Begiko Akatsak eta Argazki-Kamera

Enviado por Chuletator online y clasificado en Física

Escrito el en con un tamaño de 4,79 KB

Begiko Akatsak

Begia sistema optiko bat da, eta akatsik ez duenean, irudia erretinan eratzen da. Baina begiko sistema optikoan dauden atal ezberdinen arteko erlazioa ez da beti egokia izaten. Honen eraginez, funtzionamendu akats batzuk sortzen dira:

Miopia

Begi miopeak ondo fokatzen ditu hurbileko objektuak, baina ezin ditu urruneko objektuak fokatu. Efektu hori begi globo luzatu batek edo sistema optikoaren gehiegizko konbergentziak sor dezake. Horren ondorioz, urrutiko objektuen irudia kristalinoaren eta erretinaren artean fokatzen da, eta, beraz, ez da irudi garbia jasotzen. Konbergentzi handi horren ondorioz, hurbileko objektuak fokatzeko arazorik ez du izaten. Miopeak hurbileko puntua oso gertu dute eta, ondorioz, gertuko bista hobea dute begi normalak baino. Miopia lente dibergenteen bitartez zuzentzen da, irudia atzerago fokatzea ahalbidetzen dutelarik.

Hipermetropia

Alderantzizko gaitza da. Begi hipermetropeak ezin ditu hurbileko objektuak fokatu, hurbileko puntua 25 cm-tik gora duelako. Akats hau begi globo laburregiak sortzen du gehienetan, baina kornearen kurbadura txikiegiak ere sor dezake. Horren ondorioz, irudia erretinaren atzean eratzen da. Urruneko objektuak ondo fokatzeko, begiak egokitu egin behar du, eta horrek esfortsua eta nekea sortzen du. Hurbileko objektuak ikusteko lente konbergentea bat behar da.

Presbizia

Adinarekin azaltzen den gaitz honetan, begiaren egokitzapen ahalmena murriztuta dago, kristalinoak progresiboki malgutasuna galtzen duelako. Urruneko puntua ez da aldatzen, baina hurbileko puntua 25 cm-tik haratago kokatzen da eta, ondorioz, presbizia duten pertsonek ez dute hurbiletik ondo ikusten. Akats hau lente konbergenteen bitartez konpontzen da.

Astigmatismoa

Akats hau agertzen da kristalinoa edo kornea erabat esferikoak ez direnean. Horrelakoetan, objektu puntualen irudiak lerro laburrak bihurtzen dira. Horregatik, begi astigmatiko batek ezin ditu garbi bereizi zuzen paraleloak. Akatsa zuzentzeko diseinu zilindrikoa duten lente zuzentzaileak erabiltzea eskatzen da.

Argazki Kamera

Argazki-kamera, tresna optiko bezala, sistema optiko batek (objektiboa) eta hartzaile fotosentikor batek osatzen dute. Sistema optikoak objektuaren irudi erreal eta alderantzikatua proiektatzen du. Hartzailea, bere aldetik, argiarekiko sentikor den emultsio-geruza batez estalitako plaka edo pelikula batez osatuta dago, eta mintz horrek errebelatu-prozesu baten bidez objektuaren irudia emango digu.

Argazki kameraren funtsezko elementuak hauek dira:

  • Gorputza: Funtsean kamara iluna da. Atzealdean, objektuaren irudi erreal eta alderantzikatua eratzen den lekuan, xafla edo film fotografiko sentikorra jartzen da. Prozesu fotokimiko batez, xafla hori kitzikaturik edo inpresionaturik geratzen da.
  • Objektiboa: Objektuek islatutako argia biltzen duen sistema konbergentea da. Objektibo on batek akatsik gabeko irudia sortu behar du eta fokapen sakonera handia izan behar du. Fokapen sakonera, objektiboak aldi berean foka ditzakeen punturik hurbilenaren eta urrunenaren arteko distantzia da.
  • Bisorea: Horren bidez irudia enkoadratu egin daiteke, nahi den partea filmean inpresionatuta gera dadin.
  • Obturadorea: Dispositibo horren bidez esposizio-denbora kontrola daiteke, hau da, argia pelikulara iristen den denbora tartea da.
  • Diafragma: Elkarren gainean ezarritako xaflatxo metalikoen eraztun bat da eta objektiboaren diametro eraginkorra erregulatzeko balio du, eta, ondorioz, filmera iristen den argi kantitatea.
  • Kliskagailua: Kliskatzean argazkia ateratzen dugu. Denbora konkretu batez ireki egiten du obturadorea, horrela, kanpotik argiak filma inpresiona dezan.

Argazki-kamera, irudietan ikus daitekeenez, nahikoa erraz pareka daiteke, funtzionamenduaren ikuspegitik, giza begiarekin. Argazki-kameraren objektiboak kristalinoaren eginkizuna betetzen du; diafragmaren funtzioa irisarenaren antzekoa da; kamera iluna esklerotikaren parekoa eta film sentikorra erretinaren baliokidea da. Baina argazki kamerak irekiera angelu oso handia du eta guk baino ikuste eremu handiagoa hartzen du. Objektuaren fokapena lortzeko, lentearen eta pelikularen arteko distantzia doitu behar da, argazkia egin nahi zaion objektuaren irudia pelikula sentikorrean eratzeko moduan. Sistema fotografikoak, giza begiak bezala, akomodatzeko gaitasuna du. Hau da, toki edo puntu desberdinetan kokatuak dauden objektuen irudi garbiak eta zehatzak jasotzeko gaitasuna dauka. Kameran sartzen den argi kantitatea ere kontrola daiteke, argiztapen-denboraren eta diafragmaren irekiaren bidez.

Entradas relacionadas: