Errusiako Iraultza: 1905etik Stalinera

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 10,8 KB

Errusiako Iraultza

Ekonomia aurreratua eta gizarte atzeratua

Errusiako inperioa, XX. mendearen hasieran, munduko potentzia handienetako bat zen. Indar handia zeukan, baina indar hori itxurazkoa zen, bertako ekonomia eta gizarte atzeratuaren ondorioz, Errusia oso urrun zegoen, adibidez, Britainia Handia nazio modernotik.

Gizartearen aldetik, Errusian garapena eta atzerakuntza nahasten ziren. Atzerakuntza ekonomikoaren ondorioz, industriaren garapena berandu iritsi zen. Gainera, enpresari gehienak atzerriko kapitalaren esku zeuden.

Gatazka politikoak

XX. mendearen hasieran, Errusiako inperioa monarkia absolutu anakronikoa zen. Tsarrak agintea zeukan (garapen ekonomikoaren kontra). Industriako langileen eta intelektual erradikalen artean, marxismoaren ideia iraultzaileak hedatu ziren. Ondorioz, Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrata sortu zen. Bi zati sortu ziren: boltxebikeak (gehiengoa) eta mentxebikeak (gutxiengoa).

1905eko Iraultza

Errusia eta Japoniaren arteko gerra Japoniak irabazi zuen. Horren eraginez, biztanleak haserretu egin ziren eta 1905eko iraultza iritsi zen. Langileen manifestazio baketsu bat egon zen jauregi inperialeraino. Manifestazioa armekin zapaldu zuten eta hildako asko egon ziren. Igande odoltsua bezala ezagutzen da, eta honek iraultza eragin zuen. Lehenengo sobietak, langile ordezkarien kontseiluak, sortu ziren. Protesta ekintzei ezin zitzaienez amaierarik eman, tsarrak erreforma batzuk onartu zituen: ordezkarien biltzarra (Duma) eta gizarte hobekuntzak. Tsarra liberalismoaren aurkakoa zenez, boikota egin zion Dumaren funtzionamenduari. Handik gutxira, erreforma politiko guztiak ezabatu zituen, horrela autokrazia itzuli zen Errusiara. Oposizioak argi ikusi zuen tsarra gobernutik kendu behar zela egoera aldatzeko.

1917ko Iraultza

Otsaileko Iraultza

1914an, Errusia Lehen Mundu Gerran sartu zen, Frantziarekin eta Erresuma Batuarekin batera. Gerra luzatu ahala, haserrea gero eta biziagoa zen biztanleen artean, eta tsarrak eta horren erregimenak gero eta ospe txarragoa zuten. Gainera, hondamen guztien errua tsarraren erregimenari eta Nikolas II.ari leporatzen zitzaion. 1914an, boltxebikeak soilik egon ziren Errusia gerran sartzearen aurka. Baina, denborak aurrera egin ahala, gerran jarraitzearen aurkariak gero eta gehiago ziren. 1917ko otsailean, San Petersburgon, protestako bat-bateko manifestazioak egon ziren. Errusiako egutegi ortodoxoko otsailean (mendebaldeko egutegiko martxoan), manifestazioaren aurka bidalitako tropen zati bat protestetara batu zen. Hiri osoa matxinoen esku gelditu zen, eta ministroak eta agintari militarrak atxilotu egin zituzten. Gobernuak dimititu egin zuen.

Tsarraren gobernuaren dimisioak sortutako hutsunea ikusita, Dumako diputatu liberalek Dumako Behin-behineko Komitea sortu zuten. Aldi berean, Petrogradoko Langileen eta Soldaduen Sobieta sortu zen, Behin-behineko Komite Betearazlea izena hartuta. Komite hori mentxebikeek eta Alderdi Sozialista Iraultzaileko kideek kontrolatzen zuten. Horrela, bi aginte sortu ziren: Dumarena eta Petrogradoko Sobietarena. Errusia osoan, 1905eko Iraultzan Petrogradon sortutakoa imitatzen zuten sobietak sortu ziren. Nikolas II.ak, jarraitzailerik gabe, abdikatu egin zuen. Errusia, horrela, errepublika bihurtu zen, tsarren garaia hilda zegoen.

Behin-behineko gobernuak (1917ko martxoa-urria)

Behin-behineko lehenengo gobernuaren helburu nagusia mendebaldeko Europakoen antzeko erregimen demokratikoa ezartzea izan zen. Baina arazo nagusien konponbideak atzeratu egin ziren. Arazo nagusiak hauek ziren: langileen egoera hobetzea, lurrak banatzea nekazarien artean, errusiar etniakoak ez ziren herrien autonomia-nahia eta bakea. Armada desegiten hasi zen. Boltxebikeek bakearen alde egindako propaganda frontean eta estatu osoan hedatzen zen. Sobietak ezarri ziren estatu osoan, fabriketan nahiz landa-inguruan, armadan eta hirietan. Behin-behineko gobernuen aurkako haserrea sobiet horietan pilatu zen. Praktikan, sobietek bigarren agintea osatzen zuten, gobernuaren agintearen paraleloa. Kerenskik, mentxebikeen eta Alderdi Sozialista Iraultzailearen gehiengoko gobernua eratu zuen, baina egoerak ez zuen hobera egin. Boltxebikeek gobernu horiek kritikatzen jarraitu zuten.

Urriko Iraultza

Boltxebikeena militante gutxiko alderdia zen, baina militanteok oso eraginkorrak ziren. Bazkide kopurua gero eta handiagoa zen. Boltxebikeen buruzagi nagusia, Lenin, Suitzako erbestetik itzuli zen Errusiara. Alemaniak igarotzen utzi zion. Leninek, “Apirileko Tesiak” izenekoetan, laburbildu zituen Errusiako etorkizunerako zituen ideiak: berehalako bakea eta Sobietar gobernua ezartzea, behin-behineko gobernuaren ordez.

1917ko udan, boltxebikeen alderdiak programa iraultzailea aurkeztu zuen: gerraren amaiera, lurraren banaketa, langileen kontrola produkzioan.

1917ko azaroan, boltxebikeen tropek eta miliziek Petrogradoko gune nagusiak okupatu zituzten erraz. Leninek Errusiako Sobieten II. Biltzarrari eskaini zion agintea. Biltzarrak gobernu berria aukeratu zuen, Herriaren Komisarioen Kontseilua, eta horren presidente Lenin aukeratu zuten. Boltxebikeen iraultzaren garaipena izan zen.

Erregimen berria: lehenengo neurriak

Hurrengo egunetan, Herriaren Komisarioen Kontseiluak dekretu batzuk promulgatu zituen, herri klaseen aldarrikapen nagusiak betetzeko eta horien laguntza lortzeko: gerraren amaierari buruzko dekretuak anexiorik eta kalte-ordainik gabeko bakea proposatzen zuen; lurrari buruzko dekretuak lur jabetza handiak desjabetu zituen inolako ordain ekonomikorik gabe, eta jabetza nekazaritza komiteen esku gelditu ziren; industriako enpresei buruzko dekretuak langileen eta enplegatuen kontrolpean utzi zituzten fabrikak; nazionalitateei buruzko dekretuak Errusiako herriek euren etorkizuna askatasunez aukeratzeko eskubidea aldarrikatu zuen. Sobieten agintea eta proletarioen diktadura Errusiako Iraultzaren oinarrizko zutabeak izan ziren. Sobieten Biltzarrak lehenengo konstituzio sobietarra onetsi zuen; bertan, gizarte klaserik eta estaturik gabeko sozialismoa eraikitzeko erabakia aldarrikatzen zen, eta sobietak jartzen ziren aginte iraultzailearen oinarrian. Gobernu berriaren helburu nagusia bakea izan zen, eta bakeari buruzko negoziazioak ireki ziren. Alemaniak ezarritako baldintza gogorrak onartu behar izan zituzten. Bakea Brest-Litovsk hirian sinatu zen.

Gerra zibila eta gerrako komunismoa

1918-1920 bitartean, erregimen berriak aurre egin behar izan zion estatu osoan zabaldutako gerra zibilari; gerra, iraultzaren aurkako indarrek eta atzerriko herriek eragin zuten. Hala eta guztiz ere, erregimen komunista finkatu egin zen SESB sortzean. Frantziak, AEBk eta Japoniak geldiarazi egin nahi zuten iraultza. Kapitalak eta armak eman zizkieten iraultzaren aurkako armadei, zuriei, horiek armada gorriko iraultzaileen aurkakoak baitziren.

Trostkik zuzendutako armada gorriak armada zuria garaitu zuen. Hurrengo bi urteetan, sobietarrek Ukraina, Kaukaso eta Erdialdeko Asia berreskuratu zituzten.

Politika ekonomiko berria

Goseak, gaixotasunek eta gerrak milioika biktima eragin zituzten; nekazaritzako produkzioa gerra aurrekoaren 2/3koa zen, industria 1/7ra murriztu zen, eta urritasuna eta haserrea orokorrak ziren. Leninek herriak atsedenaldia behar zuela ulertu zuen. 1921-1927 bitartean, politika ekonomiko berriak goitik beherako aldaketa ekonomikoa ekarri zuen ekonomiari susperraldia eman ahal izateko. Ekonomia liberalizatu egin zen neurri batean. Ekonomia berehala suspertu zen. Politika ekonomiko berriaren balantzea ona izan zen, oinarri ekonomikoak ezarri eta produkzioa nahiz biztanleen bizimodua hobetu zituelako.

Stalinen garaia

Leninen ondorengotza

Leninek, gaixotuta, agintea utzi behar izan zuen 1923an, eta urtebete igaro baino lehen hil egin zen. Alderdiaren Komite Zentralak presidente berria aukeratu behar izan zuen. Bi hautagai nagusi zeuden: Trotski eta Stalin. Trotski mundu osoko iraultzaren aldekoa zen; Stalinek, berriz, “herri bateko sozialismoa” defendatzen zuen. Stalinen jarrera zen nagusi alderdiaren barruan.

Lenin hil zenetik, Trotskiren posizioa gero eta ahulagoa zen. Ordura arteko karguak galdu, atxilotu eta Siberiara erbesteratu zuten; Mexikora joan eta bertan erail zuten.

Sozializazioa eta planifikazioa

1927-1939 bitarteko alderdiaren ezaugarri nagusiak, ikuspegi ekonomikotik eta sozialetik, ekonomiaren planifikazioa eta nekazaritzaren kolektibizazioa izan ziren. Bost urteko lehenengo plana SESBek zuen atzerakuntza historikoa gainditu ahal izateko, emaitzak ikusgarriak izan ziren.

Industriako langileen kopurua bikoiztu egin zen bost urtean, baita ikatzaren eta burdinaren produkzioa ere. Produkzio elektrikoa bost aldiz handiagoa zen, baina nekazaritzan emaitzak ez ziren hain onak izan, batez ere kolektibizazioaren alderdi txarren eraginez. Bost urteko bigarren planak biztanleen bizimoduaren hobekuntza nabaria ekarri zuen, eta sobietar gizartea itxuraz egonkortasunerako bidean zegoen. Bost urteko hirugarren plana aldatu egin behar izan zen gerraren beharrizanei aurre egiteko.

Stalinen diktadura

Stalinen borondatearen menpe-menpeko alderdi komunista berria sortu zen. Alderdi horrek bizitzaren alderdi guztiak kontrolatzen zituen, jabetza pribatua abolitu eta marxismoaren interpretazio sobietarra gauzatu zen. Herria industrializaturik zegoen, eta hiriek hazkunde nabaria izan zuten. SESB munduko potentzia ekonomikoa zen, eta adostasun handia zegoen Stalinen erregimenaren barruan.

SESBek munduan izandako eginkizuna

1917ko Urriko Iraultzaren ostean, kezka handia sortu zen mundu osoan lehenengo erregimen iraultzailea eratu zenean. Langileen mugimendua benetako mehatxua zen gizarte liberalentzat eta kapitalistentzat. Beste aldetik, iraultzak langile klase gehienen itxaropena piztu zuen, Errusiako Iraultza kapitalismoaren amaieraren hasieratzat ikusten baitzen.

III. Internazionala

Sozialisten eta komunisten arteko banaketa III. Internazionala sortzean gauzatu zen. III. Internazionalak langileen mugimenduaren banaketa berria eragin zuen; alderdi sozialista ia guztietan, komunisten eta sozialisten edo sozialdemokraten arteko banaketak egon ziren. Erakunde horri Komintern edo Internazional Komunista ere esaten zaio. Herri askotan, banaketatik sortzen ari ziren alderdi komunistak sartu ziren. Bere helburu nagusia SESBren eredua mundu osoan zabaltzea izan zen. Kontinente osoan hedatzen ari zen faxismoaren mehatxuaren eraginez, bi sektorek euren desadostasunak baztertu eta oposizioa bateratu egin zuten alderdi demokratiko aurrerakoiekin batera, fronte popularretan; fronte horiek oposizio bloke garrantzitsua osatu zuten, 30eko hamarkadaren bigarren erdian. III. Internazionala Stalinek desegin zuen 1943an, mendebaldeko aliatuen aurrean asmo ona erakusteko eta nazismoaren aurkako batasuna indartzeko II. Mundu Gerran.

Entradas relacionadas: