Atomoak, korronte elektrikoa eta Ohm-en legea: oinarrizko kontzeptuak
Atomoak eta korronte elektrikoak
Material guztiak atomoak deitzen diegun partikula oso txikiez osatzen dira.
Atomoen erdigunea positiboki kargatua egoten da eta tinkoa da; kanpoaldean, aldiz, negatiboki kargatuak dauden elektroiak daude, eta atomo batetik bestera mugi daitezke. Gorputz batetik karga negatiboak kentzen badiogu, positiboki kargatu egiten da.
Eroaleak eta isolatzaileak
Bere barnetik karga pasatzen uzten duen materialari material eroalea deitzen diogu; eta karga elektrikoa pasatzen uzten ez duenari isolatzailea.
Horrela bada: positiboki kargatua dagoen gorputz bat negatiboki kargatua dagoen beste gorputz batekin, eroale baten bidez elkartzen badugu, korronte elektriko bat sortzen da batetik bestera. Karga negatiboa gehien duenetik gutxien duenera pasatzen da.
Korronte pasa hori da bonbilla bat piztea eta aparailu elektrikoak martxan jartzea ahalbidetzen duena.
Sorgailuak edo generadoreak
Zirkuitu elektriko batean, potentzial diferentzia duten bi puntu elkartzean korronte elektrikoa sortzen bada, bi puntu horien potentzialak berdintzean korronte elektrikoa bukatu egin daiteke. Horregatik, zirkuituan korronte elektrikoa bukatu ez dadin, potentzial diferentzia mantendu dezakeen elementu bat izatea beharrezkoa da. Elementu hori sorgailua edo generadorea deitzen da, eta bere funtzioa potentzial diferentzia mantentzea da.
Generadoreak potentzial diferentzia edo desnibel elektrikoa mantentzen du, korronte elektrikoa sortuz.
Potentzial diferentziari tentsio elektrikoa edo boltaje ere deitzen zaio. Bere unitatea Volta da eta V letraz adierazten da.
Tentsio elektrikoa neurtzea
Tentsio elektrikoa neurtzeko voltmetroa erabiltzen da. Voltmetroaren ikurra "V" letra barnean duen borobil bat da. Bi puntuen arteko potentzial diferentzia jakiteko, voltmetroa bi puntu horietan paraleloan konektatzen da.
Karga elektrikoa
Karga elektrikoa edo elektrizitate kantitatea eroale batean zehar ibiltzen den elektroi kopurua da. Q letraz adierazten da. Karga elektrikoaren unitatea Coulomb da, C letraz adierazten dena.
Korronte intentsitatea
Korronte intentsitatea denbora unitate batean eroale baten zehar ibiltzen den elektrizitate kantitatea da. I letraz adierazten da.
Intentsitatearen unitatea amperea da eta A letraz adierazten da.
Intentsitatea neurtzeko amperimetroa erabiltzen da eta beti seriean konektatzen da. Bere ikurra "A" letra barruan duen borobil bat da.
Ohm-en legea eta erresistentzia
Eroale baten bi puntuen artean potentzial diferentzia (V) sortzen denean, korronte intentsitate bat zeharkatzen du eroalea.
Intentsitatea bi faktorek menperatzen dute:
- Eroalearen neurriak (luzera eta lodiera)
- Eroalearen materiala
Potentzial diferentzia eta intentsitatearen arteko erlazioari erresistentzia (R) deitzen diogu, eta Ohm (Ω) da bere unitatea. Esan behar da eroale guztiek ez dutela korronte elektrikoa modu berean pasatzen uzten, eta hiru faktorek menperatzen dutela erresistentzia:
- Materiala
- Luzera
- Azalera
Ohm-en legea
Zirkuitu baten muturren zehar pasatzen den korronte intentsitatea, bi muturren arteko tentsioarekiko zuzenki proportzionala da eta zirkuituak duen erresistentziarekiko alderantziz proportzionala.
Ohm-en legea aztertuz gero, esan daiteke:
- Erresistentzia finkoa duen zirkuitu batean, tentsio igoera baten ondorioz, intentsitatea igoera proportzional bat izango duela.
- Era berean, tentsioa txikitzen bada, intentsitatea proportzio berean txikituko da.
- Tentsioa finko mantentzen denean, berriz, erresistentzia handitzean, intentsitatea txikitzen da.
Azkenean, tentsio finko baterako, erresistentzia txikitzen denean, intentsitatea proportzio berean handitzen da.
Erresistentzien asoziazioa
Elkarrekin konektatzen diren bi erresistentzia edo gehiagok multzo bat osatzen dute, erresistentzia bakar baten moduan jokatzen dutena. Bere balioari asoziazioaren erresistentzia baliokidea deitzen diogu.
Erresistentziak paraleloan edo seriean jar daitezke.
Paraleloan konektatutako erresistentzia baliokidea
Erresistentziek potentzial diferentzia berdina dutenean eta zirkuituaren intentsitatea haien artean banatuta dagoenean, paraleloan daude konektatuak.
Seriean konektatutako erresistentzia baliokidea
Erresistentzia guztietatik intentsitate berdina pasatzen denean eta potentzial diferentzia haien artean banatzen denean, seriean daude konektatuak erresistentzia horiek.
Energia eta lana
Korronte elektrikoaren potentzia
Potentzia beti lanaren eta lana egiteko kostatu den denboraren arteko erlazioa edo zatiketa da. Beraz, potentzia elektrikoa karga bat eroalean zehar ibiltzean egindako lanaren eta kostatu den denboraren arteko zatiketa izango da. Bere unitateak watt dira (W).