Estatu demokratikoa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 10,67 KB

ZER DEN ESTATU BAT

Lurralde bat gobernatzen duen batasun politiko eta administratibo gorena da estatua. Estatuko biztanle guztiak daude haren agintepean.

Herritar multzo batek eta lurralde batek osatzen dute estatua. Herritarrek eskubide aitortu batzuk dituzte, baita betebehar batzuk ere, hala nola zergak ordaintzea. Lurraldea mugen bidez dago zedarrituta, eta herritarren agintepean dago.

Herritarrek badute, halaber, lege multzo bat. Lege horiek bizikidetza arautzen dute, eta herritarrek ezinbestean bete behar dituzte. Herrialde demokratikoetan, konstituzioa da arau nagusia. Han ezartzen dira gainerako legeen oinarri diren printzipioak.

Horretaz gainera, enbaxadak eta kontsulatuak ordezkatzen duten herrialdearen zatitzat jotzen dira. Horregatik, zer herrialdetan dauden ere, ez daude herrialde horretako poliziaren eta justiziaren mende.

Horretaz gainera, estatuek hainbat erakunde sortzen dituzte, beren erabakiak bete daitezen: polizia, ordena publikoa mantentzeko; armada, kanpoko erasoen aurka babesteko; diplomazialariak, beste estatuekiko harremanez arduratzeko, eta funtzionarioak, politikak betetzeko.

Estatuek zenbait ikur dituzte identifikatzeko, hala nola ereserki bat, bandera bat, hiriburu bat, eta, askotan, moneta bat.


ESTATUAK ALDATU EGITEN DIRA

Gaur egun, gutxi gorabehera 200 estatu daude munduan. Baina estatuen kopurua eta lurraldea aldatu egin dira historian zehar; murriztu edo handitu egin daitezke, hala nola gerra baten, independentzia-prozesu baten edo nazioarteko itun baten ondorioz.

Ibilaldi luzea egin dute estatu askok. Esaterako, Egiptok 5.000 urtetik gorako historia du. Beste batzuk, aldiz, duela gutxi sortu dira. Adibidez, Ekialdeko Timor 20023n sortu zen; Montenegro, 2006an; eta Hego Sudan, 2011n.


ESTATUAREN EGINKIZUNAK

Estatuak eginkizun ugari ditu. Horien artean, nabarmentzekoak dira hauek:

·Nazioarteko harremanak ezartzen ditu: enbaxadak eta kontsulatuak sortzen ditu beste estatu batzuetan, nazioarteko erakundeetan integratzen da... Kasu gehienetan, estatuen arteko auziak era baketsuan konpontzen dira, hitzarmenen bidez, baina, batzuetan, gerra bihur daitezkeen arazoak sortzen dira.

·Segurtasun nazionala bermatzen du: ordena publikoari eusten dio bere mugen barruan, eta bere lurraldea eta herritarrak babesten ditu kanpoko erasoen aurka.

·Ekonomia eta lan-harremanak arautzen ditu: ekonomia- eragileen jarduera arautzeko arauak sortzen ditu, eta ekonomia-hazkundea sustatzeko politikak.

·Oinarrizko zerbitzuak ematen dizkie biztanleei, hala nola hezkuntza, osasuna eta garraioa.


HUTS EGITEN DUTEN ESTATUAK

Botere-hutsunea duten herrialdeak dira huts egin duten estatuak. Botere-hutsune horren ondorioz, ezin dute beren lurraldea kontrolatu eta herritarrak babestu talde terroristen, talde paramilitarren eta delinkuentzia antolatuaren erasoen aurka. Inguruabar horiek direla eta, estatu horiek ez dira seguruak bertan bizi direnentzat.

Huts egin duten estatuek ezin dizkiete oinarrizko zerbitzuak bermatu herritarrei, eta ezin dute harremanik izan beste estatu batzuekin. Gobernu ahulak izaten dituzte, eta ustelkeria handia.

Kalkuluen arabera, gaur egun 40 dira, gutxi gorabehera, huts egin duten herrialdeak.


ONGIZATE-ESTATUA

Lehengo denboretan, estatuen helburuak ziren ordenari eustea, lurraldea babestea eta nazioarteko harremanak ezartzea. Baina, XX. Mendean zehar, estatuaren eginkizunak zabaldu egin ziren, eta, gaur egun, kontsideratzen dugu ekonomiaren bilakaeran esku hartu behar duela eta biztanleei oinarrizko zerbitzuak eman behar dizkiela.

Horretarako, estatu askok hau egiten dute zergen diruarekin:

·Herritarren esku jartzen dituzte zerbitzu publiko batzuk, hala nola

Denontzako doako osasuna eta hezkuntza


·Diru-laguntzak ematen dituzte, biztanleen premiei erantzuteko.

·Pentsio-sistema bat ezartzen dute, aukera ematen diena erretiratuei eta lan egin ezin izan dutenei duintasunez bizitzeko.

Horri esaten diogu ongizate-estatua edo gizarte-estatua. Gaur egun,

herrialde garatuetan soilik dago, eta beste kontinenteetan baino

sendoagoa da Europan. Beste estatu batzuek ez dizkiete zerbitzu

oinarrizkoenak ere ematen biztanle gehienei; izan ere, ez dute nahikoa baliabide, zerbitzu horien gastuak ordaintzeko.


DIKTADURAK

Diktaduretan, pertsona edo talde bakar batek —hala nola armadak, erlijioburuek edo talde etniko batek— ditu estatuaren botere guztiak. Maiz, pertsona horiek bortizki bereganatzen dute boterea, estatu-kolpe bat emanez edo iraultza bat eginez. Hortaz, herritar gehienek ez dute gobernuan parte hartzen.

Gobernuak ez ditu giza eskubideak aitortzen; berak ematen dituen legeak soilik errespetatzen ditu. Herritarren eskubideak urratuz gero, ez dago herritarrak babesteko erakunderik. Gobernuak zapalkuntza erabiltzen du oposizio politiko oro ezabatzeko.

Herrialde askotan, demokrazia faltsuak daude; hots, diktadura estaliak. Gobernariek hauteskundeetara deitzen dute. Hauteskundeetan, alderdi bat soilik aurkez daiteke, eta, gehiago aurkeztuz gero, iruzur egiten dute.

Entradas relacionadas: