuetako beste langileak.
-   4. A eta b klasea: Jabe txikiak, artesau autonomoak eta beraien kabuz zein enplegaturik gabe lan egiten duten beste langileak.
-   4. C klasea: Laborariak eta jabe txikiak, baita ere lehen sektoreko beste langile autonomoak.
-   5 eta 6. Klaseak: Maila ertaineko teknikoak, esku-langile kalifikatuen gainbegiratzaileak.
-   7. A klasea: Langile manual erdi kalifikatuak ala kalifikatu gabeak.
-   7. B klasea: Laborariak eta lehen sektoreko beste langileak.
Lehenik eta behin, Goldthorpe klasearen nortasun demografikoa eta bere kontingente numerikoa haurkitzen eta zehazten ahalegintzen da, funtsezko tresna gisa mugikortasun sozial arauak erabiliz. Goldthorpe-ren ekarpen teorikorik nabarmenena, zerbitzu klaseari sagaru dion hausnarketa da (Goldthorpe, 1992). Zerbitzu klasearen ideia Renner austro-marxistatik dator. Renner-entzako, zerbitzu klaseak oinarrizko hiru osagai dauzka: zerbitzu publikoetako enplegatuak (funtzionarioak eta beste administrariak), sektore pribatuetako enplegatuak (negozioen administrariak, zuzendariak, teknikoak) eta gizarte zerbitzuetako enplegatuak. Langile ez-produktiboak dira, ez daudenak zuzenki inplikatuak gainbalioaren ekoizpenean.
Weber bezala, autore honek soldata (salario) eta lansari (sueldo) nozioak bereizten ditu. Bigarrena enpleguaren segurtasunari lotzen zaio eta enplegatzailearen eta enplegatuaren artean konfidantza harreman bat eskatzen du kontrol soziala hobetze aldera. Hori horrela da zeren autoritatea delegatzen zaien enplegatuek ala funtzio bereziak betetzeko jasotzen duten arduradunek autonomia eta diskrezionalitate zilegi maila batetaz gozatzen dute erakundearen helburu eta baloreekin bat datozelako. Autonomia maila hori kompromezu moralari lotuagoa dago eta ez kanpoko zigorren eta sarien eraginkortasunari. Goldthorpe-k azpimarratzen du beste ezaugarri kalitatiboak askoz garrantzitsuagoak direla.
Goldthrope-k aurkezten duen moduan, zerbitzu klaseak talde okupazional handiak batzen ditu: profesionalak (ezagutza espezializatua ala aditua horiei delegatzen zaie), batetik, eta administrari zein zuzendariak, bestetik. Goldthorpe-k ukatzen du zerbitzu klasea klase gidari ala kapitalista bat izan daitekenik. Funtsean, eliteko pertsona batzuek kontrolatzen dute beraien boterea dela eta, ekonomikoa, politikoa, militarra ala beste mota batekoa izan dadila.
Zerbitzuen egitura ezaugarriak behin argituta, azaldu behar da zein diren klase horren interesak. Goldthorpe-k bereizketa bat egitea proposatzen du nortasun demografiko prozesuaren eta kultura nortasun prozesuaren artean, esan nahi baita klase ekonomikoetatik klase sozialetara igarotzea. Zerbitzu klaseak garapen nabarmena ezagutu du erakundeen kopuruaren hazkundearekin eta horiek betetzen dituzten funtzioen biderkatzearekin. Klase horren hedakuntza hain garrantzitsua izan da non bere kideek, bereziki zuzendaritza eta administrari postuak betetzen dituztenek, ikasketa maila apala daukaten.
Klase horren potentzial soziopolitikoari dagokionez, Goldthorpe-k dio funtsean klase kontserbatzaile bat dela, beretzako eta bere seme-alabentzako bere ongizate materiala mantentzen ahalgintzen baita. Langile klasearen berdintasun ideien aurrean, meritokraziaren ideologia lehenesten du, eta lanaren zatiketaren aintzinean, ideologia teknokratikoari dei egiten dio, onartuz krisi egoeretan ezberdintasun sozialak sakondu daitezkela. Horrez gain, langabeziak bereziki langile manualak ikusten ditu, profesionalek, zuzendariek eta administrariek dauzkaten babes mekanismoak ugaritzen diren une berean.
Goldthorpe-k uste du, indar politikoak eginak izan arren, ez dela inundik inora benetako berdintasuna lortu. Balorazio horiei buruz, komeni da azpimarratzea, nahiz eta bere hasierako ikuspegia weberiarra izan, inoiz ez duela problematika soziala begi bistatik galtzen. Pentsamentu originalaren adibide interesgarri bat da, lan enpirikoarekin uztartuta dagoela kontutan izanik.
2.2.4. Giddens eta estrukturazio prozesuak
Giddens-entzako, ekintza eta egituraren arteko dilemaren aterabidea estrukturazioaren teorian aurkitzen da. Edozein jarrera egituran kokatua dago eta honek helburu indibidualen lorpena erraztu ala oztopatu dezake, esan nahi baita helburu bat lortzeko ekintzak. Bere aburuz, ekintza obratzea gaitasun indibiduala da eta ez du erabateko banaketarik ikusten horren eta egituraren artean. Era berean, mikro eta makroaren artean beste autore batzuek egiten duten bereizketa ez zaio zentzuduna iduritzen. Zentzu horretan, egitura sozialen nonahikotasuna ekintza aukera indibidualak konpentsatzen du.
Giddens-en kezka nagusia klase harremanen estrukturazio prozesua azaltzea da, hots esplikatzea nola harreman ekonomikoek ezaugarri ez-ekonomikoak dituzten egitura sozialetan bilakatzen direnean. Hori bera egiten du La estructura de las clases en las sociedades avanzadas liburuan. Garrantzitsua bada jakitea zer den klase sozial bat, hori bezain inportantea da zehaztea zerk ez duen klase sozial bat osatzen. Klaseak ez dira entitate espezifikoak, esan nahi baita ez dutela forma sozial mugarritu bat, ez dutela estatus juridikorik eta inork ezin dezakeela erabaki horietan afiliatzea, alderdi ala sindikatu batekin gerta daiteken bezala.
Horrez gain, klasea estratoarengandik bereiztu behar da. Estratoak gradazio eskema bat dauka, Ossowski eta Wright-ek dioten bezala, eta klaseekin gertatzen ez den bezala, estratoen arteko zatiketak erabateko argitasunik gabe egin daitezke, esaterako estratoen bereizketa errenta mailaren arabera. Halaber, klasea eta elitea bereiztea komeni da, kontutan izanik eliteen teoriak klase-borroka elitea eta masaren arteko gatazka batekin ordezkatzen dituela.
Giddens-ek Marx kritikatzen du suposatzen baitu lan indarra homogeneizatzen ari dela. Justu kontrakoa gertatzen da zeren ikasketa maila ezberdinetako pertsona ezberdinek negoziaketa gaitasun ezberdinak dituzte lan merkatuan. Baliabide akademiko eta tenikoek, gaitasun ezberdinak suposatzen dituzte lan merkatuari begira, ez soilik errenta maila anitzetan baita ere hori bezain garrantzitsua den lan baldintza ezberdinetan.
Bere definizioari dagokionez (1983), eskala handiko taldeetaz ari da. Klaseen sorrerak feudalismoa ezaugarritzen duen sistema sozioekonomikoarekin moztea suposatzen du baita ere beste mota bateko gizarte tradizionalekin, funtsean komunitate autosufizienteetan oinarrituak direnak. Tokiko komunitate hori gainditu ahal izateko, ondasunen ekoizpena ahalbidetzen duen merkatu harremana eta lanaren zatiketa bat egotea ezinbestekoa da. Horrez gain, klaseak talde sozialak baino gizabanako agregatuagoak dira. Horrek ez du esan nahi klaseak ezin daitezkenik mugak dauzkaten talde sozialetan bilakatu ezta ere kideak beraien artean batzen dituen interakzio multzo batetaz osatuak izan. Baina, hori horrela izateak ala ez beste baldintza batzuei lotua dago. Bestalde, klaseen agerpenak gizarte feudala ezaugarritzen duten obligazio eta fideltasun harreman pertsonalizatuen desagerpena suposatzen du eta beraien ordezkapena harreman kontraktual inpertsonalen bitartez. Azkenik, klaseak nominalki irekiak dira, esan nahi baita klase batekiko kidetza ohiturak ala legeak zilegiztatzen duen heredatutako lege batek erabakitzen duela.
Kontsiderazio horietatik habiatuz, Giddens-ek (1995) klaseen egituraren garrantzia kolokan jartzen du prozesu sozialei konfrontatzen den neurrian. Bestalde, Weber-en ikuspegiarekin bat eginez, bakarrik gizarte kapitalistaren egitura zentralean bilakatzen da. Azkenik, kapitalismoaren barruan, klaseak (beste osagai batzuekin batera, etnia edo generoa bezala) esplotazioa eta dominazioa esplikatzen ditu.
Estrukturazio prozesuen azterketan, Giddens-ek bereizketa bat egiten du asignazio baliabideen (naturaren gainean kontrola suposatzen dutenak) eta autoritate baliabideen artean (mota askotako hartueman sozialen gainean kontrola suposatzen dutenak). Gizartean sailkatu daitezke bi irizpideren arabera: batetik, baliabideen, autoritatearen eta asignazioaren dominazio moten arabera, eta, bestetik, espazio zein denboran zehar, baliabide horien gainean dagoen kontrolaren arabera.
Estrukturazio prozesuak aztertzeko bi modu daude: mediatua eta inmediatua. Estrukturazio mediatuan, Giddens-ek merkatu gaitasunen hiru mota nagusi kontutan hartzen ditu: ekoizpen moduen jabegoa, baliabide edukatibo eta teknikoen jabetza, eta lan indarra edukitzea. Behin behineko estrukturazioa, aldiz, klaseen formakuntza moldeatzen duten hainbat faktoretan oinarritzen da, hau da: eginkizun okupazionalen asignazioa enpresen barruan, autoritate harremanak bere baitan, eta talde banatzaileen eragina non komunitate eta bizilagunen segregazioa ondasun ekonomikoen kontsumoan eta partekatutako bizimoduen arau hamankomunetan bilakatzen den.
Estrukturazioaren bi fenomeno horien ondorioz, hiru klase dauzkagu: goikoa, erdikoa eta behekoa. Onartu arren klaseek oinarri ekonomikoak dauzkatela, kontsumo arauek klaseen estrukturazioan daukaten eragina uka ezina da. Giddens-ek argudiatzen du, klasea fenomeno egituratu bat den neurrian, klase kontzientzia hamankomun bat, jarrerak, sinesmenak eta bizimodu partekatuak izango direla. Klase errekonozimentua eta klase kontzientzia bereizten ditu baita ere hiru klase kontzientzia:
-   Klase nortasuna (egoera non ezberdintze sozial maila bat dagoen).
-   Gatazka kontzientzia (klase bat ala gehiagoren arteko interesen oposizioaren pertzepzioa).
-   Kontzientzia iraultzailea. Sinesmen bat inplikatzen du zeinen arabera posible den, klase ekintzaren bidez, dauden egitura sozioekonomikoak eraldatzea.
Giddens-entzat funtsezkoa da botere faktorea, bere banaketa eta erabilpen soziala, zeren osagai erabakiorra da ekintza sozialaren indartzean eta oztopatzean.
Azkenik, gogoratu behar da Giddens-en estrukturazio sozialaren teoriaren printzipio bertebratzaileak eguneroko biziaren garrantzian ekiten duela. Funtsean, ohitura eta erakunde sozialetan isladatzen da ezagutzaren ekoizpen eta berrekoizpen soziokulturalaren osagai integratzaile bezala. Beraz, ikerketa etnografiko zein estrukturala egokia iduritzen zaio.
Geroztik, teoria soziologikoan izan diren aldaketa garapen garrantzitsuenak hiru arazoen inguruan antolatzen dira: ekintza eta egituraren arteko lotura (bereziki Europan), mikro eta makroaren arteko lotura (batik bat Estatu Batuetan 80. Hamarkadan), eta mota guztietako sintesi teorikoak, batez ere 90. Hamarkadan (Ritzer, 1993). Azken ildo horri jarraituz, Giddens joera berriak laburbiltzen eta batzen ahaleginduko da:
-   Egitura ezin daiteke solik bortxarekin lotu zeren, une berean, ekintza sozialaren eraikitzaile eta erreztatzaile bat da.
-   Ekintza eta egitura ala mikro eta makrosoziologiaren arteko bereizketak ez dira azpimarratu behar.
-   Ekintza ez da intentzioen bidez definitu behar zeren gizakanakoek gauzak egiteko gaitasunari lotua dago.
-   Giza ekintza gizartean suertatzen den jarduera subjetiboarekin erabat lotuta dago. Hori dela eta, boluntarismoaren eta determinismoaren arteko bereizketa bertan behera uztea komeni da.
-   Sujetu eta objetuaren artean bitartekaritza egiten saiatu behar da, beraien gizartea eraikitzerakoan eragileek daukaten gaitasun kognitiboari funtsezko paper bat emanez.
-   Estatika eta dinamika soziala modu banatuan aztertu nahi duen edozein teoria arbuiatu behar da.
Bestalde, Giddens-ek ez dio garrantzirik kentzen egituraren behartze gaitasunari. Hiru zentzu bereizten ditu: behartze materiala (mundu materialetik eta gorputzaren kalitate fisikoetatik ondorioztatzen dena), zigorrei loturiko behartzea (eragile batzuek besteekiko dauzkaten erantzun zigortzaileei lotua), eta egitura behartzaileak (ekintzaren testuingurutzetik eta egitura ezaugarrietatik ondorioztatzen direnak).
Beste ildo bati jarraituz, Berger eta Luckman-ek (1991) errealitate sozial objetiboaren irakurketa konstruktibista proposatzen dute. Autore horiek instituzionalizazio prozesua azaltzen dute agerian utziz pertsonen aukerak mugatzeko joera daukatela, planteamentu berriei aurre egiteak suposatzen duen energia xahupena murriztu nahian. Instituzionalizazioak ohiturak sortzen dituen arazoei erantzun nahi die. Azken honek, egoera bakoitza berriz definitzea eskatzen du. Instituzionalizazioak, bere aldetik, kontrol mekanismo bat suposatzen du eta, beri esker, gizabanako bakoitzak aukera dauka jakiteko besteak nola errakzionatuko duen, esan nahi baita norberaren jarrera finkatu daitekela aurreikuspenetan oinarrituz.
Mikro eta makro eztabaidari dagokionez, oso mikroskopikoak eta erabat makrospopikoak diren teorien artean eztabaida sutsu bat nagusitu da Estatu Batuetan 80. Hamarkadan. Makroaren muturrean aurki ditzakegu estrukturo-funtzionalismoa, gatazkaren teoria, neomarxismoaren bariante batzuk (determinismo ekonomikoa eta marxismo estrukturala) eta estrukturalimoaren forma asko; horien ordezkari nagusietan daudelarik Parsons, Dahrendorf, Blau, White eta Duncan. Beste muturrean daude interakzionismo sinbolikoa, fenomenologia, etnometodologia, soziologia existentziala, soziologia konduktista eta hartuemanaren teoria; Blumer, Homans ala Garfinkel bezalako teorikoekin.
Aitzitik, 80. Hamarkadan mikro eta makrosoziologiaren arteko loturaren inguruan lan batzuk agertzen dira, nahiz eta mutur batera ala bestera jo. 90. Hamarkadan, problematika hau lantzen duten lanak ugaritu dira integrazioaren bi korronte nagusi bereiztuz: bata, teoria makro eta mikroan erdiratzen dena (Burt, Smelser eta enparauak) eta, bestea, analisi sozialaren maila mikro eta makroen arteko loturan erdiratzen dena (Alexander, Coleman, Collins eta Ritzer).
Oso ezberdina da teoria makro (estrukturo-funtzionalismoa) eta mikroa (interakzionismo sinbolikoa) uztartzen ahalegintzea edo maila makro (egitura soziala) eta makrosoziologikoak (pertsonalitatea) integratzen saiatzea. Egitasmoa zabala bezain zaila da eta elkar-ulertzeko tresnak sortzea ezinbestekoa da, erabiltzen diren kontzeptuen argitzetik hasiz eta mikro zein makroa definituz, kontutan izanik nozio horiek erabat erlatiboak direla.
Aurrerapenak oztopatzen dituen galdera integratzen saiatzen diren pentsalarien arteko tensioarena da, jakinik indarrik aberatsenak direla mikroa eta makroari lehentasunik ematen ez dioten egitasmoak. Interesagarria izan daiteken beste aukera bat da maila horien artean sortutako loturarena. Baina, perspektibarik aberatsena bien arteko dialektikan erdiratzen denarena da. Alternatiba horren adibiderik hoberena Ritzer-en paradigma integratuan aurki genezake zeren bien arteko eta bakoitzaren baitan dauden harreman dialektikoetan erdiratzen da.
Gainditu beharreko arazoak anitzak dira (muturkeriek jarraitzen dute; ez da adostasun teoriko bat lortzen; denek erabili ditzaketen teoria, kontzeptu eta metodoak aurkitu behar dira; ikerketa enpiriakoak ere kontutan hartu behar dira) baina mikro eta makroaren arteko harremanaren ibilbideak aukera ematen du aurreikusteko erabat onartua izango dela arazo teoriko nagusi gisa, planteamentu ezberdinak integratu nahi dituztenen artean.
Atal hau amaitzeko, funtsezkoa da hausnarketa bat burutzea teoria soziologikoaren arazo nagusi horien gainean: ekintza-egitura eta mikro-makro. Bien artean antzekotasun zein ezberdintasun nabarmenak daude, garatu diren ingurugiro intelektualari lotuak direnak: Europa eta Estatu Batuak alegia. Antzekotasunen artean, orokorrena integrazio ala sintesiaren beharraren pertzepzio hamankomuna da. Kritika ugarik bat egiten dute mikro-ekintza teoriaren gehiegikeriak azpimarratzerakoan (interakzioanismo sinbolikoa, etnometodologia, fenomenologia), gizabanakoari eta boluntarismoari toki gehiegi ematen diotelako. Aitzitik, denak ez dira ados jartzen eragilearen irudia zehazterakoan. Ezadostasun beste puntu bat da, maila makro-egituran, europearrak egitura sozialean erdiratu direla, modu egokian kulturarengandik banatu gabe. Ekintza-egitura galdera testuinguru historiko eta dinamika sozial batean kokatuta dago. Harreman hori aztertzen duten teorikoek joera daukate termino estatiko, jerarkiko eta ahistorikoetan deskribatzeko.



3. ATALA
EGITURA ETA ESTRATIFIKAZIO SOZIALA ESPAINIAN
1.    Aurrekariak
Egitura eta estratifikazio sozialari buruzko hausnarketa1950. Amaieran hasten da Espainian. 1959. Urtea garrantzitsua da zeren orduan amaitzen da frankismoak derrigortutako autarkia garaia eta orduan hasten da ekonomikoaren liberalizazioa. Nahiz eta garai horretan soziologia lanbidea enbrionarioa izan eta soziologiak hainbat oztoporekin topo egin, Murillo Ferrol-ek erdi klaseei sagaratutako lana aintzindaria izan da. Ikerketa hori, bere ikaslea izan zen José Cazorla-k jarraitu zuen lehen datu estatistikoen agerpenarekin (INEren Biztanleri Aktiboaren Inkesta, Familien Aurrekontuen Inkesta, etabar).
Horien ostean, FOESSAren txostenak iritsi ziren, horietariko bost 1966 eta 1994aren artean argitaratu zirelarik. Bigarrena Amado de Miguel-ek zuzendu zuen eta birtute gisa eduki zuen espainiar soziologiaren profesionalizazioaren bidean heldutasun puntu bat adierazteko. Era berean, bere argitalpenaren datak (1970) garapen ekonomikoaren esperientziaren lehen balantze bat egitea baimendu zuen.
Transizioarekin, soziologia eztabaidek aurretik ezagutzen ez zen bizitasun eta sakontasuna eduki zuten, 1970. Hamarkadaren amaieran Alderdi Sozialistaren barruan sortu zen eztabaida horren adibide zelarik. Une horretan, Alderdi Sozialistaren estrategia berriaren zehaztapena zegoen jokoan eta bereziki marxismoarekin zeukan harremana, kontutan izanik boterera iristeko zorian zegoela. Hortik dator egon zen eztabaida sutsua ordezkaritza politikoa lortu nahi zuten indar sozial ezberdinen identifikazioa eta bakoitzaren pisu erlatiboaren neurketa.
Edozein kasutan, postfrankismoaren garaian kokatzen ziren ikerketa eta diagnosi lokalizatuak izan ziren funtsean. Hori dela eta, 1990. Hamarkada itsaron beharko da espainiar soziologia erabat nazioarteko eztabaidetan murgildu dadin eta herrien arteko ikerketa konparatiboetan parte hartu dezan. Izan ere, Egitura, Kontzientzia eta Klase Biografia nazioarteko ikerketa konparatiboan parte hartu zuen. Ikerketa hori Julio Carabaña-k zuzendu zuen eta INEk, Madrileko Erkidegoak, eta Emakumearen Erakundeak diruztatu zuen, Egitura Sozialari buruzko Nazioarteko Ikerketa Egitasmorako lankidetza Itzarmenaren arabera (ESNIEI).
2.    Ikerketa konparatiboa
Egitasmo horren helburuak hiru motatakoak ziren: teorikoa, metodologikoa eta enpirikoa. Lehena Erik Wright-ek (1994) proposatutako estratifikazioaren modeloaren eztabaidan erdiratzen zen, kontutan izanik berak bultzatu zuela egitasmoa nazioarte mailan. Funtsean, eztabaida ondorengo puntuaren inguruan antolatu zen: dimentsio anitzeko klase modelo bat sortzen saiatzen zen, jatorriko modeloari multierrazionaltasun bat emanez. Dominazio eta esplotazio harremanak klasistatzat jotzen ziren eta helburua zen klaseen arteko harremanak ez esplotazio harremanetara mugatzea. Wright-en proposamenaren berradierazpen horrek suposatzen zuen, besteak beste, erdi klasea ez zela gehiago klasearen kontraesan posizio bat, frakzio eta segmentu anitzez osaturiko panorama batera iristeko, zeinen interesak kontraesangarriak izan zitezkeen, ez soilik ohizko klaseekin, baita ere beraien baitan. Hori dela eta, interesen aniztasuna agerian uztea premiazkoa zen baita ere horrek eragiten zituen gatazkak identifikatzea.
Erdi klase berriaren zati ezberdinak bereiztu ostean, ohartu ziren bere lehentasun politikoak oso sakabanatuta zeudela, arreta galtze politiko nabarmena agerian utziz. Aurkikuntza enpiriko horrek une horretan garatzen ari ziren teoriak kolokan jarri zituen, bai Wright-ena bai Goldthorpe-na, baita ere Murillo-ren ikerketen emaitza nagusi batzuk. Murillo-ren ikuspegitik aldenduz, Alfonso Ortiz-ek ez zien erdi klaseei paper moderatzaile bat ematen ezta ere zentru politiko egonkortzaile funtzio estrategiko bat ezagutzen (Ortiz, 1987: 724).
Emaitza enpirikoei dagokionez, ikerketak estratifikazio sozialaren hiru modelo identifikatzen zituen: modelo espainiarra, modelo eskandinabiarra eta modelo anglosajoia. Bigarrenak pisu nahiko garrantzitsua ematen zion langileri klaseari (Wright-ek ulertzen zuen bezala), hirugarrenak, aldiz, erdi klaseari garrantzi handiagoa ematen zion. Lehenari dagokionez, beste biengandik aldentzen zen burgesia txikiak (ala erdi klase patrimonialak) nahiko toki nabarmena zuekalako (Gonzalez, 1992: 93).
Eztabaida teorikoak eta lorpen enpirikoak alde batera utziz, egitasmo honen ekarpen nagusia metodologikoa izan zen, estratifikazioa aztertzeko modu berri bat proposatu baitzuen. Komeni da gogoratzea, gatazka ideologikoaren ondorioz eta iturrien gabezia dela eta, klaseei buruzko eztabaida definizioen eta zifren arteko borroka batean bilakatu zela, alderagarritasuna zailduz. Hori dela eta, FOESSAren txosten guztiak berrikusi ostean, Jesus de Miguel honako ondoriora iritsi zen: ezin zitekeela ondoriorik atera datuen aniztasuna eta soslai ideologikoak zirela eta, estatistiken osaketa eta alderatzeen egingarritasuna kolokan jarriz. Ikuspegi horrek, teoria neomarxista eta neoweberiarren arteko aurkakotasuna eta datu enpirikoen konparaketa sistematikoa, egitasmoak proposatzen zuen bezala, gaia lantzeko bide berri bat ireki zuen.
Klase analisiak beste deribatze batzuk eduki zituen, horietariko bat Gonzalez-en (1996) liburuan agertzen delarik. Ongizate politikek bozkarengan daukaten ondorioak aztertzen ditu. Bere ideia nagusia honakoa zen: ongizate politiken hedakuntzak baita ere berari lotuak zaizkion tentsio berbanatzaileak, lan merkatutik kanpo dauden klase geldo baten agerpena fagoretzeko baldintzak sortu dituzte, baina batzuetan modu erabakigarrian sartu dira. Datu horiek gabe oso zaila da gaur egungo egoera ulertzea. Klase soziala eta bozkaren arteko harremanak hainbat ikerketa eragin ditu, hala nola Zona Abierta aldizkariaren zenbaki berezi bat (96/97 zenb., 2001). Agerian uzten zen, besteak beste, bozkaren osagai klasista areagotu zela 80. Hamarkadako bozka sozialistaren hegemoniatik  90. Hamarkadaren lehia elektoralera igarotzearekin, berriz ere gutxitzeko 2000. Urteko hauteskunde orokorretan, bozka ekonomikoaren agerpenarekin (Cainzos, 2001: 160).
3.    Gizarte zatitua
Nazioarteko egitasmo horren ondoren, José Felix Tezanos-ek La sociedad dividida. Estructuras de clases y desigualdades en las sociedades tecnológicas liburua plazaratu zuen. Lan hori, estratifikazio sozialaren inguruko eztabaidez buruzko atsekabe batetik habiatzen zen eta klasikoen berrirakurketaren joerarik irtetea gomendatzen zuen. Izan ere, joera handiegia dago errealitate berriak teoria zaharrekin aztertzeko, neofuntzionalistek, neomarxistek eta neoweberiarrek egin duten bezala. Horren aurrean, Tezanos-ek haustura estrategia bat proposatzen du zeinek ideia eta irakurketa berrien garapenaren apustua egiten duen gizarte industrialetan gertatu diren eraldaketen pilaketaren ulermen argi batetik habiatuz, zeren modelo sozial berri baten aurrean daude eta berau ulertzeko ezinbestekoa da klase sozialen eta ezberdintasunaren irakurketa marko berri bat proposatzea.
Tezanos-en iritziz, Wright eta Goldthorpe bezalako autoreek, argiki ordezkatzen dute zein puntutaraino soziologo askok behin eta berriko testu klasikoak irakurtzen eta berrirakurtzen dituztela, sistema sozialean gertatu diren eraldaketa nagusiak kontutan hartu gabe. Zentzu horretan, iraultza intelektual bat burutzea gomendatzen du. Tezanos-ek ikuspegi kontzeptualen eta identifikazio sozialen arteko banaketa arbuiatzen du, zeren hiztegi eta tipologien ekoizpenak ikerlariak demiurgoetan bilakatzen ditu. Baina ez daukate gaitasunik portaera elektoralak, lan merkatuaren dualizazioa ala enpleguaren aurrean dauden ezberdintasunak bezalako fenomenoak azaltzeko.
Hori dela era, Tezanos-ek paradigma sozial berri bat proposatzen du: aurreratuta dauden gizarte teknologikoen agerpena alegia. Bere aburuz, gizadiaren historian, hirugarren eraldaketa nagusiaren aurrean izango ginateke, iraultza neolitikoaren eta iraultza industrialaren ostean. Garapenaren bektorea zientzia eta teknologiak daukaten papel egituratzailea izango litzateke eta bereziki teknologia berrien protagonismoa: informazioarena, informatikarena, bioteknologiarena eta neurozientziena. Gizarte industrialean gertatu zen ez bezala, teknologia berriek eragin ezberdintzaile ikaragarria edukiko lukete. Tezanos-en eskeman, aurrerapen teknologikoa ametsgaizto bat bilakatu daiteke.
Paradigma sozial berriari dagokionez, Tezanos-ek gizarte teknologikoaren 17 joera azpimarratzen ditu, nahiz eta bere garapenaren hasieran egon: globalizazioa, zientzia eta teknologiaren paper geroz eta garrantzitsuagoa, robotizazioa, enpresen sarea, dualizazio okupazioanala eta lan merkatuaren segmentazioa, azpiklaseen osaketa, lan egunaren murrizketa, Estado-nazioaren krisia, botere multinazionalaren forma berriak, arazo ekologikoak, baloreen krisia, etabar. Joera batzuen baieztapen enpirikoa alde batera utziz, ez da argi geratzen nola joera horiek artikulatzen diren paradigma berri bat osatze aldera.
Era berean, ez da argi geratzen zein den fenomeno horien garrantzia eta hedadura baita ere joera bakoitzarena. Tezanos bereziki horietako bietan erdiratzen da: bazterketa soziala eta azpiklaseen osaketa. “Bazterketaz hitz egiten delarik, herritargo bikoitza ezartzera norabidetuta dauden prozesu sozialetan ekiten da (…). Bazterketa, segregazio sozialeko prozesu bat da. Aldiz, azpiklaseak bazterketa prozesu horien biktima nagusiek osatutako talde sozialak eta ia-klaseak dira”. Nahiz eta bazterketa sozialaren ideia lan munduan sartzeko sailtasunei lotua izan, Tezanos-ek proposatzen duen eskema analitikoa urrutiago doa zeren bazterketa soziala lotzen du, batetik, Ongizatezko Estatuaren krisiarekin, eta, bestetik, enplegua prekarizatzen duen eta langabezi estrukturala sortzen duen lan prozesuen prekarizazioarekin, dualizazio sozial prozesu zabalago batzuen barruan dagoela kontutan izanik. Arazoa da Tezanos-ek ez duela bere planteamentua operazionalizatzen, fenomenoaren balorazioa zailduz.
Aitzitik, Tezanos-ek honakoa azpimarratzen du: bazterketa soziala ekoizpenaren antolaketa paradigma bati lotua dago. Era berean, azpiklaseen sorrera estratifikazio sozial modelo berri bati lotua dago. Kasu honetan, estratifikazioaren modelo dualizatu bat izango litzateke non, merkatuaren logikaren arabera, muga bat ezartzen duen sistemaren barruan daudenen eta kanpoan daudenen artean ezin diotelako sistemak eskatzen duen kalifikazioari erantzun. Beraz, kontua ez da soilik baztertuak ezin daitezkela kantifikatuak eta beraz identifikableak izan, baizik eta esku-hartzen duten faktoreek merkatuak eta sistemak direla. Ondorioz, ez da argi geratzen zein diren ikututako pertsonak ezta ere beraien ekintzen norabide estrategikoak. Pentsatzeko modu horrek, azpiklaseen identifikazioa zailtzen du:
“Adina aldagai garrantzitsu bat da azpiklaseen adskripzio ahalezko ala latenteetan zeren egitura langabeziak zuzenki gazteak ikutzen ditu (…). Logikoki ez da gazteak ez direla kontratatuak beraien adinarengatik, baizik eta errazagoa eta merkeagoa dela enplegatu gazte berriak kontratatzea ez eta adin gehiagoko pertsonak”.
Gogoratu behar da gazteak ez direla soilik eragile indibidualak, familia eta etxeen barruan kokatzen baitira eta bertatik hainbat baliabide eskuratzen dituztelako, baizik eta enplegu estrategiak eta, maiz, gorakada sozialak partekatzen dituztela. Halaber, egitura langabezia ez da gazteen integrazio sozialaren arrazoi bakarra. Orohar, 70. Hamarkadako krisiak eta 80. Hamarkadan gertatutako paradigma neoliberalak eragindako haustura sozialak ez daude bakarrik egitura langabeziaren hazkundeari lotuak baizik eta lan malgutasunari lorutiko kontratatzeko forma berriei. Espainiako kasuari buruz egindako lanen artean, Javier Polavieja-ren ikerketak aipamen berezi bat merezi du. Estables y precarios. Desregulacion laboral y estratifilacion social en España liburuan, Polavieja-k (1993) ez ditu klaseei buruzko teoria berriak errefusatzen, baizik eta eztabaidatzen ditu, estratifikazio sozialerako egokiak diren tresna analitikoak horrela lortuz. Tezanos-ek merkatuaren eta sistemaren logikari dei egiten zion bitartean prozesu horiek azaltzeko, Polavieja-k bertan sartuta dauden eragileak zehazki identifikatzen ditu baita ere bere norabide estrategikoak, 1984ean gobernu sozialistak hasitako lan merkatuaren desregulazioko politiken barruan. Horri esker, hobeto ulertzen da nola Espainiak lan tenporalitate marka guztiak gainditzen dituen.
Polavieja klaseen teorien kritika arrazoitu batetik habiatzen da, instituzio gabeko  eta bakoitzaren interesei zentzua eta arrazionaltasuna ematen dien lotura sozialik gabeko mundo baterako pentsatuak baitira. Hori dela eta, identifikatu behar da zein mekanismo eta prozesuren bidez interes abstraktuek adierazpen bide bat eta gauzapen modu bat aurkitzen duten. Kontratazio tenporalaren kasuan, Espainiak ezagutzen duen gehiegizko mailara iristean, ez da nahikoa esatea sistemaren logikaren ondorioa dela ezta ere kapitalisten inposizioaren emaitza dela. Politika horiek horrelako onarpen soziala lortzen dutelarik, horrek esan nahi du onuradunak eta kaltetuak askoz ere banatuagoak direla. Polvieja-k langile gazte eta adinduenen arteko interesen gatazkak jorratzen ditu, jakinik lehenak prestatuagoak izan ohi direla, bigarrenak hobeki antolatuak daudelarik.  Azken hauen interesa da beraien burua babestea ez daitezen lan merkatutik botatuak izan, lehenak bide batez lan merkatuan sartuko balira postu horiek betetzeko. Aitzitik, batzuek zein besteek gauza bat partekatzen dute: etxebizitza. Logika indibidualista muturreraino eramanez, Polavieja-k familia estrategiei dei egiteari uko egiten die azalpen funtzioanlistaegia delako, familiak ezin balira eragile estrategiko kalifikatuak izan lan merkatuari buruzko eztabaidan, bereziki Espainian non lan merkatuan sartzeko zailtasunak konpentsatuak diren gurasoen etxean adin bateraino egotearen bidez.
Eztabaida hori alde batera utziz, Polavieja-k Espainian gauzatzen den lan merkatuaren desregulazioak eragindako segmentazio prozesua azaldu dezakeen mekanismoak identifikatzen ditu (suspertze eta indargabetze efektuak) eta amaitzen du klaseen teoriari galdera interesgarriak eginez, segmentazioak klaseen barruan zatiketak eragiten dituen neurrian. Klaseen barruko ezberdintasunak klaseen arteko ezberdintasunak bezain garrantzitsuak badira, planteatzen den galdera jakitea da zertarako balio duten klaseek. Horrek, ikerketa longitudinalak burutzea eskatzen du lan ibilbideak bere osotasunean ikusteko.
4.    Mugikortasun soziala
Aipatutako ikerketak mugikortasun sozialari garrantzi berezi bat eskaini dio. Horietariko bi aipatzea komeni da, kontutan izanik XXI. Mende hasieran plazaratuak izan direla (Echevarria, 1999 eta Salido, 2001). Lehena Erikson eta Goldthorpe-n ikerketa klasikoaren errepikapen bat da. The Constant Flux (1993) liburua mugikortasun maskulinoaren azterketa konparatiboan oinarritzen den bezala, bigarrena mugikortasun femeninoan erdiratzen da, aintzindaria izanez. Une horretan, mugikortasunaren inguruko eztabaida honela planteatzen da:
-  Batetik, ikuspegi liberal-funtzionalistek aldaketa sozialaren ikuspegi etnozentriko eta lineala proposatzen du, herri guztiek mendebaldeko herrien garapen modeloa jarraitu behar balute lez, aldatze soziokulturalak, instituzionalak eta politikoak alde batera utziz baita ere mugikortasun sozialaren arauetan eduki ditzaketen eraginak.
-  Bestetik, berrekoizpenaren teoriek arreta guztia alderdi estruktural eta sistemikoetan jartzen dute, eragileek errealitate sozialean eragiteko daukaten gaitasuna gutxietsiz. Egia da proletarizazioaren teorizatzaileak lan merkatuaren dualizazio eta zatiketari aurrea hartu ziela, nahiz eta aldaketa teknikora egokitzeko gaitasuna deskalifikatu eta gutxietsi.
-  Bien artean, mugikortasun erregimen ezberdinen izaera defendatzen duten teoria berriak agertu dira, horien artean Erikson eta Goldthorpe-ena (1993) eta Esping-Andersen-ena (1993). Teoria klasikoak berrikustea eta mugikortasun sozialean eragiten duten testuinguru estrukturalei eta faktore politiko-instituzionalei arreta jartzea eskatzen du.
Premisa horiekin, Echevarria-ren ikerketak zion ez zela joera uniforme bezain hamankomunik ikusten herri ezberdinen mugikortasun tasetan, ikuspegi liberalak zion bezala, ezta ere mugikortasun tasen bateratze bat, desagrerizazio prozesutik at. Hori dela eta, mugikortasunaren uniformitatearen eta egonkortasunaren hipotesiak alde batera utzi dira (Echevarria, 1999). Egia da ikusitako mugikortasunaren arauen ezberdintasuna bateragarria zela fluidotasun sozial arauarekin, denboran eta espazioan nahiko uniformeak eta bateragarriak direla kontutan izanik, Featherman, Jones eta Hauser-ek erakutsi duten moduan (1978). Baina, ixurkortasun sozialean ikusi daitezken aldakuntzak esplikatu daitezke Estatuaren esku-hartzearen eta politika publikoen eraginaren bidez.
Edozein kasutan, eskuragarri ziren ikerketa konparatiboek soilik gizonen mugikortasunaz hari zirenez, ondorengo lanek antzeko joera hartu zuten (Goldthorpe, 1983 eta 1984). Gauzak horrela izan dira bi arrazoi nagusirengatik. Batetik, estratifikazioaren analisian erabili den analisi unitatea familia izan da eta ez gizabanakoa, familia baita belaunaldien arteko baliabideen transmisore nagusia. Bestetik, azken hamarkadetan gizonezkoen enplegu tasa emakumezkoena baino goragoa izan da. Aitzitik, emakumeak modu erabakior eta iraunkorrean lan munduan sartu izanak planteamentu hori kolokan jarri du, emakumezkoen mugikortasunean arreta jarriz, hezkontzari lotzen zaion mugikortasunaz aparte.
Emakumezkoen mugikortasunari buruzko ikerketa eskuragarri nagusia Salido-rena (2001) da. Bertan idazten da emakumezkoek gizonezkoek baino erabateko mugikortasun handiagoa ezagutzen dutela 60 eta 90. Hamarkaden artean, Echevarria-ren ikerketaren ondorioekin bat eginez (1997) baita ere Luis Garrido-ren hipotesiarekin “emakume espainiarraren bi lan biografiekin” alegia: 60. Hamarkadarena, ikasketa maila apalekin eta gutxi kalifikatutako enpleguekin, eta 80. Hamarkadarena, ikasketa eta enplegu hobeekin baita ere ibilbide luzeago eta egonkorragoekin. Emakumeen jauzi kalitatibo horren arrazoia emakumeek sektore publikoko enplegu kalifikatuak betetzean zegoen, bareziki hezkuntzan eta osasungintzan, Ongizatezko Estatuaren garapenaren ondorioz (Garrido, 1993), nahiz eta horrek segregazio okupazionala areagotu. Bestalde, zerbitzuetako enpleguaren hazkundea, bere maila gorenetan, goi mailako klaseen itxidura estrategiak oztopatzen bazuen, emakumeen goratze mugikortasun estrategia fagoretuz, horrek ez zuen esan nahi, gizonezkoen kasuan bezala, goi mailako klaseetako emakumeek ez zeukatenik mugikortasunerako aukera erlatibo gehiagorik (Salido, 2001). Horrela, estratifikazio sozialaren lerro zaharrak sendotzen doaz, nahiz eta okupazio zein enplegu egituran suertatu diren aldaketek aukera berriak ireki (Salido, 1995 eta 2001).
5.    Behartsutasuna eta bazterketa soziala
Behartsutasun eta bazterketa sozialarekiko interesa berandu agertu da Espainian, 60. Hamarkadako garapen eta irekidura ekonomikoak arreta bereganatu baitzuen. Bai 1962ko Ondasunen Kristau Komunitatearen ikerketa aintzindariak bai FOESSA-ren lehen txostenak (1966), agerian utzi zuen espainiako hazkunde modeloak ondorio ezkorrak zeuzkala behartsutasunaren eta ezberdintasun sozialaren gainean. Hasiera batean, analisia erabateko behartsutasun egoeran zeuden pertsonen kantifikazioan erdiratu zen, nahiz eta, denbora joan ahala, behartsutasun erlatiboak arreta handiagoa jaso, nazioarteko estandarte metodologikoak bereganatuz. Era berean, behartsutasunaz gain, bazterketa sozialaz hitz egiten hasi zen.
Zentzu horretan, 90. Hamarkadak behartsutasunaren eta ezberdinatasun sozialarekiko interesa eraberritu zuen, Espainiari aukera emanez, kalitatezko datu homogeneoen iturriaren hedapenari esker eta bultzada instituzional garrantzitsu bati esker, errentaren banaketa eta behartsutasun zein bazterketa sozial fenomenoei buruzko nazioarteko ikerketa korronteak erabat integratuz. FOESSA fundazioak paper berezi bat jokatu zuen behartsutasunari buruzko ikerketen berpiztean. Azken txostena aurkeztu zenetik hamar urte igaro ostean, 90. Hamarkada erditsuan, “Espainiako egoera sozialaren V. Txostena” plazaratu zuen (Juarez eta al., 1994). Bertan, Espainiako estratifikazio eta egitura sozialari loturiko gai asko jorratzen dira, behartsutasunari eta bazterketa sozialari toki berezi bat sagaratuz. Hainbat ikerketa burutu dira Autonomi Erkidego bakoitzean behartsutasun eta pertsona behartsuen bizi baldintzak aztertzeko, Caritas-ekin lankidetzan arituz. Lan horren emaitza nagusiak Las condiciones de vida de la poblacion pobre en España liburuan plazaratu ziren.  
Hala ere, behartsutasunari buruzko ikerketek ikuspegi zabala hartu zuten, ikuspegi asistentzialetik eta behar ekonomikoak hasetzetik aldenduz. Horrela, behartsutasuna osagai anitzeko fenomeno bat bezala ikusten hasten da. Baliabide ekonomikoen gabeziatik at, modu orokorrean behartsutasun egoeran aurkitzen diren pertsonak aztertzen dira. Baliabide ekonomikoen gabezia soilik zabalagoa den prozesu baten zati bat besterik ez da, osagai estruktural eta multidimentsionala duela kontutan izanik.
Behartsutasun kontzeptua bazterketa sozial nozioaren bidez ordezkatzeak jauzi kualitatibo bat egitea suposatzen du ikerlarien agendan. Europar Batasuneko Familia Panelaren datuak eskuragarriak bilakatzen dira, bertan jasotzen direlarik ohizko diru-sarrerak eta indikadore ez-monetarioei loturiko galderak (etxebizitza eta harreman sozialak); horrek, berhartsutasunari buruzko ikerketa multidimentsionalak egitea ahalbidetzen duelarik. Horri esker, posiblea izan da behartsutasunaren eta bazterketa sozialaren analisiak uztartzea, Serrano-k, Malo-k eta Rodriguez Cabrero-k (2000) egin duten lana horren adibide delarik. Bertan, behartsutasun erlatibo mailaren pean dauden pertsonen egoera aztertzeko aukera eskaintzen du hiru eremu nagusitan, giza kapitalean (hezkuntza eta osasuna), gizarte kapitalean (harreman sozialak) eta etxebizitzarekin lotuak dauden kontuetan. Hori da Gizarteratze Plan Nazionalen atzean dagoen planteamentua, Europar Batasuneko erakunde ezberdinetan nagusitu dena (MTAS, 2001). Zentzu horretan, behartsutasunaren aurkako politiken helburua: “baztertuta dagoen biztanleriaren gizarteratzea fagoretzen duten mekanismoetaz gizartea hornitzea, edozein pertsona hezkuntza, lan, etxebizitza eta osasun zirkuituetan sartuz, harreman sozialak kaltetuko dituen pitzaduren sorrera eta integrazioa oztopatzen duten fenomenoen agerpena saihestuz, beti ere ongizate hamankomuna fagoretzeko asmoz” (CES, 1996: 85).
Ildo beretik, beste ikerketa batzuk, lurralde eremu ezberdinetan eta bazterketa sozialaren espazioaren definizio multidimentsionalean erdiratu dira, behartsutasun eta bazterketa sozial indikadoreak uztartuz. Horien artean, Laparra-renak Nafarroan (2000) eta Perez Yruela, Rodriguez Cabrero eta Trujillo-renak Andaluzian (2002) eta Asturiasen (2004) aipamen berezi bat merezi dute. Etxearen pribazio erlatiboaren analisia geroz eta nagusiagoa den fenomeno bat da, bai Espainian bai Europa osoan, indize anitzetan isladatzen delarik: pribazio erlatiboaren analisia nahi diren ondasun batzuk ez izateak sortzen duen frustrazioa ala egin nahi diren eta sozialki baloratuak dauden jarduera batzuen ezintasunak sortzen duen sentimentua.
Gizarte zerbitzuen legeen gauzapenak eta gizarte zerbitzuen deszentralizazioak urrats garrantzitsu bat suposatu zuten norabide horretan. Garapen horretan, bazterketari buruzko zenbait ikerketek garrantzi berezia eduki zuten, proposamen berriak eginez oinarrizko errentak martxan jarri daitezen hainbat Autonomi Erkidegoetan baita ere horiek ebaluatuak izan daitezen. Ebaluaketa horiek agerian utzi dute erabiltzaileen kopurua faktore sozioekonomikoei lotua izatea baino, aldagai instituzionalei lotua dagoela, emaitza ezberdinak emanez Autonomi Erkidego batetik bestera. Era berean, egoera konplexuak agerian uzten dituzte bazterketa sozialaren osagai ezberdinak elkar elikatzen baitira (Serrano eta Arriba, 1998).
Ikerketa berrienak behartsutasunaren analisi dinamiko batean erdiratzen dira, bere arrazoiak ulertzeko saiakera batean. Helburua ez da soilik behartsutasunaren eragina jorratzea baizik eta bere iraupena zein egonkortasuna aztertzea denboran zehar. Ikerketak denboran zehar irauten duten behartsutasun egoerak aztertzen ditu baita ere bere gainean eragina daukaten faktoreak. Familien benetako egoera behartsutasunarekiko soilik jorratu daiteke ikuspegi longitudinal batetik, epe motzago ala luzeagoetan gerta daitezken aldaketak agerian uzteko asmoz. Horrelako datuen eskuragarritasuna nahiko berria da Espainian. Lehen analisiak Familien Aurrekontuen Inkesta Jarraikien bidez egin dira, ikusiz nola pertsonak behartsutasun egoera batetik irteten diren 8 hiruhilabeteko epe batean (Canto, 1996 eta 1998). Baina, PHOGUEk aukera eskaini du behartsutasunaren ibilbideen jarraipena egitea ahalbidetu du epe nahiko luzean (Garcia Mainar eta Toharia, 1998).
Behartsutasun eta bazterketa sozial ezaugarriak dituzten pertsonekiko kezka erakusteaz gain, 90. Hamarkadan diru-sarrenei buruz zegoen eztabaida berpiztu zuen eta bereziki gizarte politikak eta biztanleriaren ongizateak zeuzkaten harremanak. Lan ildo horrek Argentaria Fundazioaren laguntza jaso zuen. 1993 eta 1997 bitartean, nazioarteko hiru simposio antolatu zituen berdintasunaren eta errenta zein aberastasunaren banaketaren inguruan eta hainbat erakunderekin lankidetza hitzarmenak izenpetu zituen.
Bazirudien 80. Hamarkadak amaiera jarri ziola errentaren banaketaren berdintze prozesuari. Arrigarria zen ikustea ekonomia garatu askotan, berdintasunerako prozesu hori ez zela gelditu 80. Hamarkadarekin, ezta ere gobernu atzerakoiak nagusi ziren herrietan. Estatu Batuetan zein Erresuma Batuan, nahiz eta zerga erreformak burutu eta xahupen publikoa murriztu, behe eta erdi mailako kategorien kalterako, prozesu horrek jarraitu zuen (Smeeding, 2002; Fritzell eta Ritakallio, 2004). Joera hori beste herri batzuetara hedatu zen 80. Hamarkadan zehar, horietariko batzuk berdintasunaren tradizio zeukatela kontutan izanik, Suedia adibide dela.
Espainiak beste joera bat erakusten zuen, behartsutasun eta ezberdintasun erlatiboak nabarmen behera egiten baitzuen, aurreko hamarkadari jarraituz. Espainiaren anomaliak eztabaida sutsu bat piztu zuen, herri horren mugak gainditu zituenak, esplikazio bat bilatze aldera, kontutan izanik langabezi tasa garaia uztartzen zela behartsutasun eta bazterketa maila apalagoarekin. Berezitasun hori kultura ezaugarrien bidez azaldu zen, familiak jokatzen duen papera dela eta. Izan ere, lan merkatuaren prekarizazioak sorturiko ondorio ezkorren aurrean, familiak “koltxoi” funtzio bat bete zuen.
Hipotesi alternatibo baten arabera, familia buruek ezagutzen duten langabezi tasak sortutako behar ekonomiko egoeretan, familia osoa behartsutzen da, familia unitatearen barruan enplegu eskaerak aktibatuz. Espainiaren ezaugarri propioa ez da familiak bere kideak laguntzen dituela, baizik eta baliabide gutxi daukala hori egin ahal izateko, sektore publikotik jasotzen duen laguntzaren ahultasuna dela eta. Horrela, itxurazko paradoxa desagertzen da kontutan izanik ziklo ekonomikoaren eta errentaren banaketaren artean dagoen lotura frogatzea zaila dela. Harreman horren gainean hainbat faktorek eragiten dute, faktore instituzionalak barne, babes sozialeko sistemarekin, lan merkatuaren dinamikarekin eta familiek osatutako estrategiekin harremanduta daudela jakinik. Faktore horien konbinazioak langabeziaren egitura berezi bat eragiten du, nahiz eta aldaketak egon gizarte eta epe historiko batetik bestera.
Espainiako Ongizate Estatuaren alderdi oso berbanatzailea eta horrek herritarrengan daukan eragina eztabaidatzen dira. Ikerketa askok, politika ezberdinek biztanlezi frangoren gainean eta bereziki humeengan daukaten eragina aztertzen dute. Orohar, estalgarri unibertsaleko politikek eta pentsio sistemari loturikoak eragin handia daukate. Beste muturrean, laguntza asistentzialak eragin txikiagoa dute behartsutasuna gutxitze aldera. Egoera hori Espainiaren gutxiengo prestazioen ahuleziari lotua dago.
Berrikitan eginak izan diren ikerketek hainbat faktoreen eraginak modu bateratuan aztertu dituzte: lan merkatuaren testuinguru aldaketak, familia egoera, gizarte industrializatuetako Ongizatezko Estatuak ezartzen duen presioa. Jasangarritasun finantziero ohizko arazoez gain, Ongizatezko Estatu modernoek erronka berriei aurre egin behar diete: emakumeen paper berria, familien berregituraketa, merkatuen nazioarteratzea, mundu mailako erabakiguneen eragin geroz eta handiagoa gizarte politiken definizioan, biztanleriaren zahartzaroa bezalako aldaketa demografiko geroz eta handiagoa, etabar (Pierson, 2001; Myles eta Quadagno, 2002).
Guzti horiek, arrisku berrien agerpena agerian uzten dute. Lan prekaritate maila garaiak, lan aktibazioa bilatzen duten politiken ahultasunak, familiari norabidetuta dauden neurrien eskasiak ala jaiotza tasa apalak, espainiar gizartearen orekaren ahuskortasuna azpimarratzen dute, horren biktima nagusiak emakumeak eta gazteak direlarik. Zentzu horretan, gazteen autonomia defizita ala emakumeek dauzkaten zailtasunak lan munduan erabat sartzeko, ezin daitezke bakarrik talde batzuek ikutzen dituen arazoak bezala ikusi, baizik eta gizarte guztia ikutzen duen arazo bat da. Helburuetariko bat haurren ongizatean oreka bat lortzea da agertzen diren arrisku sozial berrien aurrean (Esping-Andersen, 2007). 


Entradas relacionadas: