Espainiako Berrezarkuntza (1874-1923): Oinarriak eta Sistema
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,36 KB
Testuinguru historikoari begira jarrita, aintzat hartu behar da garai hartako giro politikoa. Gogora ekarri behar da Errestaurazioa deitu zitzaiola Borboitar dinastia berrezartzeari eta hura eusteko beharrezko baldintzak sortzeari. Ildo horretatik, komeni da aipatzea noiz hasi zen Borboitarren Berrezartzea: hain zuzen, Martínez Camposek 1874ko abenduan eman zuen estatu-kolpearen ondoren eta Alfontso XII.a itzultzean.
Adierazi behar da Cánovas jauna izan zela erregearen eta Errestaurazioaren defendatzailerik sutsuena eta sistemaren oinarriak finkatu zituena. Haren helburua bakea eta egonkortasuna berreskuratzea izan zen, aurreko Seiurteko Iraultzaileak sortutako ezegonkortasuna gaindituta. Erregimen hori hiru zutabetan oinarritu zen:
- 1876ko Konstituzioa eta Monarkia.
- Alderdi Bitasuna eta Alderdi Txandakatzea.
- Jauntxokeria.
1. 1876ko Konstituzioa eta Monarkia
1876ko Konstituzioa idatzi zen. Errestaurazioaren adierazpen juridikoa izan zen, haren oinarri nagusia. Ikuspegi eta ideia moderatuak islatu zituen, nahiz eta Konstituzio demokratikotik jaso zituen gizabanakoen eskubideak. Ideiarik garrantzitsuenak hauexek izan ziren:
- Subiranotasun partekatua ezarri zen.
- Bi ganbera jarri ziren: Kongresua eta Senatua.
- Errolda bidezko sufragioa finkatu zen.
Gorteen eta erregearen artean banatutako aginte legegilea aukeratu zen, erregearen eskumenak indartu ziren, eta eliza eta kleroa finantzatzeko aurrekontua berreskuratu zen.
2. Alderdi Bitasuna eta Alderdi Txandakatzea
Cánovasek Ingalaterratik hartu zuen alderdi bitasunaren sistema. Haren ustez, nahitaezkoa zen Espainiako Konstituzioa babesten zuten bi alderdi egotea, gobernuan txandaka aritzeko. Handikien alderdiak izan ziren biak, ez herritar xumeen alderdiak, hots, burges hautesleek babestutakoak. Hala ere, bi alderdik praktikan ez zuten izan alde handirik elkarren artean. Honako alderdi hauek txandakatu ziren gobernuan era baketsuan:
2.1. Alderdi Kontserbadorea
1875. urtean eratu zen, eta Cánovasek berak zuzendu zuen. Jabe handien, Elizaren eta aristokraziaren eskubideak babestu zituen.
2.2. Alderdi Liberal Fusionista
1880. urtean sortu zen, eta Práxedes Mateo Sagasta izan zen alderdi-burua. Zenbait liberal aurrerakoi bildu zituen. Sagastak erreforma batzuk egin zituen 1881. urtean, eta eskubideak eta askatasunak zabaldu zituen.
Bi alderdien arteko txandaketa bermatzeko oinarria negoziazioa izan ohi zen: isilpeko ituna egiten zen eta, ondoren, hauteskundeak manipulatzen ziren. Aitortu behar da demokraziarik gabeko sistema liberala izan zela. Sistematik at utzi zituen, bai beste alderdi politikoak (karlistak, errepublikanoak eta nazionalistak), bai herri-klaseetako zatirik nagusienak. Era horretan jokatuta bukatu ziren Isabel II.aren erregealdiko matxinadak, eta lortu zen erregimenak behar zuen egonkortasuna.
Urteak aurrera egin ahala, hautsi egin zen sistemaren oinarri nagusietako bat: alderdi dinastiazaleen batasuna. Cánovas eta Sagasta hil ondoren, hautagai bat baino gehiago azaldu zen alderdi bakoitzean, eta azkenean banandu egin ziren. Hartara, txanda-sistema zailagoa bihurtu zen, ez baitzegoen gobernua eratzeko eta gobernuari eusteko moduko buruzagi eztabaidaezinik. Horrenbestez, areagotu egin zen gobernuen ezegonkortasuna.
3. Jauntxokeria eta Hauteskunde Iruzurra
Iruzurrean eta jauntxokerian oinarritu zen praktikan Errestaurazioa. Ezin da ahaztu txanda-sistema horrek goitik behera funtzionatzen zuela. Txanda-sisteman honako hiru urrats hauek eman behar izaten ziren nahitaez:
3.1. Lehenengo urratsa: Koroaren babesa jasotzea
Erregeak dei egiten zion gobernuan ez zegoen beste alderdiari, agintea har zezan.
3.2. Bigarren urratsa: Gobernua osatzea
Erregeak oposizioaren buruari eskatzen zion gobernua osa zezala.
3.3. Hirugarren urratsa: Gorteen babesa eskuratzea
Gorteak desegin, eta hauteskundeetarako deia egiten zen, gobernuak Gorteen babesa behar zuenez gero.
Adierazi behar da hauteskunde-prozesua manipulatuta zegoela, gobernua eratu behar zuen alderdiak gehiengoa lor zezan. Horiek horrela, hauteskundeetako emaitzak manipulatzeko jardunbidea hauxe izaten zen.