Berrezarkuntzako Konstituzioa eta Batzokiaren sorrera: bi eredu politiko

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,99 KB

1876ko Konstituzioa: Berrezarkuntzaren oinarri juridikoak

Testu honetan, 1876ko Konstituzioaren artikulu batzuk ditugu aztergai. Lehen mailako iturri zuzena da, formaren aldetik juridikoa eta edukiaren aldetik politikoa. Egilea kolektiboa da, Gorteek egindakoa baita, eta Alfontso XII.ak berretsia 1876ko ekainaren 30ean. Hartzailea publikoa da, Espainiako herritarrei zuzenduta dago.

Artikuluetan zehar, erregimen politiko honen oinarriak azaltzen dira: estatu konfesionala, botereen banaketa, eskubide indibidualen aitorpena eta lege berdinaren ezarpena. Berrezarkuntzako sistemaren oinarria 1876ko Konstituzioa zen, eta testu honetan, konstituzio horren zenbait artikulu jasotzen dira:

  • Estatu konfesionala aldarrikatzen da, eta bere gain hartzen zuen kultuari eustea. Horrez gain, erlijio askatasuna ezarri zen, baina eremu pribatura mugatuta.
  • Espainiarren eskubideen aitorpena: espainiar guztiei aitortzen zaie beren ideiak eta iritziak askatasunez adieraztea, aurretiko zentsurarik gabe, baita biltzeko eta elkartzeko eskubidea ere.
  • Erregearen eta Gorteen esku zegoen subiranotasuna. Erregeak ministroak izendatzen zituen, Gorteak biltzeko deia egiten zuen, eta haiek desegiteko eta legeei betoa jartzeko eskumena zuen.
  • Gorteetan bi ganbera zeuden: Senatuak nobleak, militarrak eta apaizak biltzen zituen, haietako batzuk erregeak izendatuta, eta aberatsen artean sufragio murriztuz hautatuak besteak. Kongresuari dagokionez, diputatuak herritarrek aukeratzen zituzten, gizonezkoen sufragio unibertsalez 1890etik aurrera.
  • Legedi berdinaren ezarpena Espainia osoan: foruak abolitu ondoren, lurralde osoan legedi berdina ezarriko da.

Berrezarkuntzako erregimena Errepublikaren porrotaren ondorioz sortu zen. Seiurtekoaren ostean, alderdi alfontsinoa eratu izanak errege berri bat tronura igotzeko bidea prestatu zuen: Alfontso XII.a, Isabel II.aren semea. Sektore horren ordezkari nagusia Antonio Cánovas del Castillo izan zen, eta bi alderdiren nagusitasunean oinarritutako sistema politikoa diseinatu zuen: kontserbadorea eta liberala. Zenbait hamarkadatan, bizitza politikoa bi alderdi horien inguruan garatu zen.

Sistema hau Cánovasek eratu zuen. Alderdi kontserbadorea sortu, eta gizarte ordena eta aurrerabide ekonomikoa bermatuko zuen sistema politikoaren oinarri juridikoak finkatu zituen. Oinarriak hauek ziren:

  • 1876ko Konstituzioa: oso testu laburra da, 89 artikulu besterik ez ditu. Aurreko konstituzioetan oinarrituta egin zuten, bi horien erdibideko laburbiltze bat da. Cánovasek adituen batzorde bati dei egin zion 1875ean testua idatz zezan, eta aurreproiektu bat egin zuten. Cánovasek ekarpen nabarmenak egin zizkion, eta 1876ko urtarrilean, sufragio unibertsalean oinarrituta egindako hauteskundeen bidez eratutako Gorteek onartu zuten, gehiengo zabal baten babesaz. Behin betiko testua maiatzaren 24an onartu zuten, eta erregeak berretsi ostean, uztailaren 2an argitaratu zen.
  • Txandakatze baketsua: funtsezko elementua izan zen. Era honetan, altxamendu eta matxinaden arriskua murriztu nahi zuten. Bi alderdi politikok zuten agintea txandaka, aldez aurretik hitzartutakoaren arabera: alderdi kontserbadorea (Cánovasena) eta liberala (Sagastarena). Sistema horretatik kanpo zeuden bai ezkertiarrak, bai eskuindarrak.
  • Txandakatze hau bermatzeko, hauteskundeak manipulatu eta iruzur egin behar zuten agintariek. Nekazari guneetan, jauntxoek kontrolatzen zituzten bozketak, eta nahierara aldatzen zituzten emaitzak, une horretan aginpidea haren esku izatea egokitzen zitzaion alderdiaren mesedetan.

(Aparte) 1876ko Konstituzioa izan da Espainiako historia garaikidean indarrean denbora gehien egon dena, 1923 arte iraun baitzuen. Une horretan, Primo de Riverak diktadura ezarri eta konstituzio hori bertan behera utzi zuen.

Batzokia: Euskal abertzaletasunaren sorrera

Aztergai dugun testua "Euskaldunen Batzokiaren estatutuak" izenekoa da. Lehen batzokiak zituen legeak eta printzipioak azaltzen ditu. Sabino Aranak idatzi zuen Bilbon, 1894ko uztailaren 14an. Ideia hauekin bat egiten duten guztiei zuzendutako dokumentua da, beraz. Lehen mailako testua dugu, eduki politikoa du, eta juridikoa da.

Sabino Arana 1865ean jaio zen eta 1903an hil zen. Gerra karlista amaitu ondoren, eta foruen galeraren ondorioz, lur jota geratu zen familia batean jaio zen. Bere anaia Luisen laguntzaz, "Bizkaya por su independencia" liburua idatzi zuen. Haren pentsamoldearen oinarriak euskal arrazaren garbitasuna, katolizismoa eta hizkuntzaren garbizalekeria izan ziren, eta ideia multzo hori "Jaungoikoa eta Lege Zarrak" leloan laburbildu zuen. Ideia horiek guztiak artikulu honetan islatzen dira.

Testuan, honako ideia nagusiak azaltzen dira:

  • Batzokia Jaungoikoa eta Lege Zaharra defendatzen dutenentzat aisiarako zentroa izango da, eta doktrina eta printzipio hauek jarraitzen dituzten herritarren artean adiskidetasuna eta anaitasuna indartzeko sortutako elkartea izango da, abertzaletasunaren ildo nagusiak islatuz. Beraz, Bilbon elkarte konfesionala eta tradizionalista sortu zen.
  • Bizkaiaren izaera katolikoa, apostolikoa eta erromatarra, oinarri honen garrantzia azpimarratuz, baita kanpoarekiko harremanetan ere.
  • Lege Zaharra (tradizioa) berreskuratzea: Bizkaia "berpiztu" egin behar da modernizaziotik askatuz, foruak berrezkuratuta, euskal arrazaz osatutako familiaz eta euskara izanik hizkuntza ofiziala.
  • Jaungoikoa politikaren aurretik: biak armonian baina biak bereiztuz, eta bien arteko harremanak nolakoak izango diren azalduz.
  • Bizkaiak, bere ezaugarriak kontuan izanik, beste lurraldeekin sortuko duen "Euskalerria" izeneko konfederazioa, baina herrialde bakoitzak bere autonomia mantenduz.

(Aparte) 1876ko legearekin, euskal probintziek foruak galdu zituzten behin betiko. Ondorioz, euskal abertzaletasunaren sorrera gertatu zen, eta Kataluniakoaren moduan, foruen defentsaren inguruan egituratu zen doktrina bilakatu zen, nahiz eta Kataluniakoarekin alderatuz gero, desberdintasunak ere nabariak diren. Euskal abertzaletasuna Lege Zaharrean, arrazan, hizkuntzan eta ohituretan oinarritu zen.

Sabino Arana euskal abertzaletasunaren bultzatzailea izan zen. 90eko hamarkadan gizartean zebiltzan ideiak lotu, batu eta garbitu egin zituen. Arraza hizkuntzan oinarrituz, foruen berreskuratzeak independentzia ekar zezakeen. Modernizazioarekin hautsi eta industrializazioaren aurreko egoerara itzultzea aldarrikatzen zuen, Bizkaia birsortuz. Hasieran, bere doktrina eta aldarrikapenak Bizkaiara mugatzen zituen, gerora beste probintzietara zabaldu arren. Horregatik, "bizkaitarrismo" deitzen zitzaion, eta ezaugarri hau nabaria da.

1895eko uztailaren 31ean, EAJ sortu zen, Espainiaren kontrako adierazpena eginez eta euskal lurraldeetan tradizioko legedia berrezartzeko asmoarekin. Baina alderdiak ez zuen garapen edo eragin handirik lortu, Aranaren inguruko burgesia tradizionalaren eremuan egon zen. Alderdiak barne tentsioak zituen independentista aranisten eta autonomisten artean. Bigarren hauek nagusitu ziren EAJren kontrolean, dirua beharrezkoa zuen alderdiak, eta bide autonomista katalana hartu zuen.

Sabino Aranaren nazionalismo etniko eta baserri kutsuko horren ondoan, Ramón de la Sotarena agertu zen, alderdian nagusituz. 1919an, EAJ barruan eszisio bat gertatu zen, "Askatasuna" taldea agertuz. Nazionalismo laizista, akonfesionala eta errepublikarra defendatzen zuen. Oso gutxi iraun zuen, baina II. Errepublika garaian, pentsaera hori berriro agertu zen, eta orduan beste talde bat sortu zen: ANV.

Batzokiek zuten helburu nagusia nazionalismo sabiniarra defendatzea eta zabaltzea zen, eta, beraz, nazionalismoaren garapenerako eta zabalkunderako baliabide garrantzitsua izan ziren.

Laburbilduz

Bi testuek garai historiko bera islatzen dute, baina ikuspuntu ezberdinetatik. 1876ko Konstituzioak Espainiako estatu liberal eta zentralistaren sorrera markatzen du, eta Batzokiaren estatutuek, aldiz, euskal abertzaletasunaren sorrera eta bere oinarri ideologikoak azaltzen dituzte.

Entradas relacionadas: