Atomoaren Egitura, Mekanika Kuantikoa eta Lotura Kimikoak
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Química
Escrito el en
con un tamaño de 3,01 KB
1. Bohr-en eredu atomikoa
Bohr-en eredu atomikoaren oinarrizko puntuak hauek dira:
- Hidrogeno atomoaren erdigunean nukleoa dago, positiboki kargatuta, eta horren inguruan elektroia biraka dabil, orbita egonkor batean.
- Elektroiaren orbita zirkularra da eta kuantizatuta dago. Hots, elektroiaren kasuan, orbita edo energia-egoera jakin batzuk soilik onar daitezke, zenbaki kuantiko nagusiaren (n) arabera.
- Elektroi batek orbita batetik bestera jauzi egin dezake. Energia xurgatu beharko du orbita altuago batera igarotzen bada, eta igorri, berriz, baxuago batera joatean. Bohr-en ereduak duen ekarpen nagusia energia-maila kontzeptua txertatzea izan da.
2. Mekanika kuantikoa
- Uhin-partikula dualtasuna: Partikulek materia izateaz gain, uhinen propietateak ere badituztela proposatu zen.
- Ziurgabetasun printzipioa: Partikula azpiatomiko baten portaera aztertzean, ezinezkoa da aldi berean beren abiadura eta kokapena zehaztea; ala bata ala bestea.
- Orbital atomikoaren kontzeptua: Orbital atomikoa elektroi bat aurkitzeko aukera handia dagoen espazioko eskualdea da.
3. Propietate periodikoak
- Erradio atomikoa: Ez da zehatza. Elementu baten erradioa kalkulatzeko, lotuta dauden atomoen nukleoen arteko distantziaren erdia hartzen da.
- Ionizazio-energia: Atomo gaseoso batetik elektroi bat erauzteko eta ioi positibo bat sortzeko behar den energiari deitzen zaio.
- Afinitate elektronikoa: Atomo batek kanpo-elektroi bat jasotzen duenean ioi negatibo bihurtuz, inguruarekin energia elkartrukatzen du.
- Elektronegatibitatea: Elementu baten elektronegatibitatea, elementu horren atomo batek berarengana elektroiak erakartzeko duen ahalmena da.
4. Lotura metalikoa
Metalen berezkoa da eta substantzia horien eroankortasun elektriko eta kalorifikoaren kausa da.
- Atomoek beraien balentziako elektroiak askatzen dituzte, ioi bihurtuz.
- Balentzia-elektroiek hodei elektroniko bat eratzen dute.
- Ioi positiboen eta hodei elektronikoaren arteko elkarrekintzak orekatu egiten du kristala.
- Ioien arteko elkarketa ez da zurruna, ezta gogorregia ere. Beraz, katioien geruzak mugitu egin daitezke.
5. Lotura intramolekularrak eta indarrak
- Hidrogeno-zubia: Tamaina txikiko atomo oso elektronegatiboei lotutako hidrogeno atomoak oso polarizatuta daude positiboki.
- Sakabanaketa-indarra: Molekula ez-polarizatuen artean sortzen da. Une batean, molekula horietako batek bere hodei elektronikoaren higidura bat jasaten du, ondorioz aldiuneko dipolo bat eratuz.
- Dipolo-dipolo erakarpena: Molekula polarizatu baten mutur positiboaren eta beste baten mutur negatiboaren artean sortzen dira.