Erromako Historiografia eta Oratoria: Egileak eta Lan Nagusiak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Latín
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,67 KB
1. Historiografia
Lehenengo aztarnak Libri Pontificum dira, K.a. V.-IV. mendeetakoak. Liburuetan adierazita daude pontifizeek idatzitako garaiko gertakizun garrantzitsuenak, hala nola hauteskundeak, magistratuen izenak, jai eta lanegunak. Liburu horiek ofizialak eta publikoak ziren. Gainera, beste dokumentu pribatu batzuk ere heldu zaizkigu; familia nobleen artean ohitura zen bertakoen ekintzak goraipatzea eta idaztea, geroko belaunaldiek testigantza hori gorde zezaten.
K.a. III. mendetik aurrera, lehenengo historialariak agertu ziren. Urtez urteko gertaerak bildu eta antzinako Erromaren historia jaso zuten Annales idazkietan. Lehenengo historialari horietatik Kinto Fabio Piktor eta Luzio Zinzio Alimento dira nabarmenenak. Grekoz idazten zuten biek, helburua Erromaren historia atzerrian zabaltzea zelarik.
K.a. III. eta II. mendeen artean, Katon Zentsorea jotzen da latinez idatzitako prosa sortzailetzat. Origenes hark idatzitako historia-lana berritzailea izan zen: Erromaren eta Italiaren historia modu kronologikoan kontatzen du, analisten datu-bilketa hutsa gaindituz. K.a. I. mendetik aurrera, Julio Zesarrek eta Salustiok bultzatuta, historiografian joera berria garatu zen.
1.1 C. Julio Zesar (K.a. 100-44)
Politikaria eta militarra izan zen nagusiki. Zesarren bizitzan Galiaren konkistak eta Ponpeio agintariaren aurkako gerrate zibilak garrantzi handia izan zuten. Bi historia-lanek estilo berri baten bidea zabaldu zuten latinezko historiografian: Commentarii de bello Gallico eta Commentarii de bello civili. Iruzkin bi horietan Zesar bera da protagonista eta kontalaria. Hirugarren pertsona erabiltzen du bere buruaren propaganda egiteko, gertakariak bere alde zurituz.
1.2 Salustio (K.a. 86-35)
Politikagintzatik urrundu ondoren, Erromaren historiaren gaineko zenbait pasarte idaztea erabaki zuen. Lan ezagunenak hauek dira:
- Catilinae coniuratio (Katilinaren konspirazioa)
- Bellum Iugurthinum (Jugurtaren aurkako gerra)
Literaturaren ikuspegitik kontakizun biziak eskaintzen ditu, pertsonaia nagusien erretratu eta hitzaldiak tartekatuz.
1.3 Tito Livio (K.a. 64-K.o. 17)
Bere lan handia Ab urbe condita (Erroma hiriaren sorreratik) izan zen. Historiaren ikuspegi filosofiko-estoizista du: egilearen iritziz, bertuteari esker egiten du historiak aurrera. Lanaren egituran pasarte narratiboak zein dramatikoak erabiltzeko joera du.
1.4 P. Kornelio Tazito (K.o. 55?-120?)
Hizlaria eta abokatua izan zen. Historiae eta Annales dira lan nagusiak. Tazitok egindako ikerketa-lan bikaina argi ikus daiteke jatorrizko iturriak eta ahozko lekukotasunak biltzeko orduan. Germania izeneko lanean, germaniarren lurraldea, ohiturak eta geografia zehatz deskribatzen ditu.
3. Oratoria
Oratoria elokuentziaz hitz egiteko trebezia da. Literatura-genero honek ahozkotasunari lotutako hainbat esparru hartzen ditu: diskurtsoa, disertazioa, hitzaldia, sermoia... Helburua jendea erakarri eta hunkitzea da.
3.1 M. Tulio Zizeron (K.a. 106-43)
Errepublikaren defendatzaile sutsua izan zen. Zizeronen oratoria-lanak bi atal nagusitan banatzen dira:
- Diskurtsoak: Judizialak (adib. Pro Archia poeta) eta politikoak (adib. In Catilinam eta Phillipicae).
- Erretorika-lanak: Hizlari baten prestakuntzari buruzkoak, hala nola De oratore eta Brutus.
Zizeronek gaitasun naturala, kultura handia eta diskurtsoaren teknikak uztartu zituen hizlari onaren eredua finkatzeko.