Bitaminak eta Lipidoak: Sailkapena eta Funtzio Biologikoak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Biología
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,94 KB
Bitamina Lipodisolbagarriak
Konposaketa lipidikoa duten bitaminak isoprenotik sortuak dira. Isoprenoa kolesterolaren sintesiaren erdibideko konposatua da. Konposatu lipodisolbagarriak dira, alegia, gantz-ingurunetan disolbatzen dira, eta gehienek funtzio asko burutzen dituzte. Hauen barnean hurrengo bitaminak daude:
- A1 bitamina: Ikusmen-pigmentuaren eraketan parte hartzen du eta ehun epitelialaren egitura mantentzen du. Bitaminaren eskasiak xeroftalemia (konjuntibaren lehortasuna), gaueko itsutasuna eta azaleko asaldurak sortarazten ditu. Arrautzen gorringoan, barazkietan, makailu-gibelean eta azenarioetan agertzen da.
- D3 bitamina: Hesteetan kaltzio eta fosforoaren zurgapena areagotzen du eta mesede egiten dio hezur-egituren osaerari. Bitaminaren eskasiak umeei errakitismoa eta helduei osteomalazia ekartzen die. Gaixotasun horien sintomak hezurren biguntzea eta deformazioa dira. Arrain-gibelez egindako olioetan eta esne-behi osoan agertzen da.
- E bitamina: Zelula-mintzen lipidoak oxidazioaren aurka babesten ditu. Zenbait animalietan, bitaminaren eskasiak antzutasuna (esterilitatea) sortarazten die. Landare-olioetan, esnean, arrautzen eta barazkietan agertzen da.
- K1 bitamina: Odolaren gatzapena errazten du. Bitaminaren eskasiak odol-jarioak eragiten ditu. Landare berdeen hostoetan, gibelean, giltzurrunetan eta fruitu batzuetan agertzen da.
Bitamina Hidrodisolbagarriak
Bada beste bitamina-talde zabal bat isoprenotik deribatuak ez direnak, hidrodisolbagarriak direnak. Bitamina hidrodisolbagarri gehienek koentzima gisa jardun dezakete. Talde honen barnean hurrengo bitaminak daude:
- B1 bitamina: Gluzidoen oxidazioan parte hartzen du. Bitaminaren eskasiak beriberia eragiten du. Eritasun horren sintomak muskuluen ahulezia, erreflexu-galera, buru-nahasteak eta gutxiegitasun kardiakoa dira. Zerealetan, lekaleetan eta barazkietan agertzen da.
- B2 bitamina: Arnasketa zelularrean parte hartzen du. Bitaminaren eskasiak azalean eta mukietan asaldurak eragiten ditu, baita hazkuntza-arazoak ere. Arrautzen, esnean, gibelean eta fruituetan agertzen da.
- B5 eta B6 bitaminak: Biomolekulen erreakzio metabolikoetan parte hartzen dute. Ez da ezagutzen B5 bitaminaren eskasiak sortutako asaldurarik. B6 bitaminaren eskasiak anemia eta konbultsioak eragiten ditu. B5 bitamina elikagai gehienetan eta B6 bitamina zereal eta fruituetan agertzen da.
- B12 bitamina: ADN-ren sintesian eta globulu gorrien heldutasun-prozesuan parte hartzen du. Bitaminaren eskasiak asaldura neurologikoak eragiten ditu. Haragian agertzen da.
- C bitamina: Antioxidatzaile gisa jokatzen du, metabolismoaren oxidazio-erredukzio erreakzioetan eta muki-mintzak babesten ditu. Bitaminaren eskasiak eskorbutoa sortarazten du. Sintomak hortzen eta giltzaduren hantura dira. Barazki freskoetan eta fruituetan agertzen da, zitrikoetan bereziki.
Esteroideak eta Hormonak
Esterolak
Esterol aipagarrien artean, animalien zelula-mintzetako kolesterola, landareen estigmaesterola eta onddoen ergosterola ditugu. Animalientzat, kolesterolak garrantzi handia du, batetik egituraketa-funtzioa duelako eta bestetik hormona esteroideak (kortisola, estrogenoak, androgenoak) sintetizatzeko oinarrizko substantzia delako. Behazun-azidoak ere talde honen barnean daude.
Hormona esteroideak
Hormona lipidikoei, kolesteroletik datozenez, hormona esteroideak ere esaten zaie. Talde honetan honako hormona hauek sartzen dira:
- a) Giltzurrungaineko guruinek jariatutako kortisola eta aldosterona.
- b) Sexu-organoek jariatutako hormonak: androgenoak eta estrogenoak.
Saponifikazio erreakzioa
CH3-(CH2)n-COOH + NaOH → CH3-(CH2)n-COONa (xaboia) + HO-CH2-R (alkohola)