Estatuaren lege organikoa testu iruzkina

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 23,19 KB

Testu hau Lege Organikoa da. Dokumentu historikoa da, lehen mailakoa (nahiz eta

itzulita egon). Formaren aldetik, juridikoa da, lege bat delako, eta edukiaren aldetik politiko-

ideologikoa, erregimenaren ideologia agertzen delako. Egilea Francisco Franco da. Honek

Espainiako estatu burua, gobernuburua eta armada burua zen, eta botere guztiak zeuzkan bere

esku, baita botere legegilea ere. Galizian 1892an jaio zen militar espainola izan zen. Gaztetatik

guda askotan parte hartu zuen eta bere ausardia temerarioak oso jeneral gaztea izatera

eraman zuen. Afrikan izan zituen arrakasta esanguratsuenak eta bertan hartu zuen fama

handia. Bere idealen defentsan, eta indarrean zegoen errepublikaren aurka, 1936ko uztailaren

17ko altxamendu militarrean parte hartu eta Gerra Zibilaren ostean, Espainiako estatu buru

izatera iritsi zen ia 40 urteko diktadura batera eramanez lurraldea, 1975ko azaroaren 20an hil

zen arte. Testua 1967ko urtarrilaren 11an argitaratu zen. Frankismo garaia da, eta teknokratak

zeuden gobernuan. Hauek, Egonkortasun Plana abiatu eta ekonomian aldaketak egin nahi

zituzten, hazkunde ekonomikoa lortzeko. Horretarako, Europako merkatuan sartzea

beharrezkoa zen eta, beraz, Espainia herrialde demokratiko bezala irudikatzea komeni zitzaien.

Testu publikoa da, nazioari zuzenduta. BOEn argitaratu zen, Estatuko Aldizkari Ofizialean.

Testuaren helburua erregimen frankista antolatzeko legeak berrantolatu direla herriari

jakinaraztea da, nahiz eta benetan bakarrik itxura aldatu eta punturen bat eraberritu zen.

IDEAK

Hazkunde ekonomiko handia egon zenez Francok legeak egokitzea erabaki zuen, eta

horretarako, Lege Organikoa egin zuen. Onartzeko, erreferenduma antolatu zuen, bide batez

erregimenari itxura demokratikoagoa emateko.

Lehenengo bi artikuluetan Espainiar estatuaren definizioa egiten du. Lehenengoan

erresuma bat dela argitzen du, beraz, monarkikoa. Franco hil eta gero erregea ezarriko da.

Bigarrenean, botere batasuna dagoela esaten da, bakarra eta zatiezina baita.

Hirugarren artikuluan estatuaren helburuak finkatzen dira: nazioaren batasuna eta

osotasuna, independentzia eta segurtasuna mantentzea. Horrez gain, Mugimendu Nazionala

defendatzen du, eta haiekiko leialtasuna argi antzematen da.

Seigarren artikuluan estatu buruaren funtzioak finkatzen dira. Estatu burua Franco zen

eta bere esku zeuden botere politiko guztiak. Beraz, botere legegilea eta judiziala zituen.

Gainera, armadako burua zen, baita alderdi bakarreko burua ere. Francok botere guztiak bere

esku izan zituen diktadura totalitarioa ezarri zuenetik, eta mantendu zituen bere heriotzara

arte.

Hamalaugarren artikuluan estatu buruaren kargua eta gobernu buruarena bereizten

dira. Estatu burua izango da gobernu burua hautatu ahal izango duena. 1973an Francok

Carrero Blanco gobernuburu izendatu zuen eta, geroago, 1974an Arias Navarro.

Lege Organikoak ekarri zuen aldaketa bakarra hamalaugarren artikuluak dioena izan

zen. Gainerakoa erregimenaren betiko ezaugarriak dira, baina beste era batera esandakoak,

erregimenari itxura demokratikoagoa emateko saiakeran.

TESTIUNGURUA 1939ko apirilaren 1ean Gerra Zibila amaitu zenetik, Francok diktadura pertsonala ezarri

zuen, frankismoa, sistema totalitarioa. Bere erregimenean zehar ez zituen bere funtzioak

gehiegi zehaztu nahi izan, baina batzuetan behartuta ikusi zuen bere burua, kanpo eta barne

presioak zirela eta. Horregatik, boterean egon zen lehenengo urteetan zenbait lege argitaratu

zituen. 1938an Lanaren Forua ezarri zuen, lan-harremanak eta ekonomiaren oinarriak

zehazteko. 1940an Sindikatuen Batasunerako Legea argitaratu zen, sindikatu bakarra izateko,

falangearen eskuetan. 1942an Gorteak eratzeko Legea onetsi zuen, erregimenaren aldeko

partaidez osatua. Horrela Gorteak sortu ziren, eztabaidak eta kontsultak egiteko, baina

Francoren kontrolpean beti. II. Mundu Gerra amaitu eta gero, isolamendutik ateratzeko asmoz,

irekitasunaren aldeko joera hasi zen eta izaera demokratikoa erakusteko nahia era bai. Hori da,

hain zuzen ere, aztergai dugun testuaren helburua. Xede horrekin, 1945an, Espainiarren

Foruaren legea onetsi zen, non erregimenaren oinarrizko printzipioak eta eskubide teorikoak

aldarrikatzen ziren. Urte berean, Erreferendum Nazionalaren legea onetsi zen, herritarrek boto

zuzenaren bidez legeak baieztatzeko eskubidea izateko, eta batez ere, sufragio unibertsalaren

itxura emateko. 1947an Ondorengotzaren Legea erreferendum baten bidez onetsi zen, eta

Espainia erresuma bezala definitu zen eta Francori etorkizuneko erregea izendatzeko

eskubidea eman zitzaion. Lehenengo artikuluan berriz ere aipatzen da ezaugarri hau,

aldaketarik gabe. Azkenik, 1958an Mugimendu Nazionalaren Legea onetsi zen, Mugimendu

Nazionala alderdi bakar gisa berresteko. Testuan ere Mugimendu Nazionalaren garrantzia

azpimarratzen da. 1956an Francok gobernu berri bat osatu zuen, eta teknokratak izeneko ministroak

sartu ziren horretan. Hauek Egonkortasun Plana abiarazi zuten, eta horrekin batera, hazkunde

ekonomiko handia gertatu zen. Baina kanpo merkataritza sustatzeko nazioarteko mailan

erabat integraturik egotea beharrezkoa zen, eta bereziki, Europako Ekonomia Erkidego

barruan egotea. Horrela, 1962an Espainiak Europako Ekonomia Erkidegoan sartzeko eskaera

egin zuen, baina ezezkoa eman zioten, sistema demokratikoa ez zelako. Beraz, Francorentzat

beharrezkoa zen erregimenari itxura demokratikoa ematea. Gainera, hazkunde

ekonomikoarekin batera gizartearen aldaketa gertatu zen. Horregatik, legeak egokitzea

beharrezkoa zen. Horrela, 1967an, erreferendum baten bidez ere, aztergai dugun Estatuko

Lege Organikoa onetsi zen eta Demokrazia organikoa konsagratu zen, sindikalismo ofizialean,

udal botere frankistan eta familian oinarriturik. Legeak aurretik egindako legeak berridazten

eta indartzen ditu, baina beste modu batean baino ez ditu esaten, aldaketarik gabe. Aldaketa

bakarra estatuburu eta gobernuburu karguak banatzea izan zen.

Erregimenari itxura demokratikoa emateko eginkizunean Francok gizartearen eta

erakunde batzuen laguntza izan zuen. Erakundeen artean, Falangea, Elizaren zati bat eta

Armada aipatu behar dira, babes morala, tresneria politikoa eta leialtasuna eman ziotelako.

Horregatik, bere gobernuaren partaide modura izan zituen beti. Gizarte taldeen artean lurjabe

handiak, industria enpresariak, finantzetakoak, probintzietako burgesia txikia eta erdialdeko

nekazariak aipatu daitezke. Horrez gain, 60ko hamarkadako hazkunde ekonomikoan sortutako

taldeen laguntza ere jaso zuen, hala nola, erdiko klaseena eta langile enpresari txiki berriena.

Laguntza horiekin batera, propaganda, zentsura eta hezkuntzaren kontrola ere baliatu zituen

bere erregimenaren ideologia zabaldu eta bermatzeko orduan.

Entradas relacionadas: