Espainiako Industria-Guneak: Hedapena eta Gainbehera

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Geografía

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,03 KB

Hedatzen ari diren industria-inguruak eta ardatzak

Industriaren hedatze-joeren edo industrializazio endogenoaren emaitza dira, eta honako hauek bereiz daitezke:

a) Metropoliko koroetako industria-guneak

Gainbeheran eta birmoldatze-prozesuan murgilduta dauden industria-guneak daude (Llobregat, Bilbo, Madril). Baina industria-gune berriak ere sortzen dira bertan. Kasu batzuetan, erdigunetik datozen industria tradizionalak hedatu edo bertan ezarri direlako sortzen dira, haiek hartzen duten lurzorua beste erabilera batzuetarako sustatu nahi delako, eta enpresentzat kostuak murrizteko modu bat delako. Industria horiek industria-poligonoetan ezartzen dira, hiriarekin dauden komunikazio-bide nagusietan. Beste kasu batzuetan, koroetara enpresa berritzaileak mugitu eta parke teknologikoetan ezartzen dira.

b) Hirien inguruneetako industria-ezarpenak

Hiriaren eta inguruko nekazaritza-munduaren arteko trantsizio-guneak, oso erakargarri bihurtu dira inguruetako hirietako industriak ezartzeko. Enpresa txikiak, kapitalizazio eskasekoak, inguru horietan ezartzen dira: lan kualifikaturik egin ez duten produkzio intentsiboak, zereginen azpikontratazioa edo inguruko baliabideak aprobetxatzea. Lanari begira, merkatu malguagoa dute, badaezpadako kontratuak egiteko hainbat modu dituzte, eta sindikatuak ez daude oso sartuta. Horiek ezartzeko tipologia nagusia industria-nabeen poligonoak dira, tamaina txikikoak, askotan azpiegiturari eta ekipamenduari begira gabezia larriak dituztenak.

c) Industriaren garapen-ardatz nagusiak

Komunikabide nagusien inguruan ezartzen dira. Estatuko ardatz nagusiak Ebroren Harana eta Mediterraneoa dira (Girona-Cartagena). Autobideen sarearen bidez, estatuko eta Europa hegoaldeko gune nagusiei lotuta daude. Hori dela eta, estatuko industriak eta multinazionalak erakarri dituzte. Eskualdeka, zenbait ardatz garatu dira, besteak beste Madrilen inguruko sarea, Gaztela-Mantxako mugako probintzietaraino hedatzen dena, eta barrualdeko eskualdeetako bigarren mailako ardatzak, errepide nagusi batzuen inguruetan (Tordesillas-Valladolid-Palentzia autobia).

d) Nekazaritza-inguruetako industria-ezarpenak

Nekazaritza-inguru batzuetan, industria-ezarpenek ere gora egin dute. Kasu gehienetan, enpresa txikiak dira, eta inbertsio txikia, teknologia sinplea eta prestakuntza profesional txikia behar dituzte. Kasurik ohikoenak produkzio tradizionalen lantegi txikiak dira, berriz ezarritako hiriko enpresak edo tokiko enpresaburuek sustatutako enpresak. Dena den, batzuetan enpresa berritzaileak ere sortzen dira, enpresen lankidetzari eta tokiko administrazioaren laguntzari esker.

Gainbeheran dauden industria-inguruak eta ardatzak

Asturias, Kantabria eta gune bakartu batzuk dira (Ferrol, Cadizko Badia, Puertollano eta Ponferrada). Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE), duela gutxi arte, multzo horretan egon da sartuta, baina gaur egun salbuespen bihurtu da, industria berriro suspertu delako. Gainbeheran dauden guneek honako ezaugarri hauek dituzte:

  • Krisian dauden industria-sektore helduetan espezializatutako inguruak dira eta ez dute industria-dibertsifikaziorik lanpostu alternatiboak sortzeko. Enpresa handia eta fabrika handia dira nagusi, eta enpresa txiki eta ertainak oso urriak eta enpresa handien menpekoak dira.
  • Lan-merkatuaren prestakuntza erdikoa edo txikia da: sindikatuak errotuta daude, eta gatazka ugari daude.
  • Ingurumena aspalditik dago hondatuta, oinarrizko industria kutsakor ugari dagoelako eta hiria antolatu gabe hazi delako, hau da, dentsitate handia eta kalitate gutxiko etxebizitzak daudelako.
  • EBn sartzean, egoerak okerrera egin du, produkzioari eta lanpostuei murrizketa gehiago ezarri zaizkielako.

Inguru horien desindustrializazioaren ondorioak gainbehera demografikoa eta erabakitze-guneetatik eta industria-gune berrietatik kokapen periferikoa izatea dira. Horrekin batera, Espainiarekin eta Europar Batasunarekin komunikazio-bide onik ez dute. Arazo horiek gorabehera, berrindartzearen adibide batzuk daude, besteak beste, EAEn.

Entradas relacionadas: