Babes Erradiologikoa eta Ahoko Osasuna: Gida Osoa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Biología

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,91 KB

Arrisku Erradiologikoa eta Babes Neurriak

Erradiazioak jarduera zelular handiagoa duten ehunetan du eragin handiena:

  • Ugal-organoetako zeluletan (gonadetan).
  • Odola sortzeko funtzioa duten zeluletan: linfa-sistemako organoetan eta hezur-mamean.
  • Tiroidean.
  • Begietako kristalinoa osatzen duten zeluletan.

Eragin nabarmenenak hauek dira:

  • Tumoreak agertzea, bereziki leuzemia eta linfomak.
  • Gonadetako (barrabileko eta obarioetako) zeluletan eta ondorengoengan eragina izatea: patologia desberdinak eta malformazioak.
  • Garapenean dagoen enbrioiaren heriotza edota malformazio kongenitoak.

Pazientearen Babes Erradiologikorako Neurriak

  • Neurri orokorrak: Haurdun egonez gero, erradiografiarik ez egitea.
  • Erradiografiak beharrezkoak direnean bakarrik egitea.
  • Sentsibilitate handiko pelikulak (erradiazio gutxi behar dutenak) erabiltzea.
  • Erradiografia-aparatua modu egokian doitzea: hortz-haginaren, pelikula motaren eta pazientearen pisuaren arabera.
  • Erradiografia egin aurretik, bitxiak edo metalezko beste edozein elementu kentzea.
  • Aho barneko erradiografiak egiteko neurriak: Pazientea tiroideko lepokoarekin babestea eta aho barneko erradiografia-euskarriak erabiltzea.
  • Ahoz kanpoko erradiografiak egiteko neurriak: Tiroideko lepokoa, genitalen babeslea edota berunezko amantala erabiltzea.

Langilearen Babes Erradiologikorako Neurriak

  • Neurri orokorrak: Langileek dosimetroak (dosimetro pertsonalak) erabiltzea, metatutako erradiazio-maila neurtu ahal izateko (neurketa hilabetean behin).
  • Erradiografiak egiten diren gelan eremuko dosimetroa erabiltzea eta seinale egokiak jartzea (arrisku erradiologikoa adierazten dutenak).
  • Urtero analitika eta azterketa medikoa egitea.
  • Aho barneko erradiografiak egiteko neurriak: Erradiografia egitean X izpien aparatua ez ukitzea.
  • Langilea X izpien hoditik 2 metrora jartzea.
  • Langileentzako leku seguruena X izpien norabidetik atzera dago, X izpien sortatik 90-135 gradu bitartean.
  • Aurrekoa saihestezina balitz, berunezko amantala jantzi eta ahal den guztia urrundu, edota berunezko manpara baten atzetik jarri beharko da langilea.

Ahoz Kanpoko Erradiografiak Egiteko Neurriak

Gelako hormetan beruna sartu behar da; leihorik gabeko gela eta kanpoan seinalizatutakoa izan behar du.

Erradiografia egitean, langilea berundutako gelatik kanpo egon behar da. Ezinezkoa bada, berunezko amantala eta eskularruak edota berunezko manpara baten atzetik jarri beharko du.

Ahoko Gaixotasun Ohikoenak: Txantxarra eta Gingibitisa

Txantxarra

Hortz eta haginen ehunak deuseztatzen dituen gaixotasun infekziosoa da.

Txantxarraren Sorrerarako Uratsak

  1. Bakterio-plakaren sorrera.
  2. Bakterio-plakaren heltzea.
  3. Bakterio-plakako bakterioak (Streptococcus mutans, batez ere).
  4. Bakterio hauek elikatutako karbohidratoak metabolizatu eta azidoak sortuko dituzte.
  5. Azidoek esmaltearen desmineralizazioa eragingo dute.
  6. Esmaltea disolbatzen denean, bakterioak barrurago dauden ehunetara sartuko dira (dentina eta mamia).
  7. Modu honetan, hortz-ehunak desegiten joango dira; hau da, txantxarra sortuko da.

Gingibitisa

Gingibitisa periodontoaren gainazalean (hortzoian) hantura sortzen duen prozesu bat da. Hortzoia handituta eta gorrituta egongo da, eta odol-jarioak izango ditu.

Gingibitisak jatorri bakterianoa du. Ildo gingibalean (hortzaren eta hortzoiaren artean dagoen tartean) gertatzen den bakterio-plakaren pilaketagatik sortzen da, ehunak narritatuz eta hantura eraginez.

Gingibitisaren Prebentzioa eta Tratamendua

Gingibitisaren ohiko zergatia hortz-haginen higiene eskasa da (eta honen eraginez sortutako bakterio-plakaren metaketa). Bestalde, gaixotasun batzuek (diabetesak, esaterako) eta faktore genetikoek hortzoias hantura jasateko duen sentiberatasuna handitu dezakete.

Gingibitisa, berez, ez da larria, baina garaiz tratatzen ez bada, periodontitis bihurtu daiteke.

Gingibitisa ekiditeko eta tratatzeko ondorengoa egin behar da:

Gingibitisa ekiditeko eta tratatzeko ondorengoa egin beharko da:

  • Hortzak modu egokian garbitu jatordu bakoitzaren ostean.
  • Hortzetako eskuila egokia, hortzetako haria, irrigadorea (egunean behin) eta bakterio-plakaren aurkako hortz-pasta eta kolutorioak erabili:
    • Trikosanak eta zink kloruroak bakterio-jarduera inhibitzen dute luzaroan, hortz-plakaren sorrera ekidinez.
    • Zinkak hortzoiaren odoljarioa murrizten du, hantura-prozesua baretzen du eta hortzoien egoera orokorra hobetzen du.
    • E bitaminak hortzoia babesten du bakterio-plakaren erasoen aurrean.
    • Enoxolonak hantura duten hortzoien egoera hobetzen du.
  • Odontologoaren kontsultan aldizkako azterketak egitea.
  • Odontologoak burututako detartajea (ultrasoinu bidezko aparatuekin egindako aho-garbiketa) egitea, sarroa erretiratzeko. Beste aukera bat aparatu subsonikoa erabiltzea da (turbinaren mahukan konektatzen den aparatua da, bibrazioak eragiten dituen ur-zurrusta indartsu bat sortzen duena), baina ez da hain eraginkorra.
  • Xerostomia (hiposialia edo "aho-lehorra", listu-jariaketaren falta) duten pazienteen kasuan arazo hau konpontzea (listu-jariaketarik ezak bakterio-plakaren eta txantxarraren sorrera laguntzen baitu):
    • Sialogogoen bidez (listuaren jariapena handitzen duten produktuak, azido malikoa adibidez).
    • Hezegarri edo listuaren ordezko produktuen bidez (azido malikoa adibidez).

Hortzetako irrigadorea, hortzak eskuilatzearekin batera, ahoko higienerako osagarri ona da, baina ez du eskuila ordezkatzen. Ildo gingibalera ur-zurrusta bat (edo beste likido batena) zuzentzen du, sakonean garbituz. Etxean zein hortz-klinikan erabili daiteke.

Periodontitisa

Gingibitisa tratatzen ez denean eta arazoa denboran luzatzen denean, periodontitis (edo piorrea deituriko) bihurtu daiteke, batez ere ildo gingibalean (hortzoiaren ildoan) metatutako bakterio-plakak eragindako kalteengatik. Beraz, periodontitisak jatorri bakterianoa duela esan daiteke.

Periodontitisa jasateko arrisku-faktoreak: ahoko higiene ezegokia, tabakismoa, joera genetikoa, alkohola kontsumitzea, elikadura ezegokia eta diabetes mellitusa dira.

Ondorengo sintomak eragiten ditu:

  • Hortzoiaren odol-jarioa, gorritasuna eta atzera egitea.
  • Mina.
  • Hortzaren mugikortasuna.
  • Halitosia.
  • Eta fase aurreratuetan, zornea (pusa) eta zauri mingarriak.

Hanturaren eraginez, hortzoiak hortzarekin duen lotura galtzen du, atzeratu egiten da eta poltsa periodontalak izeneko egiturak sortzen dira ildo gingibalean. Poltsa periodontalek infektatzeko erraztasun handia daukate. Poltsa periodontalak behaketan antzeman daitezke, periodontoko zunda erabiliz: ildo gingibala 4 mm-koa edo sakonagoa dela ikusten denean, gaixotasun periodontala dagoela adierazten du (ildo gingibal osasuntsuaren sakonera normala 0,5-3 mm bitartekoa da).

Hantura-prozesuak periodontoaren barne-ehunak ere kaltetu ditzake, hain zuzen ere hortzak eusten dituzten lotailu periodontala eta hezur albeolarra. Beraz, periodontitisa tratatzen ez bada, hortzak erortzea gertatu daiteke.

Bestalde, periodontitisa eragiten duten bakterioak aldez aurretik kaltetuta zeuden bihotzeko ehunetara bidaiatu dezakete odolaren bidez, bihotzeko gaixotasunak larrituz. Periodontitisa saihesteko gakoa aurreko gingibitisa tratatzea da.

Hortz-Haginen Atal eta Ehunak

Hortzaren Anatomia eta Osagaiak

  1. Koroa
  2. Lepoa
  3. Sustraia
  4. Esmaltea
  5. Dentina
  6. Hortzoia
  7. Hortz-mamia
  8. Zementua
  9. Lotailu periodontala
  10. Hezur albeolarra
  11. Odol-hodiak, linfa-hodiak eta nerbioak
  12. Zulo apikala

Entradas relacionadas: