Espainiako Erregimen Demografikoen Bilakaera Historikoa

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Geografía

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,24 KB

Espainiako Erregimen Demografikoak

Espainiako biztanleriaren mugimendu naturalaren bilakaeran zenbait etapa edo erregimen demografiko bereizten dira:

1. Antzinako erregimen demografikoa: XX. mendearen hasierara arte

Garai honetan, jaiotza eta heriotza-tasa handiak eta berezko hazkunde txikia zeuden. Jaiotza-tasak balio handiak zituen XX. mendearen hasieran, baina XIX. mendean behera egin zuen.

Arrazoiak:

  • Nekazaritza-ekonomia eta nekazaritza-gizartea ziren nagusi; haurrak oso gazte hasten ziren lanean.
  • Jaiotzak kontrolatzeko ez zegoen sistema egonkorrik.

Hilkortasuna handia eta gorabeheratsua zen; horren arrazoiak bizi-maila baxua eta medikuntzaren baldintza kaskarrak ziren. Dieta urria zen, nekazaritza-ekoizkortasuna txikia zelako, eta desorekatua zen. Airetik eta uretik zabaldutako gaixotasun kutsakorrek garrantzi handia zuten.

Haurren hilkortasunak balio handia zuen, batzuk jaiotzako akatsengatik eta erditzean izandako arazoengatik, eta beste batzuk infekzioengatik. Jaiotza eta heriotza-tasa handien eraginez, berezko hazkundea txikia zen eta gorabehera handiekin.

2. Trantsizio demografikoa: 1900-1975

Antzinako eta gaur egungo erregimen demografikoen arteko igarotze-aldiari deitzen zaio. Jaiotza-tasa apur bat murriztu eta heriotza-tasa erabat jaitsi zen; ondorioz, berezko hazkunde handia gertatu zen.

Jaiotza-tasak apurka-apurka eta etenekin egin zuen behera; batzuetan nabarmen jaitsi zen eta beste batzuetan berreskuratu egin zen, gertaera historikoei lotuta. Hilkortasun orokorra asko jaitsi zen, baina bi unetan hilkortasun katastrofikoa egon zen: 1918ko gripea eta Gerra Zibila.

Aurrerakuntza mediko aipagarrienak txertoak eta antibiotikoak izan ziren. Bizi-mailak gora egin zuen eta, horren eraginez, dieta hobetu egin zen. Ondorioz, berezko hazkundea handia izan zen, batez ere 1920 eta 1970 bitartean.

3. Gaur egungo erregimen demografikoa: 1975etik aurrera

Jaiotza eta heriotza-tasa txikiak dira, eta berezko hazkundea ere txikia da. Gaur egun, jaiotza-tasa oso txikia da, nahiz eta apur bat berreskuratu den immigrazioaren eraginez.

Horren arrazoiak data horretatik aurrera ekonomian eta gizartean egondako aldaketak izan dira. 1975eko krisiaren osteko egoera ekonomikoaren eraginez, langabeziak gora egin zuen. Espainiako gizartearen mentalitatea aldatu egin da (eragin erlijiosoa gutxitu da, antisorgailuak baimendu dira, etab.).

Heriotza-tasaren zifrak baxuak dira, baina 1981etik aurrera gorakada egon da biztanleria zahartu delako. Haurren hilkortasuna baxua da; batez ere jaioberritan gertatzen da, baina oraindik ere murriztu daiteke aurrerakuntza medikuei esker.

Hilkortasunaren beherakadak desberdintasunak ditu sexuen eta lanbideen artean:

  • Emakumezkoek bizi-itxaropen handiagoa dute arrazoi biologikoengatik; gizonak arrisku gehiagorekin bizi dira.
  • Lanbideei erreparatuz, prestakuntza eta gizarte-maila zenbat eta txikiagoak izan, hilkortasuna handiagoa da.

Gaur egungo berezko hazkundea oso txikia da, jaiotza eta heriotza-tasak oso baxuak direlako.

Entradas relacionadas: