Espainiako Garraio Sareak: Errepideak eta Trenbideak
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Geografía
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,88 KB
Errepideko Garraioa
Errepideen sareak biztanleen guneak lotzen ditu. Hona hemen Espainian errepidetik egindako garraioak dituen ezaugarriak:
- Sarearen egitura erradiala da eta Madril erdigunea da. 1960ko hamarkadan errepideen sarea modernizatu egin zen, ibilgailuen joan-etorrietara eta garapen ekonomikora moldatzeko, eta orduan, eredu erradiala sendotu egin zen.
- Sarearen gaineko eskumenak Estatuak, autonomia-erkidegoek eta aldundiek dituzte. Estatuaren sareak interes orokorreko ibilbideak hartzen ditu. Estatuko biztanle-gune nagusiak lotzen ditu eta nazioarteko sarearekin komunikatuta dago. Autonomia-erkidegoen sareak eskualdeen arteko mugikortasuna du helburu eta Estatuko sarearekin lotuta dago; aldundien sareen eta uharteetako sareen bidez, tokiko komunikabideak bermatu eta biztanle-gune guztietara irits daiteke.
- Errepideen ezaugarri teknikoak askotarikoak dira. Estatuko sarekoak egokiak dira eta aldundietako eta udaletako errepideek gabezia gehiago dituzte.
- Errepideak hartzen du bidaiarien eta merkantzien trafiko gehiena, prezioa txikiagoa delako eta abiapuntuaren eta helmugako puntuen artean lotura zuzena dagoelako.
- Lurraldeen artean desoreka argiak daude sareen dentsitateari, intentsitateari eta komunikatzeko erraztasunari begira. Dentsitate handiena ekonomia garatuko lekuetan dago (Madril, Katalunia, Valentzia). Trafikoaren intentsitate handiagoa da zeharkako korridoreetan (Mediterraneoan, Bizkaiko itsasoko aldean eta Ebron). Komunikatzeko erraztasuna handiagoa da industria- eta turismo-guneetan (Madril, Zaragoza, Bartzelona).
- Azpiegitura Plan Gidariak (1993-2007) honako helburu hauek ditu: komunikatzeko erraztasuna, bidearen kalitatea eta segurtasuna hobetzea eta zeharkako ardatzak bultzatzea, sare erradialetan pilaketarik egon ez dadin.
- Espainiako errepideen sareak Europar Batasunarekin lotura hobea izan nahi du.
Trenbide Bidezko Garraioa
XIX. eta XX. mendean nagusi izan zen. Ordutik, bigarren mailan dago eta finantza-egoera larria du, eskaria geldi dagoelako eta ustiapen-kostuak oso handiak direlako. Defizit handienak bigarren mailako lineetan daude eta, ondorioz, asko itxi egin dira. Hona hemen trenbidearen bidez egiten den garraioaren ezaugarriak:
- Espainiako Trenbideen Sare Nazionalak (RENFE) egitura erradiala eta zuhaitz itxurakoa du. Lotura kopuru handia egin daiteke linea gutxirekin eta, horrela, kostuak murrizten dira, baina itzulinguru ugari egin behar direnez, denbora gehiago behar da batetik bestera joateko. Bide Estuko Trenbideak (FEVE): 2.000 km hartzen dituzte, batez ere, Bizkaiko itsasoko erlaitzean, baina baita Gaztela eta Leon, Katalunia, Valentzia, Murtzia eta Bartzelonan ere. Abiadura Handiko Sarean (AVE): 250 km/h-ko abiadura baino handiagoa lortzen da. Sare horretako lehen linea Madril-Sevilla izan zen. Gaur egun, Madril-Bartzelona eta Madril-Valladolid lineak erabiltzen dira.
- Lineen ezaugarri teknikoek kontraste handiak dituzte; bide eta material ugari modernizatu eta segurtasuna handiagotu den arren, bide gehienak badaezpadakoak dira.
- Bidaiarien eta merkantzien trafikoa berriz orientatu behar da.
- Ekipamenduei eta inbertsioei begira, lurraldeen artean desorekak daude. Biderik ekipatuenek eta inbertsio gehien jasotzen dutenek ekonomikoki garatuenak diren hiriak lotzen dituzte (Madril, Bartzelona, Bilbo, Valentzia, Zaragoza).
- Azpiegituren Plan Gidariak honako hauek ditu xede: hurbileko trafikoa handitzea, sare nazionala hobetzea, abiadura handiko sarea zabaltzea eta Europakoarekin lotzea.
- Espainiako trenbideen sareak Europar Batasuneko sarean hobeto txertatuta egon nahi du.