Caspar David Friedrich: Erromantizismoa eta Paisaiaren Maisua
Enviado por Chuletator online y clasificado en Arte y Humanidades
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,76 KB
Caspar David Friedrich: Erromantizismoa Alemanian
Pintura erromantikoak Frantzian eta Britainia Handian ez bezalako bidea hartu zuen Alemanian. Sentikortasun erromantikoa lehen aldiz literaturan eta musikan, Alemanian, besteak beste agertu zen. Arte plastikoetan hainbesteko garrantzirik izan ez bazuen ere, pinturan figura handi bat izan zuen: Caspar David Friedrich (1774-1840).
Friedrichen Paisaiaren Ikuskera
Friedrich izan zen naturaren pintoreen artean garrantzitsuena. Paisaia ez zen ekintzen espazio fisikoa (nekazal paisaia); berezko balioa zuen eta Jainkoarengandik zetorkion. Naturari balio mistiko eta sinbolikoa ematen dio. Bere pintura oso intelektuala da eta mugitu zen inguru filosofikoen ideiak islatzen ditu. Friedrichekin unibertsoaren transzendentziaren adierazpen gorena lortu zuen naturaren irudikapenak eta, unibertso horretan, gizakiak ikuslearen lekua baino ez zuen betetzen, paisaiaren handitasunaren aurrean.
Margolan Adierazgarri Bat: "Bidaiaria Laino Itsasoaren Gainean"
Margolan honetan ageri den pertsonaia, bidaiari bat, Friedrich bera omen da; mendi baten goiko aldean zutik dirau, azpiko laino itsasoari so. Bidaiaria aurrera begira dago eta atzetik dakusagu. Burutik oinetara beltzez jantzita, oin bat aurrera dauka eta makila batean bermatua dago. Laino artean urrutiko mendien gailurrak ikus daitezke. Zeruak koadroaren zati handi bat hartzen du eta Suitzako Saxonia eskualdeko paisaia da.
Erromantizismoaren Arauak Margolanean
Margolan honek Erromantizismoa eta paisaien margolaritzaren arauak kontuan hartzen ditu. Hala bada, Friedrichek egindako beste lanen antzekoa da; antza, leku bakarti eta paregabeetan egoteak erakartzen zuen, hala nola, itsas ertzean, mendi gailurrean edo ur-jauzi baten goiko aldean.
Koloreen eta Perspektibaren Erabilera
Gehienbat kolore hotzak darabiltza: beltza erdiko figuran, marroi iluna harkaitzetan eta grisa eta zuria behelainoan eta zeruan. Kolore bero bakarrak lehen planoan ageri dira. Horrela, kolore bero hauek aurrealdean jarrita eta hotzak atzealdean, perspektiba kromatikoa lortuko du. Horrez gain, aurreko planoa iluna denez eta atzekoa distiratsua, Friedrichek aireko perspektiba lortuko du. Horrela, pintoreak ikusleari irudimenaren ahalegina eskatzen dio; ikusten duenaren aurrean gertatu dena imajina dezan. Modu horretan, artistak gauzen ausentziaren bidez biziago adierazten den poetika erabiltzen du.
Paisaiaren pinturari egindako ekarpenik handiena bere hitzekin laburbiltzen da: "Pintore batek ez du margotu behar bere aurrean ikusten duena, bere barnean ikusten duena baizik." Urteak igaro ahala, adierazpen pertsonala, fisikoki eta espiritualki bakarrik egotera lotu zituen eta hau gero eta nabarmenagoa egin zen bere margolanetan.