Berniniren Apolo eta Dafne: Barrokoaren Maisulana
Enviado por Chuletator online y clasificado en Arte y Humanidades
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,21 KB
Gianlorenzo Berniniren Apolo eta Dafne eskulturaren azterketa da hau. Bertan, dinamismo handiz egindako talde eskultoriko bat ikusten dugu, askotariko akaberekin. Irudiek mugimendu helikoidala adierazten dute.
Azterketa Formala
Berninik material aberatsa erabili zuen talde eskultoriko hau egiteko: Carrarako marmol zuria. Artistak zenbait akabera eman zizkion irudikatutako materialen testurak egiteko: larrua, landareak, oihalak, arroka, etab.
Bolumenak irekiak dira, gorputz-atalak eskulturaren bloketik ateratzen dira; gainera, ikuspegi asko dituenez, ez dago alde bat besteak baino interesgarriagorik, talde eskultorikoaren alde guztiak baloratzen dira. Berninik bi irudien arteko espazio hutsa ere kontuan hartu zuen, eskulturari interes gehiago emateko.
Fitxa Teknikoa
- Izena
- Apolo eta Dafne
- Eskultorea
- Gianlorenzo Bernini (Napoli 1598-1680)
- Urteak
- 1622-1624
- Estiloa
- Barrokoa
- Lekua
- Erroma
- Bezeroa
- Borghese kardinala
- Gaia
- Mitologikoa
- Oharrak
- Kardinalaren babespean egindako serie mitologikoaren amaieran egina
Iruzkina
Italian, Barrokoa une artistiko oso garrantzitsua izan zen. Elizak Kontrarreformaren bideari irmoki heldu zion, eta artea erabili zuen horren zerbitzura.
Kontrarreforma XVI. mendearen erdialdean hasi zen, Trentoko Kontzilioa egin ondoren. Elizak "armak" hartu zituen erlijio katolikoaren defentsan. Etxe barrua ere ordenatu zuen, protestanteen kritiken helburu ez izateko eta erlijioak gizartean benetako dimentsioa izan zezan. Lan itzela izan zen, eta hura burutzeko, "gudaroste" antzera antolatu zen Jesusen Konpainia izan zuten bidelagun.
Artistek bi norabidetan lagundu zuten, elizaren botereak iraun zezan: Alde batetik, boterearen sinboloa ziren eliza kupuladunak eta guztiz zanpatzaileak egiten; beste aldetik, barruko erlijiositatea, emozionala, Kristoren pertsonaiarekin identifikatzen zena landu, batez ere pinturan.
Gianlorenzo Bernini, Italiako barroko estiloaren artistarik garrantzitsuenetakoa izan zen –agian, Europa osokoa ere–, bai arkitekturaren alorrean, baita eskulturarenean ere. Miguel Angelek XVI. mendean izan zuen ospearen parekoa izan zuen Berninik mendearen amaieran. Gai mitologikoari dagokionez, Apolo eta Dafne dugu lan ezagunena, baina hau baino lehenago Amaltea ahuntza, Eneas, Neptuno eta Proserpinaren bahiketa egin zituen. Gai erlijiosoari lotutako lan nagusiak David eta Santa Teresaren estasia ditugu.
Berniniren Eskulturaren Ezaugarriak
- Mugimendu bizia eta guztiz sinesgarria adieraztea lortzen du lerro-jokoen eta bolumen irekiaren bitartez.
- Une oso berezia, dramatismoz beterikoa, aukeratzen du bere eskulturarako; une iheskorra, bat-batekoa harrapatu duela dirudi.
- Gaitasun tekniko gorena lortu zuen; marmolarekin kalitate oso desberdinak irudikatu zituen: gorputzen biguntasuna, zuhaitzaren azal latza, haitzen gogortasuna, etab.
- Argi-ilunak sortutako kontrastearen bitartez teatralitatea ematen dio lanari.
- Berninik, eta barrokoak oro har, emozioak islatzea bilatu zuen, aurpegi eta keinu oso adierazkorren bidez: Apoloren harridura, Dafneren metamorfosiaren mina, etab.
- Oso narratiboak diren eszenak egitea gustuko zituen.
Talde eskultoriko horren aurrekariak: Leokares eskultore greziarraren Belvedereko Apolo da (Vatikanon zegoen lan greziarraren kopia erromatarra, hobeto esanda). Apoloren orrazkeraren akaberak ederki erakusten du Berninik arte klasikoarekiko zuen miresmena. Beste aurrekari bat Juan Bolognaren Merkurio hegalaria da, eskultura manierista horrek duen mugimendu eta bolumen irekiarekin, batez ere.
Berniniren eragina, berriz, zabala izan arren, ez da oso zuzena izan. Lan originalegia eta teknika gorenegia zuen, jarraitzaile zuzenak izateko. Hala eta guztiz ere, Berniniren eskultura gertutik jarraitua izan zen Barrokoan, Neoklasizismoan eta Errealismoan ere jarraitu zen.