Bigarren Industria Iraultza eta Inperialismoa: XIX. Mendeko Eraldaketak
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 5,91 KB
Bigarren Industria Iraultza
Hazkunde ekonomikoaren eta industriaren oinarriek aldaketa sakonak izan zituzten. Enpresen eta industria-herrien arteko lehia gogortu egin zen, eta horrek berrikuntza teknologiko garrantzitsuak eta aldaketak ekarri zituen industriaren antolaketan. Sortutako enpresa-elkarte berrietan, nazioarteko merkatuko produkzioari, prezioei eta banaketari buruzko erabakiak hartzen ziren.
Enpresen Kontzentrazioa
Kartelak eta trustak kapitalak eta enpresak biltzeko modu nagusiak dira. Kartelak produktu bera fabrikatzen duten enpresen arteko akordioak dira, prezioak edo soldatak finkatzeko eta lehia ezabatzeko edo murrizteko asmoz egindakoak. Trustak jarduera berean edo produkzio-prozesu beraren faseetan diharduten enpresek bat egitean oinarrituz sortzen dira. Enpresen pilaketa erraldoi horiek, batez ere, Estatu Batuetan eta Alemanian garatu ziren. Industria-potentzia batzuek, adibidez Estatu Batuek, trusten aurkako legeak egin zituzten, trustak sortzea oztopatzeko edo debekatzeko.
Protekzionismo Ekonomikoa
Protekzionismoa herri bakoitzeko produktuak atzerriko produktuen lehiatik babesten dituen nazionalismo ekonomikoa da. Horretarako, muga-zergak altxatu egin ziren, hau da, inportatutako produktuei zerga-tasa handiagoa ezartzen zitzaien. Hasieran, Europako herri guztiek (Britainia Handia izan ezik) handitu egin zituzten nekazaritzako produktuei aplikatutako tasak; izan ere, produktu horiek prezio merkeagoetan sartzen uzteak nekazaritzako sektorearen porrota zekarren. Laster, neurri protekzionistak industria-sektoreetan ere aplikatu ziren.
Aurrerapen Teknikoak eta Berrikuntza Teknologikoak
Aurrerapen teknologikoak eta lanaren antolaketaren barruko aldaketak Bigarren Industria Iraultza hasi zuten aldaketa ekonomikoen lehenengo sintomak izan ziren. Material berriek eta energia-iturri berriek erabiltzeak industria aldatu zuten. Bigarren Industria Iraultza “altzairuaren aroa” dela esan daiteke, berrikuntzarik garrantzitsuenetakoa altzairuaren kostu txikiko produkzioa izan baitzen. Burdinaren ordezko altzairuaren kalitateak aplikazio ugari zituen. Horren zabalkundeak, baita burdinazkoak ez ziren metalek 1880tik aurrera izandako zabalkundeak ere, industria astunaren antzinako egitura zaharkitzea ekarri zuen. Industria mekanikoak gorakada itzela izan zuen, biztanleria zibila merkatuan sartu zenean. Forden “T” izeneko automobil ezagun eta merkeak iraultza ekarri zuten automobilgintzara. Kontsumo masiboa lortu zuten produktu berrien bi adibide aspirina eta xurgagailua izan ziren. Urte horietan, epekako salmenta agertu zen. Energia elektrikoak gizateriaren zati handi baten lan egiteko moduak eta eguneroko bizimodua aldatu zituen. Petrolioa beharrezko erregaia zen. Industria kimikoak eta horren aplikazio ugariek gorakada itzela izan zuten.
Hedapen Inperialista
Nazioen arteko lehia politiko eta ekonomikoak kolonialismo zaharraren berrikuntza ekarri zuen, proiekzio geografikoa handitu zen batez ere Afrikan. Berrantolaketa inperialistaren zergatiak politikoak ere baziren, potentzia handien antagonismoaren ondorioz. Kapitalismoak mozkinak lortu, zerbitzuak eta merkantziak saldu eta kapitalak sartu behar zituen. Nazioarteko lehiak areagotu egin ziren XIX. mendeko depresio ekonomikoaren ondoren. Mozkinen beherakada orekatzeko, gehiago saldu, baliabide natural berriak nahiz lehengai berriak eta ugariak eskuratu eta horiek zituzten lurraldeak okupatu behar ziren.
Kolonialismotik Inperialismora
Lau mendeko hedapenaren ondoren, Europak kontinente guztietara zabaldu zuen bere eragin-esparrua. Hedapen koloniala eragin zuten zergatien artean aipagarriak dira Europako biztanleriaren hazkundea eta faktore ekonomikoak (lehengai berriak eta merkatu berriak). Europako potentzia nagusiek egindako okupazio kolonialak lurralde osoa zabaldu zuen (hainbat estatu handitu ziren; Erresuma Batua, Alemania, Belgika, Italia...). Kapitalismoaren produkzio-oinarriak goitik behera aldatzeak antzinako kolonien eginkizuna eta funtzioa ere aldatu zituen. Lehendik kolonizatutako zonek garrantzi handiagoa lortu zuten munduko ekonomia berrirako (produkzioan eta kontsumoan).
Britainiarren Hegemonia Koloniala
Biztanleria gutxiko lurraldeak ziren eta Erresuma Batuko eta Europako soberakin demografikoak finkatzen ziren bertan. Kanada domeinu bihurtu zen 1867an; autogobernurako gaitasun handia eman zitzaion eta Britainia Handiaren inperioko kide izaten jarraitu zuen. Beste kolonia batzuk ustiaketarako ziren eta horiek lehengaiak eta merkatuak eskaintzen zizkioten metropoliari.
Afrikaren Banaketa
1880an, Afrika kontinente ezezaguna zen eta europarrek kostaldeko gune batzuk okupatzen zituzten, interes estrategiko eta merkataritza-interes handiko guneak. Frantziak Aljeriako kostaldeko okupazioa hasi zuen laster. Aljeria populatzeko kolonia bihurtu zen, milioi bat frantses bizi ziren. Ondoren, Tunisiara hedatu zuen eragina, lurralde-osotasuna eta bertako agintariak errespetatu beharra zeukan. Afrikako beste gune batzuk ere okupatu zituen, adibidez, Maroko, Madagaskar, Sahara eta Gineako golkoa. Belgikako Leopoldo II.a erregeak Senegalen arroatik eta Niger ibaiaren arroatik sartu ziren Kongora eta bertan Kongoko estatua sortu zuen kontinentearen erdian. Frantsesen eta Britainiarren arteko harremanek arazoak izan zituzten. Erresuma Batuak 1882an Egipto okupatu zuen. Europako potentzien arteko gatazkak sortzeko arriskua ikusita, 1884aren amaieran Berlingo konferentzia egin zen, Bismarck kantzilerraren ekimenez, Afrikaren banaketa egiteko. Horren ondorioz, Niger eta Kongo ibaiak nabigazio askekoak izango ziren. Hitzarmena sinatu eta hurrengo urteetan, Europako herriek Afrikako lurraldeak okupatzen hasi ziren. Kolonizazioaren ondorioak itzelak izan ziren. Banaketa kolonial hori epe luzera oso kaltegarria izan zen Afrikako herrien bizitzarako. Gorroto tribalak eta pobrezia sortu ziren.