Errealismoa eta Abangoardismoa: Ezaugarri nagusiak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Religión
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,79 KB
Errealismoa
Gertakarien egiantzekotasuna
Egiantza helburu izanik, errealitatearen deskribapen eta behaketa zehatza eskaini ohi dute narrazio errealistek. Egiantzekotasun hori sortzeko, deskribapenaren teknika funtsezkoa da errealismoan.
Errealitatearen behaketa
Errealitatea irudikatzeko, giroak, ohiturak eta pertsonaiak zehaztasun handiz deskribatzen dira. Eguneroko kontuen deskribapen zehatzak nobela dokumentu historiko-sozial bilakatzen du. Sarritan, benetako gertakariak dituzte inspirazio iturri, eta dokumentazio lanak garrantzia hartzen du.
Gizarte egoeraren salaketa
Hiri industrial berrietako bizi-baldintza eskasak irudikatzen dituzte sorkuntza lanetan. Pertsonaien jokaerak azaltzeko, testuinguru sozialari eta politikoari erreferentzia egin ohi zaio. Pertsonaia mota berriak azalduko dira, garaiko arazo politiko eta sozialen ispilu izango direnak: langileak, eskaleak… Baina, batez ere, klase ertainekoak.
Hizkuntza erregistroak
Hainbat hizkuntza erregistro erabili ohi dira gizarte-maila desberdinetako pertsonaiak aurkezteko.
Narratzaile orojakilea
Narratzaileak pertsonaien inguruko informazio guztia du, eta pertsonaien istorioan parte hartzen du, iritzia emanez, iruzkinak eginez eta bere mundu-ikuskera agerian utziz. Izan ere, errealismoan garrantzi handia du pertsonaien taxutzeak, horien barne-arrazoiak, asmoak eta jarreren zergatiak agerrarazteak.
Abangoardismoa
Poesia
Hitza eta irudia
Literaturaren eta pinturaren arteko harremana landu ohi du abangoardiak. Irudiak sortzeko baliabidetzat dute hitza abangoardistek, eta tipografiarekin jolastuz, adierazkortasuna eta zentzu-aniztasuna sortzera jo ohi dute. Hitzekin marraztu ere egiten dute, nolabait.
Hitza eta hotsa
Literaturaren eta musikaren arteko harremana landu ohi dute abangoardistek. Hotsak eta musikaltasuna sortzeko baliabidetzat dute hitza, adierazkortasuna hoskidetasunetan bilatuz. Hitzekin kanta eta doinua ere sortzen dute, nolabait.
Narratiba
Perspektibismoa
Gertaera bera kontatzeko perspektiba edo ikuspuntu anitz erabiltzeari esaten zaio.
Narrazio estiloen nahasketa
Narrazio beraren barruan, estilo batetik bestera jauzi egiteko joera gailentzen da: bakarrizketatik zehar-estilora, zehar-estilotik elkarrizketara…
Hizkuntza erregistroen aniztasuna
Hainbat hizkuntza erregistro tartekatzeko ohitura da narratiba esperimentalean. Narrazio berean batu egiten dira hizkuntza maila jasoa, herri-hizkera, dialektoak eta gizarte-aldaerak.
Narrazio linealaren haustura
Narrazio esperimentaletan, denboraren haria eteteko joera dago, eta gertakariak kronologikoki aurkeztu beharrean, denboran aurrera eta atzera ibiltzeko ohitura gailentzen da.