Bero-ponpa: Funtzionamendua eta Erabilera Termikoa
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Tecnología Industrial
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,74 KB
Bero-ponpa: Zer da eta nola funtzionatzen du?
Aurreko atalean ikusi dugun bezala, fluido frigorigenoa kondentsadorera iristen denean, Q1 bero-kantitate bat askatu eta ingurunean galtzen da. Gakoa, horrenbestez, bero hau beste espazio bat berotzeko erabili ahal izatean datza. Efektu hau eragiteko eginkizuna duen gailuari bero-ponpa esaten zaio.
- Bero-ponpa: kondentsadorean askatutako beroa espazio jakin bat berotzeko aprobetxa dezakeen hozte-makina da.
Osaera eta funtzionamendua
Bero-ponparen funtzionamendu-printzipioa aurreko atalean hozte-makinentzat azaldutako berbera da. Bien arteko desberdintasuna lortu nahi den helburuan datza:
- Hozteko makinak: lurrungailuan hozte-efektu bat sortzea du helburu, eta horretarako bakarrik proiektatzen da.
- Bero-ponpak: lurrungailuan hozte-efektu bat eta kondentsadorean berotze-efektu bat sortzea du helburu, eta bi eginkizunetarako proiektatzen da.
Beroa sortzeko prozesua
Hozkailuan bezala, iturri hotzetik beroa xurgatzeko zerbait hotzagoa jarri behar zaio ondoan. Hotz hori ohiko hozkailu-sistemaren bitartez lortzen da:
- Hedapen-sistema (espantsio-balbula): heltzen den presio altuko likidoa bertatik pasatzean hedatzen da eta, honen ondorioz, hozten da.
- Lurrungailua: iturri hotzetik beroa (Q2) xurgatzen da. Baina iturri hotza, kasu hauetan, ez da inoiz hoztuko, kaleko airea, lur azpiko ur freatikoak edo lurra bera direlako eta tenperatura konstantea mantentzen dutelako.
- Konpresioa: lurrundutako gasa konprimitu egiten da, gas beroa eta presio altukoa lortuz.
- Kondentsadorea: heltzen den presio eta tenperatura altuko gasari haizegailu baten bitartez, edo bero-trukagailu baten bitartez, aterako zaio beroa (Q1) nahi duguna berotzeko.
Hotza sortzeko modua
Kasu honetan, suposatu behar dugu kalean bero handia dagoela eta etxean apur bat freskoago. Hala eta guztiz ere, barrualdea hotzago nahi dugu. Horretarako, beroa xurgatu eta kalera edo kanpora bota behar dugu.
Beti bezala, barruko tenperatura baino hotzagoa den elementu bat ipini behar diogu ondoan, bere beroa xurgatu ahal izateko. Horrek esan nahi du lurrungailua gela barnean egon behar dela eta, era berean, kondentsadorea kanpoan egon behar dela.
Hori guztia lortzeko ez zaio buelta eman behar gure aurreko makinari; izan ere, sistema simetrikoa bada, nahikoa izango da konpresoreari bira-noranzkoa aldatzea edo balbula batzuen bitartez fluidoaren noranzkoa aldatzea. Helburua bero-ponparen kontrakoa bada ere, funtzionamendua berbera du.