Erromako Literatura Klasikoa: Historia, Poesia eta Antzerkia

Enviado por Chuletator online y clasificado en Latín

Escrito el en vasco con un tamaño de 9,46 KB

Tito Livio eta Erromako Historia

Tito Livio (K.a. 59 – K.o. 17) erromatar historialari bat izan zen, Pataviumen (egungo Padua) jaio eta hil zena. Bere bizitzako gertaera nagusietako bat Erromara lekualdatzea izan zen ikasketak osatzeko; han, Augustorekin harreman estua sortu zuen eta Klaudio enperadore izango zenaren heziketa agindu zioten. Livius familiak jatorri plebeioa zuen, baina amaren aldetik arbaso ospetsuak zituen.

Livioren lan nagusia Ab urbe condita da, Erromako Estatuaren historia monumental bat. Eneas Lazioko kostaldera iritsi zenetik Druso Nagusia hil zen arteko garaia hartzen du. Lan erraldoi hau 142 liburukiz (papiro-biribilkiz) osatuta zegoen, hamarkadatan banatuak, baina gaur egun 35 baino ez dira gorde (1etik 10era eta 21etik 45era). Bizirik iraun duten liburuek Erromaren lehen mendeak (K.a. 753tik K.a. 292ra), Bigarren Gerra Punikoa eta Grezia zein Asia Txikiko konkistak kontatzen dituzte. Florok idatzitako Epitome bati esker ezagutzen dugu galdutako liburuen edukia.

Augustoren garaian idatzi zuen, Pax Augusta deritzon bake garaian. Augusto idazle eta artistez inguratu zen (Livio, Virgilio eta Horazio) bere handitasuna aldarrikatzeko. Testuinguru horretan, Liviok antzinako ohitura eta lege zaharrak defendatu zituen: erlijioa, familia, justizia, birtutea eta "pietas"-a.

Iturriei dagokionez, historialari zaharragoengana jo zuen (Valerio Antias, Polibio, Katon Zaharra), nahiz eta antzinako analistak beti fidagarriak ez izan. Iturri desberdinak konparatu eta osatzen zituen, baina horrek, batzuetan, desadostasun kronologikoak, bikoizketak eta zehaztasun ezak eragin zituen; Livio bera akats horien jakitun zen.

Azkenik, bere estiloak Errepublika garaiko hizkuntza islatzen du, baina sintaxi berrituarekin. Arkaismoak une zehatzetan bakarrik erabiltzen ditu, zahartasun antza eman nahi duenean. Gainera, bere prosak erritmo daktilikoa du askotan, batzuetan egiazko hexametroak (neurri poetikoak) sortuz.

Olerki Epikoa Erroman

Olerki epikoa herri baten egite ospetsuak bertsotan kantatzen dituen genero literarioa da. Herri guztietan nazio-kontzientzia sortzearekin batera jaiotzen da, kontzientzia hori finkatzeko asmoz. Genero honek taldearen osotasunari dagozkion gertaerak kantatzen ditu, ez poetaren bizitzakoak, eta protagonista herriaren bertuteak dituen heroi bat izan ohi da. Hasieran ahozkoa bada ere, gero idatzi egiten da, eta gogoratzeko baliagarri diren ezaugarriak ditu: errepikapenak, epitetoak eta formulak. Adierazpide nagusia epopeia da, estilo goreneko eta oso landutako poema narratiboa.

Erroman, olerkaritza epikoa K.a. III. mendean hasten da, greziar esklabu asko heldu zirenean. Lehenengo egilea Livio Androniko izan zen; Odisearen itzulpena egin zuen (Odusia) bere nagusiaren semeei irakasteko. Jatorrizko Odisea hexametrotan egon arren, erromatarrek "saturnioa" besterik ez zutenez ezagutzen, neurri horreman moldatu zuen. Mende berean, Neviok Bellum Poenicum idatzi zuen saturniotan, Lehenengo Gerra Punikoa kontatuz. Nahiz eta gertaera garaikideak izan, olerki epiko gisa tratatu zituen, erromatarrek gerra hori giro epikoan bizi izan zutelako Kartago menderatzean, gertaerak berehala kondaira bihurtuz.

Hirugarren egile arkaikoa Ennio izan zen, Annales lanaren idazlea. Honek grekerazko hexametroa erabili zuen lehen aldiz, saturnio zaharra baztertuz, neurri hori egokiagoa baitzen epikarako. Erromako historia osoa kontatu zuen, urtez urte, analistek egiten zuten moduan.

Generoa bere maila gorenera Virgiliorekin (K.a. I. mendea) iritsi zen. Augustoren babespean, Eneida idatzi zuen enperadorearen enkarguz, hura goratzeko asmoz. Virgiliok mitologiako Eneas hartu zuen, erromatar leinuaren arbasoa. Eneas Troiatik ihesi Mediterraneotik zehar ibili zen, orakulo baten esanari jarraituz Italiara heldu eta herri erromatarraren aitzindari bihurtu zen arte.

Garai berean, Ovidiok (K.a. 43 - K.o. 17) Metamorfosiak idatzi zuen hexametrotan. Hamabost liburutan, animalia, landare edo izar bihurtu ziren mitologiako pertsonaien 250 istorio kontatzen ditu. Azkenik, K.o. I. mendean, Lukanok Farsalia olerkia sortu zuen; bertan, Zesar eta Ponpeioren arteko gerra zibila kontatzen da, izena Zesarrek Ponpeio garaitu zuen lekuari (Farsalia) erreferentzia eginez.

Olerki Lirikoaren Garapena

Olerki lirikoa Erroman ez zen K.a. II. mendera arte agertu. Garai hartan, antzerkia eta epika krisian sartu ziren, eta herritarrak politika zein arazo sozialetatik urrundu ziren, indibidualismoari bide emanez. Horrela, lehengo abertzaletasunaren ordez, norberaren sentimenduek hartu zuten txanda. Genero hau Grezian sortu zen eta erromatarrek eredua handik hartu zuten, olerki txikiak eta hizkuntza zein estilo landukoak lehenetsiz, epikaren poesia erraldoia baztertuta.

Erromako lirikaren aurrekari gisa Carmina Sacra (kantu sakratuak), Carmen Saliare eta Carmen Arvale aipatzen dira, baina generoa ez zen orduan benetan garatu. Olerki lirikoaren ezaugarri nagusia poetaren sentimenduak lehenengo pertsonan azaltzea da, neurri bereziak erabiliz (endekasilabo alkaikoa, safikoa edo kretikoa), eta sarritan lira tresnaz lagunduta.

Lirikaren barruan hainbat azpigenero bereizten dira:

  • Elegia: Hasiera batean hildakoen kantuak ziren, baina gero amodiozko istorioak kontatzera igaro zen. Bere ezaugarri nagusia distiko elegiakoa da (hexametro daktilikoa + pentametro daktilikoa). Erroman, elegia poesia pertsonal eta subjektibo bihurtu zen: istorio mitologikoak kontatu ordez, poeta bera bihurtu zen protagonista, bere amodioak lehenengo pertsonan azalduz. Poeta elegiarrak (Katulo, Propertzio, Tibulo eta Ovidio) indibidualistak ziren, gerraren, politikaren eta diruaren kontrakoak. Ovidiorekin, gainera, elegia mingarria sortu zen.
  • Egloga: Ingurune idiliko eta idealizatu batean kokatzen da. Bertan, artzainak maitasun gaiei buruz solasean aritzen dira edo musikari zein poeta onena nor den frogatzeko lehiatzen dira. Adibide nagusia Virgilioren Bukolikoak dira.
  • Epigrama: Laburtasuna du bereizgarri. Jatorriz hilarrietako inskripzioak ziren, baina gero maila poetikoa lortu zuten. Gai ugari jorratzen ditu (politikoak, sozialak, pertsonalak), sarritan itxura satiriko eta kritikoarekin. Martzial izan zen egile nabarmena.
  • Oda: Hizkera-maila altuko konposizioa da, non poetak berarentzat interesgarriak diren gaiak lantzen dituen. Horazio izan zen egile nagusia.

Erromako Antzerkia

Erromako antzerkiaren hastapenak Etrurian eta Erroman bertan egon baziren ere, benetako garapena K.a. III. mendean gertatu zen, greziar eragina jaso zutenean. Erromatarrek Grezian jada findutako komedia eta tragedia aurkitu zituzten, eta ospakizun erlijiosoetako txapelketetan txertatu zituzten: tragediagileek hiru lan aurkeztu behar zituzten eta komediagileek bakarra.

Tragedia eta Komediaren Arteko Aldeak

Greziar tragediagile handiak (Eskilo, Sofokles eta Euripides) eta komediagileak (Aristofanes eta Menandro, "komedia berriaren" ordezkaria) izan ziren erromatarren eredu. Tragediak jainkoak eta heroi mitikoak aurkezten ditu muturreko egoeretan, giza grinetatik eratorritako arazo moralak planteatuz hizkera solemnen bidez. Komediak, aldiz, pertsonaia arruntak taularatzen ditu, bizio eta konplexutasun psikologiko txikikoak, hizkera kaskar edo zakarrarekin. Tragediak baliagarritasun morala du helburu; komedia latinoak, amaiera zoriontsuarekin, entretenitzea eta aholkatzea bilatzen du. Bi generoek bertsoa, musika eta dantza erabiltzen dituzte.

Komediaren Ezaugarriak eta "Fabula Palliata"

Komediako gaiak hurbilak eta egunerokoak dira (amodioa, gorrotoa, egoera politiko eta sozialak). Pertsonaiak estereotipoak edo "planoak" dira, bilakaerarik gabeak: soldadu harroputza, zuhurra, gazte maitemindua, etxekoandrea, emagalduak eta esklabu lotsagabe baina fidelak. Maiz, istorioek nahasteak eta engainuak dituzte (adibidez, neskame bat familia onekoa dela deskubritzea). Greziar eredua hartzean "fabula palliata" sortu zen (pallium jantzi greziarragatik), eta janzkera erromatarra erabiltzen zuena "fabula togata" zen, nahiz eta azken hau gutxiago landu.

Eszenaratzea eta Aktoreak

Aktore guztiak gizonezkoak ziren, eta gazteek egiten zituzten emakumezkoen paperak. Ez zuten mozorrorik erabiltzen, baina pertsonaiak janzkeraren eta peluken bidez bereizten ziren: zuriak zaharrentzat, beltzak gazteentzat eta gorriak esklabuentzat. Aktoreak maila baxuko jendea (libertoak eta esklabuak) izaten ziren, konpainia egonkorretan antolatuak. Emanaldiak hasieran enparantzetan egiten ziren, behin-behineko taulatuetan, Ponpeiok K.a. I. mendean Erromako lehen harrizko antzokia eraiki zuen arte.

Antzerki Idazle Nagusiak

Lehenengo idazleak Livio Androniko, Nevio eta Ennio izan ziren. Hala ere, garrantzitsuenak Plauto (K.a. II. mendea) eta Terentzio (K.a. II. mendea) dira. Plautok Aulularia (Lapikoa), Miles Gloriosus (Soldadu harroputza) eta Amphitruo bezalako lanak idatzi zituen; Terentziok, berriz, Hecyra, Adelphi (Anaiak) eta Eunuchus.

Entradas relacionadas: