Argia, Soinua eta Tresna Optikoak
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Física
Escrito el en
vasco con un tamaño de 7,7 KB
Soinua eta Argia
Berdintasunak
- Uhinak dira: energia garraiatzen dute.
- Perturbazioa dago.
- Uhin-fronteak: distantziarekin energia txikitu, anplitudea handitu.
- Magnitude karakteristikoak: λ, T, ω, v, A, φ₀, f.
- Uhin-fenomenoak: Islapena, Errefrakzioa (Snellen legea), Difrakzioa, Interferentzia (argian zaila λ oso txikia delako).
Desberdintasunak
- Mekanikoa / Elektromagnetikoa
- Luzetarakoa / Zeharkakoa
- Polarizazioa (uhin-fenomenoa)
- Dispertsioa (adibidez, prismetan)
- Hutsean garraiatzea (Soinua EZ, Argia BAI)
- Abiadura maximoa: Soinua (Solido > Likido > Gas), Argia (Hutsean)
- vsoinua << vargia
Argazki Kamera
Funtsezko elementuak hauek dira:
- Gorputza: Kamera iluna da. Atzealdean, objektuaren irudi erreal eta alderantzikatu bat eratzen den lekuan, xafla edo film fotografiko sentikorra jartzen da. Prozesu fotokimiko baten bidez, xafla hori inpresionatuta geratzen da.
- Objetiboa: Objektuek islatutako argia biltzen duen sistema konbergente bat da. Kasurik sinpleenean lente konbergente bakarra da. Objetibo on batek akatsik gabeko irudia sortu behar du eta fokapen-sakonera handia izango du. Fokapen-sakonera, objetiboak aldi berean foka ditzakeen punturik hurbilenaren eta urrunenaren arteko distantzia da. Tarte horren barneko gorputz guztiak fokatuta daude aldi berean filmean. Horren irudia xafla fotografikoan eratzen da.
- Bisorea: Horren bidez irudia enkoadratu daiteke.
- Obturadorea: Dispositibo horren bidez esposizio-denbora kontrola daiteke, hau da, argia pelikulara iristen den denbora-tartea.
- Diafragma: Elkarren gainean ezarritako xafla metaliko eraztuna da, objetiboaren diametro eraginkorra erregulatzeko balio du, beraz, filmera iristen den argi kantitatea kontrolatzen du.
- Desarragailua: Desarratzean, argazkia ateratzen dugu. Denbora batez ireki egiten du obturadorea, horrela kanpoko argiak filma inpresiona dezan.
Kameraren funtzionamendua eta giza begiarena antzekoak dira. Objetiboak gure kristalinoaren zeregina betetzen du, eta film sentikorra erretinaren baliokidea da. Baina argazki kamerak irekiera-angelu oso handia du fokatuta, begiarena baino handiagoa, eta horri esker guk baino ikuste-eremu handiagoa estaltzen edo hartzen du.
Objektuen fokapena lortzeko, lentearen eta pelikularen arteko distantzia doitu behar da, argazkia egin nahi zaion objektuaren irudia pelikula sentikorrean eratzeko moduan.
Kameran sartzen den argi kantitatea argiztapen-denboraren bidez eta diafragma-irekieraren bitartez erregulatzen da. Bi parametroak erabilitako pelikula motaren arabera (oso sentikorra edo ez hain sentikorra izatearen arabera) eta inguruko argiztapen-mailaren arabera aukeratzen dira.
Lupa
Lupa, mikroskopio sinplea edo emendio-lentea izenekoa, lente konbergente bat da, objektua berez duena baino tamaina handiagoaz ikustea ahalbidetzen duena.
Tamaina txikiko objektu bat zehaztasunez ikusi nahi badugu, normalean hurbildu egiten dugu begirantz, erretinan eratutako irudia handiagoa izan dadin. Nolanahi ere, puntu hurbilaren existentziak mugatu egiten du objektua nitidotasunez ikusteko ahalmena. Horregatik luparen laguntzaren premian gaude: honen bidez objektua puntu hurbila baino hurbilago koka dezakegu.
Luparen emendio angeluarra bi angeluen arteko zatidura da: batetik, objektua lupaz ikustean dagokion angelu bisuala, eta bestetik, objektua puntu hurbilean jarriz luparik gabe ikustean dagokion angelu bisuala.
Objektua F₁ fokoan kokatzen bada, irudia infinituan eratzen da eta begia lasaiturik dago, egokitzapenaren premirik gabe.
Mikroskopio Konposatua
Mikroskopio konposatua edo, besterik gabe, mikroskopioa deritzona, oso txikiak diren objektu hurbilak ikusteko balio du, lupaz lorturikoa baino askoz handiagoa den emendioaz.
Mikroskopioaren funtsezko osagaiak honako hauek dira:
- Objetiboa: Behatu behar den objektutik hurbilen dagoen lente-sistema da.
- Okularea: Objektuaren irudi anpliatua ikusteko azken partean darabilgun lente-sistema da.
- Platina: Objektuari eusten dion gainazala edo euskarria da. Lehenik objektua porta deritzon beira baten gainean jartzen da eta objektu-estalkia deritzon beste beira batez estaltzen da; horrela, objektua platinaren gainean kokatzen da.
- Argi-fokua eta Kondentsadorea: Argiztapen-sistema osatzen dute. Fokutik datorren argia kontzentratu egiten da objektuaren gainean kondentsadorearen bidez, horrela argiztapen nahikoa lortzeko.
Funtzionamendua
Objetiboa eta okularea barnean dituen hodia hurbildu edo urrundu egiten da, objektua nitidotasun egokiaz ikusi arte.
Begia
Objektuei dagokienez ikusten dugun tamaina, erretinan eratutako irudiaren (erreala eta buruz beherakoa) tamainaren araberakoa da: objektua zenbat eta hurbilago egon, irudi hori gero eta handiagoa izango da; zenbat eta urrunago egon, irudia hainbat eta txikiagoa.
Gure begia ondoko elementuez osatutako sistema optiko modura har daiteke: dioptrio esferiko bat, kornea izenekoa, eta lente bat, kristalinoa.
Normalean infinituan fokaturik dago; horregatik, infinitua urruneko puntua dela esan ohi dugu. Objektu hurbil batean fokatzeko, muskulu ziliarrak uzkurtu egiten dira, eta horrek kristalinoaren forma aldarazten du, esferikoago bihurtuz, eta distantzia fokala eta kurbadura-erradioa txikiagotuz. Fokatze-gaitasun horri egokitzapena deritzo. Horri esker, giza begia begitik 25 cm-ra dauden objektuak argi eta garbi (nitidoki) ikusteko egokitu daiteke; puntu horri begiaren puntu hurbila deritzo.
Ikusmen-akatsak
- Miopia: Miopia izeneko akatsa duen pertsonak ondo foka ditzake objektu hurbilak; ez ordea urrun daudenak. Hots, urruneko puntua distantzia finituan dago, metro gutxi batzuetara. Ondorioz, begi miopeak ezin ditu garbi ikusi hori baino urrunago dauden objektuak. Kasu honetan, begiko gainazal errefringenteak konbergenteegiak dira edo begi-globoa luzeegia da; horregatik, begia lasaiturik dagoenean, irudiak ez dira erretinan eratzen, aurreko puntu batean baizik. Miopia zuzentzeko lente dibergenteak erabiltzen dira.
- Hipermetropia: Hurbileko puntuak garbi fokatzeko zailtasuna da. Begi hipermetropearen hurbileko puntua normala dena baino urrunago dago. Kasu honetan, kristalinoa ez da behar den bezain konbergentea, edo begi-globoa laburregia da; horregatik, irudia erretinaren atzean eratzen da eta ikuspegi lausoa sortzen da. Hipermetropia lente konbergenteak erabiliz zuzentzen da. Lente hauetan errefraktatzean, izpiak hurbildu egiten dira ardatz nagusira eta horri esker kristalinoak ondo konbergiaraz ditzake, irudia erretinan eratuz.
- Astigmatismoa: Akats honen kasuan, begiko gainazal errefringenteak ez dira erabat esferikoak. Ondorioz, objektu-puntuak ez du irudi-puntu bakar bat sortzen, bi irudi lineal baizik. Astigmatismoa duen pertsonak ezin foka ditzake aldi berean sare baten barra bertikalak eta horizontalak. Norabide perpendikularretan kurbadura-erradio desberdinak dituzten lenteak erabiliz zuzen daiteke.
- Presbizia: Ikusmen edo bista nekatua deritzo eta hurbileko puntuaren urrunketan datza. Normalean, adinean gora egitean, kristalinoaren malgutasunaren galera progresiboaren kausaz, begiak gaitasuna galtzen du egokitzapena lortzeko. Ondorioz, ezin dira eratu hurbil dauden objektuen irudi nitido edo garbiak. Akats hau zuzentzeko, lente konbergente egokiak erabili behar dira.