Azido erribonukleikoa (RNA): Egitura eta motak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Biología
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,27 KB
Azido erribonukleikoa (RNA)
Azido erribonukleikoa edo RNA erribonukleotidoen kateez eratutako azido nukleiko bat da. Erribonukleotido horien base nitrogenodunak adenina, guanina, zitosina eta uraziloa dira.
RNA gehienak kate bakarrekoak dira, nahiz eta badiren RNA batzuk kate bikoitzekoak; adibidez, erreobirusetan. RNA molekulak DNAren base sekuentzien transkripzioz sintetizatzen dira, RNA polimerasa deritzen entzima batzuen lankidetzarekin.
Egituraren eta zelulan dituzten funtzioen arabera, RNAk mota hauetakoak izan daitezke: RNA erribosomikoa (rRNA), RNA nukleolarra (nRNA), RNA mezularia (mRNA), RNA nuklear txikia (snRNA) eta RNA transferentziakoa (tRNA).
RNA erribosomikoa (rRNA)
rRNA kate polirribonukleotidiko ez-lineal bat da. Eremu batzuetan, helize bikoitza da eta, proteinekin asoziatuta, erribosomak eratzen ditu. Erribosomak RNA mezulariaren nukleotido sekuentziaren itzulpenaz arduratzen dira; emaitza aminoazidoen sekuentzia jakin bat da (proteina bat).
RNA erribosomikoaren tamaina eta erribosomena haien jalkipen koefizientearen bidez adierazten da, zeinaren unitatea Svedberg (S) baita.
RNA nukleolarra (nRNA)
nRNAk zelula eukariotoen nukleoloa eratzen du eta antolatzaile nukleolarrari (NOR) dagozkion DNA eremuetatik abiatuta sintetizatzen da. Harizpi bakarreko kate bat da, 45 S-koa. Kate horretatik lortzen dira, apurketa entzimatikoz, beste RNA erribosomiko batzuk: 18 S, 5,8 S eta 28 S.
RNA horiek zitoplasmatik datozen proteina erribosomiko batzuekin elkartzen dira eta azpiunitate erribosomikoak eratzen dituzte. Gero, independenteki esportatuko dira zitoplasmara.
RNA mezularia (mRNA)
mRNA harizpi bakarreko kate polirribonukleotidiko lineal bat da, zeinaren base sekuentzia DNA zati baten (gene) sekuentziarekiko osagarria baita. DNAren informazio genetikoa erribosometara eramateaz arduratzen da, han proteinak sintetiza daitezen.
Zelula eukariotoek eta prokariotoek bi desberdintasun nagusi dituzte haien mRNAen eraketari dagokionez:
- Zelula prokariotoetan: mRNA zuzenean proteinatara itzultzeko moduan sintetizatzen da eta zitoplasman itzultzen da.
- Zelula eukariotoetan: Aitzindari bat sintetizatu behar da lehenengo (pre-RNA), heltze prozesu bat igaro behar duena. mRNA nukleoan sintetizatzen da eta, heldutakoan, zitoplasmara joaten da.
RNA nuklear txikia (snRNA)
RNA-U ere esaten zaio urazilo asko duelako. Organismo eukariotoetako RNA mezulariaren heltze prozesuan hartzen du parte. SnRNA eta nukleoko zenbait proteina elkartu egiten dira eta erribonukleoproteina nuklear txikiak (SnRNP) eratzen dituzte.
RNA transferentziakoa (tRNA)
tRNAk 70-80 erribonukleotido bitarte dituzten sekuentzia polinukleotidiko batzuk dira, hirusta hostoaren itxuran tolestuak. RNA guztiak bezalaxe, nukleoan sintetizatzen den arren, tRNAk zitoplasman betetzen du bere funtzioa. Han, mezu genetikoa itzultzen du, mRNAren kodon bakoitzari bere aminoazido espezifikoa esleituz.
Zelulan tRNA mota asko daude, eta aminoazido bakoitzeko tRNA espezifiko bat dago gutxienez. Denek dute egitura komun bat, bi eremu garrantzitsu dituena: beso hartzailea eta erdiko begizta.