Espainiako biztanleria

Enviado por Chuletator online y clasificado en Geografía

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,85 KB

Aurrean dugun mapa, autonomia erkidegoka atzerriko immigranteen bilakaera adierazten duen gaikako mapa da eta informazio hau helarazten digun iturria INE da. Datuak sailkatzeko erabilitako prozedura koropleta mapa izan da, hau da, koloreen intentsitatearen bitartez daude adierazita. Izan ere, legendan lau kolore desberdin aurki ditzakegu, bakoitzak maila desberdin bat adierazten duelarik;
kasu honetan, kolorea zenbat eta ilunagoa izan, orduan eta atzerritar kopuru handiagoa topatuko dugu. Mapa, 2015eko datuekin dago eginda; urte hartan, Espainiako biztanleriaren guztizkoa 46,6 milioi herritarrekoa zen, zeinetatik %10a atzerritarrak ziren.

Autonomia erkidegoen arteko ehunekoak alderatzen baditugu, kopuru desberdintasun nabarmenak aurkituko ditugu:

Immigrante gutxien duten eremuak Galizia, Asturias, Gaztela eta Leon eta Extremadura dira. Arrazoi nagusia krisi ekonomikoaren eta ekonomia arloko atzerapenaren ondorioz ekonomia dinamikorik ez izatea da. Errealitate honek ez ditu atzerritarrak erakartzen eta ondorioz, herritarren %5 baino gutxiago dira immigranteak.

Bestalde, kontrako muturra dugu, immigrante gehien duten eremuak. Hauen adibide Errioxa, Aragoi, Catalunya, Valentzia, Murtzia, Madril eta bi uhartediak, bai Balearrak bai Kanariak, dira, baita Ceuta eta Melilla ere. Lurralde hauetan immigranteen kopurua biztanleriaren %10ekoa edo gehiagokoa da, kasu batzuetan %15a gaindituz. Haien ezaugarriak oso desberdinak direnez, arrazoi bat baino gehiago dago kokapen bakoitzaren azalpena emateko.

Arestian sakondutako bi muturrez gain, balore ertainak dituzten eremuak ere badaude. Kasu hauetan atzerritarren kopurua %5 eta %10 bitartekoa da eta honen adibide, Nafarroa, Kantabria et Euskadi ditugu. Azken honetan, esaterako, nahiz eta orain arte bizi izan dugun krisi ekonomikoa dela eta etorkin asko ez egon, azken urteetan tendentzia aldatu eta immigranteen kopurua handituz joan da.

1995. Urtetik, Espainia immigrazio fenomenoa pairatzen ari da, urtero immigrante ugari jasoz. Esaterako, 2008an, atzerriko biztanleria 5,2 milioi pertsonatik gorakoa zen. Horren barruan, mota ugari aurki ditzakegu: nazionalizatzen diren atzerritarrak, nazionalitate bikoitza dutenak, legezko immigranteak, zalantzarik gabe ugarienak, eta legez kanpokoak, zoritxarrez azken urteotan patera edo beste bide batez, bizia jokatuz, Europako beste herrialde batzuetan bezala, Espainian sartzen eta bizitzen saiatzen direnak.

Mota guzti hauen barruan ere bi bereizketa egin daitezke, immigranteak bi klasetan sailkatuz. Alde batetik, dirudunak daude, bizimaila ertaina eta handia duten erretirodunak zein negoziorako aukerek erakarritakoak. Mendebaldetik datoz, Europar Batasunetik, eta gehien  bat frantziarrak, ingelesak, norvegiarrak eta alemaniarrak dira, eta Balearretara edo Kanarietara joan ohi dira, klima-baldintza onak eta haien herrialdetik hurbil egotea balioesten dutelako. Bestetik, langileak daude, Espainiara soldata baten truke lan egitera datozenak. Normalean marokoarrak eta errumaniarrak dira.

Immigrazio-erakarpen horren arrazoiak askotarikoak dira:

  • Espainiaren aldetik, eskulan beharra, nekazaritza sasoiko edo nekazaritza intentsiborako langileak besteak beste, hartutako neurriak, legez kanpokoen erregularizaziorako adibidez, Afrikatik hurbil egotea, marokoarrak erakartzen dituena eta klima-baldintza onak nabarmendu ditzakegu.

  • Atzerriko immigranteen aldetik, arrazoi ekonomikoek arrazoi politikoek eragina dute, Europako Erkidego kanpotik datozenengan batez ere.

Immigranteen jatorri nagusia Europa izan zen 1996ra arte. Ordutik aurrera, Europako Erkidegoaz kanpoko immigranteak dira nagusi, errumaniarrak, marokoarrak eta iberoamerikarrak, hurrenez hurren. Jomugari dagokionez, hirigune eta zerbitzugune handiak dituzten autonomia erkidegoak dira nagusi, izan duten berpizkunde ekonomikoa dela eta.






Laburbilduz, oro har immigrante gehien jasotzen dituzten erkidegoek hirugarren sektore ekonomikoa dute garatuta eta ondorioz, eremurik dinamikoenak dira. Honen adibide, Balearrak eta Kanariak dira, non turismoa dela eta berpizkunde ekonomiko handia izan duten; edota Errioxa, Aragoi, Catalunya, Valentzia eta Murtzian, non nekazaritza intentsiboaren hazkunde nabarmena gertatu den lan esku beharra biderkatuz. Uhartedietan bezala, Errioxan ere turismoaren eragina nabaritzen dute, ardoaren industria dela medio ezagun bihurtu delako eta honek lanpostuak sortu dituelako. Era berean, Bartzelonaren eta Madrilen, sektore guztietan ematen den dibertsifikazioak gero eta  langile gehiago eskatzen du. Gainera, askotan, jarduera berriak ezartzen dira gune dinamiko hauetan. Madrilen, esaterako, hiriburua denez eta zerbitzu garatuak, industria guneak eta gune turistikoak dituenez, turismoak gora egin du, beste behin ere salbuespena izanik. Hala ere, Madril inguruan dauden probintzietan, bestak beste, Guadalajara eta Toledo, geroz eta immigrazio gehiago jasotzen ari dira Madrileko lurzoru eta etxebizitzekin alderatuz bertakoak merkeagoak direlako.

Honek guztiak, zenbait ondorio dakartza berekin:

  • Ondorio demografikoak: Immigranteek Espainiako hazkunde demografikoan modu erabakigarrian lagundu dute. Izan ere, gaur egun, biztanleen %10a atzerritarrak dira.

  • Ondorio ekonomikoak: Immigrazioak biztanleria aktiboa ugaritzen du, baina, immigrazioa arazo batekin ere dago lotuta, hala nola, lehiakortasuna galtzearekin. Beraz, kasu honetan, onurak bai baina alde negatiboak ere baditu.

  • Gizarte-ondorioak: Askotan , ez da xamurra izaten immigranteen bizimodua, jokabide xenofobo eta arrazistak jasaten dituzte, lan-baldintza gogorrak dituzte eta integratzeko zailtasunak dituzte.

Horregatik guztiagatik, Espainiak immigrazio-politika du, immigrazioa alderdi guztientzat mesedegarria izan dadin. Hain zuzen ere, esparru hau Europar Batasuneko asilo- eta immigrazio-politikak eta Atzerritarrei buruzko legeak osatzen dute eta immigrazio klandestinoaren aurka borrokatzeko informazioa partekatzea, immigrazioaren inguruko alderdi guztiak (herrialdean sartzea, eskubideak eta askatasunak…) arautzea, herrialde igorleekin lankidetzan aritzea, migrazio-fluxuak kontrolatzea eta immigranteen integrazioa bultzatzea dute helburu.

Entradas relacionadas: