Eraikinetako Hustuketa eta Saneamendu Sareak
Grabitate bidez husteko instalazioa
Hustuketa-sarea osatzen duten elementuak hauek dira: hustuketa txikiko sarea, zorrotenen sarea, aireztatze-sarea, hodi biltzaileen sarea eta hargunea.
Hustuketa txikia
Hustuketa txiki deritzo eraikineko gela edo lokal bakoitzeko higiene-ontzietatik datozen urak jasotzeko barne-sareari. Elementu hauek ditu:
- Hustuketa-balbulak
- Sifoiak eta sifoi-potoak
- Diametro txikiko hodien sarea
- Barne-hustubideak
- Aireztatze-balbulak eta koipe edo olio-bereizgarriak
Zorrotenen sarea
Adarretako hondakin-urak bildu eta estolderia-sareko hodi biltzaileetara eramaten dituzten hodi bertikalak dira zorrotenak. 10 solairutik gorako eraikinetan, erorketatik babesteko, zorrotenaren bertikaltasuna eten egingo da pieza berezi bidez. Bertikalarekiko angeluak, busadurak saihestearren, 60º baino handiagoa izan behar du.
Hodi biltzaileen sare nagusia
Hustuketako hodi biltzaile orokorra zenbait hodi horizontalek osatzen dute. Saneamenduko sare horizontala osatzen duten hodi biltzaileek azken hodi biltzaile batean bat egiten dute, eta horrek osatuko du harguneko tartea. Kontuan izan behar da hustuketa-adarren loturak zeharka egin behar direla (hondakin-uren, euri-uren eta hodi biltzaile mistoen kasuan).
Hargunea
Hargune deritzo eraikineko hustuketa-sarea saneamendu-sare orokorrera edo arazketa-sistemara lotzeko, eraikinaren mugeetatik kanpo instalatutako hodien eta elementuen multzoari. Uraren motaren arabera, harguneak bereizi egiten dira: euri-urentzako, etxeko hondakin-urentzako edo hondakin-ur industrialentzako.
Gandola eta hodi septikoa
Gandola: Etxebizitza, lantegi edo lokal bateko hargune-hodietatik datozen hondakin-urak edo zuloetan bildutako euri-urak estolderia-sarera husteko erabiltzen den lurpeko hoditeria da.
Hodi septikoa: Putzuak dira funtsean, eta eraikinetako hondakin-ur guztiak bertara isurtzeko erabiltzen dira. Hondakin-urei tratamendu primarioa ematen zaie.
Aireztatze-sarea eta desifonamendua
Aireztatze-sarearen zeregin nagusia sarearen barruan gutxieneko aire-kantitate bat ibil dadin ziurtatzea da.
Konpresioak eragindako desifonamendua
Pistoi hidraulikoa jaisten denean, haren azpitik dagoen zorroten-zatian presioak sifoietako urari bultza egiten dio; hori gertatuz gero, itxiera hidraulikoa galdu egiten da.
Xurgapenak eragindako desifonamendua
Pistoi hidraulikoa jaisten denean, pistoitik gora dagoen airearen presioa txikitu egiten da, eta horrek desifonamendua eragin dezake.