Ekosistema motak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Geología

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,9 KB

Ur-ekosistemak bi multzotan sailkatzen dira:
ur gezako ekosistemak eta itsasoko ekosistemak. Habitat horietan faktore abiotikoek, hots, faktore fisiko-kimikoek eta klimatikoek nagusiki, bertako bizidunen populazio eta komunitateak era batekoak edo bestekoak izatea eragiten dute. Eragile nagusiak dira: uraren konposizio kimikoa (gazitasuna, oxigenoaren kopurua…), tenperatura, argitasuna…

UR GEZAKO EKOSISTEMAK
Ibaiak
Ibaietako ekosistemetan bi unitate ekologiko nagusi daude: bat ibaiaren ibilguan sortzen dena eta bestea ibaiertzetako ingurunean sortzen dena. Bizidunen artean algek eta ornogabeek bentosa osatzen dute, eta horiei esker bizi dira bertako arrainak, hegaztiak eta ugaztunak kate trofikoaren oinarria baitira. Algak, moluskuak, krustazeoak eta intsektuen larbak ibai baten osasunaren adierazle biologikoak dira, eta, horrela, ibaiaren zati bateko ornogabeen azterketa zehatz baten bidez ebaluatu dezakegu kutsadura-maila.
Landarez elikatzen diren animalietatik hasi eta harraparietaraino, espezieen elkarreraginak ahalbidetzen ditu landaredi aberatsak. Azeriak, ipurtatsak, apoarmatuak edo erbinudeak basoaz baliatzen dira lurralde berriak populatzeko. Eta hegazti migratzaileak ez lirateke beren neguko lurretara iritsiko ez balitz ibar-baso horiei esker. Aberastasun biologiko horren ondorioz, ornodun handiak ere agertzen dira: hontz handia, basa-katua, igaraba edota katamotz iberiarra.
Aintzirak eta urmaelak
Aintzirak, lakuak edo urmaelak lurrez inguratuta dauden ur-eremuak dira. Aintzira gehienek ur geza dute, eta gehiago daude Ipar Hemisferioan Hego Hemisferioan baino. Handiak direnean itsasotzat hartzen dira.
Ibaietan bezala, algek eta ornogabeek bentosa osatzen dute eta horiei esker bizi dira intsektuak, karramarroen eta barraskiloen antzeko krustazeoak, anfibioak, narrastiak, arrainak, uretako hegaztiak, ugaztunak…



Zona hezeak, lokaztiak eta zingirak
Ekosistema hauek oso emankorrak dira, eta landare eta animalia espezie asko dira horien mende daudenak. Garrantzi handia dute, hurbileko akuiferoak urez bete eta mantentzen dituztelako. Urtaroaren arabera, marea edo eurite gogorren ondorioz sortutako ur-lasterrei esker, mantenugai asko heltzen dira uretara. Fenomeno horiek amaitzen direnean, elikagaiak hondoan pilatzen dira, eta landare lehortarrak nagusitzen dira, hezegunea desagertu arte.
Lurpeko urak eta akuiferoak
Lurpeko urak oso ekosistema erabilgarriak dira gizakiarentzat. Etxeko kontsumorako nahiz nekazaritzarako edo abeltzaintzarako hornikuntza-iturri nagusietako bat dira. Hori dela eta, araztu egin behar dira, beren osagai biotikoa mikroorganismoz osatuta dagoelako. Akuiferoak, normalean, buztinez edo arbelez osatuta dagoen lur-geruza iragazgaitz baten gaineko lurpeko urak dira. Ekosistema hauek ez dira batere egonkorrak, eta aldaketa handiak jasaten dituzte giza jardueraren ondorioz.
ITSAS EKOSISTEMAK
Multzo honetan ditugu itsasoak eta ozeanoak, estuarioak, deltak eta padurak.



Itsasoak eta ozeanoak


Itsasoan hainbat ekosistema bereizten dira. Uraren sakonera garrantzitsua da, horren araberakoak direlako argia eta tenperatura eta, ondorioz, baita ekosistema horietan aurki daitezkeen organismoak ere.

  • Ezponda kontinentalean (200 m baino gutxiago) planktona aurki daiteke, batez ere algaz eta krustazeoz osatua. Gune fotikoa esaten diogu horri, argia heltzen zaion
     urpeko eremua delako.
  • Zona batialean (200-4.000 m bitartean) nektona dugu, arrain, txibia, itsas dortoka, itsas txakur, balea eta antzeko animaliaz osatua.
  • Zona abisala (4.000 m baino sakonago) inoiz argirik jasotzen ez duen gunea da. Fauna bentonikoa da bertako fauna, itsas izarrez, belakiz eta beste animaliez osatutakoa. Zona abisaleko ekosistema urri samarra bada ere, garrantzi berezia du biodibertsitatean, bertako espezieen aniztasuna kontuan hartuta; amildegi horietan bizi diren organismo asko paregabeak dira, munduan ez baitago horrelakorik aurki daitekeen beste lekurik.

Estuarioak, deltak eta padurak
Estuarioetako, deltetako eta paduretako ekosistema urtarrak oso emankorrak dira eta izaki bizidunen aniztasuna handia dute. Izaki horien ezaugarri nagusia mareetara moldatzeko erraztasuna da.

Ekosistema hauetan animalia-espezie askok (moluskuek, krustazeoek eta arrainek) beren arrautzak jartzen dituzte; arrain migratzaileek esaterako (izokin, aingira…). Ugalketa garaian hegazti ugari izaten dira, baita hegazti pasea denean ere, atsedenerako erabiltzen baitituzte ekosistema hauek.

Ibaiaren bokalean marearen eta olatuen eraginez itsasoaren ur gazia ibaiaren ur gezarekin nahasten den eremu zabala da estuarioa
. Itsasaldiak zabalak eta kulunkatze handikoak diren tokietan sortzen dira. Ibaiak ibilgu bakarra izaten du, zabala eta sakona; alboetan, hondartza antzekoak izaten ditu. Ur gazitan bizi diren landareak haz daitezke bertan uraren gorabeherek eraginda. Estuarioetan, itsasgoran itsasoko ura sartzen da ibaietara, aldiz, itsasbeheran, ura abiadura handian sartzen da itsaso edo ozeanoan, ibaiaren ibilgua garbituz eta sakonduz, sarritan, padura gune handiak sortuz.
Estuarioak oso urriak dira ekuatore aldean eta ozeanoetan; itsasaldien zabalera txikia baita, eta ibaiek sedimentu ugari baitakarte. Horregatik, Niger, Amazonas, Orinoko eta ekuatoretik gertu aurkitzen diren beste ibai asko eta asko, estuarioetan itsasoratu ordez, deltak eratuz itsasoratzen dira, ozeano irekietan itsasoratu arren. 
Padura kostaldeko eremu gazi eta zingiratsua da, itsasgora denean ur gaziz blaitua eta landare-komunitate berezien euskarri izan ohi dena. Bertan dagoen ura geza ala gazia izan daiteke, nahiz eta normalean bien arteko nahastea izaten den, gazikara izenekoa. Biodibertsitaterako garrantzitsuak dira oso, habitat honetan algak, plankton, flora eta fauna asko (batez ere hegaztiak) bizi direlako.

Entradas relacionadas: