Eboluzioa eta Antropogenesia: Teoriak eta Giza Garapena
Enviado por Chuletator online y clasificado en Matemáticas
Escrito el en
con un tamaño de 5,78 KB
Eboluzioaren Teoria Nagusiak
Fixismoa
Espezieak ez direla aldatzen dioen teoria da. Aristotelek defendatu zuen zientziaren hastapenetan.
Kreazionismoa
Izaki goren batek mundua ikusten dugun bezala sortu zuela baieztatzen duen teoria da. XVIII. mendetik aurrera, espedizio zientifikoei esker, espezie berri asko aurkitu ziren eta ikusi zen aurkitutako fosil asko ez zetozela bat ordu arte ezagutzen ziren espezieekin. George-Louis Leclerc de Buffonek, "Historia naturala" lanean, baieztatzen du espezie batzuk desagertu egin zirela eta natura ez zela beti berdina izan. XIX. mendean teoria berriak agertu ziren.
Transformismoa
Jean-Baptiste Lamarck (Filosofia zoologikoa, 1809). Honen arabera, izaki bizidunak eraldatu egiten dira ingurunearekiko duten interakzioen ondorioz. Funtzioak sortzen du organoa: gehien erabiltzen diren organoak indartu egiten dira. Bereganatutako organoak "hobetuta" jasotzen dituzte ondorengoek, eta beste batzuk desagertu egiten dira alferrikakoak direlako. Adibidea: jirafen lepoa, jatorriz laburra zena, luzatuz joan zen gorago zeuden adarretara iritsi ahal izateko.
Hautespen Naturala
Charles Darwin (Espezieen jatorria, 1859) eta Alfred R. Wallace (Ternateko idazlana, 1858). Bi hauek aldi berean formulatutako teoria honek dio izaki bizidunen eboluzioa bizitzeko borrokaren edo hautespen naturalaren ondorioz gertatzen dela. Naturak aldaketak sortzen ditu ondorengoengan; batzuk probetxugarriak dira, eta, beraz, ezaugarri horiek dituzten banakoek biziraun egiten dute. Espezieak bereizgarri lagungarrienak mantentzen ditu, ondoen egokitzeko gai direnak baitira biziraun eta ugaltzen direnak.
Antropogenesia
Gizakia parte den primateen espezieak bere historia ebolutiboan izan dituen aldaketen prozesua da.
- Hominizazioa: Gizaki egiten gaituzten ezaugarri fisiko eta biologikoak.
- Humanizazioa: Prozesu horretan zehar eskuratutako ezaugarri kulturalak eta jokaerari dagozkionak.
Hankabiko gisa identifikatu den espezie zaharrena Orrorin tugenensis da, duela 6 milioi urtekoa.
Hominizazio Prozesua
- Australopithecus: Aurkitutako lehen fosila Lucy izan zen, Afarren (Etiopia). Hainbat espezie daude (afarensis, anamensis, africanus...). Garuna txinpantzearen modukoa zuten (400-500 cm³ inguru). Dimorfismo sexual handia zuten: arren eta emeen arteko tamaina desberdintasun handia. Hominido honek lanabes bakunak eraiki zituen.
- Homo habilis: Duela 2 milioi urte inguru bizi izan zen Olduvain (Tanzania). Lanabesak eraikitzeko gaitasuna zuen eta 650 cm³ inguruko garezurra.
- Homo erectus: Duela 2 milioi eta 1,2 milioi urte artean bizi izan zen. Lehen fosilak XIX. mendearen hasieran aurkitu ziren Asia ekialdean. 1000 cm³ inguruko garezurra zuen. Kontinente eurasiarraren zati handi batean zehar zabaldu zen. Sua menperatu eta lanabesak eraiki zituen (aurpegibiko aizkora).
- Homo neanderthalensis: Duela 400.000 urte bizi izan zen eta duela 40.000 urte desagertu. 1500 cm³ inguruko garezurra zuen. Hizkuntza garatua eta gaitasun sinbolikoa zituen (forma artistikoak eta hileta errituak). Homo sapiens-ek eraikitako tresnak imitatu zituen.
- Homo sapiens: Gaur egungo gizakiak espezie honetakoak gara. Aztarna zaharrenak duela 200.000 urte ingurukoak dira, Europan aurkituak, 1.400 cm³ inguruko garezurrarekin.
- Homo heidelbergensis: Uste da Homo sapiens eta Homo neanderthalensis-en arbaso amankomuna dela. Espezie altua eta handia zen, 1.200 cm³ inguruko garezurrarekin. Duela 600.000 urte existitu zen.
Kultura: Osagaiak eta Jarrerak
Kulturaren Elementuak
- Ezagutzak, ideiak eta sinesmenak: Gure kulturak munduarekiko daukan ikuspegia da. Funtzio deskribatzailea du: bizi garen mundua nolakoa den eta zer ikasiko dugun zehazten du. Adibideak: zientzia, mitoak, ideologiak.
- Teknikak eta produktuak: Gure kulturak arazo zehatzak konpontzeko produzitzen duen modua. Funtzio praktikoa du. Adibideak: zerbait sortzea, janaria prestatzea, ondasunak trukatzea, artelanak sortzea, teknologia, dirua.
- Arauak, jarraibideak eta ohiturak: Kultura baten baitan zuzena eta desiragarria dena adierazten dute. Funtzio arauemailea eta baloratiboa dute.
- Instituzioak: Zeregin sozialak ordenatzeko, boterea banatzeko eta funtzioak hierarkizatzeko sortzen diren egiturak. Funtzio antolatzailea dute. Adibideak: eskola, familia, sindikatua, estatua.
Kulturaren Aurreko Jarrerak
Etnozentrismoa: Norbere kultura besteen gainetik dagoela pentsatzean datza, besteak gutxietsiz eta nola funtzionatzen duten ulertzen saiatu gabe. Kultura propioa normaltasunaren eredu bilakatzen da eta horren arabera epaitzen dira gainontzekoak. Muturrera eramanda, xenofobia dakar.
Erlatibismo kulturala: Kultura bakoitza bere baitatik soilik epaitu daitekeela dio, kultura horretako pertsonen edo taldeen lekuan jartzen saiatuz hura ulertu ahal izateko.
Kulturartekotasuna: Kulturen arteko elkarrizketa eta komunikazioa sustatzen ditu ezagutza eta ohiturak partekatzeko, zibilizazio globala bilatuz eta errespetatu beharreko balio unibertsalak adostuz (esaterako, giza eskubideak). Haren arabera, posible da ohitura kulturalak epaitzea elkarrizketatik eta ez nagusitasunetik. Era berean, erlatibismoak bezala, adierazpen kultural desberdinekiko errespetua sustatzen du.